Aitaren nota paperak irakurtzea, haurtzaroan lehenengoz entzutean sortzen zitzaigun barne zirriada eta giro kezkagarri huraren bersortzaile izan zait eta ondorengo belaunaldiari jaulkitzeko irrika biziaren eragile.

        Izan ere familia bateko bizitzan guraso edo beste partaideek iraganak behin eta berriz kontatuak izaten dira guztiak buruz ikasarteraino. Gero belaunik-belaun, ahoz-aho erabiliz, denboraren noiztik norakoa galduta, bideko pasadisuekin ornituta, bakoitzaren historiaren sustrai eginda, Herriaren historia bera eta bizi-arnas egin arte. Honela doa, mendez mende, arbasoen hats beroa, historiaren egile bakoitzaren urratsez sinatua, Herriaren izangoa bilatzen, egiten.

        Historiaren adin bakoitza beti gertatzen da lehenaren eta geroaren tarteko zubia, lehena orainarekin osotuta geroari iragazteko orena.

        Hau da nota hauen idazleak nahi izan duena: bere inguruan izan diren herri-gizonen ezaupide eredugarria gaurko eta biharko belaunaldiari iragarri.

        Nota hauei esker ezagutu ahal ditugu Herriko langile ixilak. Orbel biltze honeri esker haizeak ez ditu betiko ixilean galduko hamaika gizon eta herri-ekintza. Hamaika gertakizun beste baterako utzita ere historiagileak badute kontaketa honetan trintxeratako gudari baten xehetasun ugari. Exodora behartutako familiaren penak, kartzelako bizitza eta pasadisuak. Franzisko Losada, Mugerza eta hainbaten testimonio unkigarriak. Jon Arrospide, Gabino Ealo eta hainbat herri-borrokalarien jokabideak. Ariatzako jaietako saragi-historiaren berezitasunak. Famili arteko eta familiatik kanporako hainbat herri-gizonen herriarekiko konpromesu eta testimonioa.

        Eta abar eta abar.

        Nota hauei esker izen batzuk ez dira zokoraturik geldituko. Izan ere haien urratsak eta gureak eta gure ondorengoenak herri bera eraikitzen ari dira bata bestearen aldamenean, bata bestearen gainean. Haiek, gu eta hurrenak, denok gara belaunik-belaun irauten duen herriaren arnas, arbasoen hats bero.

        Nota paper hauen bigarren baliotasun bat azpimarratu genezake: askorentzat gogoberozle izatea. Balendin bezelako gizon asko da gure Herriko historian; hauen memorietan gertakizun ugari dago ixilean gordeta. Idatzi egin behar lituzke edo idatzierazi egin ahal duen bati kontatuz. Ezin dira ixildu hainbat herri-langile, ezin dira bazterretan galdu hamaika gertaldi.

        Nahiz eta liburuaren aurkezpena egiteko eskatu didaten, ez dago aurkeztu beharrik, ez idazlea eta ez idazleak kontatzen duena. Bata zein besteak heuren herri-lanaren, herri-borrokaren, testimonio bizia dira, gure Herriko beste mila borrokalarien artean euskal abertsaletasunaren eredua.

        A urkezpen gisan letra batzuk eskatu dizkidatenez eta esan dudan bezela aurkezpenaren beharrizanik ez, aukera honetaz baliatu nahi dut gorago esandako ideia bat errepikatzeko: Gure Herriaren historiaz, gizonen eta gertakarienaz, zerbait dakiten guztiek idatzi egin behar dute gaurko eta biharko izangoaren eredu gerta dadin.

        Jarraitu aurrera aita Balendin gogoetak paperean idazteko ohiturari eta Balendin bezelako beste guztiok ere berdin.

 

Kepa Enbeita

 

 

 

© Balendin Enbeita

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.eus