Agurra

 

        Agur irakurle maite eta eskerrik asko zure eskuetan hartu nauzulako. 1975ean, Donostian egin eusten omenaldirako, Auspoan bertso liburu bat atara neban: «Nere apurra». Aita Zabala izan neban gidari eta berak esan eustan nire bizitzako joan etorriak idaztea interesgarri izango litzakela, eta horretarako adorea emoten gogotik ahalegindu zan. Beretzat nire esker eta omenik beroena. Handik urte batzutara, lantzean zeozer idazten hasi nintzan, baina, nekez hasi eta arin amaitu, 1980tik hona ez dot askorik egin. Idatzitakoa argitaratzea komeni zala esan eustenean, lehenengoan ezetzera nengoan. Hutsune asko egozan. Nire bizitzako zati eta lagun asko falta ziran. Baina beti ezin zala itxaroten egon gogoratu eusten eta, beharbada, hobe izango zala egindakoa argitaratu eta beste baterako idazten jarraitu. Holan, gaur zure eskuetara heldu naz. Zati batzuek izan leike lekutik kanpora egotea, esate baterako, bertsolari txapelketari buruz 1979an eta 1980an idatzitakoa. Ordutik hona asko igaro da eta gauza gehiago esan leike, baina bego orduko agiri moduan.

        Liburu hau ez da ondo idatzitako nire bizitzaren biografia bat. Neuretzaz eta nire inguruko gertaera eta gizon batzutaz idazten joan naizen nota solte batzuk baino ez dira. Hemen agertzen ez dan hainbat lagun aitagarri izan dot, zorionez, nire bizitzan. Baita beste hainbat gertaera gozo eta garratz be. Baina hauxe izan da idatzita neukana eta besteak urrengorako itxi beharko dodaz, edo, esan deusten moduan, nire liburu honek inoiz ez argitaratzeko arriskua leuke. Ulertuko dozula uste dot. Dana izan daitela Euskeraren eta Herri honen onerako.

 

Egilea

 

 

 

© Balendin Enbeita

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.eus