Eskolara

 

        Zazpi urtegaz hasi nintzan nire lehenengo ikastaldiak egiten. Okan genduan geure eskola. Don Pedro abadea zan irakasle. Irakasle ona genduan. Baina, denbora behar ikasteko, eta arin itzi behar izan neutson eskolara joateari. Etxean, mutiletan zaharrena nintzan, eta aita eta amari laguntzen geratu beharra izan neban. Hamasei urte neukazan arte, baserrian, gurasoen laguntzaile. Bizitzarik ederrena ere sasoi horretan, ezeren ardura barik.

        Hamasei urtegaz urten neban neure baserritik. Ordurako, ba nituen beste neba-arreba batzuk gurasoei laguntzeko, eta ebanista ikastera joan nintzan, Okan, Ibarruriko mugan, egozan tailer batzutara. Hermenegildo Presilla zan tailer horreen ugazaba, entzute haundiko eskultorea. Presilla honek, gabaz, lanak amaitu ondoren, eskola emoten euskun. Dibujoa zan irakasten euskuna. Hemen ikasi genduan tailetan apur bat. Urte bi egin ondoren, Bilbora, Felipe Aiastuiren tailer batzutara, aldatu nintzan. Tailer honeek arotz-tailerrak ziran, eta obretako lana egiten eben. Bilbon nintzan bitartean, lanetik seiretan urten, eta eskolara («Artes y Oficios»-etara) joaten nintzan. Ikasketa honeek mesede haundia egin eusten.

 

 

 

© Balendin Enbeita

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.eus