NOLA HELDU ZEN BALEA BAT RIANXORA

 

        Ni mutikoa nintzela (ez dut jakin nahi zenbat une doazen hor) heldu zen egun batean Rianxora, goizeko hamarrak aldera uste dut, balea bat. Batzuek, gure herriari meritua kentzeagatik, oso balea txikia zela diote, edo balekume bat. Berriketak, bekaizkeria, ez dakite zer dioten. Nik ez dut esanen Udaletxe bat zenik ibaian flotean, ez naiz horren droleroa; baina hortxe nonbait patatxe baten eslora, eta hemen zuen artean badaude ikusi zuten beste batzuk eta esan dezatela. Eta ikusi ez zutenek hobe dute ahoa itxian.

        Ez da samurra esatea nor izan zen ikusi zuen aurrena. Banoa lasterka beste mutikoekin multzoan, denok oihuka, Tanxil gaineko bidean, eta han, amildegiaren ertzean bertan hara non dauden karabineroak eskopetekin tiroka. Egia esan, guk ez genien begiramen handirik gizon hauei. Garai batean, ez zeudenean, jendea kexu zen:

        — Munduaren azkenean gaude hemen. Inork ez digu kasurik egiten. Rianxo bezalako herri batek eduki behar lituzke karabineroak, gutaz arduratzen denik baldin balego.

        Azkenik lortu zen hobekuntza hori, menturaz behar ez zirelarik. Direnak direla, eduki genituen, eta kaia, uniforme dotore haietako bat muturrean, txalupa motorak merkatutik zetozen orduan, kai berri bat farola berri batekin lakoxea zen, batek oso kontuz asmatu behar zuen arren zangoak non ipini. Hasieran oso ongi egiten zuten beren papera, eta mutikoen asmamena kontrabandista ipuinez bete zen. Baina gero, prozesioetan ez baldin bazen, galaz jantzita hain serio zihoazela zuriz guantaturiko eskua bularrean, pausoa hartuz anden atzetik, ez ziren ageri zapatategietan berriketan besterik, beren aspertuari erremedio bila; kabua izan ezik, botikako jendearekin alternatuz finago aspertzen baitzen. Karabinero erretiratuak ematen zuten. Eta ideia aurreratuko norbaitek esan ere egin zuen, erakunde horretakoak, txapelokerrak bezain zakarrak eta tenteak ez baziren ere, alproja batzuk zirela, eta ez zutela merezi mantentzea sasikoz pasa zitzaketen kartoi batzuk gorabehera.

        Bai, baina egun hartan... Aspaldian kantatzen ez duten tenore horien kasua bezala da, halako batean kantatu eta eliza katedral bihurtzen dutela. Bai, dakienak badaki, kantari dakienak kantari badaki, eta tenore bat beti da tenore... Eta lau beterano haietariko edonork, lasai apuntatuz, dotore, militar eran —z jostunak edo eskribauak lez mendiko basoan erbitan zebiltzanean—argi erakusten zieten han zeudenei zer den eskola izatea.

        Mutiko batzuek balazalak biltzeko ohore handia izan zuten haiekin fistu egin eta han egon ez zirenei esan ahal izateko:

        — Ikusten? Fusilarena da!

        Baina, zuzen ez dakidana da balear, eman zioten ala ez. Baietz esanen nuke, baina berak ez zuen kilimarik ere nabaritu nonbait.

        Adituek diote galdua zetorrela, kaiola batean lez sartu zeta ibaiaren bokalean, eta hainbeste jira eginez irten nahian, bertara etorria zela kemen barik geldituta, une batez errenditu egin zela, eta maria biziak zirenez eta urpe handikoak, itsasoak behera egin eta hantxe gelditu zela lehorrean. Nik ez dut askorik ulertzen, baina hala izanen zen noski.

        Hemen datoz berriz txalupak, denak arraunean Fincheirako portuan haizeari aldea bilatzen ibili behar ez izateko, eta hor jartzen dira batearen bizkarraren bueltan, uhinak uharte baten bazterrean lez hiltzen ziren hartan.

        Kalapita handia izan zen marinelen artean zer komeni ote zen egitea. Han zegoen Kontramaisua ere, eta adituago emateko burua mugitzen zuen, irri egiten zuen, behakoa altxatzen zuen, baina errepikatu besterik ez zuen egiten, aholkurik arriskatu gabe:

        — Horrela ez duk ezer lortuko, txo. Denbora alferrik galtzen duk. Egizue lan kuxidade apur batekin.

        Kuxidadea, ongi dago. Gertatzen zena zen inork ez zekiela zer zen kuxidadez egin beharrekoa. Txamarta bat bota zioten, baina txamarta lerratu egiten zen eta ez zuen hartzen. Bultza egin zioten arraunekin, ez dakit zertarako, eta atzera egiten zuten txalupek, transatlantiko batetik desestekatuko balira lez. Gaitzeko malobrak egin ziren, oihu eta birao askorekin, txikota bat inguruan pasatzeko, baina baten batek esan zuen hura Laurogeita Bederatzi (herriko Herkulea) hari batekin atxilotu nahi izatea bezala zela, eta arrazoia zuen. Hareatzara heltzen hasiak ziren neskatoak lehertu egin ziren irritan eta bitsarekin jolasean.

        Ni alak esaten zaien txalupa horietako batean nengoen. Ez dakit txanel batean barrena edo zankutsik erdi lehorrean zegoen batelen bat zubi hartuz pasata heldu nintzen bertaraino. Lekurik arriskutsuenean nengoen bada laster ikusiko duzuen lez, alako patroiari sortu baitzitzaion balea akabatzea kilapetik atera zuen aizkora batekin, eta zaurika hasi zitzaion ahalegina buztanean. Beharbada ez zegoen guztioi iruditzen zitzaigun bezain oker bere setan. Ez dut horretaz inoiz pentsatu, eta orain konturatzen naiz ausaz leman matxuratu nahi zuela. Azala gogorra zen, baina noizbait alde hartako uhinak gorritu egin ziren, eta baleak erakutsi batzuk egin zituen alegia ez zuela oso gustokoa gobernu hura.

        — Min hartzen dun, e?

        Bapatean (nik uste dut maria gora etorriko zela, eta baleak hutsartea hartu zuela azpian mugitu ahal izateko), bapatean sinetsi nuen ito egin behar genuela guztiok, bere malobraren zurrunbiloan murgilduak. Eta orain lasterka eginagatik ere barbak ez dira garaiz heltzen, zeren eta txalupa guztiak baitzebiltzan kulunka, zein bere moduan, eta gure ala ere ez ahal zen oraindik orekatu albo batetik urpetu ondoren, non eta begiok urrunean ikusi zuten balearen iturriño distiratsua, uhinak mende hartzen zituen eztanda iheskor baten ekarriari jarraituz, bere itsaso zabalaren, bere askatasunaren lekuneak agurtzen zituela.

        Orain ipuina amaitzeko esanen dizuet ez zituela jo bere itsaso zabalaren ateak, eta Vilanovan hil zela. Bere hezurdura ikusi nuen gero, erraldoia eta odoltsua, itsasontzi eder bat egiteko modukoa. Eta ikusi nituen bere koipe lodia hartzen zituzten kupelak, eta urtu zeneko suen errautsak... Eta nabaritu nuen, sakrifizio lekura iritsi baino milia bat lehenago, bere hondakinen usain ikaragarria. Neure mutikotako zorabioan, gauza hauetako batek berak ere ez zien gainontzekoei traba egiten. Guztien gomutaz, eta buruko bezala, jaso zitekeen masta sendo bat, gailardete luze bat muturrean inarroska, turuten ulu nahasi bat, txorimalo izugarri bat urruneko uhin apartsuei agurka... Baina ezustean, orain, eztarrian lantu hau somatzen dut sortzen: Ume gaixoa!

        Eztabaidatu zen gero, puska batean, bidezkoa ote zen Vilanova balearen jabe gelditzea Rianxori parterik emateke. Baina nik diotsuet parterik ederrena guk izan genuela.

        Maisuak, gure herriak izan duen zuhurren eta onenetarikoa bera, «Bapateko» bat idatzi zuen Villagarciako egunkari batean esanez Rianxotarrok balea galdu genuela kultura eta batasun ezaz. Egia izanen da. Nik ez dakit zer pentsatu. Batasuna beti da ona. Hala ere, Vilanovakoek ez zuten batasun handiagorik, eta guk baino kultura handiagorik ere ez nik uste, eta hala ere ikusten duzue sana jaso zutela. Ederto, on degiela.

 

 

 

© Rafael Dieste

© itzulpenarena: Koldo Izagirre

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.eus