Duesotik Gasteizera

 

        Losadarena jazo eta sei hilabetera, Dueson nengoala, gabeko hamarretan dei egin eusten esanaz:

        — Valentín Enbeita, que se prepare con todo.

        Nire lagunak ardura haundiz inguratu jatazan:

        — Zer jazotzen da Balendin?

        — Ez dakit ezer.

        Egia esan, ordu txarra zan dei egiteko. Ordu haretan ataraten ebezanak inork ez zituan gehiago ikusten. Dei egin eustanagana zuzendu nintzan, ea zer jazotzen zan esanaz. Zer kausa neukan Gasteizen erantzun eustan. Ez nintzan gogoratzen. Orduan:

        — ¿No tienes pendiente algún choque con el camión?

        Bai, egia, gerra hasi baino zortzi egun arinago egina zan. Hau jakitean nasaitu egin nintzan.

        Biharamon goizean urten behar zan, nahiz eta bezperan deitu. Lotu eustezan eskuak eta Ciceroko geltokiraino oinez joan ginan. Lehen ere, sarri egina genduan joan-etorri hori. Ciceron, trenean sartzean, eskuak askatu eustezan baina hankak lotu, jarrita nengoan azpiko burdinari. Holan heldu ginan Bilboraino.

        Bilbon, Atxurin hartu behar zan trena Gasteizerako, baina hamabiak ziran eta hirurak arte ez egoan trenik. Itxaron egin behar. Santanderreko trenetik bajatzeko, Bilbon, oinak askatu eta eskuak lotu eustezan. «Calle de la Estación» deritxon kaletik Atxurira oinez gura neban, baina nire eskolta bi hareek, tranbian etorri behar genduala, eta holan egin genduan.

        Atxurin eskuak lotuta ikusi ninduenean, hamabost urte inguruko mutil mordo bat inguratu jakun. Nire eskolta biei zer pentsatu emon eutsen mutil mordo harek. Orduan, txapel oker batek besteari dirautso:

        — Oye, desespósale.

        Eskuak askatu eustezan, aske jartzen ninduela baina ba nekiala errespetatu behar nebana gogoratuaz. Nirekin ez ebela buruko minik izango erantzun neutsen, eta eskerrak emon.

        Bata gailegoa zan eta andaluza bestea. Atxurin Llonaren tabernan bazkaltzen hasi ginan. Gailegoak ea Bilbon familiakorik baneukan esan eustan. Baietz erantzun neutson. Berak orduan:

        — Puedes llamarles si quieres, pero hay que hablar en castellano.

        Hartu neban urrutizkina. Ondoan neukan zer esaten neban zain. Arreba Edurne zan dei egin neutsona, baina arreba, anaia, izeko eta adiskideak behingoan heldu jatazan. Andaluz txapel oker harek, hainbeste ikusterakoan, dino:

        — Pero todos son familia?

        — Si.

        — Pues bien, ya pueden hablar chapurreau.

        Hiru ordu laster igaro ziran. Atxurin hartu genduan bultzia eta han goaz. Txapel oker hareek inoiz Bilbon egon bakoak ziran eta faxisten alderdiko propaganda guzurrezkoarekin osoan sinistuta heldu ziran Bilbora. Uste eben Bilbon eleizak erreta eta gehiena apurtuta ikusi behar ebela, baina gorriak eginda. Gauzak heuren lekuan egozala konturaturik, niri itauntzen hasi ziran. Edasi neutsen jazo zana ezertxo ere gorde barik: Gernika nork erre eban; euskaldunek zergaitik jokatu eben; abadeak, bat baino gehiago, gurekin frentean batailoien kapeilau ibilten zirala eta abar. Orduan gailegoak hitz honeek esan zituan:

        — Cosas de la guerra.

 

 

 

© Balendin Enbeita

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.eus