Frantzisko Losadaren heriotza

 

        Santoñako kartzelako gomuta ahaztu ezina daukat eta, nik legez, han egon ziran hiru mila Euskadiko gudariek ere bardin izango dabe, bizi diranak behintzat.

        Hogeitamazazpiko urtea zan, hazilaren hogeitabosta, Arana Goiri-tar Sabin hil zan eguna; hau da, Sabin 1903ko hazilaren hogeitabostean hil zan, eta jazoera hau 1937an zan. Pasaiako mutil gazte bat zan Frantzisko Losada. Mutil hau komunisten batailoi bateko kapitana zan. Gernika erre aurretik, Gipuzkoako frente batean zaurituta, oso txarto egoan. Gernikako Karmeliten komentuan (komentu hau gaiso-etxe bihurtuta egoan) neskatila gazte batek zaintzen eban, eta berak esaten ebanez, ondo zaindu ere. Gernika erretan egoala, neskato harek esan ei eutson:

        — Gure Gernika hondatu dabe eta ez bakarrik hori, nire gurasoak eskonbro artean geratu dira. Umezurtz geratu naz. Baina oraindik niretzat Euskadi geratzen da, Euskadi odolez gorritua.

        Begietatik negar malkoak eriozala, ixildu ei jakon. Orduan Frantzisko Losadak esan eutson:

        — Entzun gazte, zer adierazi nahi dozu Euskadi geratzen jatzula esatean?

        Neska harek ikusi eban Losadak Euskadiren kondairaren barri ez ekiala eta euskaldunok zer ginan eta zer gura genduan edasi eutson. Neskato honen jokaera ikusi ebanean, gure idazti batzuk eskatu eutsozan; baita behingoan ekarri ere. Orduan bihurtu ei zan eusko abertzale.

        Frantzisko Losada hau Dueson, Santoñan, egoan, baina osatu barik, eta ez eutsoen jaramonik egiten. Ba ziran han Pereirotarrak, lau anai, Algortakoak, Getxokoak semez. Heuretariko bat osalaria zan eta honek garbitzen eutsozan zauriak; baina halan eta guztiz ere oso txarto egoan, osagairik ez egoalako.

        Losada hau oso argia zan, mutil ikasia eta gizon legez gitxi lakoa. Sarritan esaten euskun, Bizkaiko eta Gipuzkoako mutilak Naparroako neskatilekin ezkondu behar leukeela Euskadi osoa abertzaletuteko. Oso begiko egin jakun Dueson mutil jator hau.

        Hona hemen zer jazo zan beragaz:

        Losadak ez ekian euskeraz. Hazilaren 23an, honela esan euskun:

        — Mañana os voy a dar una sorpresa.

        Guk ez genkian zergaitik esan nahi eban hori. Goizean, bederatzietan, bandera aurrean zin egiten eroaten ginduezan, baina Frantzisko ez zan joaten. Egun horretan gurekin zan. Bandera jazotzean, hitz honeek esan beharra egoten zan:

        — «Viva España», «viva Franco», «arriba España».

        Baina Frantziskok ez eban holan esan. Pauso bi aurreratu eta ukabila gora jasoaz, hitz honeek esan ebazan:

        — «Viva la República», «viva la libertad», «arriba el nacionalismo vasco», «esto no es humanidad».

        «Comandante de plaza» egiten ebana etorri jakon eta amurru biziz, begietatik sua eriola, esan eutson:

        — Queda detenido.

        Frantziskok erantzun:

        — Llevo mucho tiempo detenido.

        Gure Frantzisko han daroe Francoren soldadu kanarioek.

        Biharamon goizean, ordu berean, atara ginduezan banderari zin egitera. Hau eguneroko lana zan. Bezperan legez, bardin egin beharra egoan; baina Losada Francoren bost soldaduren erdian ekarri eben, jaketxo zahar bat lepotik erdi zintzilik, besterik ez eukan eta. Ondotik joian bertako kapeilaua. Guztiok formatuta jarri ginduezan. Hasi zan komandantea esanaz:

        — «Viva España», «viva Franco», «arriba España».

        Losadak komandantearen deadarrekin batera, bezperan bezala, berba berberak esan ebazan:

        — «Viva la República», «viva la libertad», «arriba el nacionalismo vasco».

        Amaitu baino ez, bost piketeak Losadaren gorputza zulatu eta hilda itzi eben. Lurrera jausi eta laster, zaku bategaz estalduta, han itzi eben txakurra bailitzan. Handik ordu bira etorri zan morroi bat karretila bategaz eta basurako zaku bat legez bertara bota eta guztion aurrez-aurre eroan eban, ez dakigu nora, kanposantura ala aparteko lekuren batera.

        Egun gogoangarria benetan, Sabin hil zanetik 34garren urtea. Euskotar askorentzako ikasbide ederra itzi euskun gure Losada Pasaiarrak. Gerran eta emakume baten bitartez abertzaletu zan hogeitahiru urteko mutil gazte eta euskotar jatorra. Beharbada, Losada abertzaletu eban emakumea bizi izango da. Zorionak berari eta oroitzapen bat Losadari.

        Holango hainbat izango dira Euskadiko lurrak iruntsi eta ixilean dagozanak. Izango al da egunen baten, zinopa horreen oroitzapenez jasoriko oroikarri bat ikusteko garaia, hainbat odol ixuri eta ixuriten dagoen gure Aberri maite honetan!

 

 

 

© Balendin Enbeita

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.eus