XAKE ZALDIAREN DRAMA
Xake zaldiak betetzen du jokalekua zeru izarratuaren eta noiztenka hodei beltzen batek estaliriko ilargi betearen azpian. Oihala jasotzean pieza guztiak ikusiko dira, ERREGEREN ZALDI ZURIA izan ezik.
ERREGE BELTZA: Denak al zaudete?
PEOI BELTZ BAT: (Oso tente bere lekuan) Bagara, bai jauna.
ERREGE ZURIA: Denak al zaudete?
ERREGEREN ALFIL ZURIA: (Isilune baten ondoren, eta inor ez dela hizketan hasten ikusirik) Hemen bat falta da... Neure aldeko zaldia.
ERREGE ZURIA: Zaldi hori, zaldi hori!... Beti berdin gertatu beharra! Eta orain, izarren mintzoa are zailago egin nahi balu bezala, bere burua azti eginik...
PEOI ZURI BAT: (Berritsua eta bizkorra) Nahi duzu bila joatea?
BESTE PEOI ZURIAK: (Barre algaraka) Beldurbakoa! Dihoala! A zer haginka eginen dion!...
ALFIL ZURIA: Halako kalakarik! Isildu daitezela ume horiek! (Erregeri, lepoa luzatuz) Uste dut hemen datorrela.
PEOI BIZKORRA: Bai, umeok, ume bizkorrok... Eta nor doa aurrean? Eta nor da irenstera utzi behar duen aurrena? Halako kalakarik... Halako harrokeria, diot! Gero, zerraldoan, denok berdinak gara.
ALFILA: Kontuz! Hemen dator!
Bere helburura dakarren itzalaren oldarrez ERREGEREN ZALDI ZURIA heldu da, zenbait harat-hunat uzkur eginik, eta halako batean PEOI berritsua botzen du.
PEOIA: Kontuz! (Zutitzen da haserre)
ERREGE ZURIA: (ZALDIAri) Beti zeu izan behar! Zergatik arraio berandutu zara hainbeste? (ZALDIA bere baitan biltzen da) Jakin liteke, Zaldi jauna, zergatik ez diezun erantzuten egiten zaizkizun galderei? Neuk egindakoei!
ALFIL ZURIA: (Diplomatikoki eta erdi txantxaz mintzo) Ez omen du Zaldi izan nahi... Alfil izan nahi omen du.
ZALDI ZURIA: (Lehertuz) Horixe da Alfil baten buru erpin eta lapranean sartzen den guztia! Nork entzun dit niri halakorik esaten ametsetan ere? (Zaldigaitz-algara batean) Alfila ni!
ERREGE ZURIA: (Boteretsu eta barrez, ALFILArenganako lagun behakoz eta ZALDIArenganako betazal ixte bakegile batez) Isildu zaitez, Alfil jauna, eta utz iezaiozu Zaldi jaunari esaten berak inork baino hobeki dakiena.
ZALDI ZURIA: Nik ez dut Zaldi, Zaldi hutsa eta Zaldi ez beste izan nahi, baina Alfila, edo Peoia, edo Dorrea, edo Err... (Garaiz isiltzen da ERREGE-ERREGINAren behako sutil eta minduen pean, eta «Errege» esan beharrean eztularena egin eta jarraitzen du:) edo Dorrea ere ez dut izan nahi... Nik nahi nuke aldi berean izan Zaldia eta Alfila eta Peoia eta Dorrea eta...
ERREGE ZURIA: (Berriro mindua) Eta Errege?
ALFIL ZURIA: (Erdiz ZALDIA salbatzearren, erdiz iseka egiteko) Ez, berak ez zuen horrelakorik esan nahi, Errege jauna. Esan nahi zuen... Zurien Jokalaria, ezta?
ERREGINA: (Bapatean) Zurien Jokalaria! Jada ez dago begiramenik Zurien Jokalariarentzat ere! (Mezuak nahasten diren zerurantz jasotzen ditu begiak)
ZALDI ZURIA: (Aitormen ausarten gainbeheran) Ba bai! Zurien Jokalaria ere bai!
ERREGE: Ez zaio ulertzen, auskalo non barrena ibili den.
ERREGINA: Edo noren lagun... (Bere ondoko ZALDIAri:) Ez zara zu zeure anaia bezalakoa izanen?
ERREGINAREN ZALDI ZURIA: Ez, anderea, ez, ezpal berekoak eta itxura berekoak, eta ez diot ulertzen.
ERREGINA: Ongi egina. Nik ere ez. Eta hala ere, ni gabe dena doa gainbehera.
ERREGE BELTZAren aldarri artega entzuten da.
ERREGE BELTZA: Orduan! Irten behar dute ala ez dute irten behar?
BELTZATXOAK: Zatozte hona, zurbiltxook! (Irrintzi egiten dute).
ZURITXOAK: Bagoaz, ilinti ahalenak! (Irrintzi egiten dute).
ERREGE ZURIA: Aski da. Ixo! Aurrera peoi hori. Erne! Pauso bat bakarra!
PEOIA: Ohiturak aldatu dira? Ez ziren beti bi?
ERREGE ZURIA: Bat esan dut! Horrela, ederto.
PEOIA: Moda ona da. Hango beltzatxoak usteko du... Pausotxo bat berak ere! Agudo ikasi duk, alproja.
ERREGETXO: Ixo, zizarea. Orain zu, lehengusua, aurrera. Bi pauso eta tente, beldurrik gabe istilu bila datorren angeluhausleari. Zu, Zaldi metafisikoa, jauzi bat Dorrearengana. Hangoak ez dezala asmatu zer duzun buruan. Babes nazazue ongi! Kemena guztiok! Nork berea!
Jarraitzen dute aginduek eta mintzaldiek.
ERREGEREN ALFILA: (DORREAri) Zaldiak uste du bere buruan bakarrik sortzen direla gauza hauek. Nik ere... Jakinen bazenu nolako bekaitza ematen didan zure patuak. Bide zabalean joan ahal izate horrek, eta ez ni bezala, bazterrik bazter zirrikituetarik...
DORREA: Eta nolako inbidia ematen didan niri, urrunetik bide egiten dizun berritsukeria horrek...
ALFILA: Eta niri zure bizkarrondo zabalak...
ADI DAGOEN PEOI BAT: (Adi) Ba nik behin hain pisuak nabaritu nituen Dorrearen bizkarrondoak nire gainean, ze neureak nituela uste izan nuen.
DORREA: Badakizu egia dela? Nik ere somatu dut beste aldeko Alfilaren jarduna halako setaz non uste izan nuen zelanbait ere berbeta hura neurea zela.
PEOIA: Behin, oroitzen naiz, somatzen nituen neure barrenetik hainbeste bide pasatzen zirela, non, zenbat eta Peoiago nintzen, orduan eta gehiago uste nuen neu nintzela joko osoa.
BESTE PEOI BAT: Hainbeste bide!... Zoazenetik galdu eginen zara. Zure galde egiten dute.
LEHENA: Banoa.
ALFILA: Norbera izatea Joko osoa! Menturaz ez legoke gaizki... Neu banintz Joko osoa, a zer Alfil Jokoa izanen zen, Alfil Hutsa! Zirti, zarta... zotz! Mate. Amaitu da.
Bapatean pieza askoren marmar harritua. Aginduak aldatu egiten dira, zalantzak. Ilargia estali da. Ilunpea.
ERREGE: (Zalapartaren gailurretik) Geldirik! Inor ez dadila mugi dagoenetik! Kriseiluak! Prest, prest! (DORRE lokartu bati) Zer! Ez al duzu entzun?
DORREA: Hainbeste denboran ahantzia, geldirik, lokamuts bat egin dut. (Kriseilua atera, biztu eta urrunera miaka:) Non dabil Jokoa? Zer gertatu behar du? Zer gertatzen da?
ALFILA: (Lepoa luzatuz) Orain, ezer ez. Amaiera da.
PEOI BIZKORRA: Erregeren Zaldiak jauzi egin du bere kasa eta Erregina Beltzaren oinetan hil da! Nik uste dut bere burua hil duela!...
ERREGINA ZURIA: (Oraindik argia gorarik, faro bat bezala, eusten duen DORREAri) Orain ez da behar zure argirik. Norbera dena izanda konformatuko balitz, nik Erregina Zuria izan beharrez etsi dudan bezala!
DORREA: (Kriseilua itzali eta gordeaz) Hala da, hala da... Uste dut beste lokamuts bat egin behar dudala.
Piezen berbaroa isiltasun harritu batean itzaliz eta murgilduz doa, eta denak gelditzen dira tente eta mutu, zurezkoak balira lez. Ilargia ageri den heinean, hori eta bekozko oraingoan, OIHALA erortzen da.
© Rafael Dieste © itzulpenarena: Koldo Izagirre