Ezkontza eta gerratea

 

        1935ean, Hazilaren 30ean, San Andres egunean ezkondu nintzan «Ormaetxe» baserriko Klara Ealogaz. 29 urte nebazan eta, emazteak 27. Transportean jarraitu genduan Espainiako Matxinadararte. Gerra harek eroan euskun kamioia, eta banandu ginduzan hiru anaiok: Sabin, Imanol eta ni. Imanol eta Sabin Euskadiko Gobernuaren zerbitzura eroan ebezan. Ni etxean geratu nintzan, gure Gernika erre arte. Hau erre eta bigarren egunean itzi genduzan Usparitxa neure jaiotetxea eta gaur bizi nazen Ormaetxe geure baserri maitea. Eroan ahal izan genduzan trasteak hartuta, Bilbora joan ginan.

        Bilbon gengozala, Bizkargiko frentera bialdu ninduen enlaze moduan. Maiatzaren 20a zan, neure jaiotza eguna. Ba neban berebil eder bat neure zereginetarako. Nire lana, parteak eroan eta ekartzea zan, eta frentean zauritzen ziranak eroatea. Bat baino gehiago bidean hil jatazan, gure eusko gudari sendoak. Benetan errukarri eta gogoangarriak heuren azken berbak. Heurekaz ebilenak bakarrik daki egun baltz hareen barri. Bidean ginoiazala, Francoren abioiak ez euskuen goitik baketan izten. Berebilen gainean lanazko koltxoiak erabilten genduzan abioien metrailetak zulatu ez gengiezan.

        Gure gudariak adoretsuak ziran. Han ebilen Bizkargi azpian abioi junker bat beheraino jetsi eta ametrailetan. Gura eban guztia egiten ebala esan zeitekean. Baina, halakoren baten gure gudari batek bere ametrailadoreagaz zulatu eban junker hori. Abioia, besteen alderdira jausi zan, baina abiadore alemaniarra gure aldera, «paracaidas»-ean. Batzuk, aldean etorrela hil nahi izan eben, baina Padura batailoiko kapitan batek ez eutsen itzi. Gizona beti gizon. Holako erakutsi asko emon eben euskaldunak.

        Bilbon fazistak sartu baino hiru egun lehenago, Lezaman, zaurituta jausi nintzan. Oso txarto eroan ninduen Basurtuko gaiso-etxera, eta biharamon goizean, Santanderreko «Bien Aparecida» trinitarioen komentura. Komentu hau gaiso-etxe bihurtuta egoan, hobeto esanda, gudari zaurituen ospitala. Ba ziran hemen hainbat euskaldun ni baino txartoago egozanak. Harrera ona egin eusten gure gudari euskotarrak. Soineko barik, manta baten batuta, sartu ninduen ospital errukarri haretan. Ba ziran bizkaitar eta giputzak. Erdi bilozik joan banintzan ere, ba neban nork soinekoak emon. Bihotzez triste baziran ere, irriparrezko aurpegi anaikor eta maitakorrenagaz ahal eben guztia emoteko gertu egozan. Hemen hiru egun egin ondoren, Santanderreko hurira, Sardineroko gaiso-etxera eroan ginduezan batzuk. «Aparecida»n geratu ziran gure anaiak oso suerte txarra izan eben: guk urten eta laugarren egunean bonbardeatu egin eben ospital ha. Batzuek hilak eta besteak lehengoaz gainera zaurituak. Negar gozatsu egin genduan hain maite genduzan gure anaien galtze haregaz. Ez ziran Euskadiko mendietan hil. Atzerrira joan ziran heuren Herriari betiko agurra egiten. (Goian begoz)

 

 

 

© Balendin Enbeita

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.eus