Arerioen esku

 

        Noz edo noz osatu nintzan. Sardinerotik Santoñara ekarri ginduezan. Hemen eta Laredon izan ginan, fazisten gudarosteak sartu arte. Lehenengo sartu ziranak italiarrak izan ziran; ondoren espainiar fazistak. Santoñan sartu ziranean, «Batallon Padura»ko kapitanak gure ikurriña hartu eta italiarren aurrez aurre jaso eban, eta italiarren komandante batek heuren ikurriñagaz gurea agurtu eban.

        Egun baltzak euskaldunontzat. Negarra ba zan, Aberriaren negarra. Aberria itzi eta etsaiaren menpe, herbestean jausi beharraren negarra. Anaiak bananduta, sendiak zatituta, etsaia, gorrotoz, «asesinos» deadarka... etab.

        Sartu eta egun batzutara, Euskadiko Gudarosteak banatzen hasi ziren: batzuk Laredora, beste batzuk Castrora eta abar. Gu, mordo bat, Laredon geratu ginan italiarren menpean. Beste hainbeste edo gehiago Santoñan. Enparaukoak beste probintzia batzutara eroan ebezan. Laredon, «Campo de concentración» deritxon lekuan gengozan italiarren menpe. Honeek agintzen eben. Halan eta guztiz be, txapel-gorri batzuk, italiar guardiei uko eginaz, intentzio txarrez sartzen ziran.

        Baten, hiru izardun txapel-gorri bat, naparra eta abade, gu gengozan tokira sartu zan. Gugaz egoan abade gazte bat, eta gure abade honeri, abade errekete hiru izardun txapel-gorri harek, pistolea paparrean jarriaz dirautso:

        — Saca por favor la pistola que llevas a cuestas.

        Gure abadeak eskua sartu boltsilora eta errosarioak atara eutsozan, esanaz:

        — Hauxe da nik frentean erabili dodan arma bakarra.

        Haretan gengozala, italiarren komandante bat heldu zan eta txapel-gorri armaduna, belarri ondoko ederra emonda, jaurti eban handik, gugaz ez eukala zereginik esanda, gure abadeak ere kapitainen gradua eukan eta. Horra hor, gorri kriminala errosarioekin eta «la Cruzada»ko katolikoa pistoleagaz. Ederra pelotea!

        Handik, «Campo de concentración»etik, atara eta Laredoko prantziskotarren komentuan sartu ginduezan. Hona arte, italiarrak agintzen euskuen. Hemetik aurrera, Patxitarren eskuetan gengozan. Hemen hasi genduan kurutz-bidea. Euskerarik egiten bagenduan, zigortuak ginan.

        Egun baten nire arrebaren bisita izan neban. Ixil-osteka hitz egiten genduan euskeraz. Gugandik hogei bat metrotara errekete txapel-gorri bat egoan eta betikoa, apur bat banandu ginanean! Agur Bixenta! altutxu esan neutson. Txapel-gorri harek erantzun eustan:

        — iQué es eso de agur! estamos en España, gracias a Dios.

        — Sí señor, estamos en Santander.

        Ez ninduan jo, baina larri erabili ninduan.

 

 

 

© Balendin Enbeita

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.eus