Logroñora

 

        Felipe Aiastui-ren tailer honeek, Logroñon obra haundi bat hartu eben, eta guk ere hara joan beharra izan genduan. Etxe horren izena «Cine Católico» zan. Behean, zine edo antzerki-lekua eta gainean, host bizileku. Sei bat hilabete egingo genduzan etxe hau amaitzen. Dozena erdi bat bilbotar eta hiru gernikar ginan. Enparauak, Logroño aldekoak. Gure lana arotzeria zan. Bilbotik joan ginanak gazteak ginan. Nik 20 urte nituan, besteak ere 30etik beherakoak, baina danok ere jan-edanerako sasoi onekoak. Ostatuko patroneak ez euskun nahikorik emoten. Ahaleginak egiten ebazan, baina hamar bat batzen ginan mahai-inguruan, eta ekartzen ebana laster garbitzen genduan. Txakurrentzako ez zan sobrarik geratzen, baina gosea non ase aurkitzen genduan. Ba zan, «Bodegón» izeneko taberna bat, Bilbotik joan ginanok geuretzat legez hartuta geunkana. Eta hemen egiten genduan eguneroko errazinoa: kuartilo bat ardau, Ebro ibaiko barbo bat eta librako ogia bakoitzarentzat. Bederatzi txakurraundi izaten zan bakoitzarena. Halan eta guztiz ere, ostatua ordainduta, bost pezeta eta txakurraundi bat sobretan jakun. Orduko txakurraundi batek gaurko 50 pezeta inguru balio ebazan.

        Errazinoa hartu ondoren, bodegoi haretan ez zan umore onik falta izaten. Bilbotarrak heuren abestiekaz hasten ziran. Ba genduzan lau ederto abestuten ebenak. Honeei entzuten pozik egoten ziran bodegoi haretan sartzen ziranak. Gure kuadrilea sartzen zanean, laster esango eben: «Ya vienen los bilbaínos», baina bertan ere ba ziren ondo abestuten ekienak, nahiz eta beste era batekoak izan. Heuretariko bat, gurekin peoi ebilena, San Asensio izenekoa. Oso abots ederrekoa zan, jotak abestuten artistea; mutil ona gainera. Bodegoi haretan, gure kuadrilea ez euken saltzeko. Jakina, geu ginala bide, negozio polita egiten eben. Esaera zaharrak dinoanez:

 

                Txin, txin, txin, txin

                iruaren hotsa

                Harexek ematen dit maitia

                ihotzean poza.

 

        Obra ha ere ba joian amaitzera, eta, amaitzerakoan, monjorra. Batzuek totoa esaten deutsoe. Dana dala, obrea amaitzen dan egunean egiten dan afaria dogu. Gertatu ere oso ederra egin eben.

        Han batu ziran Goi Jerarkiako buruak: Logroñoko Gotzaina, Gobernadore, eta jarraiko aristokraziako ohorezko gehienak. Gu ez ginduezan personaje hareek arduratzen. Gure ardura bakarra, tripea nondik bete zan. Bete ere polito egin genduan. Gabon bezperea zan. Barrutik hotzik ez bagenduan ere, kanpoan leia, izotza, egoan, eta ez edozelangoa. Edurra baizen zuri egozan inguru guztiak.

        Gabeko hamabiak ziran zine haretatik urten genduanean, eta han joan ginan Logroñoko «Espolon», Esparteroren estatua egoan lekutik zehar. Danok kantari, baina inork ez ekian zer kantetan eban. Alkohol eta txanpanaren irakinaren burrundadea zirudian, baina, hala ere, konforme ginan geurearekin. Gabon bezpera zanez, hobeto esanda, Gabon goizaldea, etxera etorri gura genduan, geure sendikoekin Gabonak igarotera. Goizeko lauretan geunkan trena, eta hiru bat ordu itxaron behar. Lehen esan dodan legez, barrutik ondo berotuta egon arren, izotza hasi jakun berak agintzen ebala esaten. Hamar gradu egozan zeroren azpitik, eta nahikoa luze egin jakun tren zahar haren etorrera. Ordurako etorri izan balitz, gaitzerdi, baina ordu erdi beranduago heldu jakun. Ez ginan hasarre izan trenean sartu ginanean. Ba genduan kantara erdi (zortzi litro) ardau gorri. Bilbora heltzean ez zan sobra haundirik garrafoian. Alkarregaz polito bazkaldu ondoren, batak bestea agurtu eta bakoitzak bere txokora jo genduan, Gabonak sendikoekin pozik igaroteko asmoz. Gurasoak pozik, neba-arrebak bardin, eta aitita-amumak irribarre gozotan, aspaldi kanpotik zan lobeagaz Gabonak ospatzeko.

 

                Lurrezko lapikotxua pil-pil

                orio azaz egina

                Eta zintzilik dinbi ta danba

                aztainakin danbolina

                arraskilu ta intxaur saltsea ontzi batetik gura aina

                Gaur lez aldatu beharrik ez zan

                urreko azpil zikina.

 

        Logroñotik Gabonak igarotera etorri ondoren, neure baserrian geratu nintzan, ez baserrian lan egiteko, baina bai neure lanbideari jarraitzeko. Ba dira hainbat etxe barri geuk eginak, Muxikan, Gernikan, Busturin, Mendatan, Artean, Bermeon eta abar. Lanbide honetan urte batzuk egin ondoren, transportean hasi nintzan nire anaia Imanol, anaietan gazteena, lagun nebala. Kamioia aitak erosi euskun. 1934. urtea zan. Errepublika denborak ziran. Euskadi eta Espainiako probintziarik gehienak arakatu genduzan. Nahiz eta gasolinea 75 zentimotan egon, ez egoan irabazpide askorik.

 

 

 

© Balendin Enbeita

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.eus