KATHARINA BLUMEN OHORE GALDUA

 

        Kontakizun honetako pertsonaia eta gertakizunak asmatuak dira guztiz. Kazetaritzako zenbait jokabide deskribatzean, «Bild» egunkariaren jokabideekiko antzik balego, antza ez da nahita edo nahi gabe sortu, da ezinbestekoa soilik.

 

 

1

 

        Jarraian datorren kondairari dagokionez, badira zenbait iturburu, batzuk albokoak, hiru ordea nagusiak, hasieran hemen behin aipatu ondoren, gerora gehiago aitatuko ez direnak. Hona iturburu nagusiak: Polizia buruzagitzako aitorkuntza protokoloak; Hubert Blorna abokatu doktorea; halaber bere eskola eta ikasketa laguna, Peter Hach fiskala zeinak osatu zituen —isilpean, garbi dago—, aitorkuntza protokoloak, azterketa-poliziaren neurri eta inbestigazioetako emaitza batzuk, protokoloan azaltzen ez ziren heinean; ez ordea protokoloratu behar diren bezala, alegia ofizialki erabiliak daitezen, pribatuki erabiltzeko baizik, Blorna bere adiskidearen arrengurak izan ere biziki kezkatzen bait zuen, gizonak ez bait zuen guzti hau ulertu ere egiten, baina egiaz «ongi pentsatzen badut, ulergarri ezezik, kasik logiko ere» topatzen zuen. Eta nola, akusatuaren jarrera eta Dr. Blorna bere abokatuaren egoera oso zaila kontutan hartzen badira, Katharina Blumen kasua neurri batean edo bestean fikzio mailan geratuko den, Hachek burutu zituen okerkeria txiki batzuk, guztiz humanoak bestalde, ulertzekoak ezezik barkatzekoak ere badira.

        Alboko iturburuak, garrantzi handiagokoak batzuk, gutxiagokoak besteak, ez dago zergatik hemen aipatu beharrik, beraien arteko lotura, mataza, nahasketa, katramila, halabeharra, harrigarritasuna, zailtasuna eta azalpena kondairatik bertatik ageriko bait dira.

 

 

2

 

        Baldin kondaira —iturburuez hemen hainbatetan mintzatuko denez «jario errazeko» gertatzen bada, barkazio eskatu behar dut bertatik: ezinbestekoa zen. «Iturburuei» eta «jario errazari» dagokionez, ezin hitzegin liteke konposizioaz, honen ordez bildu hitza jarri behar litzateke agian (hitz arrotz bezala, kondukzioa hauta daiteke), eta hitz hau argigarri gertatu beharko litzaioke umetan (edo heldutan) putzuetan, putzuen bidez eta putzuekin jolas egin duen edonori; zulatu, erretenen bidez elkarrengana bideratu, hustu, apurtu eta beste alde batera zuzendu ohi ziren, azkenik lortutako putzuetako ur potentzial guztia bilketa erreten batera bildu arte, gero maila apalago batera, ahal dela ordenari jarraiki edo behar den bezala, hain zuzen agintaritzari jarraituz eraikitako ubide edo kanal batera eramateko. Drenaia edo lehorketa antzeko zerbait da, ez besterik, egingo dena. Benetako prozedura bat! Beraz, kontakizun honetan inoiz ibairik sortzen bada, non mailen arteko aldeek eta parekotasunek eginkizunik duten, kontuz ibiltzeko eskatzen da, azken batean izan ere badira uharkak, geldiuneak, lurpeko galderak, kondukzio eta iturri hutseginak, elkartu ezin daitezkeenak, are badira lurrazpiko korronteak oraindik, etabar etabar.

 

 

3

 

        Gertatutakoak, hasiera bertatik agian eskaini beharko liratekeenak, gaitzak dira: asteazkenean, 1974.2.20an, Emakunde bezperan, hiri batean hogeita zazpi urteko emakume gazte batek 18:45ak inguruan bere etxea uzten du, dantza pribatu batean parte hartzeko.

        Lau egun geroago, bilakaera dramatiko baten ondoren —horrela adierazi behar da egiaz (ibaia posible egiten duten beharrezko maila desberdinak aipatzen dira horrekin)—, igande gauean eta ordu beretsuan —zehatzago esanda, 19:04etan— bere lanagatik eta ez bere gogoz jeke bezala jazten ari den Walter Moeding polizia kriminaleko komisari buruaren atean jotzen du, eta Moeding txundituari aitortzen dio, eguerdian, 12:15ak aldera bere etxean Werner Tötges kazetaria erail duela, eta mesedez agindu dezala etxeko atea bota eta hura «eraman» dezatela; bera 12:15etatik 19:00ak arte hirian batetik bestera ibili dela ea egina damutzen zitzaion, baina ez zuela damurik sentitu; gainera eskatzen dio atxilot dezala, bere «Ludwig maitea» dagoen lekuan egon nahi lukeela-eta berak.

        Moedingek, itaunketa desberdinetatik pertsona gaztea jadanik ezagutu eta harenganako nolabaiteko sinpatia ere sentitzen duenez, ez du batere zalantzarik aitorkuntzei dagokienez, eta auto pribatu batean poliziategira darama, Beizmenne bere kriminal-buruzagi nagusiari jakinerazten dio, zelda batera eraman dezatela agintzen du, ordu laurden bat geroago Beizmennerekin topo egiten du haren etxeko atean, eta hartarako prestaturiko komando batek atea bota eta emakume gaztearen aitorkuntza egiaztaturik ikusten du.

        Odolaz ez da hemen gehiegi hitzegin behar, zeren beharrezko diren mailen arteko aldeak bakarrik hartu behar bait dira ezinbesteko bezala, eta horregatik honekin telebistara eta zinemara bidaltzen da, sentiberazko komeria eta musikaletara; hemen ezerk jario behar badu, ez odolak. Beharbada kolore efekto batzuk aipatu beharko lirateke, ezer aipatzekotan: Tötges erailak jeke jantzi inprobisatu bat zeraman, jadanik nahiko harilkatua zegoen izara batez egina, eta edozeinek daki zer sor lezakeen odol gorri ugariak zuri ugaritan. Orduan pistola bat derrigorrez kasik blaiketa-pistola bihurtzen da, eta jantzia pantaila denez, kasu honetan margolaritza modernoa eta teatroko dekoratuak, hurbilago gertatzen dira drenaia baino. Ongi. Hauek dira beraz gertatutakoak.

 

 

4

 

        Hausterre egunez, hiri festazaleko mendebaldera dagoen basoan erailda aurkitua izan zen Adolf Schönner kazetari grafikoa ere Blumek hil ote zuen, puska         batean ez ezinezko eritzi zen, baina geroago gertakarien artean nolabaiteko bilakaera kronologiko jakin bat finkatu zenean, egiaz «ezinezko» agertu zen. Taxizale batek aitortu zuen gerora berak Schönner jekez jantzia andaluziarrez jantzitako emakume gazte batekin baso horretara eraman zuela. Alabaina Tötges igande eguerdian izan zen eraila, Schönner ordea astearte eguerdian. Berehala argi geratu bazen ere Tötgesen ondoan aurkitutako arma ez zela izan Schönner erailtzeko erabili zena, ordutxo batzuetan Blumen kontrako susmoak izan ziren, eta bazen horretarako arrazoirik ere. Tötgesekin berak mengatzeko arrazoirik baldin bazuen, beste hainbeste izan zitzakeen Schönnerrekin mengatzeko ere. Oso zaila iruditu zitzaien tartean zebiltzan poliziei Blumek bi arma eduki zitzakeenik. Blumek oso odol hotzez jokatu zuen bere krimena burutzean; geroago galdetu ziotenean ea Schönner ere berak hil zuen, galde bezala moldaturiko erantzun lotsagarri bat eman zuen:

        — Bai, zergatik ez hori ere?

        Gero halere, Schönner berak erail izanaren susmoak gaitzetsi egin ziren, alibi guztiek ia erabat zuritzen zutenez. Blum ezagutzen zuen edo azterketetan zehar bere izaera ezagutu zutenetatik inork ez zuen zalantzarik egiten, bera izan balitz egilea Schönnerren erailketa argi eta garbi aitortuko zuela. Bikotetxoa basora eraman zuen taxizaleak («Nik hobeto esango nuke sasarte bat» zioen) ez zuen ezagutu Blum argazkietan.

        — Jainko Jauna —esan zuen—, gaztetxo beltzaran politak, 1,63 eta 1,68 arteko garaierakoak, argalak eta 24-27 urtekoak... halakoak milaka dabiltza ihauterietan.

        Schönnerren etxean ez zen Blumen aztarnarik aurkitu, ezta ere andaluziarra nor zitekeen arrastorik batere. Schönnerren lankide eta ezagunek gauza bat zekiten bakarrik, alegia asteartean, eguerdi aldera «nolabaiteko neska eulandi batekin aldegin zuela» kazetariak bildu ohi ziren taberna batetik.

 

 

5

 

        Ihauterietako funtzionari altu bat, ardo-merkatari eta txanpain-errepresentatea, umorea berpiztu zuela-eta harro zegoena, pozik zegoen gertakizun biak astelehenean, hobe esan, asteartean ezagutzera eman zirelako.

        — Jaiegunen hasieran horrelako gauza bat, eta akabo giroa eta irabaziak. Disfrazeak krimenetarako erabiltzen direla zabaltzen bada, giroa alde doa eta irabaziak pikutara. Benetako sakrilegio bat da hori. Lasaitasunak eta pozak konfidantzaren beharra dute, hori da beren oinarria.

 

 

6

 

        Jokabide nahiko bitxia izan zuen EGUNKARIAk, bere bi kazetarien erailketaren berri jakin zenean. Hura ezinegon eroa! Titularrak. Lehen orrialdeak. Argitalpen bereziak. Itxuragabeko neurriko herio-agiriak. Bazirudien —munduan hainbeste, tiroz hiltzen denean— kazetari bat erailtzea gauza berezi bat dela, banku zuzendari, enplegatu edo lapur bat erailtzea baino garrantzi handiagoa lukeena.

        Prentsak eskaini zion atentzio gehiegizkoa azpimarratzekoa da hemen, izan ere ez bakarrik EGUNKARIAk, beste egunkari batzuek ere kazetari bat erail izana bereziki txar, ikaragarri, kasik ospakizun bezala, erritozko erailketa bezala kasik esan liteke, erabili bait zuten. «Bere egitekoaren biktima» zela esan ere esan zen, eta EGUNKARIAk noski setatsu eutsi zion Schönner ere Blumen biktima zela esateari, eta aitortu behar bada ere Tötges ez zela eraila izango kazetaria izan ez balitz (zapatari edo okin baizik), agian saiatu beharko litzateke asmatzen ea ez ote litzatekeen hobe lanak baldintzaturiko heriotza batez hitzegitea, oraindik argitzeko bait dago zergatik, Blum bezalako pertsona zuhur eta kasik hotz batek, erailketa planteiatu ezezik, burutu ere burutu zuen eta azken unean, berak aukeratutako unean, pistola hartu eta gainera erabili ere egin zuen.

 

 

7

 

        Abia gaitezen berehala maila guztiz apal honetatik goragoko mailetara. Kanpora odola. Ahantz dezagun prentsaren zalaparta. Katharina Blumen etxebizitza garbitua izan da bitartean, balio gabe geratutako tapizak zabortegira boteak izan dira, altzariak txukunduak eta bakoitza bere lekuan jarria, bere adiskide Hachengandik hartarako eskuarmen osoa eskuratu ondoren guztia Dr. Blornak ordaindu eta aginduta, oraindik batere argi ez badago ere Blorna izango denentz ondasun-zaintzailea.

        Besteak beste, Katharina Blum honek bost urteren buruan ehun mila marko balio dituen etxea ordaintzeko hirurogei mila marko dirutan eralgi ditu, beraz bada hor —zigor txiki bat betetzen oraingoz gartzelan dagoen bere anaiak esan zuenez— «zeri heldu». Baina falta diren berrogei mila markoen kargu nor egingo da, batez ere plusbalia ikaragarri igotzen bada? Ez bakarrik dago aktiboa, pasiboa ere hor dago.

        Tötges bitartean hilobiratua izan da (ospe gehiegiz, askok esaten duenez). Schönnerren heriotza eta hilobiratzea, harritzekoa, ez dira hainbesteko ohorez eta atentzioz ospatuak ez jasoak izan. Zergatik hori? «Bere egitekoaren biktima» ez, baizik zelo drama baten biktima izan zelako gehiago? Jeke jantzia artxibategian dago gordea, baita halaber pistola (08 bat); honen jatorria bakarrik Blornak ezagutzen zuen, polizia eta fiskala jakin nahirik alferrik saiatu ziren artean.

 

 

8

 

        Zalantzazko lau egun haietan Blumek zer egin zuen ikertzean, lehendabiziko egunetakoa berehala argitu zen, baina igandekoa arakatzen hastean, ikerketak aurrera gabe geratu ziren. Blornak berak asteazken arratsaldez bi astetako soldata osoak, 280 markotakoa bakoitza, ordaindu zizkion Katharina Blumi, aste berekoa lehenengoa eta hurrengo astekoa bigarrena, asteazken berean bere emaztearekin batera neguko oporretara joateko bait zen bera. Agindu bakarrik ez, kasik zin egin ere egin zien Blornatarrei Katharinak behingoz opor egin eta ihauterietan zehar dibertitu egingo zela, eta ez zuela aukerako lanik hartuko, aurreko urteetan bezala. Pozez beterik adierazi zien Blornatarrei gau hartarako bere amabitxi, lagun eta konfidantzazko zen Else Woltersheimen etxera dantza pribatu batera gonbidatua zegoela eta oso pozik zegoela horregatik, aspaldian ez bait zuen dantzan egiteko aukerarik. Orduan Dr. Blorna andereak esan omen zion:

        — Aizan, Katharinatxo, oporretatik itzultzen garenean, party bat antolatuko dinagu, eta orduan izango dun berriro dantzan egiteko aukera.

        Hirian bizi zenetik, azken bost edo sei urteetan, «horrela, besterik gabe, dantzara joateko» betarik ezagatik kejatu ohi zen sarri Katharina. Ba omen ziren, berak Blornatarrei kontatu zien bezala, taberna zulo horiek, non batez ere estudiante konplexatuek limuri merke bat bilatzen duten, gero bohemio itxurako zoko batzuk, baina bere gustorako gordinegiak egiten zitzaizkion, eta parrokiako dantzak guztiz nazkagarriak egiten zitzaizkion.

        Asteazken arratsaldean Katharinak, berehala egiaztatu ahal izan zen bezala, Hiepertz familiaren etxean lanegin zuen bi orduz, hala eskatzen ziotenean batzuetan egin ohi zuenez. Hiepertztarrek ihauterietan hiria utzi eta Lemgo-ra bere alabarengana joatekoak zirela-eta, bere Volkswagenean eraman zituen tren geltokira Katharinak bi zaharrak. Aparkatzeko nahiko zailtasun izan bazituen ere, tematu egin zen, berak lagunduko ziela geltokiko nasara eta maletak eramango zizkiela. («Ez diruagatik, hori ez; holako mesedeen truke ezin eman geniezaiokeen dirurik, mindu egingo bait zen bestela», adierazi zuen Hiepertz andereak). Trena 17:30etan atera zen, egiaztatuko zen bezala. Katharinari ematen badizkiogu bostetik hamar minututara, hasten ari ziren ihauterietako zalaparta hartan kotxea bilatzeko, beste hogei, agian hogeita bost minutu, hiri mugatako etxadian zeukan etxera heltzeko, beraz 18:00etatik 18:15etara artean sar zitekeela, ez zitzaion egiaz minutu bat bakarrik libre geratu, baldin eta, zuzen den bezala, opa badiogu garbitu, aldatu eta mokadu bat jan zuela; izan ere, 19:25ak alderako jada Wolterheimen etxean partyan azaldu bait zen, eta ez kotxez, baizik trolebusez, eta ez zetorren ez beduina edo andaluziar bezala jantzita, baizik eta soilik krabelin bat ileetan, galtzerdi eta oinetako gorriak, ezti koloreko lepaluze bat, seta naturalezkoa, eta tweed gona arrunt bat kolore berekoa soinean. Baliteke berdin iruditzea Katharina partyra kotxez edo trolebusez joan bazen, baina hemen hori aipatu beharrekoa da, ikerketa garaian garrantzi nahiko handikoa gertatu bait zen.

 

 

9

 

        Woltersheimdarren etxera sartu zen unetik, ikerketak erraztu egin ziren, zeren 19:25etatik aurrera, berak ezeren susmorik ez zuela, zelapean bait zeukan poliziak Katharina. Arrats osoan, hau da 19:30etatik 22:00ak arte, hura lagun zuela etxea utzi zuen arte, «bakarrik eta maitekiro», berak geroago adierazi zuen bezala, Ludwig Götten zeritzan batekin egin zuen dantzan.

 

 

10

 

        Ezin ahantz liteke hemen Peter Hach fiskalari eskerrak ematea, berari bakarrik zor bait zaio, ia justizia barruko berritsukeria ukitzen duen informazio bat, alegia, Erwin Beizmenne poliziako komisariak, Göttenekin batera Blumek Woltersheimen etxea utzi zuen une beretik, Woltersheimen eta Blumen telefonoak entzunerazi zituela. Hau gertatu zen modua bera ere jakingarria liteke. Beizmennek halakoetan horren erantzukizuna zeraman goragokoari deitu ohi zion eta esan:

        — Nire begiluzeak behar ditut berriro. Oraingoan, bi.

 

 

11

 

        Dirudienez, Göttenek ez zuen telefonoz deirik egin Katharinaren etxetik. Hachek ez zekien behintzat ezer. Ziur da Katharinaren etxea trinko zaindua izan zela, eta ostegun goizeko 10'30etan, ez telefonoz deirik egin, ezta Göttenek etxean utzi ez zuenez gero, indarrez sartu zirela. Beizmenne pazientzia eta areago nerbioak ere galtzen hasia bait zen, zortzi polizia sendo armaturekin etxean, benaz eraso zuten eta neurri oso zehatzei jarraiki, dena miatu zuten, baina ez zuten Götten topatu, Katharina zegoen bakarrik «oso lasai eta zoriontsu itxuraz», sukaldean, katilu handi batetik kafea edaten eta gurinez eta eztiz igurtzitako ogi zati bat jaten. Susmagarri gertatu zen, batez ere ez zelako harritu bezala azaldu, baizik lasai, «garaile bezala ez esateko». Baina algodoizko soineko berde bat zeraman, margaritaz apaindua, azpian biluzik eta Beizmenne komisarioak («nahiko zakar», geroago kontatu zuenez) galdegin zionean ea non zegoen Götten, berak esan zuen ez zekiela noiz utzi zuen etxea Ludwigek. Bera 9:30ak inguruan esnatu zela, eta ordurako aldegina zela.

        — Agur esan gabe?

        — Bai.

 

 

12

 

        Une honetan Beizmennek egin bide zuen galdera oso eztabaidatu bat aipatu behar da, hasiera batean Hachek egintzat eman zuena, gero ukatu, hurrengo baieztatu eta bigarrenez ukatu zuena. Galdera hori garrantzizkoa iruditzen zitzaion Blornari: izan ere, benaz egina izan bazen, hemen eta ez beste inon dago Katharinaren haserrearen, nahasmenduaren eta amorruaren hasiera. Blornaren eta bere emaztearen esanen arabera, Blum arazo sexualetan oso delikatua, ia lotsatia bait zen, esan behar da hemen, Beizmennek —bera ere benetan haserre, eskutan uste zuen Götten galdu zitzaiolako— galdera hori egin zezakeela. Badirudi Beizmennek, bere jantzitan hain erakargarri lasai zegoen Katharinari galdetu ziola: «Orduan larrua jo duzue», horren aurrean Katharinak, gorri-gorri eginda baina garaile harro bezala erantzun zuelarik: «Ez, nik ez nioke horrela deituko».

        Onar daiteke beraz okerrik gabe, baldin eta Beizmennek galdera hau egin bazuen, honen eta Katharinaren artean batere konfidantzarik ezin izan zitekeela. Bien artean konfidantzazko harremanetarako biderik ez izatea —«ez hain txar» bezala ezaguna zen Beizmenne horretan biziki saiatu bazen ere— ez da hartu behar zorigaiztoko galdera hori egiaz egin izanaren froga bezala. Hach bera, eta hau ere etxe-miaketan bertan zegoen, ezagunen eta lagunen artean «sexu gaiso» bezala ezaguna da eta litekeena da berari pentsamendu lotsagarri hori bururatu izana, Blum polita, indiferente, armairu kontra jarrita ikusi zuenean eta galdera hori pozik egingo ziokeela edo hain lotsagabeki zerturiko ekimen hori atseginez beteko zukeela berarekin.

 

 

13

 

        Etxea goitik behera artez miatua izan zen, gauza batzuk eraman zituzten beraiekin, batez ere idazkiak. Katharina Blum bainuan jantzi zen, Pletzer funtzionarisaren aurrean. Noski, bainuko atea ezin itxi ahal izan zen guztiz; bi polizia armatu zeuden atea zaintzen. Katharinari esku-boltsa eramateko baimena eman zitzaion eta preso hartuko zutela alde batera ezin utzi zitekeenez gero, gauerako jantzia, apainketa-boltsa eta irakurtzeko zerbait eraman ahal izan zituen berekin. Lau maitasun nobela, hiru polizia nobela, Napoleonen biografia bat eta Suediako Kristina Erreginaren biografia bat ziren Katharinaren liburutegia. Liburu guztiak irakurle klub batekoak zituen. Eta nola atergabe galdetzen zuen «baina nola, nolatan gero, zer oker egin dut nik», Pletzer poliziak gisa eratsu batean jakinerazi zion aspaldi bila zebiltzan bandidu bat zela Ludwig Götten, banku lapurketa bategatik salatua eta erailketa eta bestelako gaiztakerien susmagarri.

 

 

14

 

        Katharina Blum, 11ak aldera azkenik etxetik atera eta itaunketara eramana izan zenean, eskuburdinak ez zitzaizkiola ezarriko deliberatu zuten. Beizmenne eskuburdinak jartzearen aldekoa bazen ere, Pletzer poliziarekin eta Moeding bere laguntzailearekin elkarrizketa labur bat izan ondoren, uztea erabaki zuten. Egun horretan hasten zen Emakunde festa eguna zela-eta, jende ugari lanera gabe geratu zenez, eta urtero ohizko saturnal antzeko ibilaldi, jai etabar hasi gabe zeudenez, hamar estaietako apartamentu etxeko hiru bat dozena auzo zegoen atarian, berokitan, batatan eta albornozetan eta Schönner kazetari argazkilaria azentsoretik urrats gutxitara, Katharina Blumek, Beizmenne eta Moedingen erdian, albo banatara polizia armatuak zituela, azentsorea utzi zuenean. Aurretik, atzetik eta albotatik fotografia ugari atera zizkion, eta azkenik lotsatuta eta urduri bere aurpegia estali nahirik esku-boltsa, apainketa boltsa, bi liburuak eta idazteko gauzak zeuzkan plastikozko boltsa ezin maneiaturik bait zebilen, ileak nahasita eta aurpegikera egiatan antipatikoa zuela atera zuen.

 

 

15

 

        Ordu erdi geroago, bere eskubideak adierazi eta zerbait txukuntzeko aukera eman ondoren, Beizmenne, Moeding, Pletzer andrea eta areago Dr. Korten eta Hach fiskalen aurrean, itaunketari hasiera eman zitzaion, protokolora jasoz:

        — Nire izena da Katharina Brettloh, jaiotzez Blum.

        1947ko Martxoaren 2an jaioa, Gemmelsbroichen, Kuireko barrutian. Nire aita Peter Blum meatzaria zen. Nik sei urte nituela hil zen, gerratean jasan zuen biriketako zauri batetik, hogeita hamazazpi urte zituela. Gerra ondoren nire aita berriro hasi zen arbel-fabrika batean lanean eta silikosia ote zeukan susmoa zegoen. Aita hil ondoren, amak zailtasunak izan zituen pentsioarekin, hiri-prebisioa eta meatzari-elkartea elkarrekin konpontzen ez zirelako. Nik oso gaztetan etxeko lanetan hasi behar izan nuen, gure aita sarri gaiso izaten zelako, eta nire amak garbitzeko zenbait leku hartu zituelako. Eskolan ez nuen batere zailtasunik izan, eskola garaian etxeko lan asko egin behar izan banituen ere, eta ez bakarrik etxean, areago auzoan eta herriko beste etxe batzuetan, eta labean, sukaldean, konfiturak egiten eta abere-hilketetan lagundu ohi nuen. Lan asko egiten nuen etxeetan eta uztan ere laguntzen nien. Kuir-eko nire izeba amabitxi Else Woltersheim andrearen bitartez, Kuireko Gerbers harakinarenean neskame leku bat lortu nuen 1961ean, eskola bukatu ondoren, eta han ere saltzen lagundu ohi nion batzuetan. 1962tik 1965era bitartean, nire izeba amabitxi Woltersheim andreak bultzatu eta diruz eutsita, Kuireko etxeko-ekonomia eskolara joan nintzen, bertan bera baitzegoen irakasle, eta bikain kalifikazioa ateraz bukatu nuen. 1966tik 1967ra arte Oftersbroich auzo herriko Koeschler firmako haurtzaindegian lanegin nuen diruzain; gero neskame jarri nintzen Dr Kluthen sendagilearekin, Oftersbroichen beti; urte bat bakarrik geratu nintzen han, Doktore jaunak sarri zirikatzen ninduelako eta Doktorearen andreak hori ezin jasan zezakeelako. Nik ere ez nituen atsegin ziriketa horiek. Gogaikarri zitzaizkidan. 1968ko urtean, aste batzuetan lanik gabe nengoela eta amari etxeko lanetan laguntzen eta noiz edo noiz Gemmelsbroich-eko musikarien bileretan eta bola joko gauetan laguntzen nuela, Kurt Blum nire anaiarik zaharrenaren bidez Wilhelm Brettloh ehulea ezagutu nuen, eta handik hilabete gutxitara harekin ezkondu nintzen. Gemmelsbroichen bertan jarri ginen bizitzen, eta asteburuetan bezero asko zutenean Kloog jatetxean sukaldean lanegiten nuen, zerbitzari bezala ere bai batzuetan. Urte erdi bat igaro zenerako higuin jasanezina somatu nuen nire senarrarenganako. Ez nuke honi buruz beste ezer esan nahi. Nire senarra utzi eta hirira aldatu nintzen. Neuk utzi nuelako errudun bezala dibortziatu nintzen eta nire ezkongabetako izena hartu nuen berriro. Hasieran Woltersheim andrearen etxera joan nintzen bizitzera, aste batzuk geroago Dr. Fehnern Finantza jendearen etxean giltzazain eta neskame bezala lanlekua aurkitu nuen arte, eta bertara aldatu nintzen bizitzera. Dr. Fehnernek gaueko eta hezkuntza jarraituzko eskolatara joateko eta etxeko ekonomiako azterketa ofiziala egiteko bidea eman zidan. Oso jatorra eta bihotz zabalekoa zen eta bere etxean geratu nintzen azterketa burutu ondoren ere. 1969ko urtearen azken aldera, Dr. Fehnern jauna, berak lanegiten zuen lantegi handietan zerga-iruzur garrantzizkoak frogatu zitzaizkiola-eta, atxilotua izan zen. Bera eraman aurretik, azal baten barruan hiru hilabetetako soldata utzi, eta guztiaren kargu ni egiteko eskatu zidan, bera berehala itzuliko zela-eta. Hilabete bat egon nintzen oraindik bere bulegoan zergalarien ardurapean lanegiten zuten enplegatuen kontu hartzen nuela, etxea txukun edukitzen nion eta lorategia garbi, lixiba ere nire kontu hartu nuen. Neuk eraman ohi nion arropa garbia gartzelara, baita jatekoa ere, bereziki Kuireko Gerbers harakinarenean maniatzen ikasi nuen Ardenatako pasta bat. Gerora bulegoa itxi egin zuten, etxea konfiskatu, eta nik neure gela utzi egin behar izan nuen. Azkenerako Dr. Fehnerni iruzurra eta faltsifikazioa egotzi zizkioten eta egiazki gartzelara eraman zuten. Hara ere joan ohi nintzaion ikustera. Bi hilabetetako soldatak itzuli nahi izan nizkion, zor bait nizkion. Benetan ezetz esan zidan. Berehala lan berri bat aurkitu nuen Fehnern jaunaren bitartez ezagutu nuen Dr. Blorna familian.

        »Blornatarrak hego-hiriko auzoan bungalow batean bizi dira. Bizilekua bertan eskaini bazidaten ere, nik ez nuen hartu: libre izan nahi nuen eta neure ofizioa libro bete. Blorna senar-emazteak oso onak ziren nirekiko. Blorna andreak «Ibai ondoan apain bizi» lema zuen hegoaldeko hiri-satelitean etxea bilatzen lagundu zidan —berak arkitekto bulego handi batean lanegiten du—. Dr. Blorna jaunak, industriako abokatu zenez, eta Dr. Blorna andreak arkitektoa baitzen, proiektua ongi ezagutzen zuten. Dr. Blorna jaunarekin batera, 8. estaia batean, bi gela, sukaldea eta bainua zituen apartamentu baten finantziaketa, interesak eta amortizazioa kalkulatu nituen, eta 7.000 marko aurreratuta neuzkanez eta Blorna senar-emazteek 30.000 markotako kredito bat alderatzen zidatenez, 1970eko urtearen hasieran bizitza hartara aldatu nintzen. Nire zorduntzakoak hasiera batean hileko 1.100 marko egiten zituen gutxi gorabehera; baina nola Blorna senar-emazteek nire janaria beren kontura hartzen zuten, areago Blorna andreak jateko eta edateko zerbait gordetzen zidan, oso gutxi gastatuz bizi nintekeen eta neure kreditoa hasieran uste baino azkarrago amortizatu nuen. Azken lau urteotan hango ekonomia eta etxeko kontuak nik jiratu ditut; nire lana goizeko zazpietan hasten da eta arratsaldeko lau t'erdiak inguruan bukatzen, etxeko lanak eta garbiketa, erosketak egin eta afaria prestatu ondoren. Nire kontu dago etxeko arropa guztia. Lau t'erdietatik bost t'erdietara artean, nire etxeko jirak egiten ditut eta ordu t'erdi-bi ordu Hiepertz senar-emazte jubilatuen etxean sartzen ditut. Larunbateko eta igandeko lanak aparte ordaindu ohi dizkidate. Denbora librerik dudanean, Kloft-ekin lanegin ohi dut noizbehinka edo harreretan, partyetan, ezteietan, bileratan, dantzatan, gehienbat giltzazain nire kontura, batzuetan Kloft etxeak aginduta. Kalkulatzen, antolatzen lanegiten dut, noiz edo noiz sukaldari edo zerbitzari. Nire irabazi gordinak bataz beste 1.800 eta 2.300 marko artean dira hilean. Haziendaren aurrean, ofizio liberaleko langilea naiz ni. Nire zergak eta aseguruak neuk ordaintzen ditut. Gauza guzti horiek... zerga ordainketa etab. doan konpontzen dizkidate Blornaren bulegoan. Volkswagen bat daukat, 1972ko otsailean erosia, 1968ko urtekoa, Kloft etxean sukaldari dabilen Werner Klormer-ek prezio egokian saldu zidana. Hiriko garraioen bitartez zail egiten zitzaidan lanleku berezietara iristea. Autoaz alde guztietara joan nintekeen, baita urruti zeuden ostatuetan ospatzen ziren harrera eta ospakizunetara ere.

 

 

16

 

        Itaunketak 11:30etatik 12:30etara iraun zuen, eta ordu bateko bitarte baten ondoren, 13:30etatik 17:45etara, itaunketa bukatu arte. Eguerdiko atsedenaldian, komisaldegiko kafe eta ogi-gaztari uko. egin zien Blumek, eta itxuraz ongi nahi zion Pletzer andrearen eta Moeding laguntzailearen komentzitu nahiak ez zioten jarrera aldarazi. Zirudienez —hala kontatzen zuen Hachek— ez zen gauza, ofizialaren eta pribatuaren artean bereizketarik egiteko, ezta itaunketaren premiaz jabetzeko ere. Kafea eta mokadua hartuz, alkandora botoia askatuta eta korbata lasaiturik, Beizmenne aita itxuratan baino gehiago aita gisan ari zenean, bere gelara eraman zezatela eskatu zuen Blumek. Saiatu ziren bera zaintzen jarri zizkioten bi poliziak kafea eta bokadilloak eskaintzen, baina berak buruaz setatsu ukatu egiten zien, bere ohexkan eseri, zigarrillo bat erre zuen, eta sudurraz muzin eginez eta aurpegiaz keinu argiak eginez gelan zegoen komuna zikintzen zuten gonbito hondarrekiko higuina azaltzen zuen. Geroago Pletzer andreari onetsi zion, honek eta bi polizia gazteek komentzitu zutenean, pultsoa soma ziezaion, eta pultsoa ongi zebilela ikustean, inguruan zegoen kafetegi batetik krema-pastel bat eta tea ekar ziezaioten onartu zuen, baina berak ordainduko zuela tematsu adieraziz, nahiz eta goizean, bera aldatzen ari zen bitartean, bainua zaintzen egon zen poliziak esan prest zegoela «bat ordaintzeko». Bi polizien eta Pletzer andrearen Katharina Blumen jokabide honi buruzko eritzia: umorerik gabea.

 

 

17

 

        Itaunketa 13:30etatik 17:45era bitartean luzatu zen. Beizmennek laburrago nahi zukeen, baina Blumek gauzak zehaztu nahi zituen, bi fiskalek hala eskatu ziotenez; azkenerako Beizmenne ados zegoen zehaztasunekin —hasieran borondate txarrez, gero arazoak bere ustetan zuen garrantziagatik.

        17:45ak aldera arazoa sortu zen ea itaunketa jarraitu ala moztu behar zen, ea Blum libre utzi behar zuten ala gartzelan sartu. Egiaz, 17:00 aldera komentzitu zuten te bat eta bokadillo bat (urdaiazpikozkoa) har zitzan, eta prest azaldu zen itaunketaz jarraitzeko, Beizmennek hura bukatzean askatuko zuela agindu bait zion. Ondoren Woltersheim andrearekin zituen arazoen txanda etorri zen. Bera, esan zuen Blumek, amapontekoa zen, beti berekin arduratu zena, bere amaren lehengusina urrutikoa; hirira aldatu zenean, berekin harremanetan jarri zela...

        — Otsailaren 20an etxe horretara gonbidatua izan nintzen dantzara; berez otsailaren 21ean ospatu behar zen, Emakunde egunez, baina aurreratua izan zen, Emakunde egunerako lan eginkizun batzuk hitzemanda zeuzkalako. Hura zen azken lau urteetan neukan dantza solasaldi bakarra. Hemen gauzatxo bat zuzendu behar dut: inoiz edo behin, bitan edo hirutan, behar bada lau aldiz Blornatarren etxean dantzan egin izan dut, hango partyetan parte hartzen nuenean. Berandu zenean, gauzak jaso eta garbiketa egin eta gero, kafea mahairatu eta Dr. Blornak edaritegia bere kontura hartzen zuenean, saloira eraman ohi ninduten, eta han Dr. Blornarekin eta irakaskuntza, finantza eta politika munduko beste jaun batzuekin egin ohi nuen dantzan. Gerora desgogora eta zalantzakor joaten nintzen, eta azkenik ez nuen halako inbitaziorik onartzen, izan ere jaunok sarri mozkortu egiten ziren eta lotsagabekeriatan hasten. Hobeto esan: nire kotxea nuenez gero, inbitazio guztiei uko egiten nien. Lehenago norbaitek etxera eraman zain egon behar izaten nuen. Horko jaun horrekin ere —Hach erakutsi zuen, hau egiaz gorritzen zelarik— batzuetan dantzan egina naiz.

        Ea Hach bera ere lotsagabe izana zen, ez zitzaion galdetu.

 

 

18

 

        Katharina Blumek jakinahi harrigarri batez formulazio bakoitza kontrolatzeak, alegia esaldi bakoitza protokoloan jaso bezala irakurtzea eskatzeak argitzen du itaunketaren luzera. Adibidez, azken zatian aipaturiko lotsagabekeriak hasieran protokolora karizi bezala pasatu ziren, hau da idazkera honetan: «Jaunek kariziak egiten zizkioten», horren kontra Katharina Blum biziki haserretu eta defendatzen zelarik. Benetako definizio eztabaidak sortu ziren bere eta fiskalen artean, bere eta Beizmenneren artean, Katharinak adierazten baitzuen kariziak biren artean gertatzen direla eta lotsagabekeriak alde batetik bakarrik, eta azken hau zela beti gertatzen zena. Jaunei iruditzen bait zitzaien honek ez zuela hainbesteko garrantzirik eta berak zuela errua itaunketak ohi baino luzeago irauten bazuen, berak esan zuen ez zuela sekula sinatuko lotsagabekeriak ipini ordez kariziak ipintzen zuen protokolorik. Oso alde handia zegoela bien artean bere ustetan, eta bere gizonarengandik apartatzeko arrazoietako bat hauxe izan zela; gizona ez baitzen izan karizigilea, lotsagabea baizik.

        Gisa beretsuko eztabaidak izan zituen «onbera» hitzarekin ere, Blorna senar-emazteak adierazteko erabili bait zuen. Protokoloan «maitati» jartzen zuen, Blumek onbera hitzari eutsi zion, eta hitz horren ordez «maitagarri» proposatu ziotenean, onbera hitza zaharkitua zela eta, haserretu eta adierazi zuen ez maitati izateak ez maitagarri izateak zuela zerikusirik onberatasunarekin, eta azken era honetakotzat hartzen zuela Blornatarrek berarenganako zuten jarrera.

 

 

19

 

        Bien bitartean etxeko guztiak izan ziren itaunduak; haietarik gehienek gutxi edo ezer ez zeukaten adierazteko Katharina Blumi buruz. Inoiz azentsorean ikusia zutela, agur esan, bazekitela Volkswagen gorria berea zuela, batzuen ustetan idazkari-buru izan zitekeela, edo saletxeren bateko sailburu-edo beste batzuenean. Beti txukuna, adeitsua, baina betiere hotza zela. Katharina Blum bizi zen zortzigarren estaietako bost etxebizitzetan bizi zirenetatik bik bakarrik esan zezaketen zerbait gehiago. Bata ile-apaindegi bateko jabea zen, Schmill andrea; bestea elektra lantegi bateko langile jubilatua, Ruhwiedel izenekoa, eta erantzunetan harritzekoa zen benetan, Katharinak inoiz edo behin jaunen bisita izaten edo ekartzen zuela azaldu zutela biek. Schmill andreak esaten zuen, bisita sarri gertatu ohi zela, hiru-lau astetik behin eta berrogeitsu urteko gizon bat zela, zaildua itxuraz «maila hobekoa, noski»; Ruhwiedel jaunak bere aldetik mutil argal bat, nahiko gaztea zela bisitaria, batzuetan bakarrik, besteetan Blum andereñoarekin batera honen etxebizitzara etorri ohi zena. Eta azken bi urteei zegokienez, zortzi-bederatzi aldiz.

        — Eta hauek nik somatu ditudan bisitak izan dira... somatu ez ditudanez, ezin esan dezaket ezer.

        Arratsaldea aurrera zihoala Katharinari deklarazio hauek aurpegiratu eta argitu zitzan estutu zutenean, galdera egin aurretik, Hachek, lagundu nahirik, adierazi zion ea ez ote ziren jaun berberak. Katharinak, lotsaz eta amorruz gorri-gorri eginda, zorrotz galdetu zion atzera ea jaunen bisitak hartzea debekatuta zegoen; eta laguntzeko asmoz luzatu zion eskua onartu ez zuenez edo lagungarri bezala ikusi ere ez zuenez ikusi, Hach ere zorrotzago jarri zen eta esan zion garbi eduki behar zuela orain gertakizun oso larri bat aztertzen ari zirela, alegia Ludwig Göttenen kasua, berriro esku artetik ihes egin baitzien eta polizia eta fiskalak urtebete baino luzaroagoan kezkatzen zituela; eta honela galdetu zion jaunen bisita horiei zegokienez, ez bait zituen antza ukatzen, ea beti jaun bera izan ohi zen. Eta hemen Beizmennek basati eraso zion eta esan:

        — Bi urte dira beraz Götten hori ezagutzen duzula.

        Hitz hauen aurrean Katharina zur eta lur geratu zen, ezer erantzuteko gauza ez zela, buruari eraginez Beizmenneri begira, eta azkenean «baina ez, ez, atzo bertan ezagutu nuen» erantzun harrigarriro apala eman zuenean, ez zeukan oso itxura komentzigarria. Ondoren jaun bisitaria nor zen sala zezan estutu zutenean, «kasik izuturik» buruari eragin eta ez zuen erantzunik eman nahi izan. Berriro Beizmennek ekin zion aitakor eta hitzegin eta esan ez dela batere gauza txarra adiskide bat bazeukan —eta hemen oker psikologiko ikaragarria egin zuen—, beretzat lotsagabea ez, laztana baizik izan zitzaiona; banatua zela egiaz, eta ez ziola inori leialtasuna gorde beharrik eta gainera ezin aurpegira zekiokeela —hirugarren huts ikaragarria!—, inoiz lotsagabekeriarik gabe egindako laztanengatik abantaila materialik lortzen bazuen. Orain bai geratu zela Katharina pott eginda. Bestelako deklaraziorik ez zuen egin nahi izan eta gela batera edo etxera eraman zezatela eskatu zuen. Bertan zeuden guztiak zur eta lur utziz, Beizmennek adierazi zuen, apal eta baketurik —ordurako 20:40 ziren— polizia batek lagun eginez, eraman zezatela etxera. Baina orduan zutitu, eta bere esku boltsa, apainketa-boltsa eta plastikozkoa jaso zituenean, bapatean eta gogor galdetu zion:

        — Nola baina atera zen etxetik gau horretan, zure Ludwig laztana? Sarrera eta irteera guztiak zainduta zeuden. Zuk, zuk bideren bat ezagutu behar zenuen eta berari erakutsi, baina aurkituko dut nik hori, bai horixe. Agur.

 

 

20

 

        Katharina etxera eraman zuen Moeding Beizmenneren laguntzaileak geroago jakinerazi zuen, oso kezkaturik zegoela bera emakume gaztearen jarreraz eta beldur zela ez ote zuen okerren bat sortuko. Erabat hautsita zegoela, goitik beheraino jota, eta gauza bitxia, egoera horretan umorea azaldu eta bromatan aritu zela. Hirian zehar zihoazela, bromatan galdetu omen zion Moedingek ea ez ote litzatekeen gauza polita orain lasai-lasai eta asmo txarrik gabe nonbait edango balute trago bat eta gero elkarrekin dantzara ere joan, eta berak buruaz amor eman omen zuen eta esan gainera ez litzatekeela batere gauza txarra, agian poliki ere balegokeela, eta gero, bere etxe aurrean, ateraino lagunduko ziola agindu zionean, berak eztenkari esan omen zuen:

        — Ah, hobe ezetz, nahiko jaun bisita izan dut, zuk dakizunez. Milesker, halere.

        Moeding ilunabar guztian eta gau erdi batean saiatu zen Beizmenne komentzitzen, Katharina Blum gartzelaratu egin behar zuela, bere beraren onerako, eta Beizmennek galdetu zionean ea maitemindu-edo egin zen, berak ezetz esan zion, atsegin zitzaiola bakarrik, eta adin berekoak zirela biak eta ez zuela onerizten Beizmenneren teoria, alegia konjura handi bat zegoela eta Katharina bertan nahastua.

        Berak esan ez zuena eta Woltersheim andrearen bitartez Blornak jakin zuena, azentsoreraino lagundu zuenean atarian Katharinari eman zizkion bi aholkuak, bi aholku nahiko ulergaitz, garesti atera lekizkiokeenak eta bere lankideentzat oso arriskutsu gerta zitezkeenak; izan ere, azentsore aurrean zeudela, esan zion Katharinari: «Utz telefonoa bake-bakean eta bihar ez irakurri egunkaria», hain zuzen ez zegoen oso garbi EGUNKARIA esan nahi zuen ala egunkariak orohar.

 

 

21

 

        Aipaturiko eguneko 15:30 izango ziren (asteartea, 74.2.21), Blornak oporlekuan eskiak lehendabizikoz jantzi eta ibilaldi luze bat egiteko asmotan zegoenean. Une horretatik bertatik, hainbesteko ametsez irrika zituen oporrak hondatu zitzaizkion. Oso polita izan zen bezpera arratsaldeko ilunabarrean, etorri eta berehala Truderekin batera bi orduz elurretan egindako ibilaldia. Gero botila ardoa beheko suaren aurrean eta lo sakona leihoa irekita; lehendabiziko gosaria oporretan, oso atzeratua, eta ondoren ordu pare batez bero jantzita terrazan eserita, eta orduan hain zuzen, berak pasiatzera nahi zuen une berean azaldu zen EGUNKARIko kaiku hori, eta bapatean, besterik gabe Katharinagatik galdetu zion. Ea txarkeriaren bat egiteko gauza zatekeen.

        — Nolatan —esan zuen—, ni abokatua naiz, eta ongi dakit edozein dela txarkeria bat egiteko gauza. Zein txarkeria, baina? Katharina? Ezta pentsatu ere, zergatik galdera hori? Nolatan dakizu?

        Aspaldidanik bilatua zen gaizkile batek Katharinarenean lo egin zuela eta goizeko 11etatik-edo itaunketa zorrotza egiten ari zitzaizkiola azkenean jakin zuenean, bertatik itzuli eta hari laguntzeko asmoa izan zuen, baina EGUNKARIko kaikuak —halako itxura xixtrina zuen benetan ala hala iruditu zitzaion gerora?— esan zion ez zela hain txarra, eta ez al zizkion haren izaeraren ezaugarri pare bat emango. Eta bera isildu zenean, kaikuak azaldu zion seinale txarra zela eta gaizki uler zitekeela, izan ere halako batean bere izaerari buruz isiltzea —eta hau «lehen-orrialdeko historia bat» zen—, izaera txarraren aztarna bat izan zitekeela, eta haserre eta benaz minduta esan zuen Blornak: «Katharina oso pertsona zuhurra eta berotzen ez direnetakoa da» eta haserretu egin zen hori ez zelako zehatza eta ez zuelako garbi aditzera ematen esan nahi zuena eta esan behar zuena. Sekula ez zuen egunkariekin zerikusirik izan, are gutxiago EGUNKARIArekin, eta kaikuak bere Porschean alde egin zuenean, Blornak eskiak erantzi zituen eta garbi ikusi oporrena akabo zela. Trudegana joan zen; hau mantatan ongi bildurik, erdi lotan zegoen balkoian. Berari kontatu zion. «Deitu ezazu», esan zion, eta berak hiru aldiz, lau, bost aldiz deitu zuen, baina beti erantzun bera jaso zuen: «Beste aldetik ez du inork hartzen», gauean, hamaikak aldera deitu zuen berriro, baina ez zion inork hartu. Asko edan eta gaizki to egin zuen.

 

 

22

 

        Ostiral goizean, bederatzi t'erdiak aldera gosarira umore txarrez azaldu zenean, Trudek EGUNKARIA luzatu zion. Katharina izenburu nagusian. Ikaragarrizko argazkia, ikaragarrizko letrak. KATHARINA BLUM,        LAPURRAREN AMORANTETXOAK, JAUN BISITARIEI BURUZKO DEKLARAZIORIK EGIN NAHI EZ. Götten lapur eta erailea, urte t'erdian bilatua, atzo atxilotua izango zen, bere amoranteak, Katharina Blum neskameak, ez balitu bere aztarnak garbitu eta ihesian lagundu. Poliziak uste duenez, Katharina aspaldidanik dago konjuran nahasia. (Gehiago, azken orrialdean, JAUNEN BISITAK deiturapean).

        Han, azken orrian irakurri zuen nola EGUNKARIAk bere azalpena, Katharina zuhurra eta berotzen ez direnetakoa zela alegia, «izotza bezalakoa eta maltzurra» bihurtu zuen, eta kriminalitateari buruzko bere azalpen orokorrak «edozein txarkeria egiteko gauza da benetan bera».

Gemmelsbroicheko erretoreak azaldu zuen: «Horrena, edozer sinetsiko nuke. Aita komunista moxorro bat zuen eta amak, nik errukiz denborale batean garbiketako emakume bezala eduki nuenean, meza-ardoa ostu eta bere amorantearekin sakristian orjiak ospatu zituen».

        Blumek azken bi urte hauetan sarri jaunen bisitak hartu izan ditu. Bere etxebizitza, konspirazio leku bat ala taldearen topalekua edo arma gordetegia, zer zen? Hogeita zazpi urte besterik ez dituen neskame batek nola eros dezake 110.000 marko-edo balio duen etxebizitza bat? Banku lapurketetatik bere hainbatekoa jasotzen al zuen? Poliziak aurrera jarraitzen dio bere inkestari. Fiskala bete-betean ari da lanean. Bihar gehiago. EGUNKARIA, BETI BEZALA, ALBISTEAREN ONDOAN! Gertakizun honen historia osoa, biharko asteroko ale berezian».

        Bazkalondoan, aireportuan, gertatutako guztia laburbildu zuen Blornak.

        10:25, Lüding oso urduriaren deia, bertatik arren itzul nadila eskatuz eta Alois gisa berean oso urduriarekin harremanetan jartzeko. Alois, erabat lurjota —sekula ikusi ez dudan bezala eta horregatik bitxiago gertatzen zait— enpresari kristauen bilkura batean zen Bad Bedelig-en, non hitzaldi nagusian mintzatu eta elkarrizketa zuzendu behar zuen.

        10:40, Katharinaren deia gauzak EGUNKARIAn dauden bezala esan ote nituen galdetuz; guztia berari argitzeko pozarren, argitu nion istilua eta esan ere bai berak, (buruz jasoa) horrelako zerbait:

        — Sinesten dizut, orain badakit nola lanegiten duten zerri horiek. Gaur goizean bertan oraindik oso gaiso dagoen gure ama, Brettloh eta beste batzuk zirikatzen ibili dira.

        Non zegoen galdetu nionean, esan zuen:

        — Elserenean, eta itaunketara joan behar dut orain berriro.

        11:00, Aloisen deia, eta hau da lehendabiziko aldia bere bizitzan —eta 20 urte bada ezagutzen dudala— asaldaturik eta antsiaz beterik ikusi dudana. Zera, segituan itzuli behar nuela, bere mandatari bezala, gauza oso zail batean laguntzeko. Une honetan bere hitzaldia esan behar zuela, ondoren enpresariekin bazkaldu, gero elkarrizketa zuzendu eta ilunabarrean bilkura zentzun gabe batean egon, baina 7:30ak eta 9:30ak artean etxean egon zitekeela, geroago azkenik beste bilkura zentzun gabe batean parte hartu behar zuela.

        11:30, Trudek erabakitzen du segituan alde egin behar dugula, Katharinari laguntzeko. Irribarre ironiko batez erantzuten didanean, berak badu dagoeneko bere aldetik (beti bezala, noski) Aloisen endredoentzako teoria egoki bat.

        12:15, txartelak konpondu, maletak egin, kontua kitatu. 40 ordu juxtu oporretan egon eta I.ra taxiz. Han 14:00tatik 15:00tara aireportuan lainotan zain. Hitzaspertu luzea Truderekin, Katharinari buruz, atxikimendu handia bait diot, Trudek ongi dakienez. Hitzegin genuen noski nola Katharina animatu genuen, ez hain tematsu izateko, bere haurtzaro zorigaiztokoa eta ezkontza tamalgarria ahazteko. Nola saiatu ginen bere harrotasuna, diruari dagokionez, gainditu zezan eta nola geure kontutik bankuek baino kredito merkeago bat eskaini genion. Ordaindu beharko zuen ehuneko 14a ordaindu ordez guri ehuneko 9a emanez ez zigula batere kalterik sortzen, bai ordea berak diru ugari aurreratzen, argi esan bagenion ere, ez genuen komentzitu. Zenbateko eskerrak zor dizkiogun Katharinari: berak, lasai eta maitakor, baina eratsu, gure etxea zuzentzen duenetik, ez bakarrik gure eralketak murriztu dira, areago biok nor bere profesioko lanetarako libre utzi gaitu: hori ez dago diruz ordaintzerik. Gure ezkon bizitza eta gure profesioko lana hainbeste eragozten zigun bost urtetako nahas-mahasari bukaera ezarri dio.

        Azkenean, 16:30 inguruan lainoa altxatzen ez denez, trenez joatea erabakitzen dugu. Truderen aholkua onartuz, ez diot Alois Sträubleder-i deitzen. Taxia geltokiraino, eta Frankfurterako 17'45etakoa harrapatzen dugu. Bidaia negargarria —ongieza, urduritasuna—. Trude bera ere serio eta barekaitz. Hondamendi handia gainera datorkigula usnatzen du. Erabat lehertuta Münchenen trenez aldatu, eta han lo-bagoi bat hartu. Gu bion zain Katharinarekin eta Katharinagatiko kezkak, haserreak Lüding eta Sträublederrekin.

 

 

23

 

        Larunbat goizean, hiriko geltokian, urte sasoiari zegokion bezala oraindik iskanbilatan, erabat errendituta eta lurjota, geltokiko irteeran bertan EGUNKARIA, eta berriro Katharina lehen orrian. Oraingoan zibilez jantzitako polizia baten ondoan komisaldegiko eskaileretan gora zihoala. ERAILEAREN ANDREGAIA BETI SETATSU! AZTARNARIK EZ GÖTTEN NON EZKUTA DAITEKEEN! POLIZIA BENETAN ERNE.

        Trudek gauza hori erosi egin zuen eta biak hitzik esan gabe etxera joan ziren taxiz, eta Trudek etxeko atea irekitzen zuen bitartean, taxizaleari ordaintzen ari zitzaiola, txoferrak EGUNKARIA seinalatu eta esan zuen:

        — Zu ere barruan zatoz, segituan ezagutu zaitut. Zu zara noski emagaldutxo horren abokatua eta ugazaba.

        Sari handiegia eman zion, eta taxizaleak, haren irribarrea ez baitzen bere ahotsak aditzera emango zukeen bezain bihurria, maletak, boltsak eta eskiak ateraino eraman, eta adiskidetsu «Adio» esan zion.

        Ordurako kafegailua entxufatua zeukan Trudek eta komunean garbitzen ari zen. EGUNKARIA gela nagusian mahai gainean zegoen eta bi telegrama, Lüdingena bata eta Sträublederrena bestea. Lüdingena: «Gutxi esateko, nahigabeturik gaude, harremanik ezagatik. Lüding», Sträublederrena: «Ezin uler dezaket ni horrela baztertzea. Zure deiaren zain. Alois»

        Zortziak eta laurdena zen puntuan eta ia-ia Katharinak gosaria prantatu ohi zien ordu bera: txukun, berak mahaia jartzen zekien bezala, break eta oihal eta zapi garbi berriak, mota askotako ogia eta eztia, arraultzeak eta kafea eta Truderentzat ogi xigortua eta laranja-mermelada.

        Trude bera ere xamurtu zen kafea, ogi puska batzuk, eztia eta gurina ekarri zituenean.

        — Ez da gehiago lehen bezala izango, sekula ez berriro. Jota utziko dute neska. Polizia ez bada EGUNKARIAk, eta EGUNKARIAk interesa galtzen badu, jendeak utziko du jota. Hara, irakurri lehenengo hau, eta deitu gero jaun bisitariei.

        Berak irakurri zuen:

EGUNKARIAk, zuek behar bezala informatzearren, bildu ditu Blumen izaera eta haren iragan iluna argitzen duten zenbait azalpen. EGUNKARIko erreportariek lortu dute Blumen ama guztiz eria topatzea. Kexu zen, hasiera batean, bere alabak aspaldian ez duela bisitatu. Ondoren, ukaezinezko gertakarien aurrean jarririk, esan zuen: «Hala gertatu behar zuen, bai, hala bukatu behar zuen». Bere senar ohiak, Wilhelm Brettloh ehule zintzoak, norengandik Blum hori etxea asmo txarrez utzi eta errudun bezala banatu bait da, prest agertu zen guztiz EGUNKARIAri informazioa emateko.

        «Orain», esan zuen malkoei ezin eutsiz, «badakit azkenean zergatik joan zen nire ondotik. Zergatik utzi ninduen. HORI zen orduan gertatzen zena. Dena daukat orain argi. Gure zorion apala ez zitzaion aski. Gorago nahi zuen, eta nola lor dezake langile arrunt eta xalo batek Porsche bat? Beharbada (jarraitu zuen zuhur esaten) EGUNKARIA irakurtzen dutenei nire aholkua eman diezaiekezu: horrela bukatzen dira sozialismoaren ametsak. Zuri eta zure irakurleei galdetzen dizuet: Nola bihur liteke neskame bat horrenbesteko aberastasunen jabe? Ezin eskura zitzakeen noski zintzo jokatuz. Orain badakit zergatik nion beldur bere erradikaltasunari eta Elizarenganako etsaitasunari, eta eskerrak ematen dizkiot Jainkoari haurrik eman ez zigulako. Eta gainera, jakiten dudalarik lapur eta eraile baten laztanak nire jaiera sotila baino nahiago zituela, arlo hau ere garbiturik geratuko da. Eta halere dei egin nahi nioke: Nire Katharina txikia, ai nirekin geratu izan bazina. Urteak joan ahala, guk ere eskuratuko genuen zerbait eta kotxe txiki baterako aurreratu ere bai, Porscherik ezin eskaini ahal izango nizun, bai ordea zorion apal bat, gizon langile arrunt, sindikatoekin fidatzen ez den batek, eskaini dezakeen bezalakoa. Ah, Katharina».

        «Jubilatu bikote bat izututa dago, baina ez harrituta» izenburuaren azpian, gorriz inguraturiko lauki berri batean Blornak irakurri zuen:

Dr. Berthold Hiepertz institutu-zuzendari jubilatuak eta Erna Hiepertz andreak beren izua azaldu zuten Blumen egintzen aurrean, baina ez zeuden «erabat harrituta». Lemgon osasunetxe zuzendari den alaba ezkondu baten etxean EGUNKARIko lankidesa batek aurkitu zituenean, 3 urte badira beraientzat lanegiten duela Blumek, Hiepertz Antzinako filologo eta historiagileak azaldu zuen: «Benetan, edozein ikuspuntutatik ikusita, pertsona erradikal bat, gu bapo engainatu gaituena».

        (Geroago, Blornak telefonoz beraiekin hitzegin zuenean, Hiepertzek zin egin zion honoko hau esan ziola: «Katharina erradikala izatekotan, erradikala da laguntzeko prest dagoelako, zehatza delako eta argia delako. Erabat oker ibili behar nukeen Blumi dagokionez, eta nire bizitzan berrogei urte egin ditut irakaskuntzan eta gutxitan ekibokatu naiz»)

        Lehen orrialdearen jarraipena:

Blumen senar-ohia, Gemmelsbroicheko Danbor eta Txirula Elkarteko saio batean EGUNKARIAk erabat lurjota aurkitu zuenean, jiratu egin zen, malkoak ezkutatzeko. Elkarteko gainerako kideak ere, Meffels nekazari ohiak adierazi zuenez, Katharinagandik apartatu ziren, beti hain bitxi izaki, begiratuarena egiten bait zuen.

        Azkenik, Blorna eta Truderen argazki bat igeritegiaren aurrean, lorategian. Azpian: «Zein da garai batean 'Trude gorria' bezala ezaguna zen andreak eta bere gizonak, batzuetan bere burua 'ezkertiar' bezala azaltzen duenak guztionetan jokatzen duten papera. Dr. Blorna, Industriako abokatu oso garestia, bere emazte Truderekin, beren luxuzko villako igeritegiaren aurrean»

 

 

24

 

        Atzera jo behar dugu berriro hemen, filmetan eta literaturan flashback deiturikoaren antzera: Blornatarrak lurjota eta nahiko zalantzati oporretatik heldu ziren larunbat goizetik, Katharina itaunketa berri baterako berriro komisaldegira eraman zuten ostiral goizera; oraingoan Pletzer andrea eta arin armaturiko polizia bat izan ziren eraman zutenak, eta ez zuten bere etxetik eraman, Woltersheim andrearen etxetik baizik, hara joana baitzen Katharina goiz hartan bostak aldera, oraingoan bere kotxean. Ez zen ibili funtzionarioa estaltzen bazekiela Katharina ez zuela bere etxean aurkituko, baizik Woltersheimenean. (Hemen, bidezko denez, berriro gogora ekarri behar ditugu Blornatarren nekeak eta saminak: oporrak haustea, taxiz I. aireportura, lainopetan zain egotea. Taxia geltokiraino. Trena Frankfurteraino, gero Münchenen trenez aldatu. Lo-bagoian bidaia negargarria egin eta goizean goiz, etxeratu orduko puntuan EGUNKARIArekin aurrez aurre! Gero —beranduegi, noski— damu zuen Blornak, Katharina deitu ordez, honen berri EGUNAKARIko kaikuen bidez jakin bai baitzekien itaundua zena, Hach deitu ez izana).

        — Ostiralean Katharinaren bigarren itaunketan egon ziren guztiek —berriro Moeding, Pletzer, Dr. Korten eta Hach fiskalak, Anna Lockster idazkaria, Katharinak hitzegiteko zuen jarrera erretxin bezala eta «itxura hutsezko» deitu zuena—, guztiek ohartu zutena Beizmennerekin umore aparta izan zen. Itaunketa gelara eskuak elkarrekin igurtziz sartu zen, Katharina esaterako begirunez tratatu zuen, «zabarkeria batzuengatik» barkazio eskatu zion, bere zereginari ez bai ordea bere pertsonari zor zitzaizkiola-eta, bera izan ere mutil nahiko zabarra zela eta, eta gero azkenik bahitu zitzaizkion gauzen zerrenda egina zegoenez, hura hartu zuen. Honokook ziren:

        1. Ohar-liburu berde txiki bat, hondatu samarra, formato txikikoa, telefono zenbakiak besterik ez zekartzana, ordurako aztertu eta batere lotura biderik erakutsi ez zutenak. Itxuraz, Katharina Blumek ia azken hamar urteetan erabilia. Grafologo batek, Göttenen idatz aztarna bila ibilirik (Götten, besteak beste, gudarostetik ihesia zen, eta bulego batean lanegina, beraz eskuz idatzitako gauza asko utzia zen), bere esku-idazkeraren bilakaera eskola-eredu batena bezalakoa kalifikatu zuen. Hamasei urteko neska zela, Gerbers harakinaren telefonoa idatzi zuena; hamazazpikoa, Dr. Kluthen sendagilearen zenbakia, hogei urtekoa Dr. Fehnernena, eta gero, bitarteko, tabernari eta lankideen zenbakiak.

        2. Aurrezki kutxako zenbakiak, sarrera eta irteera guztiak Blumek eskuz alboan garbi markatuta. Ordainketak, ateraketak, dena zuzen eta erabilitako diru kopuruen artean susmagarririk bat ere ez. Gauza bera gertatzen zen koadernotxo batean gordetzen zituen kontaduria, adierazpen eta jakinerazpenei dagokienez, bertan jasoak bait zeuden «Ibai ondoan apain bizi»ko etxea erosi zion «Haftex» etxearekiko zituen betebeharren egoera. Berdin, bere zerga-aitorketak, zerga-agiriak, zerga-ordainketak, denak zeuden zehatz aztertuak eta kontaduria artekari batek arakatuak zituen, baina ezin aurkitu ahal izan zen «dirutza ezkutu handirik». Beizmennek garrantzi handia eman zion azken bi urteen barruan, berak umorez «jaun bisitarien garaia» deitzen baitzuen, egindako diru gorabehera guztiak aztertzerari. Ezer ez. Dena den, azaldu zen nola Katharinak bere amari hilero 150 marko igorri ohi zizkion,nola bere aitaren hilobia Gemmelsbroichen Kuireko Kolter etxearekin egindako tratu baten bidez zaindu arazten zuen. Altzariak, etxeko tresneria, jantziak, azpiko arropa, gasolina kontuak, dena aztertu eta batere zulorik ez. Aktak Beizmenneri itzultzean, kontaduriako espezialistak esan omen zion: «Mutil, libre ateratzen bada eta lanbiderik behar balu, jo dei bat niri. Horrelako baten bila ibili ohi gara beti eta ez dago non aurkiturik». Blumen telefono kontuek ere ez zuten gauza garbitu. Ez zuen, zirudienez, urrutirako deirik egiten.

        Jakingarri gertatu zitzaien areago, Katharina Blumek, garai hartan etxe-lapurketa batengatik espetxean zeukan bere anaia Kurt-i, noiz edo noiz, eskuetan diru piska bat izan zezan, 15-30 marko bidali ohi zizkiola.

        Elizako zergarik ez zuen Blumek ordaintzen. Bere finantz-agirietan azaltzen zenez, hemeretzi urte zituela, 1966ko urtean, eliza katolikotik aterea zen.

        3. Beste ohar-koaderno bat, kontu bereziak zituena, batez ere kalkuluak, lau atal zituela: lehenengoa, Blorna etxeko kontuak, janari erosketa kontuak eta kitoak, garbigai, garbi-etxe, tintorerietako eralketak. Handik ikus zitekeen Katharinak berak plantxatu ohi zituela arropak.

        Bigarrena, Hiepertz etxeko kontuak, datu eta kontu guztiekin.

        Beste bat, Blum beraren etxekoak; zirudienez gastu gehiegirik gabe bizi zen. Jateko 30-50 marko baino gehiago eralgi gabeko hilabete batzuk baziren. Bazirudien areago sarritxo —ez zeukan telebistarik— zinemara joan ohi zela, eta noiz edo noiz txokolatea eta goxokiak ere erosten zituela.

        Laugarren atalean, Blumen lan berezietatik zetozen irabaziak eta gastuak zeuden, lanerako jantzien erosketa eta garbiketa gastuak, eta Wolkswagenaren gastuak. Hemen —gasolinaren kontuetan— denak harrituta utzi zituen alaitasun batekin eraso zion Beizmennek eta galdetu ea nondik sortu ziren gasolina eralketa nahiko altu haiek, bestalde kilometro kopuruarekin erabat pareko bait zetozen gainera. Egiaztatu egin zutela, Blornareneko joan-etorria 6 bat kilometro zela, Hiepertzenera joan eta itzuli 8 bat, Woltersheim andrearenera 4 bat eta astero edo, nahiko goitik jota, lan bereziren bat izan ohi zuela eta horretarako, nahiko goitik jota noski, 20 kilometro egin behar zituela, hau da 3 bat kilometro asteko egunetan banatuz gero, 21-22 kilometro ateratzen zirela egun bakoitzeko. Kontutan hartzekoa zela ordea Woltersheimengana ez zela egunero joaten, baina hori ere alde batera utziko zutela. Beraz, urteko 8.000 bat kilometro ateratzen zirela, berak —Katharina Blumek— Klormer sukaldariarekin egindako eskuzko kitaketan jartzen zuenez, Wolkswagenak 56.000 kilometro zituela, zuela bi urte. Gaineratu 2 x 8.000, kilometroak 72.000 izan beharko luketela egun horretan, baina markagailuak 102.000 jartzen zituela. Gauza jakina zela noski, bere ama ikustera lehenengo Gemmelsbroichera eta gero Kuir-Hochsackeleko osasunetxera joan ohi zela, halaber batzuetan espetxera anaia ikustera, baina Gemmelsbroicherako joan-etorria edo Kuir-Hochsckelerakoa 50 bat kilometro zirela, eta bere anaiarenganakoa 60 bat, eta hilero bakoitzari ikustaldi bana, edo nahiko goitik jota, bi eginez —eta urte Verdi bakarrik zen anaia espetxeratu zutela, lehenago amarekin Gemmelsbroichen bizi baitzen—, ba, horrela —bi urtetako kontuak aterata beti—, beste 4.000-5.000 kilometro zirela, baina oraindik 25.000 kilometro geratzen zirela ilun, hau da, zuritu gabe. Nora joan ohi zen bada hain sarri. Ea bera —orain benetan ez ziola adierazpen lotsagarririk egin nahi, baina ulertu behar zuela bere galdera—, norbaitekin edo norbaitzuekin, nonbait —eta non— bildu ohi zen?

        Liluratuta, izututa esan liteke, entzun zituzten ez bakarrik Katharina Blumek, baita bertan zeuden gainerakoek ere, Beizmennek ahots apalez egindako kontuak, eta badirudi, Beizmennek guzti hau kalkulatuta eta begien aurrean jartzen zion bitartean, Blumek ez zuela inolaz haserraldiarik izan, baizik eta beldurrez eta liluraz nahasturiko urduritasun bat erakutsi zuela; izan ere, hura hizketan ari zen bitartean, ez zuen 25.000 kilometroentzako argitasunik bilatzen, alderantziz, bazirudien nolatan eta noiz eta zergatik eta nora joan zen argitu nahi zukeela bere baitan. Itaunketari jarraitzeko eseri zenean, harritzekoa zen ikustea ez zegoela zakar, kasi «xamur» baizik, kasi antsiati ere ematen zuen, tea hartu ere egin zuen, eta ez zuen esan berak ordainduko zuenik. Eta une honetan, Beizmennek bere galderak eta kontuak bukatu zituenean, nagusitu zen —bertan zeuden pertsona ia guztiek aitortu zutenez— isiltasun oso bat, igarri izan balitz bezala oraingoan norbait —gasolina kontuak agertu ezean—, bestela erraz pasatzen utziko zatekeen konstatazio baten kausaz, ordurarte hain soltil azaldu zen Blumen bizitzako sekretu guztiz barneko batera sartu zela.

        — Bai —esan zuen Katharina Blumek, eta hemendik aurrerako deklarazio guztiak protokolora jasoak izan ziren, eta hala geratu dira—, hala da, horiek eguneko dira (buruz oraintxe kontuak egiten arin naiz), 30 bat kilometro. Ez nuen orainarte pentsatu, eta gastuena ere pentsatu gabe neukan, baina batzuetan horrela, besterik gabe abiatzen nintzen, joan, norakorik gabe joan, hau da, nolabait bazegoen norakorik, hau da alde batera joaten nintzen, pentsatu ere egin gabe, hegoaldera, Koblenz aldera edo mendebalera, Aachen aldera edo Behe-Rhin aldera. Ez egunero. Ezin esan dezaket zein sarri edo noiztik nora. Gehienetan, euri zenean eta lana bukatu eta bakarrik nengoenean. Ez, nire deklarazioa zuzendu egin behar dut: beti euri zenean abiatu ohi nintzen. Jakin behar duzu, batzuetan, Hiepertzengana joan beharrik ez nuenean eta bestelako lanik sortu ez bazitzaidan, bostetarako etxean nintzela eta ez neukala zer eginik. Gainera ez nuen beti Elsegana joan nahi batez ere Konraden hain adiskide egin denetik, eta zinemara joatea era ez dago arriskurik gabe bakarrik bizi den batentzat. Batzuetan elizara ere joan izan naiz, ez erlijioagatik, han bakea dagoelako baizik, baina azken aldera elizetan ere bada enbarazatzen dizunik, eta ez bakarrik laikoen artean. Badut noski adiskide pare bat: Werner Klormer adibidez, Volkswagena erosi niona, eta bere andrea, eta baita ere Kloftenean lanegiten duten beste enplegatu batzuk, baina nahiko zaila da eta gehienetan nekagarria bakarrik eta besterik gabe joaten bazara; edo hobeto esanda: laguntza baldintzarik gabe onartu edo bilatzen ez denean. Eta orduan, kotxea hartu ohi dut, irratia piztu eta aldegin ohi dut, beti landa bideetan zehar, beti euritan, eta arbolak dituzten landa bideak izanda nahiago; inoiz Holandaraino edo Belgikaraino joan izan naiz, han kafea edo garagardoa hartu eta itzuli. Bai, orain galdetzen didazunean, gogoratu naiz. Bai, eta galdetuko bazenit zenbat bider, ba, esango nuke, bitan edo hirutan hilero; gutxiagotan batzuetan, besteetan sarriago, eta gehienetan ordu luzeetan, bederatzietarako edo hamarretarako, inoiz hamaiketarako ere bai, erabat nekatuta etxeratu arte. Beldurragatik ere bazen: ezagutzen baitut hainbeste emakume bakarrik dagoena, gauetan telebistaren aurrean bakarrik mozkortzen dena.

        Beizmennek argibide hau komentariorik gabe eta irribarre eztiz hartzeak ez zuen antzematen uzten zer pentsamendu zerabilen. Buruaz baietz adierazi zuen, eta berriro eskuak igurtzi zituenean, orduan bai, bere teorietako bat egiaztatzen bait zuen Katharina Blumen azalpenak. Puska batean isilik geratu zen, bertan zeudenak harrituta edo agian penatuta baleude bezala; bazirudien, Blumek lehendabizikoz bere barnea zerbait azaldu zuela. Eta horrela, bahitu zizkioten gainerako gauzei buruzko azalpenak azkar bukatu ziren.

        4. Argazki-liburuetako batek, erraz identifika zitezkeen pertsonen argazkiak zeuzkan bakarrik. Katharina Blumen aita, erretxindu eta mindu itxurarekin, eta izan behar zuena baino zaharrago ematen zuelarik. Ama, minbiziak joa eta hil zorian igartzen zitzaiola. Anaia. Eta, bera, Katharina, lau urte zituela, lehen jaunartzekotan hamar urte zituela, hogei urteko ezkonberri zela; senarra, Gemmelsbroicheko erretorea, auzoak, senitartekoak, Else Woltersheimen argazki batzuk, gero identifikatu gabeko gizon edadeko bat, nahiko bizkorra itxuraz, ondoren argitu zenez zigortua izan zen finantz-azterkaria. Beizmenneren teoriarekin zerikusirik izan zezakeen inor ere ez.

        5. Pasaporte bat Katharina Brettloh, jaiotzez Blum izenean. Pasaportea zela eta, bidaietaz galdetu zitzaion, eta garbi atera zen Katharinak ez zuela oraindik «egiazko bidaiarik egin», eta gaiso izan zen egun batzuk salbu, lanegin zuela beti. Fehnern eta Blornatarrengandik opor-dirua jasoa zuen, baina edota lanean jarraitu zuen, edota aldikako lanak hartu zituen.

        6. Bonboi kaja bat. Barruan: Eskutitz batzuk, dozena bat edo, amarenak, anaiarenak, senarrarenak, Woltersheim andrearenak. Eskutitzetan ez zegoen aztarnarik batere bere kontra altxatu zen susmoa indartzeko. Bonboi kajan areago bere aita Alemaniako gudarosteko kabo zeneko argazki pare bat zegoen, bere senarra danbolinjole jantzitan, egutegi orri batzuk errefrauekin, bere eskuz idatzitako sukal-errezeta nahiko zabala eta txosten bat ajereza saltsatan nola erabili».

        7. Agiri-biltegi bat, ziurtagiriak, diplomak, agiriak, ezkontza-banaketako agiriak eta bere etxeari zegozkion notariako agiriak gordetzeko.

        8. Hiru giltza sorta, ordurako denak aztertuak. Bere etxeko eta armairuetakoak, Blorna eta Hiepertzen etxeetakoak.

        Egiaztaturik eta protokolora jasorik geratu zen orainarte aipaturiko gauzen artean ez zegoela lotura susmagarri egin zezakeenik; Katharina Blumek gasolina gastatzeari eta kilometraiari buruz egindako azalpenak komentariorik gabe onartuak izan ziren.

        Une honetan ordea Beizmennek harribitxiz apainduriko rubizko eraztun bat atera zuen boltsatik, ordurarte noski alde batera gordeta eduki zuena; jaka-besoan garbitu zuen. Katharinari luzati zion:

        — Ezaguna egiten al zaizu eraztun hau?

        — Bai —esan zuen zalantzarik gabe eta pentsatu ere gabe.

        — Zurea da?

        — Bai.

        — Ba al dakizu zenbat balio duen?

        — Ez seguru. Asko ez, inolaz behintzat.

        — Ba —esan zuen Beizmennek adiskidetsu—, baloratzera eraman dugu, eta gainera badaezpada ez etxeko gure jakitunarengana bakarrik, horrezaz gainera, zuri inolako kalterik ez sortzeko, bitxitegi batera, hemen hirian. Eraztun honek zortzi mila markotik hamar milara balio ditu. Ez al zenekien? Hori sinesteko prest naukazu, baina halere argitu egin beharko didazu nola eskuratu duzun. Horrelako eraztun bat ez da txikikeria bat; lapurretan harrapatutako gaizkile eta gainera erailetzat ere har litekeen kasu honetan, ez da norberaren gauza intimoa ehundaka kilometro kotxez euritan egitea bezala. Nork eman dizu eraztuna, Göttenek ala jaun bisitariak, edota Götten hori bera zen faun bisitaria, eta hala ez bada, nora joan zara, bromatan esateko, zeu andre bisitari, kotxez euritan, milaka kilometro eginez? Guretzat gauza erraza litzateke jakitea zein bitxigilerengandik eskuratu duzun eraztuna, baina aukera bat eskaini dizut, ez bait zaitut kriminal osotzat hartzen, inozo eta nahiko ameslari bezala baizik. Nola argituko didazu —diguzu—, zuk, begiratu bezala, ia-ia lotsakor bezala ezaguna izanik, adiskide eta ezagunek «moja» gaitzizena ezarri dizutena, diskoteketatik basatiegi direla-eta aldegiten duzuna, zure gizona bera ere «lotsagaldua» zelako utzi zenuena, nola argituko diguzu zuk, zuk —azken batean— Götten hori herenegun ezagutu zenuela eta egun berean —bertatik bertara esan liteke—, zurekin zeure etxera eraman zenuela, eta han kolpetik —nola esan—, intimoki jokatu zenuela? Nola deitzen diozu zuk horri? Lehen begiratuko maitasuna? Maiteminkortasuna? Kuttuntasuna? Ez al zara jabetzen hor badaudela korapilo batzuk susmoa garbitzen ez dutenak? Eta hori bada zerbait.

        Orduan bere jakako poltsikora eskua sartu eta gutunazal zuri handiago bat atera zuen sakeletik, barruan formato aurrunteko gutunazal nahiko bitxi ubel batzuk krema koloreko orriak zituztenak.

        — Eraztunarekin batera, zure gau-mahaitxoko kajoi batean aurkitu genuen gutunazal hau Düsseldorfeko geltokiko postan 74.2.12ko 18'00 etan zigilatua, eta zuri zuzendua. Jainkoarren —esan zuen azkenik Beizmennek—, lagun bat baldin badaukazu, inoiz ikustera datorkizuna eta inoiz ikustera joan ohi zatzaizkiona, eskutitzak idatzi eta inoiz zerbait ematen dizuna, esaiguzu, ez dago horretan gaiztakeriarik. Göttenekin zerikusirik izanez gero bakarrik, joango litzateke zure kontra.

        Bertan zeuden guztiek garbi ikusi ahal izan zuten Katharinak ezagutzen zuela eraztuna baina ez zekiela zenbat balio zuen: berriro jaun bisitarien puntu zaila azaltzen zela. Bere izena arriskutan zuelako lotsatu ote zen, ala arazoan nahasturik ikusi nahi ez zuen norbait ikusten zuen arriskutan? Oraingoan apurtxo bat bakarrik gorritu zen. Ez zuen aitortu eraztuna Göttenek emana ziola, jakin bazekielako ezin sinetsizkoa zela Götten tamaina horretako jaun bezala azaltzea? Lasai jarraitu zuen, kasik «xalo» aitortu zuenean:

        — Egia da Woltersheim andrearen etxeko dantzan nire bizitzan lehen aldiz ikusten nuen Ludwig Göttenekin bakarrik egin nuela dantzan, eta pozik gainera, baina Karen abizena poliziaren itaunketakoan jakin nuen ostegun goizean. Maitasun handia somatu nuen berarenganako eta berak niganako. Hamarrak aldera Woltersheim andrearen etxea utzi eta Ludwig Götten eta biok nire etxera joan ginen.

        »Alajaren nondikoaz ezin dut, hobe esan: ez dut argibiderik eman nahi. Nire eskuetara bide okerretik etorri ez zenez, ez dut uste esan behar dudanik nondik lortu dudan. Gutunazalei dagokienez, ez dakit nork bidali zizkidan. Ohizko propaganda bidalketaren bat izango da. Gastronomia inguruetan, izan ere, nahiko ezaguna naiz. Horrela, propaganda bidalketa bat nork bidali duen jarri gabe eta gainera guatadun azal nahiko garesti batean nork egin duen, ez dakit nik esaten. Gauza bat ordea aipatu nahi dut, alegia, firma gastronomiko batzuek aberastasun itxurak gustora egiten dituztela.

        Galdetu zitzaionean ea zergatik itxura guztien arabera berak aitortu ere egin zuenez kotxez ibiltzea hain atsegin izanda, egun horretan Woltersheim andrearenera tranbian joan zen, Katharina Blumek erantzun zuen ez zekiela alkohol asko edo gutxi edango zuen, eta seguruago iruditu zitzaiola kotxez ez joatea. Galdeturik ea asko edaten zuen edota noiz edo noiz mozkortu ohi zen, esan zuen ezetz, gutxi edaten zuela eta mozkortu ez zela sekula mozkortu, behin bakarrik, eta gainera bere senarraren aurrean eta hark bultzatuta danbor-taldearen afari batean mozkortu egin zutela, eta hain zuzen limonada gustoko anis moduko batekin. Gero esan omen zioten edari nahiko garesti hori erabili ohi zela jendea mozkortzeko. Argibide horiek ez zutela balio —alegia, beharbada gehiegi edango zuela— aurpegiratu ziotenean, ez bait zuen asko edaten, eta ez ote zen gehiago, bera Göttenekin hitzemana egonik jakin bazekiela ez zuela izango kotxearen beharrik, haren kotxean itzuliko zelako, berak buruari eragin eta esan zuen, berak azaldu bezala izan zela guztia. Geroago izan zuela noski edateko gogorik, baina ez zuela benaz edan.

        Beste puntu bat ere argitu behar zen eguerdiko atsedenaldia baino lehen: zergatik ez zuen ez aurrezki libururik ez txeke koadernorik. Ea ez ote zeukan non edo han konturik. Ezetz, ez zuela aurrezki kutxakoaz aparte beste konturik. Bere esku zeukan kopuru oro, txikiena izanda ere, interes altuak zituen bere kreditua jeisteko sartzen zuela bertatik; kredituko interesek batzuetan aurrezki interesen bi halako egin ohi zutela eta kontu korronteak ere ez zuela interes handirik ematen. Gainera txekeen erabilera garestiegi eta nekagarri egiten zitzaiola. Egindako eralketak, etxeko gauzak eta kotxea eskutan ordaindu ohi zituela.

 

 

25

 

        Geldiune batzuk, tentsio ere dei genitzakeenak, utzi ezinezkoak dira, izan ere erreten guztiak ezin alda bait daitezke kolpe bakar batez, zorua lehor gera dadin. Alferrikako tentsioak ordea uxatu egin behar dira, eta hemen argitu behar dugu zergatik ostiral hartan bai Beizmenne eta bai Katharina Blum bera ere hain mantso edo kasi xalo zeuden, Katharina areago antsiatu eta izuti.

        Egia esan, auzoko emakume jator batek Woltersheim andrearen etxeko ate azpitik sartu zien EGUNKARIAk, haserrea, amorrua, gorrotoa, lotsa eta beldurra eragin zizkien bi emakumeei, baina Blornarekin telefonoz izandako solasak apaldu egin zituen eta bi emakume haserretuek EGUNKARIA ikusi eta Katharinak Blornarekin hitzegin ondoren, Pletzer andrea azaltzean, honek garbi aitortu zielarik Katharinaren etxea zaindua zegoela noski eta horregatik bazekitela hemen aurkituko zutela, eta tamalez orain —eta tamalez Woltersheim andreak ere— itaunketara joan behar zutela, han Pletzer andrearen jarrera ireki eta jatorrak EGUNKARIAk sortutako izua apaldu egin zien eta Katharinari gauean izandako gertakizun bat nagusitu zitzaion, berak zorionez bizi izandakoa: Ludwigek deitu egin zion eta gainera handik! Hain kuttun jokatu zuen, eta horregatik ez zion istiluen berri eman, bera inolako kezka iturri izan zitekeela sentierazi nahi ez ziolako. Maitasunaz ere ez zuten hitzegin, hori Katharinak berak apropos debekatua zion —berekin kotxez etxera zihoanean dagoeneko—. Ez, ez, ongi zihoakiola, noski nahiago zukeela berakin betirako edo denboraldi luze baterako egotea, ahal izanez gero betikotasun osoan, eta ihauteri egunetan atseden hartuko zuela eta gainera ez zuela inongo bestelako gizonekin dantzarik egingo eta beti hego-ameriketako gisan bakarrik, eta berakin bakarrik, eta ea bera nola zegoen. Etxe onean eta ongi horniturik zegoela, eta maitasunaz hitzegitea debekatua zionez, oso oso oso atsegin zitzaiola bera, eta egunen batean —noiz, berak ez zekiela oraindik, hilabete batzuk edo urte bat edo bi iraun zezakeela—, bera eramango zuela, nora ez zekiela oraindik. Eta gisa horretan, elkarrekiko erakarpen handia dutenek elkarrekin telefonoz hitzegin ohi duten bezala. Harreman barnekoien aipamenik bat ere ez eta are gutxiago Beizmennek (edo geroz eta argiago dirudienez: Hachek) hair lotsagabe aipatu zuen gertakizunaz. Eta halaxe jarraian. Elkar maite dutenek esan ohi dituzten gauzak. Nahiko luze. Hamar minutu. Beharbada gehiago, Katharinak Elseri esan zionez. Beharbada bi maiteminduren hiztegiari dagokionez, filme modernoetako joera aipa liteke, telefonoz —eta askotan oso urrutitik— luzaro zentzungabekeria itxurako asko elkarri esaten dizkioten bezala.

        Katharinak Ludwigekin izandako telefonozko elkarrizketa hauxe bera zen, Beizmenne lasai, adiskidetsu eta xalo egoteko arrazoia, eta berak pentsa bazezakeen ere Katharinak zergatik galdu zuen bere zakarkeria, Katharinak bere aldetik ezin pentsa zezakeen aukera beragatik nahiz ez arrazoi beragatik, hain pozik zegoenik (gertakizun hau telefonoz hitzegiteko egokiera bezala hartu beharko litzateke, nahi izanez gero maitasunezko xuxumuxurik gabe, ezin jakin bailiteke nori eman lekiokeen poz telefonoz hitzeginez). Beizmennek ezagutzen zuen Katharinaren izuaren arrazoia, beste dei anonimo bat ere izan zuela bai bait zekien.

        Arren eskatzen dugu, kapitulu honetan dauden argibide konfidentzialak ez hartzeko iturburu bezala, azken batean afizionatu bezala eraikitako murrua erasotzen duen bigarren mailako erreten baten jario bat da, irteerara, hobeto esan, errekara ezponda ahula hautsi eta tentsioa galdu aurretik, eraman behar dena.

 

 

26

 

        Okerrerako biderik izan ez dadin, argituta utzi behar da Else Woltersheimek bezala Blornak ere bazekiela noski inor konturatu gabe Katharinak bere etxetik desagertzen Götteni lagundu zionean, bere burua zigorgarri egin zuela; ihesia bideratzean, haren zenbait gaiztakeria ezagutu behar zituen, nahiz egiazkoa ez jakin! Pletzer andreak biak itaunketara eraman aurretxoan aurpegira bota zion Else Woltersheimek. Blornak ere, izan zuen lehen aukeran, jokabidearen zigorgarritasuna gogorarazi zion. Ez da isildu behar Katharinak Woltersheim andreari Götteni buruz esan ziona:

        — Jainko Jauna, horixe zen etorri behar zuena, eta ni berakin ezkonduko nintzateke eta haurrak izan ere bai... baita lapikotik irten arte, urtetan itxaron izan behar badiot ere.

 

 

27

 

        Horrela, Katharina Blumen itaunketa bukatutzat eman zitekeen, baina inolaz ere Woltersheim andrearen dantza-partyan egon zirenen aitorpenekin konfrontatzeko prest egon behar zuen. Izan ere, Beizmennek zeukan hizketatu eta konjuratu teoriarako nahiko garrantzizko zen arazo bat argitu beharrekoa zen: Nola joan zen Ludwig Götten Woltersheim andrearen etxeko dantzara?

        Etxera joateko edo atsegin zukeen leku batean itxaroteko aukera eman zitzaion Katharina Blumi, baina etxera joateri uko egin zion, berak esan zuenez etxekoa betirako hondatu zioten, nahiago zukeen gela batean itxarotea Woltersheimen itaunketa bukatu arte, harekin etxera joateko. Une honetan atera zituen boltsikotik EGUNKARIAren bi aleak, eta galdetu ea Estatuak —horrela esan zuen berak— ezer egin zezakeen zikinkeria honen kontra bera babesteko eta bere ohore galdua leheneratzeko. Kontu hartzen zuela bere itaunketa beharrezkoa zela, nahiz «bizitzako azken xehetasunetaraino joate» hori ulertu ez, baina ulertezina egiten zitzaiola inondik ere nola itaunketako xehetasun batzuk —jaunen bisitena, adibidez— EGUNKARIraino heldu ziren, areago azalpen gezurrezko eta asmatu horiek. Hemen Hach fiskalak ekin zion eta esan, Göttenen kasuak jendartean sortutako jakinmina zela-eta, prentsa azalpen bat egin behar izan zuela; prentsaurrekorik ez zela egin oraindik, baina ikusirik Göttenen ihesiak sortu zuen larria eta antsia —eta honetan Katharina bera izan zen laguntzaile—, ez zegoen hura saihesterik. Bestalde, Göttenen ezagun izanik, bera «eguneko pertsonaia» bilakatu zela eta jendearen jakinmin zilegiak jakin egin nahi zuela. Informazioan aurki zitezkeen xehetasun mingarri eta agian gezurrezkoen aurka, tribunaletara jo zezakeela eta inolaz azterketa zeraman poliziaren baitan «filtrazio-gunerik» azalduko balitz, seguru egon zitekeela, ezezagunen kontrako salaketa sar zezakeela eta eskubideko zuena lortuko zuela. Ez zioten zaintzaile berezirik jarri; polizia laguntzaile gazte bat bakarrik, Renate Zundach, armarik gabe, geratu zen bere ondoan, eta geroago azaldu zenez, Katharina Blumek denbora guztien —bi ordu t'erdi gutxi gorabehera—, ez omen zuen EGUNKARIAren bi aleak irakurri besterik egin. Tea, bokadilloak, zernahiri uko egin omen zion, ez garratz, baizik eta «kasik adiskidetsu, apatikoki». Katharina distraitzeko modari, filmeei, dantzari buruz hitzegiten saiatu omen zen Renate Zundach, baina Katharinak zaputz egin omen zion.

        EGUNKARI irakurketan erabat murgildurik zegoen Blumi laguntzeko asmoz, une batez zaintzea Huften bere lankidearen gain utzirik, artxibategitik beste egunkarietako informazioak ekarri omen zizkion, non Blumen zerikusia eta itaunketa, beronen ihardunketa era askoz objetiboagoz ematen bait zen. Hirugarren edo laugarren orrialdeetan zetorren, albiste laburren artean, Blum abizena bera osorik jarri gabe, Katharina B. baten gainean, neskamea, aipatzen zutela. Adibidez «Umschau» egunkariak hamar lerrotako albiste bat bakarrik zekarren, argazkirik gabe noski, eta bertan esaten zen pertsona jator bat gertakizun oso tamalgarri batean nahasturik aurkitzen zela. Guzti honek —eta berak hamabost egunkarietako albisteak erakutsi omen zizkion— ez omen zuen Katharina lasaitu, galdetu omen zion ordea:

        — Nork irakurtzen du hori? Nik ezagutzen dudan jende guztiak EGUNKARIA bakarrik irakurtzen du!

 

 

28

 

        Woltersheim andreari berari itaundu zitzaion Götten bere etxeko dantzara nolatan joan zen argitzeko, eta hasieratik bertatik garbi geratu zen Woltersheim andrea galdetzen ari zitzaion taldearekiko benaz etsaikor ez bazegoen, Blum bera baino etsaikorrago zegoela. 1930ean jaioa zela aitortu zuen, 44 urte zituela, ezkongabea, lanbidez etxezaina, diplomarik gabea. Ezer deklaratzen hasi aurretik «ahots hotz, oso lehor batez, bere haserreari builaka edo oihuka hitzegingo balu baino indar gehiago emanez» mintzatu zen EGUNKARIAk Katharina Blumi eman zion tratuaz eta areago gisa horretako prentsara itaunketako xehetasunak zirudienez igaro izanaz. Garbi zeukala Katharinaren jokabidea argitu beharreko gauza zela, baina bere buruari galdetzen ziola ea nork zuen «bizitza gazte bat hondatu izanaren» erantzukizuna. Katharina jaio zenetik ezagutzen zuela eta orain nabaritzen ari zela atzodanik somatzen zitzaion hondamendia. Bera ez zela psikologoa, baina zirudienez lehen etxebizitzan hain interesaturik eta lortzeko hainbeste lanegin ondoren orain interesik ez izatea harritzeko gauza iruditzen zitzaiola.

        Zail gertatu zen Woltersheimen hitz jarioa moztea, Beizmennek berak ere ez zuen lortu; gero moztu eta aurpegiratu zionean Götten bere etxean hartu izana, erantzun zion ez zuela izenez ezagutu ere egiten, ez zuela bere burua aurkeztu eta gainera inork ez ziola aurkeztu. Berak zekien gauza bakarra zen, astearte hartako 19:30 inguruan Hertha Scheumelekin etorri zela, Claudia Stern beronen lagunarekin batera, hau bere aldetik han jeke bezala jantzitako gizon batekin etorri zelarik, eta honi buruz Karl zeritzala zekiela eta jokabide bitxi bat izan zuela. Götten horrekin aurrez hitzemana egoteaz ezin hitzegin zitekeela, areago honen izena ez zuela sekula entzun, eta Katharinaren bizitzako xehetasun guztiak zekizkiela. Bere «bidaia bitxiei» buruz Katharinak egindako aitorkizuna begien aurrean jarri ziotenean, horren berri ez zekiela batere aitortu behar izan zuen, eta horrela Katharinaren bizitzako berri zekielako esanak, kolpe gogor bat jasan zuen. Jaun bisitariarena aipatu ziotenean, harrituta geratu zen eta esan, Katharinak ere hortaz ez zuenez ezer esan, berak ere deklaratzeari uko egiten ziola. Hortaz esan zezakeen gauza bakarra: hau «nahiko molde txarreko arazoa» da, eta «nik molde txarrekoa esatean ez diot Katharinagatik bisitariagatik baino». Katharinak ahalmen emango balio, berak horri buruz zekien guztia esango zuen; baina erabat ezinezko iruditzen zitzaion Katharinak jaun horrengana bidaiarik egin izana. Bai, egiaz jaun hori bazegoen eta berak horri buruz gehiago hitzegin nahi ez bazuen, erabat farregarri ez geratzeko zen. Inolaz ere Katharinaren eginkizunei zegokienez bi kasuetan —Göttenenean eta faun bisitariarenean— ez zegoen zalantzarik batere. Katharina beti izan zen neska maratza, txukuna, beldurti xamarra, edo hobe esanda, beldurtua, areago oraindik debotoa eta elizkoia. Orduan ordea Gemmelsbroicheko eliza garbitzen zuen bere amari okerkeria batzuk aurpegiratu zizkioten eta behin sakristian sakristauarekin mezarako ardoa edaten ari zela ere harrapatu zuten. Gertakizun hori «orjia» bihurtu zuten eta istiluak sortu, eta ondorioz gaizki tratatzen zuen erretoreak Katharfna eskolan. Bai, Blum andrea, Katharinaren ama, oso ahula zen, inoiz alkoholzalea ere bai, baina kontutan hartu behar zen bere gizona —Katharinaren aita—, gizon erretxina eta gaisoa zela, gerratetik lurjota etxeratu zela, gero gainera ama mingostua eta azkenik anaia galdua —hala esan zitekeen—. Ezagutzen zuen halaber poto egin zuen ezkontzaren historia. Hasieratik bertatik asmoa kentzen saiatu omen zitzaion, Brettloh —eta esaldi honengatik barkatzeko eskatu zien— egiazko gain-xuri koipetsu bat zelako, agintarien nahiz elizgizonen aurrean arrastaka bezala ibili ohi zena, gainera harroputz nazkagarri bat zen. Bere ustetan, Katharinaren ezkontza goiztiar hura etxeko girotik ihesi bat zen, eta ikus zitekeenez, etxeko giroari eta pentsatu gabe egindako ezkontzari ihes egin ondoren, Katharinak akatsik gabeko bizitza egin zuen. Bere lanbiderako kalifikazioa zailtasunik gabe lortu zuen, hau berak —Woltersheimek— ez bakarrik hitzez, behar balitz idatziz ere ziurta eta egiazta zezakeela, bere gremioko epaimahaiko bait zen. Harrera pribatu nahiz publikoetarako era berriekin, «Buffetismo antolatua» deitzen hasia zen era berriarekin alegia, antolatzaile, kalkulatzaile bezala eta estetika aldetik ere Katharina Blum bezalako emakume batentzat aukerak ugaldu egiten ziren, ongi hazia eta hezia zegoelako. Orain ordea EGUNKARIAren kontra bere eskubidea aurrera ateratzen ez bazuen, etxearekiko interesarekin batera bere lanbidearekikoa ere galduko zuen. Deklarazioa une honetara heltzean,Woltersheim andreari jakinerazi zitzaion ez zegokiola poliziari edo fiskalari «kazetaritza moeta jakin batzuk egiaz kondenagarriak legez pertsegitzea». Prentsa askatasuna ezin zitekeela besterik gabe murriztu, baina ziur izan zitekeela denuntzia pribatu bat zintzo jaso eta informazio iturburu ezbidezkoen kontrako denuntzia onartu egingo zela. Dr. Korten fiskal gaztea izan zen une honetan prentsa askatasunaren eta informazio sekretuaren alde hitzaldi sutsu bat bota zuena, eta azpimarratu lagunarte txarretan sartzen edo haietan erortzen ez denak ez ziola gisa berean prentsari aurkezpen okerretarako biderik batere ematen.

        Guztiorrek —adibidez, Götten azaltzeak, eta jeke bezala jantzitako Karl lotsagarriaren jokabideak— argi uzten zuela berak gizarteko jokabidean ardurarik gabe jokatzen zuela. Azken hau ez zeukala oraindik nahiko garbi, eta espero zuela arazo horretan nahasturik zeuden dama gazteen itaunketakoan argibide onargarriak eskuratuko zituela. Berari, Woltersheim andreari, aurpegira bota zekiokeela bere gonbidatuen hautaketan zuhur ez izana. Woltersheim andreak ihardetsi zion, bera baino gizon askoz gazteago batek ez ziola ezer erakutsi behar, eta gogorarazi bi neska gazteak beren lagunekin etortzera gonbidatu zituela eta gainera ez zuela pentsatu ere egiten bere gonbidatuekin zetozen lagunei nortasun agiria edo poliziak emandako portaera zuzeneko txartela eskatzerik. Demanda jasan behar izan zuen eta jakinerazi zitzaion honetan adinak ez zuela zerikusirik batere, bai ordea, eta handia, Dr. Korten fiskalaren posizioak. Inolaz ere hemen kriminalitate kasu serio bat, pisu handikoa, larriena ez bazen, aztertzen ari zirela, eta egiaz Götten tarteko zela honetan. Berak Estatuaren ordezkariaren esku utzi behar zuela zein ziren garrantzizkotzat zeuzkan xehetasunak eta argibideak. Götten eta gizonezko bisitaria bat berbera izan zitezkeen berriro galdetu ziotenean, Woltersheimek erantzun zuen ezetz, hori garbi zegoela. Baina, ondoren galdetu ziotenean ea «gizonezko bisitaria» nor zen ezagutzen zuen, inoiz ikusi zuen, aurrez aurre harekin topo egin zuen, ezezkoa aitortu behar izan zuen, eta auto-ibilaldi bitxiak bezain xehetasun pertsonal garrantzitsuak ere ezagutzen ez zituenez, bere aitorketa eskas kalifikatua izan zen eta oraingoz «errierta batekin» bidali zuten. Benetan haserre, aretoa utzi aurretik, protokoloan jasotzeko esan zuen, jeke bezala jantzita zegoen Karl, Götten berg bezain susmagarri iruditu zitzaiola. Dena den, komunean etengabe bere buruarekin hizketan aritu zela eta agurrik egin gabe aldegin zuela.

 

 

29

 

        Hertha Scheumel saltzaile gazteak Götten berarekin partyra eraman zuenez gero, eta hori probatuta zegoen, beronen itaunketari ekin zitzaion. Benetan antsiaz beterik azaldu zen, eta esan ez zuela sekula zerikusirik izan poliziarekin, eta ondoren Götten nola ezagutu zuenaren argibide nahiko onargarriak eman zituen.

        — Ni bizi naiz —deklaratu zuen—, txokolate fabrika batean lanegiten duen Claudia Stern nire lagunarekin, gela bat, sukaldea eta dutxa dauzkan apartamentu batean. Biok Kuir-Oftersbroichetik gatoz, eta biok bai Woltersheimen eta bai Katharina Blumen senitarte urrutikoak gara. (Saiatu bazen ere Scheumel senitartekotza hori zehatzago argitzen, aiton-amonetara joz, hauek lehengusu edo hobeto aiton-amonen lehengusina-edo izan behar zutela, senitartekotza horren deskribapen zehatza alde batera utzi zen eta «urrutiko» hitza nahikotzat eman zen). Woltersheim andreari izeba esan ohi diogu eta Katharinari lehengusina. Arrats horretan, 1974eko otsailaren 20an, asteazkena, gu biok, Claudia eta biok larri geunden. Gure izeba Elseri agindu genion bere festatxora gure lagunekin batera joango ginela, bestela dantza-lagunak faltako zirelako. Baina, nire laguna, oraindik soldaduskan bait dago, hobe esan Aintzindarietan, beilaritarako deitua izan zen bapatean, eta besterik gabe ihes egiteko aholkua eman banion ere, ezin komentzitu ahal izan nuen, lehendik ere behin baino gehiagotan ihes egina bati zen eta diziplinazko zigor handiak jasoa. Claudiaren laguna bere aldetik arratsaldeko lehen orduetarako erabat horditua zegoen eta oheratu egin behar izan genuen. Orduan erabaki genuen Polkt kafera joan eta mutil jator bana geureganatzea, ez bait genuen nahi izeba Elsek agiraka egin ziezagun. Polkt kafean ihauteri egunetan beti dago zerbait. Dantza aurretik eta ondoren, ospakizunen aurretik eta ondoren, hara bildu ohi gara eta han beti jende gazte ugari aurki liteke seguru. Polkt kafeko giroa asteazken arratsaldean oso bikaina zen. Orain Ludwig Götten deritzala eta gaizkile bilatu bat dela jakin berri dudan mutil gazte horrek bi aldiz atera ninduen dantzara, eta bigarrenean galdetu nion ea gogorik zuen party batera nirekin joateko. Baietz erantzun zidan segituan pozik. Bidaian zegoela esan zidan eta ez zuela ostaturik eta ez zeukala gaua non igaro eta pozik lagun egingo zidala. Une horretan, ni Götten delako horrekin hizketatzen nintzenean, Claudia jeke jantzitako gizon batekin ari zen dantzan nire alboan, eta gure elkarrizketa entzun bide zuten, izan ere jekeak —geroago jakin nuen Karl zeritzala— bertatik galdetu zion Claudiari farregarri nahi zukeen apaltasun batez ea party horretan beretzat ere ez ote zegoen lekutxoren bat libre, bera ere bakarrik zebilela eta ez zekiela nora joan. Ba, horrela geure helburua lortua genuen eta geroxeago Ludwigen kotxean —Götten jaunarenean esan nahi nuen— izeba Elseren etxera abiatu ginen. Porsche bat zen, ez oso erosoa lau pertsonentzako, baina ez genuen urruti joan beharrik ere. Katharina Blumek, gu Polkt kafera norbait bilatzera joatekoak ginen ote zekienari buruzko galderari, baietz erantzun behar diot. Goizean Blorna abokatuaren etxera deitu nion nola Claudiak eta biok bakarrik joan beharko genuen, norbait bilatzen ez bagenuen esanez. Polkt kafera joatekoak ginela ere esan nion. Kontra jarri zen bete-betean eta uste zuen uste onegikoak eta ergelak ginela. Katharina benetan bitxiegia da horrelako gauzetan. Horregatik, egiaz zur eta lur geratu nintzen Katharinak Götten hori beretzat bezala hartu zuenean eta gau osoan harekin dantzan aritu zenean, betidanik elkarren ezagun balira bezala.

 

 

30

 

        Hertha Scheumelen deklarazioa kasi hitzez-hitz egiaztatu zuen Claudia Stern bere lagunak. Azken bateau puntu bakar garrantzirik gabeko batean izan zen kontradizio bat. Berak Karl jekearekin ez zuen bi bider dantzan egin, hiru baizik, berari Karlek, Herthari Göttenek baino lehenago dantzarako eskatu ziolako. Eta Claudia Stern ere harriturik azaldu zen ikusiaz zein azkar Katharina Blumek, begiratutzat ezaguna izaki, Göttenekin bat egin zuen, ia konfiantzazko bihurtu arte.

 

 

31

 

        Dantzan parte hartu zuten beste hiruen itaunketa ere egin behar zen. Konrad Beiters, 56 urte, ehun-merkatari independientea, Woltersheim andrearen laguna, eta Hedwig eta Georg Plotten senar-emazteak, 36 eta 46 urte, lanbidez administrariak. Gauaren martxa hiruek gisa beretsuan deskribatu zuten, Katharina Blumen sarrera, Hertha Scheumel Ludwig Göttenekin batera nola sartu zen eta Claudia Stern jeke bezala jantzita zetorren Karlekin. Bestela nahiko gau polita izan omen zen, dantzan egin zuten, elkarrekin berriketan aritu, eta horretan Karl bereziki jostagarri azaldu omen zen. Gauza gogaikarri bakarra —horrela esan baliteke, biek ez bait zuten horrelakorik somatu, esan zuen Georg Plottenek—, nola «Ludwig Göttenek erabat beretzat bakarrik hartu zuen Katharina Blum». Honek gauari seriotasun moduko bat eman zion, handitasun moduko zerbait, ihauterietako ospakizunei ongi egokitzen ez zaiena. Bera ere, esan zuen Hedwig Plotten andreak, izozkiak ekartzera sukaldera joan zenean, konturatu omen zen Karl bezala aurkeztutako jekea komunean bere buruarekin bakarrik hizketan ari zela. Gainerakoan, geroxeago Karl horrek, agurrik esan gabe, aldegin omen zuen.

 

 

32

 

        Berriro itaunketara ekarri zutenean, Katharina Blumek Hertha Scheumelekin telefonoz izandako elkarrizketa baieztatu zuen, baina bere eta Göttenen artean hitzemanda zeudenik ukatuz. Oraingoan ez Beizmennek, baizik bi fiskaletako gazteenak, Dr. Kortenek aurpegiratu zion ezen, Hertha Scheumelekin telefonoz hitzegin ondoren, Götteni deitu ziola eta gisa maltzur honetan Polkt kafera bidali, honek Scheumelekin hitzegiteko aukera izan zezan, gero Woltersheimen etxean elkarrekin topo egiteko. Erraz egin zitekeen gauza zela, Scheumel ilegorri nahiko panpoxa izaki. Jadanik ordurako axolagabe bihurturik, Katharina Blumek buruari eragin zion, eserita zegoen artean EGUNKARIAren bi aleak eskuetan zituela. Libre utzi zuten orduan eta Woltersheim andrearekin eta Konrad Beiters beronen lagunarekin batera, komisaldegitik atera zen.

 

 

33

 

        Itaunketako protokoloak berriro irakurri eta galdera hutsunerik ote zegoen begira ari zirela, Dr. Kortenek galdetu zuen ea benetan ez ote ziren saiatu behar Karl zeritzan hori bilatzen eta honek arazo horretan jokatutako paper iluna argitzen. Harrituta zegoela egiaz «Karl» hori harrapatzeko inolako neurririk hartu ez zelako. Azken batean zelako Karl hori Göttenekin batera, ez bazen elkarrekin, azaldu bait zen Polkt kafean, gisa berean partyra joan, eta haren papera berari, Korteni, nahiko misteriotsua iruditzen zitzaiola, susmagarri ez esateko.

        Honetan, bertan zeuden guztiak farrez algaraka hasi ziren, Pletzer andre polizia hain begiratuak berak ere irrifarre eginez. Protokolo idazleak, Anna Lockster andreak, hain lotsagabe egin zuen farre, non Beizmennek berak abertitu behar izan bait zion. Eta Korten oraindik jabetzen ez zenez gero, azkenean Hach bere lankideak argitu zion guztia. Ez al zuen Kortenek ikusi edo ez al zen konturatu Beizmennek nahita ez zuela jekea aipatu? Garbi zegoen beraz «gureetakoa» zela eta aipatu ziren komunetako bakarrizketak ez zirela —noski, nahiko zabar eginda— irratiz bere lankideei jakinerazteko baino, beraiek Göttenen eta Blumen jarraipena beren gain har zezaten, azken honen helbidea ordurako ezaguna bait zen.

        — Eta, noski, jakingo duzu, lankide jauna, ihauterietan jeke jantzia dela mozorrorik egokiena, gaurregun eta arrazoin agiriengatik, cowboyarena baino nahiago bait da jekearena. Egiaz —jarraitu zuen Beizmennek—, aurrez bagenekien ihauteriak direla gaizkileentzat ezkutatzeko aukerarik egokiena eta guri zailago egingo zitzaigula arrastoa zaintzea, Götten azken hogeita hamasei ordutan etengabe jarraitua bait zen. Götten, eta ez zegoen disfrazatua, aparkaleku batean, gero Porschea lapurtuko zuen lekuan bertan, VW autobus batean lo egina zen, kafe batean gosaldu zuen, bertan bizarra kendu eta aldatu. Ez dugu une batez ere begien bistatik galdu, hamabi bat polizia, jeke, cowboy eta espainiar bezala jantzita, denek irrati bana zutela, dantzatik nekatuta etxera datozenen gisan disfrazatuta, atzetik zituen, inorekin topo egiten bazuen, segituan jakinerazteko. Göttenek Polkt kafera sartu arte ikusi zituen pertsona guztiak detenituak izan dira eta aztertuak:

        »Garagardo bat edan zuen taberna bateko barmana.

        »Hiri zaharrean berekin dantzan egin zuten bi neska.

        »Bere Porscheari gasolina bota zioneko Holzmarkt ondoko banatzaile bat.

        »Mathias kaleko egunkari-kioskoko gizon bat.

        »Tabako denda bateko zerbitzaria.

        »Banketxeko langile bat, non banku lapurketa batean ateratako zazpiehun dolar amerikar aldatu zituen.

        »Pertsona guzti hauekin halaberarrez eta ez nahita topo egin zuen eta bakoitzarekin trukaturiko hitzetatik ezin pentsa liteke kode batez baliatzen ari zenik. Baina ni ez naute komentzituko Blumekin halabeharrez topo egin zuenik. Scheumelekin telefonoz izandako elkarrizketa, Woltersheimen etxera azaltzeko puntualtasuna, areago biek lehen unetik dantzan aritzeko izan zuten intimitatea eta laztana eta zein azkar ihes egin zuten elkarrekin, guztia dago halabeharraren kontra. Batez ere egiaz agur esan gabe bidali izana eta etxe sailetik irteera erakustea, gure zainketa hertsiari ihes egiteko modu emanez. Guk ez genuen une batez ere etxe saila, hobe esan, etxe sailaren barnean bera bizi den etxea, begien bistatik galdu. Ezinezkoa zitzaigun, noski, etxadi osoa zaintzea, kilometro Verdi karratu egiten bait du guztiak. Berak ihesbide bat ezagutu behar zuen eta hura erakutsi zion, eta gainera seguru nago, neskak mutilarentzat, agian beste batzuentzat ere bai, estalketa lana egiten duela eta orain badakiela non aurkitzen den. Bere ugazaben etxeak arakatu ditugu dagoeneko, bere jaioterrian ere azterketei ekin diegu, Woltersheim andrearen etxea, bera lanean zegoen bitartean, goitik behera miatu dugu. Ezer ez. Nire ustez, libre joaten uztea dugu onena, ea hutsen bat egiten duen, eta seguruenetik bere ezkutalekurako bidea gizonezko bisitari lotsagarritik zehar joango da, eta ziur naiz etxetik ihes egiteko bidearen arrastoa Blorna andrearengandik doala, jakin ere bai bait dakigu «Trude gorria» bezala ere ezaguna dena, etxadia egin zenean lankide zela lanetan.

 

 

34

 

        Aitortu beharko litzateke hemen, lehen beheraldia kasi amaiturik dagoela, ostiraletik larunbatera igarotzean. Ahalegin guztiak egingo dira gainerako korapiloei, alferrikako tentsiozko korapiloei ere ihes egiteko. Egiaz ezinezkoa izango da haietatik erabat ihes egitea.

        Agian interesgarri da jakitea Katharina Blumek, ostiraleko itaunketa bukatu ondoren, Else Woltersheimi eta Konrad Beitersi eskatu ziela, lehenengo bere etxera eraman zezatela eta —arren, arren—, goraino lagun egin ziezaiotela. Beldur zela aitortu zien, izan ere ostegun gauean, Göttenekin telefonoz hitzegin ondoren (honez gero, arazoa kanpokaldetik begiratu duen edonork bere errugabetasuna aitortu beharko luke, Göttenekin telefonoz izandako harremanak argi eta garbi kontatzen bait zituen, nahiz eta ez itaunketakoan!), gauza nardagarri bat gertatu zitzaion. Göttenekin hitzegin ondoren, telefonoa eskegi eta berehala, telefonoak berriro jo omen zuen; Götten izango zelako «itxaropen eroak» eraginda, hartu egin omen zuen segituan, baina ez zen Götten, gizonezko ahots «izugarri baju» bat baizik, kasi «xuxumuxuka» egiazko «gauza lotsagarriak» esan zizkiona, gauza txarrak, eta okerrena tipoa etxekoneko bezala aurkeztu zela eta esan ea zergatik berak laztanak hainbeste maite bazituen, hain urrutiko harremanak bilatzen zituen, bera prest zegoela eta edozein baina edozein laztan eskaintzeko moduan. Bai, horixe izan omen zen gauean bertan Elsegana joateko arrazoia. Beldur zela, telefonoaren beraren ere beldur, eta Göttenek bere telefono zenbakia izaki, baina berak ez Göttenena, deiren bat espero zuela, baina aldi berean telefonoaren beldur zela.

        Ba, bertatik adierazi behar da Blum oraindik izugarriak ikusteko zegoela. Hasteko: ordurarte bere bizitzan garrantzi handirik izan ez zuen posta-kutxatxoa, gehienetan «hala egin ohi delako» begiratu baina ezer gabe aurkitu ohi zuena. Ostiral goiz horretan gainezka zegoen, eta ez Katharinaren pozerako. Bada, bai Else W.k bai Beitersek ahalegin guztiak egin bazituzten ere gutunak eta inprimakiak hartzeko, berak ez zien utzi, eta bere Ludwig maitearen bizitza aztarnarik ote zegoen posta guztia miratu zuen —denera hogeita bat ale—, itxuraz Ludwigen ezer aurkitu gabe, eta pila guztia poltsan sartu zuen. Igogailuko igoketa bera guruzbide bat izan zen, etxekoneko bi ere batera zirelako. Bata (esan egin behar da, sinesgaitza iruditu arren) jeke bezala jantzitako jaun bat, itxuraz behintzat urrutiratu gogo amorratua izaki zoko batera arrimatua, zorionez laugarren pisuan geratu zen, eta bestea (erokeria dirudi, baina egia dena egia da) neska andaluziar bezala jantzia, aurpegiko maskara baten bidez estalirik, Katharinaren ondotik aldegin ez, baizik bere ondo-ondoan zutik jarri eta «bere begi lotsagabe, gogor, marroietatik» zuzen eta jakin nahiez begiratzen ziola. Zortzigarren bizitzatik gorago joan zen.

        Erne: bada oraindik okerragorik. Bere etxebizitzara heldu eta, hara sartzean Katharina Beirtersi eta W. andreari egiaz itsatsi zitzaien: telefonoak jo zuen; baina oraingoan W.andrea azkarrago mugitu zen, joan, telefonoa hartu, eta bere aurpegian nazka itxura azaldu zen zurbiltzeraino; gero entzun zitzaion «apo madarikatu, apo madarikatu lotsagaldua» marmarikatzen, eta zuhurki telefonoa utzi zuen, eskegi gabe ordea.

        Alferrik saiatu ziren biak, bai W. andrea bai Beiters, Katharinari bere posta kentzen; hertsirik eutsi zion gutun eta inprimaki sortari eta haiekin batera poltsatik aterata zeuzkan EGUNKARIAren bi aleei, eta gutunak ireki nahi zituzkeela adierazi zuen ondoren. Ez zegoen zer eginik. Dena irakurri zuen!

        Ez zen dena anonimoa. Anonimo ez zen gutun bat —handiena— bere burua «gauza intimoen bidal-etxea» deitzen zuen enpresa batena zen, inondiko sexu artikulu guztiak eskainiz. Katharinaren umorerako, hau saltsa mingarria zen, okerrago oraindik, norbaitek gainean eskuz idatzi zuela: «Hauek dira benetako kariziak».

        Labur, edo hobe, estatistika bezala esateko, gainerako hemezortzi gutunetatik, ziren:

        — Zazpi postal anonimo, sexu eskaintza «gordinak» eskuz idatzita, denetan «komunista zikina» hitzak zetozela.

        — Beste lau postal anonimo, politikazko irainak zituztela, sexu eskaintzarik gabe. «Gorri saldua»tik «Kremlinen izeba»raino ezarrita.

        — Bost gutunetan, EGUNKARIAren zatiak zetozen, gehien batean, hiru edo lautan, tinta gorriz ertzetan komentarioak jarrita, gisa honetan adibidez: «Stalinek lortu ez zuena, ez duzu zuk lortuko».

        — Bi gutunetan, bertan sartutako txostenetan idatzita, erlijiozko aholkuak: «Otoitz egiten ikasi behar duzu berriro, errukarri, galdu horrek», eta «belaunikatu eta izan fede, Jainkoak ez zaitu oraindik bere eskutik utzi».

        Eta une honetan bakarrik, aurkitu zuen Else W.k ate azpitik sartutako txartel bat, zorionez Katharinari ezkutatu ahal izan ziona: «Zergatik ez duzu ezertarako erabiltzen nire karizi katalogoa? Zure zorionerako behartu egin behar al zaitut? Hain begirune gutxiz zapuztu duzun zure etxekonekoak. Erne ibili». Moldiztegiko hizkietan idatzirik zegoen eta hezkuntza akademikoa, sendagintzakoa ez bazen, nabari zitzaiola iruditu zitzaion Else W.ri.

 

 

35

 

        Harritzekoa da nola ez W. andrea ezta Konrad B. ere ez ziren harritu, Katharina bere etxeko bar-altzarira joan eta jerez bat, Whiskya, ardo gorria eta hasitako pattar botila bat hartu eta bestelako haserre berezirik gabe, horma garbietara jaurtiki eta puskatu eta xahutzen zituela ikustean, eragoztea pentsatu ere pentsatu gabe.

        Gauza bera egin zuen bere sukaldetxo txikian, tomate egina, saltsa, ozpina, eta beste saltsak helburu bererako erabiliz. Esan egin behar al da gauza bera egin zuela bainuan krema hoditxo eta botilekin, apaingarri eta bainugaiekin eta bere logelan kolonia botila batekin?

        Horretan sailez sail aritu zen, inolaz ere ez haserre, hain komentziturik eta komentzitzeko moduan, non Else W.k eta Konra B.k egiten uzi zioten.

 

 

36

 

        Noski, teoria ugari egin izandu da, Katharinak erailketarako lehen asmoak izan edo erailketa pentsatu eta hura burutzea erabaki zuen unea aztertzeko orduan. Batzuek uste dute nahiko izan zela EGUNKARIAk ostegunean argitara emaniko lehen artikulua; beste batzuen eritziz ostirala izan zen egun garantzizkoena, EGUNKARIAk egun horretan ez zuelako bakerik eman eta Katharinaren ingurunea eta beretzat hain garrantzizkoa zen etxea, hondatuta azaldu zitzaiolako (subjetiboki, noski); dei anonimoak, posta anonimoa eta larunbateko EGUNKARIA oraindik, eta gainera (dagoeneko aurreratu egin dugu!) IGANDEKO EGUNKARIA. Espekulazio hauek ez dira alferrikakoak? Erailketa planteiatu eta burutu egin zuen, eta horrekin aski! Garbi dago bere baitan zerbait «sutu egin zela», bere senarrohiaren azalpenek bereziki amorratu zutela, eta garbi dago areago, IGANDEKO EGUNKARIAn zegoenak, erabakia hartzera bultztatu ez bazuen, ez ziola lasaitzeko biderik eman.

 

 

37

 

        Beheraldia bukatutzat eman eta larunbatekoa argitu aurretik, ostiraleko arratsaren eta ostiraletik larunbatera bitarteko gauaren igarobidea aipatu behar da. Guztira jota: harrigarriro lasai. Konrad Beiters saiatu zen Katharina distraitzen, dantza-musika jarriz, Hegoamerikakoa ere bai, eta Katharina dantzara bultzatu nahiz; alferrik izan zen era berean Katharinari EGUNKARIA eta posta anonimoa kentzeko ahalegina; alferrik izan zen halaber guztia ez hain izugarri garrantzizko eta iragankortzat har zezala saiatzea. Garai okerragoak ere izan zirela: haurtzaroko mixeria, Brettloh gizarajo horrekin ezkondu izana, amaren ardozaletasuna eta «Bozo esanda, honen hondamendia, amak berak baitzuen azken batean Kurten okertzearen erantzukizuna ere». Götten bera, hasteko, ez al zegoen, ba, leku seguruan eta bera eramateko agindua ez al zen seriotan hartzekoa? Ez al ziren ihauteriak ospatzen, eta diru aldetik ez al zegoen seguru? Ez al zegoen, ba, Blornatarrak eta Hiepertztarrak bezalako jende jatorrik, eta «eztimetxa harroa» bera ere —gizonezko bisitariaren izena esatea ebitatu egiten zuen oraindik— ez al zen funtsean irudi farregarri bat eta ez lastimagarria? Ezezkoa esan zion Katharinak eta «eraztun txepela eta gutun azal itsusiak» aipatu zituen, biek bera estu eta larri jarri eta Ludwigen beraren gainera ere susmoak botaraziz. Nola jakin behar zuen, bere harrokeriak eraginda, eztimetxa horrek horrenbeste diru eralgi behar zuenik? Ez, ez, ez zitzaion batere farregarri iruditzen. Ez. Gauza praktikoez hitzegiten hasita —adibidez, ea etxe berri bat bilatzen hasi behar zuen, eta non, pentsatu beharko zuela—, Katharinak atzera egin zuen eta esan, gauza praktiko bakarra, beste ezer baino nahiago zukeena, ihauteri jantzi bat egitea zela, eta Elseri eskatu zion izara handi bat utz ziezaiola, jekeena modan zegoenez gero, berak beduina bezala «abiatu» nahi zukeela-eta. Ezer okerrik gertatu al zen? Ezer ez kasik, zehatz begiratzen bada, edo hobe esanda: dena baiezkorra kasi, izan ere Katharinak «etortzekoa zena» egiaz aurkitu bait zuen, berarekin «maitasunezko gau bat» igaro; bai egia, bera galdetua, benaz, itaundua izan da, eta itxura zuenez Ludwig hori ez da egiaz «aingerutxo bat». Ondoren EGUNKARIAren kaka guztia azaldu zen, apo pare batek dei anonimoak egin zituen, beste batzuek anonimoak idatzi. Ez al du bizitzak aurrera egiten? Ez al dauka ba Ludwigek —eta hori berak bakarrik zekien— ezkutuki eroso bat? Josi dezagun orain ihauteri jantzi bat, Katharina eder azal dadin, emakumezko albornoz zuri bat; apain «abiatuko da» harekin.

        Azken batean, gorputzak ere bere legeak ditu eta to egin behar da, burua makurtu, berriro esnatu, berriro makurtu. Ez al da azkenean elkarrekin basotxo bat ere edaten? Zergatik ez? Egiaz eta benaz irudi baketsu bat: emakume gazte bat, bere oihala josten ari dela lokartua, edadeko emakume bat eta edadeko gizon bat bere inguruan arretaz mugitzen «gorputzak bere legea bete ahal dezan». Eta gorputzak hain ongi betetzen du bere legea, ze, goizeko ordu bi t'erdiak inguruan jotzen duen telefonoak ez bait du Katharina esnatzen ere. Nolatan hasten zaizkio bapatean Woltersheim andre burutsuari eskuak darkarka telefonoa hartzean? Laztankeria anonimorik espero al zuen, ordu pare bat lehenago entzun zituen bezala? Egia esan, goizeko ordu bi t'erdiak ordu bitxia da telefonoz deitzeko; halere jaso egin zuen, baina Beirtersek bertantxe eskutik kentzen dio eta berak «esan» esatean, segituan eskegiko diote. Berriro jotzen du, eta berriro, hartu bezain azkar, «esan» esan aurretik eskegiko diote. Bada noski bat baino gehiago jendea erotu nahi duena, EGUNKARIAri esker bat nola deritzan eta non bizi den jakin ondoren, eta Kobe da telefonoa ez eskegitzea.

        Eta orduan erabakitzen da Katharina EGUNKARIAren larunbateko aletik babestea, baina berak Else W. lokartuta eta Konrad B. komunean bizarra kentzen ari den bitartean astia hartzen du, kalera jaisteko eta han EGUNKARIAren lehen kutxa egunsentian puskatu eta sakrilegio moduko bat egiten du, hau da EGUNKARIAREN USTEA zanpatu eta EGUNKARI bat ordaindu gabe eraman zuen! Une honetan oraingoz beheraldia bukatutzat eman liteke: une honetsutan, Blornatarrak larunbat horretan, erdi lurjota, haserre eta triste gaueko trenetik ari dira jeisten eta gero etxean aztertuko duten EGUNKARIAren ale bera hartzen dute.

 

 

38

 

        Blornatarrenean larunbat goiza ez da atsegina, egiaz batere atsegina ez, ez bakarrik lo-bagoian igarotako gau esna, urduri eta urratuagatik, ezta ere EGUNKARIAgatik, zeinarengatik Blorna andreak esaten bait zuen izurri hau batek mundu osoan zehar jarraika zeukala, inon seguru ez izateko moduan; ez da atsegina, adiskide eta influentzia handiko laneko lagunen telegrama demandariengatik, «Lüstrakoa», baita Hachengatik ere, egun hartan goizegi, soilik goizegi deitu ziotelako (eta egiaz, beranduegi, ostegunean bertan deitu izan baliote hobe zatekeela pentsatzen bada). Ez zuen deia oso abegi onez hartu, esan Katharinaren itaunketa bukatu zela, bere kontra auzirik egingo ote zen ezin esan ziezaiekeela, une horretan laguntza behar zuela baina ez justiziarena. Ahaztu egin al zuten ihauteriak zirela eta fiskal batek asteburuak eta oporrak libre izateko eskubidea duela? Baina, dena den, 24 urte dira elkar ezagutzen zutela, elkarrekin ikasketak egin, berriketan egon, abesten aritu, ibilaldiak ere egin, eta orduan lehen minutuetako umore txarra ez da hain kontutan hartzen, batez ere norbera nahigabeturik dagoenean, baina orduan —eta hau fiskal baten ahotik— arren, hemendik aurrera nahiago aurrez aurre eta ez telefonoz hitzegitea. Bai, errurik egozten zitzaiola, zenbait gauza oso ilun zegoela, baina gehiago ez, beharbada geroago, arratsaldean aurrez aurre. Non? Hirian. Batetik bestera ibiliz onena. Museoko etxean. Lau t'erdietan. Deirik ez Katharinaren etxera, ezta Woltersheim andreari eta Hiepertztarrei ere.

        Are nazkatuago, Katharinaren esku maratzaren falta hain azkar eta hain argi somatzen zelako. Nola gerta liteke, ordu erdi bakar batean, kafea isuri, armairutik ogia, gurina eta eztia atera eta pakete pare bat lurrean utzi orduko, dena hankaz gora dagoela ematea? Eta azkenik Trude bera ere haserretu egin zen, Blornak behin eta berriro galdetzen ziolako ea non ikusten zuen Katharinaren arazoaren eta Alois Sträublederren edota Liidingen arteko loturarik, eta nola andreak honi erantzun gabe bestetan atsegin zitzaion baina goiz hartan batere graziarik egiten ez zion gisa naif-ironiko batez EGUNKARIAren bi aleak aipatu zizkion, ea haietan hitz bat nabarmendu ez ote zuen, eta berak zein zen galdetu zionean, argibidea ukatu egin zion mingarri esanez, bere adimen zorrotza probatu nahi zuela, eta Blornak behin eta berriro irakurri zuen «kaka hori, kaka madrikatu hori, batek mundu guztian zehar jarraika zeukana», berriro irakurri zuen, kontzentratu gabe, bere azalpenak okertu eta «Trude gorria» aipatu izanak haserrea areagotzen bait zion; azkenik amor eman zuen eta Truderi apal eskatu zion lagun ziezaiola; hain haserre zegoela, ze bere begi zorrotzak lausotu zitzaizkiola eta urte luzeetan berak industriako abokatu bezala eta ez kriminalista bezala lanegin zuela, eta honi andreak lehor erantzun zion:

        — Tamalez —baina orduan errukitu egin zitzaion, eta esan—. Ez al duzu jaun bisitari nabarmentzen, eta ez zara konturatu jaun bisitari hitza telegramak aipatzeko erabili dudala? Norbaitek Gutting horri, ez: Götten, begira argazkiak ongi, norbaitek horri, edozein modutan jantzita dagoela ere, jaun bisitari deituko al lioke? Ez, ezetz, horrelako bati etxekoneko zirikatzaileen artean beti gizonezko bisita esaten zaio, eta une honetan igerlearena egiten hasi eta esaten dizut beranduenik ere ordubete barru guk ere jaun bisitari bat izango dugula, eta gainera iragartzen dizut: haserreak, istiluak, eta agian adiskidetasun zahar bat hautsiko dela, haserreak zure Trude gorriarekin, eta haserreak baino zerbait gehiago zure Katharinarekin, bizitzarako bi ezaugarri arriskutsu bait ditu: leialtasuna eta ohorea, eta ez du sekula, sekula ere aitortuko guk biok, berak eta nik elkarrekin aztertu dugun ihesbidea gazte horri erakutsi zionik. Lasai, maite, lasai: ez da aterako, baina zehatz esanda ni naiz errudun Götting, ez: Götten horrek inor konturatu gabe etxetik ihes egin badu. Ez zara noski gogoratuko nik nire logelan; «Ibai ondoan apain bizi»ko bero, aire kanale eta elektrizitate instalazio osoaren planoa neukala esekita. Plano horrek hain liluratu zuen —bera gainera hain pertsona planeatzailea, kasi akatsik gabea izanik—, ze haren aurreran luzaro egoten bait zen, eta niri beti «margo abstrakto» horren —hala deitzen bait zuen— loturak eta zentzuak galdetzen zizkidan, eta ni beronen kopia bat egiteko puntuan nengoen. Lasaiago nago egin ez diodalako, pentsa planoaren kopiarik etxean topatzen diotela... konjurazioaren teoria, ezkutalekuaren ideia erabat oinarriturik geratuko zen, gisa berean Trude Gorria-lapurrak-Katharina-Jaun bisitariaren arteko katea. Holako piano bat izango litzateke egokiena, inork ikusi gabe sartu eta irten egiteko. Neuk argitu nion pasadizo bakoitzak zein altura zuen: zutik pasatzeko modukoak, makurtuta joatekoak, belauniko joan beharrekoak, hodirik hautsi edo elektrizitateak huts egiten duenean. Horrela, eta horrela bakarrik bere karizien ametsetan utzi duen gentleman gazte honek ihes egin ziezaiokeen poliziari esku artetik, eta egiaz banku lapur bat baldin bada, sistema ulertuko zuen. Jaun bisitaria agian horrela sartu eta ateratzen zen.

        Etxadi moderno hauek erabat bestelako zainketa metodoak eskatzen dituzte garai batekoen parean. Agian poliziari eta fiskalari abisua pasatu beharko zenieke. Ate nagusiak, agian ataria eta igogailua zaintzen dituzte, baina honezaz gainera lan-igogailu bat ere badago, zuzenean sotora doana, handik ehundaka pare bat metro arrastaka joan, kanaletako tapa bat non edo han ireki eta kito. Sines iezadazu: bisitariarentzat orain balio duen gauza bakarra otoitz egitea da, izan ere orain EGUNKARIAren izenburuek zentzu honetan edo horretan ez dute interesik, interes duena informazioari buruzko azalpena eta berrien gaineko manipulazio gogor bat da, eta izenburuei beste beldur dio delako Maud baten aurpegi mingots eta haserretuari; zuzenbidez eta elizaz emazte izateaz gaindi, harekin lau haur bait ditu. Ez al zara konturatu nola «gaztetxo baten gisan pozik», kasi lasai —eta gaineratu behar dut: benetan galai— Katharinarekin pare bat aldiz dantzan egin zuen eta nola ahaleginak egiten zituen etxera eraman ahal izateko, eta nola gaztetxo baten gisan, ilusiorik gabe geratu zen Katharinak kotxea erosi zuenean? Hori zen berak behar zuena, bere bihotzak antsika bilatzen zuena, Katharina bezalako gauzatxo polit bat, ez kaskarina eta bai —nola deritzazue horri?— maitagarria, serioa eta benaz gaztea, eta bera konturatzen ere ez zen neurrian ederra. Ez al du inoiz zure gizonezko bihotz hori poztu?

        Bai, hala zen: bere gizonezko bihotza ere poztu zuen, eta aitortu ere egin zuen, eta gainera aitortu zuen atsegin baino askoz, askoz gehiago zuela eta berak, Trudek bazekiela, denek, ez bakarrik gizonezkoek, inoiz izan ohi dutela halako desio bat, norbait besoetan hartzeko edo gehiagotarako, baina Katharina ez, bazegoen han berari sekula, sekula jaun bisitari izaten utziko ez zion zerbait, eta faun bisitari izatea zerbait horrek eragotzi zion, bai, ezinezko egin zion, edo hobeto esan: halako asmorik ere izan ez bazuen, ez zen izan, eta Trudek bazekien zer esan nahi zuen, berarekiko errespetoa eta berari, Truderi, zor zion begirunea, baizik Katharinari ziona; bai, errespetoa, kasik jaiera, gehiago, bai mila deabru, haren errugabetasunaren aurrrean zuen maitasunezko jaiera... eta errugabetasuna baino gehiago, ez zuen horretarako hitz egokirik aurkitzen. Agian Katharinaren mazaltasun harrigarria, maitatarria zen eta —nahiz bera Katharinaren aldean hamabost urte zaharrago izan eta Jainkoak zekien bizitzan zertzuk lortu zituen— nola Katharinak bere bizitza zarpaildua hartu, antolatu eta eratu zuen; honek eragotzi zion, gisa horretako pentsamendurik izan ere izan balu, beldur bait zen hura eta haren bizitza hondatzeko, izan ere hura hain zen sentibera, sentibera madarikatua, eta berak, egiaztatuko balitz Alois dela jaun bisitaria, berak —soil esanda— «ipurdian ostikada eder bat emango lioke»; bai, lagundu egin behar zitzaion, lagundu, ez zegoeneta zaildua istilu horietarako, itaunketa horietarako, galdeketa horietarako; eta orain beranduegi zen, eta berak behar zuen, behar, egun berean Katharina aurkitu... baina une honetan bere gogarte oparoetan eragotzia izan zen, Trudek izan ere bere lehortasun paregabeaz egiaztatu bait zuen:

        — Oraintxe puntuan heldu da jaun bisitaria.

 

 

39

 

        Hemendik bertatik esan behar da Blornak, egiaz alokaturiko kotxetzar bikain batean heldu zen Sträublederri ez ziola ipurdian ostikadarik eman. Ez bakarrik ahalik eta odolik gutxien isuri behar da hemen, baita ere gorputzeko indarkeriaren irudikatzea alde batera utzi ezin daitekeenean, informatu beharrak eskatzen duen gutxienezkora mugatuko da. Horrek ez du esan nahi Blornatarrenean atseginago izan zenik, alderantziz: oraindik gogorrago izan zen. Trude B.k ezin izan bait zuen isilik gorde, bere kafeari eragiten zion bitartean, adiskide zaharra «kaixo jaun-bisitari» batekin agurtzea.

        — Dirudienez —esan zuen lotsati Blornak—, orain ere Trudek iltzeari buru-buruan jo dio.

        — Bai —esan zuen Sträublederrek—, baina ez dakit hori egiaz beti zuhur den.

        Hemen jakin behar da ia tentsio jasanezinak izan zirela Blorna andrearen eta Alois Sträublederren artean, honek behin, ez egiaz engainatu, baina bai galanki harekin flirteatu nahi izan zuelako eta hark —bere zuen gisa lehorrean—, ulerterazi zion, Aloisek bere burua iarkiezinezkotzat bazeukan ere, ez zela halakoa, beretzat behintzat ez. Egoera hauek kontutan harturik, ulertuko da zergatik Blornak Sträubleder bere langelara eraman zuen eta bere emazteari eskatu zion bakarrik uzteko eta bitartean («zeren bitartean?», galdetu zion Blorna andreak) egiteko ahalegin guzti-guztiak Katharina bilatzen.

 

 

40

 

        Zergatik iruditzen zaio bati bere langela bera hain itsusia, kasi tolesgabea eta zikina, nahiz hauts izpirik ez egon eta gauza bakoitza bere lekuan eduki? Zerk bihurtzen du larruzko besaulki gorria higuingarri, hainbat negozio on eta hainbat konfiatzazko elkarrizketa egindako lekua, eroso eseri eta musika entzu.teko egokia, liburu apalak berak ere nazkagarri eta hormako Chagall sinatua kasik susmo txarreko, margolariak berak egindako faltsukeria bailitzan? Hautsontziak, sugailua, whisky botila, zer eduki liteke gauza errugabe eta garesti hauen kontra? Zerk bihurtzen du egun nazkagarri bat gau erabat nazkagarri baten ondoren hain handia, kasi txinpartak pizterainokoa? Zer eduki liteke hori xumez margotu, gaurregungo marrazkiz apainduriko hormen kontra?

        — Bai, bai —esan zuen Sträublederrek—; arazo honetan zure laguntzaren beharrik ez dudala esatera bakarrik etorri naiz. Behin galdu duzu burua, aireportuan lainotan. Burua eta pazientzia galdu eta ordubetera, lainoa altxatu da eta 18:30etarako hemen izan zintezkeen. Apurtxo bat pentstu izan bazenute, Münchenen aireportura dei zenezaketen, eta batere oztoporik ez zegoela jakin. Baina ahantz dezagun hori. Ez dezagun ordea karta markatuekin jokatu: lainorik izan ez eta bere orduan abioia hartuta ere, beranduegi helduko zinen, izan ere itaunketaren zatirik garrantzitsuena ordurako bukatua bait zegoen eta gainerakoan ez zegoen ezer egiterik.

        — Nik ezin dezaket ezer EGUNKARIAren aurka —esan zuen Blornak.

        — EGUNKARIAk —esan zuen Sträublederrek— ez dakar batere arriskurik, hori Lüdingen eskutan dago, baina hor daude oraindik gainerako egunkariak eta niri edozein izenburu berdin zait, baina lapurrekin lotzen nauenik inolaz ere ez. Emakume istorio erromantiko batek altuenik ere etxean sortuko dizkit eragozpenak, ez kalean. Arlo horretan Katharina Blum bezalako emakume polit batekin batera argazkian etortzeak ez dakar kalterik, gainera jaun bisitariaren teoria zokoratua izan da, eta ez alajak ez gutunek (egia da, aurkitu izan den eraztun nahiko garesti bat opa izan nion eta azalak bakarrik aurkitu dituzten gutun pare bat idatzi nizkion) ez dute eragozpenik sortuko. Okerrena da Tötges horrek, beste izen batekin, EGUNKARIAn argitara ezin ditzakeen gauzak, aldizkari ilustratuetan argitara ohi dituela, eta (egia) Katharinak elkarrizketa bat agindu diola. Lüdingek esanda jakin dut, duela minutu gutxi, bera Tötgesek elkarrizketa egitearen alde dago, EGUNKARIA bere esku daukanez, baina ez dauka indarrik batere Tötgesen gainerako kazetari lanetan, azalezko gizon baten bidez egiten bait du. Dirudinez, zuk ez dakizu ezer, e?

        — Arrastorik ere ez dakit —esan zuen Blornak.

        — Egoera polita, ni bezero naukan abokatu batentzat: eta guztia, tren geldo eta xaxtarretan denbora galtzeagatik meteorologi zerbitzura deitu beharrean: han esango zizuten aurki arinduko zuela. Dirudienez ez duzu berarekin oraindik batere loturarik lortu?

        — Ez, zuk bai?

        — Ez, zuzenik ez. Dakidan gauza bakarra, duela ordubete edo EGUNKARIra deitu duela eta bihar arratsalderako Tötgesi elkarrizketa bat agindu diola. Honek onartu egin du. Eta hor bada gauza bat askoz, baina askoz gehiago kezkatzen nauena, egiaz urdaila zulatzen didana —hemen Sträublederren aurpegiak kezkatu itxura zeukan eta bere ahotsa arduratua—; bihar irain nazakezu, nahi adina, zuen konfidantza gaizki erabili dudalako, baina bestalde erresuma aske batean bizi gara egiatan, eta sines iezadazu, edozer gauza egingo nuke hari laguntzeko, hire izena bera ere galtzeko prest nago, izan ere, farre egin zenezake lasai, emakume hori maite dut, baina: ezin lagun dakioke eta niri bai; berak ez du nahi lagun diezaioten...

        — Eta ezin lagun diezaiokezu EGUNKARIAren aurka, zerri horien kontra?

        — Jainko Jauna baina, ez duzu EGUNKARIArena hain seriotan hartu behar, orain estu hartzen bazaituzte ere. Ezin hasiko gara orain kazetaritza zikinaz eta prentsa askatasunaz erriertan. Labur esateko, poztuko nintzateke elkarrizketa horretan nire eta bere abokatu bezala egongo bazina. Okerrena ez da oraindik azaldu ez itaunketetan ez prentsan: urte erdi bat dela Kohlforstenheimeko gure landa-etxeko giltzak hartzera behartu nuen. Etxea eta bera ere miatu zituztenean, ez zituzten giltzak aurkitu, baina berak ditu edo eduki ditu gutxienez, bota ez baditu behintzat. Samurkeria bat izan zen, edo deitu bestela nahi duzun bezala, berak noizbait bisitatuko ninduen itxaropenik ez bait nuen galdu nahi. Sines iezadazu, nik lagunduko niokeela, ondoan egongo nintzaiokeela, bertara joan eta aitortu ere egingo nukeela: hara, ni naiz jaun bisitari hori, baina ongi dakit: niri uko egingo lidake, Ludwigi ez.

        Sträublederren aurpegian zerbait berria, harrigarria azaldu zen, Blornaren baitan errukia ez bazen,jakinmina behintzat esnatu zuena; apaltasun moduko zerbait zen, edo agian zeloak?

        — Zer da alajaren, gutunen eta giltzen istorio hori?

        — Mila deabru, Hubert, ez al zara oraindik jabetzen? Ez Lüdingi, ez Hachi, ez poliziari ezin esan diezaiokedan gauza bat da: ziur nago Katharinak bere Ludwig horri eman dizkiola giltzak eta zarpail hori bi egun hauetan han ezkutatzen dela. Beldur naiz Katharinagatik, poliziengatik, eta baita ere lotsagaldu horrengatik, Kohlorstenheimeko nire etxean badago. Aurkitu baino lehen, handik aldegin dezan nahi nuke, eta une berean nahi nuke atrapa dezaten, guztiau behingoz buka dadin. Ulertzen al duzu orain? Zein da zure aholkua?

        — Bertara, Kohlforstenheimera dei zenezakeela, iruditzen zait.

        — Eta bera han badago, telefonoa hartuko duela uste duzu?

        — Orduan, poliziari deitu beharko diozu, ez dago beste irtenbiderik. Ezbeharrik gerta ez dadin, besterik ez bada. Deitu izenik eman gabe, nahi izanez gero. Götten han egon litekeen susmorik txikiena izanda ere, poliziari jakinerazi behar diozu bertatik. Neuk deituko diot bestela.

        — Eta horrela nire etxea eta nire izena izenburuetan lapur horiekin nahasturik azal daitezen? Beste zerbait neukan nik pentstuta... pentsatzen nuen ea ezin joan zintezkeen zeu hara, Kohlforstenheimera esan nahi dut, nire abokatu bezala, nire interesei kontu egiteko.

        — Une honetan? Ihauteri egun batean, EGUNKARIAk nire oporrak kolpetik eten ditudala dakienean? eta hori guztia egingo nuen, zure landetxean zure interesei kontu egiteko? Zure izozgailua ongi dabilen edo, ezta? Ea berogailuko termostatoa behar bezala jarrita dagoen, kristalik hautsita, edaritegia behar hainbat hornituta eta izarak hezetasunik gabe? Horretarako itzultzen da industriako abokatu ospetsu bat, luxozko etxe bat, igeritegi eta guzti duena, eta «Trude Gorriarekin» ezkonduta dagoena, oporrak kolpetik etenda? Zuhur iruditzen al zaizu egiaz, EGUNKARIko kazetari jaunek seguru nire urratsik galtzen ez dutenean? Ni abiatzen naiz, trenetik jeitsi bezain azkar, zure villa aldera, ea zure break goizegi erne diren edo kukuprakak hazi ote diren ikustera... Zuhur iruditzen al zaizu benetan, alde batera utzita Ludwig maitagarri horrek ongi tiratzen dakiela erakutsi duela?

        — Mila arraio! Ez dakit zure ironia eta txisteak orain egokiak diren. Nire abokatu eta adiskide zarenez, zerbitzu bat eskatzen dizut nik, niretzat bakarrik baino gehiago gizartearentzat dena, eta zu kukuprakekin zatozkit. Atzodanik arazoa hain da sekretua non gaur goizetik ez dugun handik batere berririk izan. Dakigun guztia EGUNKARIAri esker da, Lüdingek harreman onak bait ditu. Hil ala bizikoa da, Hubert!

        Deitu gabe sartu zen Trude une honetan, transistorea eskuetan zuen, eta lasai-lasai esan zuen:

        — Hiltzekoa ez da, bizitzekoa da, Jainkoari eskerrak. Harrapatu dute mutil gaztea, leloaren modura tiroka hasi da eta tiroz jo dute, zauritu, baina bizitzako arriskurik gabe. Zure lorategian, Alois, igeritegiaren eta parralaren artean. Milioi erdi balio duen Lüdingen lagun baten luxozko villa aipatzen dute. Dena den, bada oraindik gentlemanik munduan: gure Ludwig zintzoak esan duen lehendabiziko gauza: Katharinak ez duela zerikusirik batere arazo honetan; maitasun kontu pertsonal bat besterik ez dela, berari egozten zaizkion baina berak ukatzen dituen gaiztakeriekin zerikusirik ez duena. Kristal pare bat aldatu beharko dituzu beharbada, Alois; tiroak ugari ibili bide dira inguru haietan batetik bestera. Zure izenik ez dute aipatu oraindik, baina agian zure Maudi deitu beharko zenioke, urduri eta kontsolatu beharrean egongo bait da. Gainera Göttenekin batera, beste leku batzuetan, bere beste hiru lagun ere harrapatu ditzute. Beizmenne delako polizia baten lorpen handia omen da guztia. Eta orain, alde hemendik, Alois, eta, aldatzearren, bihur zaitez oraingoan zure emazte zintzoaren jaun bisitari.

        Pentsatzekoa da une horretan Blornaren langelan elkarri erasotzeko puntuan egon zirela, hori beren klaseari edo zeuden lekuari egokitu ez arren. Sträublederrek badirudi —badirudi— Trude Blornari zintzurretik heltzeko kolpea bota ziola, baina honen senarrak eragotzi egin omen zion, eta oharterazi ere bai, ezin hasiko zela dama bati erasoka. Sträublederrek badirudi —badirudi— segituan erantzun ziola bera ez zegoela oso ziur dama definizioa halako emakume mihiluze bati egokitzen ote zitzaion, eta badirela hitz batzuk egoera jakinetan eta batez ere gertakizun larriak gertatu ondoren, ironiaz erabili behar ez direnak, eta berak beste behin, beste behin gehiago bakarrik hitz lotsagarri hori berriro entzuten bazuen, orduan —bai, zer orduan?—, ba, dena bukatu zela. Etxea utzi besterik ez zuen egin, eta oraindik Blornak ez zuen aukerarik ere izan Truderi urrutitxo joan zela esateko, honek hitza kendu eta esan zionean:

        — Katharinaren ama bart hil da. Kuir-Hochsackelen aurkitu dut bera ere.

 

 

41

 

        Baterako edo besterako edo albo baterako azken zuzentze lana hasi baino lehen, hemen tarteko ohar tekniko moduko bat egitea zilegi bedi. Istorio honetan gauza gehiegi gertatzen da. Gisa penagarrian, nekez menderatzeko eran ekintzaz beterik dago: bere kalterako. Egiaz nahiko mingarri da bere kabuz lanegiten duen neskame batek kazetari bat tiroz hiltzea, eta halako gertakizun bat ahalik gehiena argitzen saiatu beharko da. Baina zer egin, neskame batengatik, lan handiz irabazitako eski-oporrak eteten dituen abokatu ospetsu batekin? Zer, beren sentimentalitate heldu gabeak eraginik neskame hori bere bigarren etxeko giltza (eta bere burua gainera) hartzera kasi behartzen duten industri-gizonekin (bide batez, irakasle eta partidu-manager izaki gainera); eta dena alferrik, dakigunez; alde batetik publizitatea nahi dute, baina mota jakin batekoa bakarrik. Gauza eta jende pila, inolaz sinkronizatu ezina, eta etengabe jarioa ( hau da, gertakizunen lerratze lineala) eragozten ari dena, nolabait esateko ukiezinak direlako. Zer egin etengabe telefono espioitza eskatu eta gainera lortzen duten krimen-poliziekin? Laburrago esanda: dena garbiegia da eta halere azken unean informatzaile batentzat ez da nahiko garbia, izan ere hau edo hura (adibidez, Hachen edo poliziako gizon edo andre batzuen bidez) jakin daiteke, baina esaten dutenetik ezer ez, ezertxo ere ez bait litzateke baliozko izango, ezta aztarna bezala ere, ez bait litzateke inondiko tribunalen aurrean ez egiaztatuko ezta soilik aipatuko ere. Ez du lekukotasun indarrik! Ezta epaiketarako baliorik txikiena ere. Adibidez, telefono entzuteen hori. Telefono espioitzak ikerketarako balio du, baina ondorioak —aztertzen ari ez den talde batek ikertuko bait du horiezin erabil litezke auzi ireki batean, aipatu ere ezin daitezke egin. Ezer baino lehen: zer gertatzen da telefono espioi baten psikean? Zer pentsatzen du polizia zintzo batek bere baitan, bere eginkizuna bete besterik egiten ez duela, demagun, agindu zaiolako ez bada ere, bere egunoroko ogia atera behar duelako, bere (agian nazkagarri zaion) egitekoa betetzean, zer pentsatzen du hark, berak entzun behar duenean nola etxekoneko ezezagun hark, hemen laburkiro laztan-eskaintzaile deituko dugunak, Katharina bezalako pertsona jator, maratz eta kasik orbangabe bati esaten dionaz? Sortzen al zaio moralezko edo sexuzko edo bietazko ezinegonik? Haserretu egiten al da, kupitu, izugarrizko atsegina ematen al dio, han pertsona bat, «moja» gaitzizena duena, ahots hero batez egindako eskaintza mehatxatzaileen bidez bere bihotzaren sakonean zauritua denean? Baina, azalean gauza asko gertatzen badira, gehiago dira azpian gertatzen direnak. Zer pentsatzen du bere baitan, bere izerdiaz ogia irabazten duen telefono-espioi batek adibidez, Lüding delako batek, bidenabar aipatu horrek, EGUNKARIko erredakzioko buruari deitu eta esaten badio: «Ken S. erabat kanpora, baina sar B. erabat barrura». Noski Lüding espioituko dute, ez hau jarraiki beharrik dagoelako, nolabait gaizkileek, gangster politikoek etabar dei diezaioten arriskua dagoelako baizik. Nola jakin behar du entzutzaile sotil batek S. horren bidez Sträubleder esan nahi dela eta B. horren bidez Blorna, eta IGANDEKO EGUNKARIAn S.z ezer ez, baina bai asko B.z etorriko dela? Eta halere, nork jakin behar du edota susmorik ere izan? Blorna Lüdingek asko estimatzen duen abokatu bat da, bere trebetasuna nazio barruan eta kanpoan mila bider erakutsi duena. Ez zen besterik esan nahi hemen beste leku batean «elkarrenganatu ezin daitezkeen» iturburuez hitzegin denean, printzeen hartan gezurrezko lekaime hark kandela itzali eta norbait amildu eta hil zenean bezala. Eta orduan, Lüding andreak bere sukaldarisaren bitartez, senarraren idazkarisari deitzen dio ea Lüdingek igandean mahaiondoko bezala zer nahi lukeen jateko: esne-opila lobelarrekin? Marrubiak izozki eta esnegainarekin edo izozkiarekin bakarrik, edota esnegainarekin bakarrik, eta idazkarisak nagusia enbarazatu nahi ezik, baina ezagutuz agian haren gustoa, agian haserreak edo garraztasunak sortu nahirik, sukaldarisari ahots nahiko zorrotzez azaltzen dio, erabat seguru dagoela Lüding jaunak iganderako karamelu pudina krokante saltsarekin hartuko lukeela; sukaldarisak, berak ere ezagutzen baitu haren gustoa, ezezkoa dio 'eta esaten gauza berria dela hau beretzat eta ea idazkarisak bere gustoa Lüding jaunarenarekin ez ote duen nahasten, eta ea ezin diezaiokeen zuzenean Lüading jaunarekin pasa mahaiondoko bere gustoaz hitzegiteko. Horri konferentzietako idazkarisa bezala bidaiatan ibili eta nonbaiteko PALACE-HOTELen edo Inter-ostaturen batean harekin jan ohi duen idazkarisa horrek ihardetsi, bera harekin bidaian denean, beti karamelu pudina krokante saltsarekin jan ohi duela; sukaldarisak: baina igandean hain zuzen jauna ez dela bidaian berarekin, idazkarisarekin, izango alegia eta ea litekeena ez ote den Lüding jaunaren mahaiondoko gustoa norekin dagoen, halakoa izatea. Etab. etab. Azkenik esne-opila lobelarrekin dela-eta, eztabaida luze bat egingo dute, eta elkarrizketa guzti hau, zerga-ordaintzailearen kontura noski, magnetofoiez hartua izango da! Magnetofoiari kontu egiten dionari, ongi kontu egin behar bait dio noski, agian irudituko zaio anarkisten kode batez baliaturik ari direla, eta esne-opilak esatean ez ote duten aipatu nahiko granada, eta izozkia marrubiekin esatean bonbak. Agian beraiek ere badituzte beren kezkak: halako kezkak eduki nahi nituzke, agian alabak etxetik aldegin diola edo semea drogazalea duela edo alokairua berriro igo diotela, eta guzti hau —magnetofoiez jasotze hau— behin Lüdingi bonba mehatxu bat egin ziotelako: horrela jakiten du polizia edo langile errugabe batek, berari bazkari osorako, baterako besterik ez bada, nahikoa litzaiokeen esne-opila lobelarrekin zer den.

        Gauza gehiegi gertatzen da azalean, eta guk ez dakigu zer gertatzen den azpian. Inoiz zinta horiek entzun ahal izango balira! Azkenean zerbait jakiteko, nolako intimitatea, edota baldin ere ba ote dagoen Else Woltersheimen eta Konrad Beitersen artean intimitaterik jakiteko. Zer esan nahi du lagun hitzak bi hauen arteko harremanei dagokienean? Emakumeak laztan, edo maite esaten al dio, edo Konrad edo Conny bakarrik? Zein motatako laztankeriak esaten dizkiote elkarri hitzez, esan esaten badizkiote? Abesten al dio kanturik telefonoz, jakina baita baritono ahots bikaina, kontzerturako adinekoa ez bada ere, korurako ona duena? Serenatak? Modako abestiak? Ariak? Edo izandako edo izangoko intimatateak zabar aipatu ohi dizkio? Hori bai jakin nahi litzatekeela; izan ere gizonik gehienek telepatia gaitasunik ez dutenez, telefonoari heldu ohi diote, konfidantzazko iruditzen baitzaie. Garbi al daukate poliziako buruek beren menpekoei zer zama botatzen dieten? Demagun, pertsona susmagarri bat, guztiz arrunta dena. eta «begiluze» bat izendatu zaiona, eta bere gisan guztiz arrunt den bere maiteari deitzen diola. Herrialde libre batean bizi garenez eta elkarrekin libre eta agirian hitzegin dezakegunez, telefonoz ere, zer egin dezake pertsona moral edo ohitura estuko batek —berdin dio zein sexutakoa den—: dena belarrietan jaso edo magnetofoitik ihesi joan. Ba al du honek erantzunik? Psikiatren laguntza ziurtatu al zaio? Zer diote horri buruz funtzionarien, garraio eta trafikoko sindikatoek? Ardura hartzen da industri-gizonei, anarkistei, banku zuzendariei, lapur eta langileei dagokienez, baina nor arduratzen da «magnetofoilari gudaroste nazionalarekin?» Elizek ez al dute honi buruz hitzik esan beharrik? Fuldako Gotzain Batzarreak edo Alemaniako Katolikoen Komite Zentralak ez al du ezer esan behar? Zergatik isiltzen da Aita Santua? Ez al du inork susmorik lan honetan karamelu pudinaren eta pornorik gogorrenaren artean belarri garbi hauei zer ematen zaien? Gazteak bultzatzen ditugu funtzionari karrera har dezaten, baina noren eskutan eroriko dira? Telefonoz ohitura zuzenak hondatzen dituztenen eskuetan. Hara hemen arlo bat non Elizak eta sindikatoek elkarrekin lanegin. Antolatu egin beharko litzateke telefono entzutzaileentzat nolabaiteko hezketa programa behintzat. Magnetofoi zintak historiazko ikaskizunekin. Ez da hori oso garestia ere.

 

 

42

 

        Berriro, damurik, azalera itzuli behar, erretengintza bazterrezinari ekin, eta berriro argibide batekin hasi behar! Odolik gehiago ez dela azalduko hemen agindu dugu, eta azpimarratu behar da Blum andrearen, Katharinaren amaren heriotzarekin ez dela hitz hori hausten. Ez da odolezko gertakizun bat, nahiz eta heriotza guztiz arrunt bat ere ez izan. Blum andrearen heriotza indarkeriaz egina izan zen, baina nahi gabeko indarkeriaz. Dena den, eta hau ongi hartu behar da kontutan, heriotza eragin zionak ez zuen eraile asmorik batere, ez heriotzerainoko kolperik ematekorik, ezta zauritzekorik ere. Ari gara, gerora ez bakarrik egiaztatu, baizik eta areago berak aitortu ere egingo bait zuen,Tötges hari buruz, zeinak gero amai odoltsu bat, nahita emandakoa izango bait zuen. Tötgesek ostegunean jadanik Blum andrearen helbideaz galdetu zuen Gemmelsbroichen, baita jakin ere, baina alferrik saiatu zen harenganaino ospitalean hurbiltzen. Atezainak, saileko Edelgard erizainak eta Dr. Heinen sendagileak berak adierazi zioten minbizi operazio larri baina ongi ateratako baten ondorioz, lasaitasuna behar zuela; bere osaketa, esateko, inolako asaldaketarik ez izatekotan ongi joango zela, eta elkarrizketarik egiterik pentsatu ere ez egiteko. Blum andrea ere, bere alabak Göttenekin zuen zerikusia zela eta, «eguneko pertsonaia» zela adieraztean, sendagileak bere aldetik adierazi zion eguneko pertsonaiak beretzat batipat gaisoak zirela. Baina elkarrekin hizketan ari ziren bitartean, etxean margolariak lanean ari zirela konturatu zen, eta gero lankideen aurrean harrotu ere egin omen zen «mainarik xinpleenaz baliaturik, langilearen jantziaz, alegia», hau da, jantzi bat, margo pote bat eta brotxa bat hartuta, ostiral goizean Blum andrearengana sartzea lortu zuelako, izan ere ez omen dago ama baino pertsona emankorragorik, gaiso egonda ere; Blum andreari gertakizunak aurkeztu omen zizkion, ez zen gauza ziurra denekin jabetu zenik, Götten horren entzuterik ere ez zuelako batere, eta azkenean esan omen zuen: «Zergatik bukatu behar zuen horrela, zergatik gertatu behar zuen horrela?», EGUNKARIAk hori era honetan jasotzen zuelarik: «Horrela gertatu behar zuen, horrela bukatu behar zuen». Blum andrearen azalpenean egindako aldaketatxoa argitzeko zera esan zuen, erreportaigile bezala prestaturik zegoela eta ohiturik «pertsona xinpleei beren azalpenak egiteko laguntza ematen».

 

 

43

 

        Ez zegoen egiaztatzerik ea Tötges egiaz Blum andrearenganaino iritsi zen edota Katharinaren amaren deklarazio bezala EGUNKARIAn emandakoak elkarrizketa baten ondorio bezala ematearren, bere ikustaldia gezurrez asmatu zuen, bere kazetari trebetasuna azaldu eta bidenabar fanfarroi jokatzeko. Dr. Heinenek, Edelgard erizainak, Huelva izeneko erizain espainiar batek, Puelco izeneko garbiketako emakume portugaldar batek garbi aditzera eman zuten «kaiku hori halako bat egiteko nahiko lotsagabea da» (Dr. Heinen). Ez dago dudarik, Katharinaren amari egindako ikustaldiak, nahi bada asmatua izango zen baina inolaz ere hala aitortua, ikaragarrizko eragina izan zuela, eta galdetzekoa da noski ea ospitaleko pertsonalak, hala izan behar ez lukeena besterik gabe ukatzen duen edota Tötgesek Katharinaren amaren esana hitzez-hitz jasoa bezala emateagatik, ikustaldia asmatu zuen. Hemen zuzentasunez jokatu behar da. Probatuta dago, zoritxarreko Schönnerrek «neska limuri batekin utzi zuen» taberna hartan ikerketak egiteko, Katharinak bere jantzia josten jarraitu zuela, Tötgesekin elkarrizketa hizketatu ondoren eta IGANDEKO EGUNKARIAn Tötgesek erreportaia berri bat argitaratu ondoren. Itxaron egin behar da beraz. Gauza segurua da, egiaztatua, probatua kasi, Dr. Heinen harriturik gelditu zela Maria Blum bere gaisoa hain kolpetik hil zenean eta «kanpoko eraginak proba ezin balitezke ere, ezin uka litezkeela». Margolari errugabeei ezin egotzi lekieke inolaz ere erantzukizuna. Ezin lauso liteke eskulangile alemaniarren izena: Edelgard erizainak, ez Huelva ez Puelco dama atzerritarrek berma dezakete, margolari guztiak —Kuireko Merkens firmakoak ziren— margolari zirenik, eta lau leku berezitan batera lanean ari zirenez, inork ezin jakin ea han norbait jantzi, margo-pote eta brotxa hartuta sartu zen. Garbi dagoena: Tötgesek adierazi zuen (aitortu zuenik ezin esan liteke, bere ikustaldia ez bait dago probaturik) Maria Blumekin egon eta elkarrizketa bat izan zuela harekin, eta adierazpen horren berri Katharinak jakin egin zuela. Merkens jaunak ere aitortu zuen lau margolariak ez zeudela noski beti batera lanean eta baldin norbaitek sartu nahi izan balu, erraz sar zitekeela. Geroago Dr. Heinenek esan zuen, Katharinaren amaren aipamena argitaratzeagatik EGUNKARIA tribunaletara eramango zuela eta eskandalo handi bat antolatuko, izan ere egia izatekotan, hori ikaragarrikeria bat bait zen; baina bere amenazoa, Blornak Sträublederri «ipurdian ostikada eder bat» emango ziolako amenazoa bezala geratu zen.

 

 

44

 

        Larunbat hartako, 1974eko otsailaren 23a, eguerdi aldera Kuireko Kloog kafetegian (ezkonberri zela Katharinak sukaldean eta zerbitzari lanegin zuen ostalariaren iloba bat zen), Blornatarrak, Woltersheim andrea, Konrad Beiters eta Katharina elkarrekin bildu ziren. Elkar besarkatu zuten, malko batzuk ere isuri ziren, Blorna andreak berak ere. Kloog kafetegian ihauteri giroa ikusten zen noski, baina ostalariak, Katharina ezagutu ezezik, hika hitzegin eta apreziatu ere egiten bait zuen, bere etxea utzi zien. Handik Blornak lehenengo Hachekin hitzegin zuen telefonoz eta arratsalderako Museoko atarian izan beharreko elkarrizketarako ezina azaldu zion. Hachi esan zion Katharinaren ama seguraski EGUNKARIko Tötgesek egindako ikustaldiaren ondorioz hil zela bapatean. Hach goizean baina apalago zegoen, eta eskatu zion, bere aldetik, Katharinari doluminak emateko, ez bait zen ustez berekin haserreturik egongo, ez zuen eta horretarako arrazoirik. Gainerakoan bere esanetara zegoela. Egia esan, Göttenen itaunketarekin oso lanpeturik bazegoen ere, tarteren bat bilatuko zuela; gainerakoan Göttenen itaunketatik ez zela atera Katharinaren kalterakorik ezer. Maitasun handiz eta begirunez hitzegin zuela beragatik eta berari buruz. Ikusteko baimenik inolaz ezin espero zitekeela ezer, ez bait ziren senide eta «andregai» hitzak noski zabalegi zirudielako eta ez zegoelako horri heltzerik.

        Badirudi, bere amaren heriotzaren berri jakin zuenean, ez zela lurjota geratu Katharina. Noski, Katharinak Tötgesen elkarrizketa eta bere ama aipatzen zituen EGUNKARIAren alearena aipatu zion Dr. Heineni, baina ez zuen bere egiten Dr. Heinenek elkarrizketagatik zuen haserrea, baizik eta adierazi zion horiek eraileak zirela, higuin ziela noski, baina zirudienez horrelako kazetarien egitekoa pertsona errugabeei ospea, izena eta osasuna kentzea zela.

        Dr. Heinen, oker uste bait zuen marxista bat zela (agian, Brettloh, Katharinagandik banatuaren asmakizunak irakurri zituen EGUNKARIAn), nahiko harrituta zegoen bere hoztasunarekin eta galdetu zion ea hori —EGUNKARIAren sare hori— egitura prolema iruditzen zitzaion. Katharinak ez zekien zer esan nahi zuen, eta buruari eragin zion. Gero Edelgard erizainarekin gorpu-gelara joan zen, non Woltersheim andrearekin batera sartu zen. Katharinak berak altxatu zuen hilotz-izara bere amaren aurpegitik, «bai» esan eta bekokian mun eman zion; Edelgard erizainak otoitz txiki bat egin zezan bultzatu zuenean, buruari eragin eta «ez» esan zuen. Berriro izara bere amaren aurpegi gainean ezarri zuen, erizainar eskerrak eman eta gorpu-gela utzi ondoren negarrez hasi zen, hasieran poliki, gero gogorrago, azkenik lotsarik gabe. Agian, sei urteko haur zenean ospitale bateko gorpu-gela batean azkenengoz ikusi zuen bere aita zenarekin pentsatu zuen. Else Woltersheim konturatu zen, Kobe jabetu zen, ez zuela sekula ikusi Katharina negarrez, ezta haur zela ere, eskolan samintzen zutenean edota etxeko giroak zapaltzen zuenean. Gisa fin batean, kasi maitekiro Huelva eta Puelco dama atzerritarrei bere amari egindako guztiagatik eskerrak eman nahi izan zizkien. Ospitalea eratsu utzi zuen, eta ez zuen ahaztu ospitaleko bulegotik bere anaia Kurt gartzelatuari telegrafoz berria ematea.

        Horrela jarraitu zuen arratsalde eta ilunabar guztian: eratsu. EGUNKARIAren bi aleak beti berekin bazituen ere, eta Blornatarrak, Else W. eta Konrad B. zehaztasun bakoitzarekin eta zehaztasun horien ulerketarekin aurrez-aurre jartzen bazituen ere, bazirudien EGUNKARIArekiko bere jarrera aldatu egin zela. Gaur egun esango litzatekeen bezala: ez hain emozionala, analitikoagoa zen jarrera. Beretzat ezagun eta adiskidetsu zen giro honetan, Erwin Kloogen etxean, Sträublederrenganako harremanez garbi hitzegin zuen: behin Blornatarren etxean izandako gaualdi baten ondoren, etxera eraman omen zuen, gero nahiz zehatz, kasi higuinez ukatu bazion ere, etxeko ateraino lagun egin omen zion, gero areago bere pisuraino, eta atean oina jarri ere bai. Bai, lotsagabe jokatu nahi izan omen zuen, baina mindu egin omen zen ez zuelako iarkigaitz aurkitzen, eta azkenik —gauerdi zen ordurako— alde egin omen zuen. Harrez gero, egiaz jarraiki omen zebilkion, beti itzultzen zen, loreak bidaltzen, eskutitzak idazten eta batzuetan bere pisuan sartzea ere lortu omen zuen eta aukera horretan eraztuna harrerazi omen zion. Hori omen zen guztia. Horregatik ez omen zituen bere ikustaldiak aitortu, hau da, bere izena salatu, ezinezkoa iruditu bait zitzaion itaunketan ari zitzaion poliziari argitzea, bien artean ez zela ezer gertatu, ezertxo ere ez, musu bat bera ere ez zela izan. Nork sinetsi behar zion berak Sträubleder bezalako gizon bati ezetz esan ziezaiokeenik, ez bait zen bakarrik aberatsa, areago politikan, finantzetan eta jakintza munduan bere xarma iarkigaitzagatik sonatua, kasi zinemako artista bat bezala, eta nork sinetsi behar zuen bera bezalako neskame batek artista bati zaputz egin ziezaiokeenik, eta ez arrazoi moralengatik, gustoagatik baizik? Berak ez omen zion xarmarik batere aurkitu, eta jaun bisitariaren historia guzti hori berak alor intimo kalifikatu nahi ez lukeen alor batean sartze nazkagarri bezala topatu omen zuen, hori makurkeria bait zen; izan ere, berak ez bait zuen inondik ere intimoki jokatu Sträublederrekin, baizik hark bera inori, eta are gutxiago itaunketa talde bati argi ezin ziezaiokeen egoera batean jarri bait zuen. Azken batean ordea —eta honetan farre egin zuen— nolabaiteko eskerrona sortu omen zitzaion berarenganako, zeren bere etxeko giltza garrantzitsua suertatu bait zen Ludwigentzat, helbidea behintzat, izan ere —hemen farre egin zuen berriro— Ludwig giltzarik gabe ere sartuko omen zen han, baina giltzak gauzak erraztu egin zituen, eta gainera ba omen zekien ihauterietan etxea libre egongo zela; bi egun lehenago, izan ere, Sträublederrek egiaz eragin nahi izan zion, kasi behartu, eta ihauteri asteburua han igaroko zutela eskaini, Bad B.ko konferentziari baiezkoa eman aurretik. Bai, Ludwigek esan omen zion polizia bila zebilkiola, gudarostetik desertatu egin zuela esan omen zion bakarrik, eta atzerrira aldatuko zirela eta —hirugarrenez egin zuen farre— gozatu egin zuela berogailu hodietatik bidali eta Hochkeppelstrasse ondoan «Ibai ondoan apain bizi»ko bukaeran irteten zen larrialdi-irteera erakutsi zionean. Ez, ez omen zuen uste poliziak bera eta Götten zaintzen zituenik, baizik eta lapur eta polizien arteko erromantizismo moduko bat bezala ikusi omen zuen, eta hurrengo goizean bakarrik —egiaz Ludwigek goizeko seietan alde egin omen zuen— somatu omen zuen zein serioa zen guztia. Lasaiturik sentitzen omen zen Götten atxilotua izan zelako, orain, esan zuen, ezin egin zezakeela ergelkeriarik gehiago. Denbora guztian antsiati egon omen zen, Beizmenne hori ikaragarria gertatu bait zitzaion.

 

 

45

 

        Hemen egiaztatu behar da eta kontutan hartu larunbat arratsaldea eta ilunabarra oso poliki igaro zirela, hain poliki non denak —Blornatarrak, Esle Woltersheim eta Konrad Beiters harrigarriro isila— nahiko lasai bait zeuden. Azkenik —Katharina bera ere barne— «giroa nahiko lasaia iruditu zitzaien». Götten atxilotua, Katharinaren itaunketa itxia, Katharinaren ama, behar baino lehenago bada ere, samin gogor batetik askatua, ehorzketa formalitateak antolatuak, astelehenerako behar ziren beharrezko dokumentuak aginduta, jaiegun izan arren administraritzako funtzionari bat prest azaldu bait zen haiek prestatzeko. Azkenerako pozbide bat ere izan zen, ezen, Erwin Kloog kafeko jabeak, gastatutako guztia (kafea, pattarrak, patata entsalada, lukainkak eta pastelak izan zen guztia) kobratu nahi ez zuelarik, agurtzerakoan esan bait zion:

        — Gora buru hori, Katharinatxo, guztiek ez diten hiregatik gaizki pentsatzen.

        Hitz hauetan ezkutatzen zen pozbidea, ez zen hartarainokoa izango, zer esan nahi bait du «guztiek ez» horrek? Baina, azken batean, «guztiak ez» ziren. Blornatarrenera joatea erabaki zuten, han gaua igarotzeko. Han Katharinari galerazi zitzaion bere esku maratza edozein lekutan ezar zezan, opor zuela eta lasaitu egin behar zuelako. Woltersheim andrea izan zen ogiak sukaldean maniatu zituena, Blorna eta Beiters beheko suaz arduratzen ziren bitartean. Egiaz, Katharinak «behingoagatik losindu» zezaten utzi zien. Geroago, giroa benetan jatortu zen, eta herio bat eta pertsona baten atxiloketa tarteko izan ez balira, berandu egitean, dantzari ere ekingo zioten, azken batean ihauteriak bait ziren.

        Blornak ez zuen lortu Katharina Tötgesekin egiteko aginduta zeukan elkarrizketatik aldentzerik. Oso lasai eta adiskidetsu jarraitu zuen eta gero —elkarrizketa, «elkarrizketa» bezala azaldu zenean—, Blornak, atzera begiratzen zuenean, bizkarrean hozkirria somatu ohi zuen, pentsatzen bait zuen Katharina zein hotz zegoen erabakita elkarrizketarako eta zein irmo uko egin zion bere laguntza eskaintzari. Eta halere, ez zegoen erabat seguru, katharinak gau horretan jadanik erailketarako erabakia hartua zuen. Askoz ere seguruago iruditzen zitzaion IGANDEKO EGUNKARIAk eman ziola azken bultzada horretarako. Bake osoan banatu ziren elkarrekin, besarkada gehiago, oraingoan malkorik gabe, elkarrekin musika serio eta arin piska bat entzun eta bai Katharinak bai Else Woltersheimek Gemmelsbroicheko eta Kuireko beren bizitzetako pasadizo batzuk kontatu ondoren. Gaueko hamar t'erdiak ziren Katharina, Woltersheim andrea eta Beiters, adiskidetasun eta sinpatiarik handienak elkarri aginduz, Blornatarrengandik banatu zirenean, hauek zorionezko zirelarik egiaz garaiz —Katharinarentzat garaiz— itzuli zirelako. Beheko sua suntsitzen ari zen bitartean, ardo botila bat edanez, oporretarako asmo berriak aipatu zituzten eta Sträubleder beren adiskidearen eta beronen emazte Mauden izaera areago. Ondoren Blornak bere emazteari eskatu zionean ikustaldietan «jaun bisitari» hitza ez erabiltzeko, ikusi behar zuela noski hitz-giltza bihurtu zela, Trude Blornak erantzun zion:

        — Ez dugu hori berehala ikusiko berriro.

 

 

46

 

        Katharinak gaua oso lasai igaro zuela, gauza ziurra da. Bere beduina jantzia probatu zuen berriro, joskera batzuk tinkotu zizkion, eta errezela jantzi ordez, esku-oihal bat jaztea erabaki zuen. Oraindik irrati piska bat entzun zuten elkarrekin, zerbait hartu eta azkenik oheratu egin ziren. Beiters, lehenengoz lasai-lasai Woltersheim andrearekin beronen gelara joan zen; Katharina sofa batean etzan zen.

 

 

47

 

        Igande goizean, Else Woltersheim eta Konrad Beiters jeiki zirenean, gosaria erarik ederrenean jarria zegoen, kafea termoan iragazia eta Katharina, apetitorik onenarekin mahaian, gosaltzen, IGANDEKO EGUNKARIA irakurtzen zuela. Hemen ez dugu dena kontatuko, aipatzea aski izango da. Egia, Katharinaren istoria ez zetorren argazki eta guzti lehen orrialdean. Lehen orrialdean oraingoan Ludwig Götten zetorren, honoko tituluarekin: «Katharina Blumen amorante laztana industriagizon baten etxean atxilotua». Inoiz baino luzeagoa zen kontakizuna 7-9 orrialdeetan, argazki ugariz hornitua: Katharina lehen jaunartze egunean, bere aita kabo bezala etxera itzultzean, Gemmelsbroicheko eliza, berriro Blornatarren etxea. Katharinaren ama, berrogeitsu urte zituela, nahiko kastatua, zaharkitua, bizi zen Gemmelsbroicheko etxetxo kaxkarraren aurrean, azkenik ostiraletik larunbaterako gauean Katharinaren ama hil zen ospitaleko argazki bat. Testua:

Oraindik libre dagoen Katharina Blum misteriotsuaren lehen biktima garbia bere ama bera dugu, bere alabaren ekintzak jakitean hartutako kolpea ezin jasan ahal izan bait du. Nahiko harrigarria da noski, bere ama hiltzorian zegoela, alaba lapur eta eraile batekin laztantasun intimoan dantzan egotea; ama hiltzean ere ez zuen malko bakar bat isuri, hain da erabat gaiztoa. Emakume hau «hotza eta kalkulatzailea» al da bakarrik? Lanean eduki zuen sendagile jator baten emazteak honela deskribatu zigun: «Bazuen hark nolabait ere emagaldu itxura. Bota egin behar izan nuen, hazten ari ziren nire semeengatik, gure gurasoengatik eta baita ere nire senarraren izena zaintzeagatik». Ez al zegoen Katharina B. Dr. Fehnern famatuaren iruzurretan nahastua? (EGUNKARIAk eman zuen bere garaian honen berri). Bere aita itxuragile bat al zen? Zergatik bihurtu zen bere anaia kriminal? Eta oraindik argitu gabe dagoena: bere igoera azkarra eta bere irabazi handiak. Erabat garbi dago ordea: Katharinak odolez lausotua dagoen Götteni ihes egiten lagundu zion, lotsaren arrastorik gabe baliatu zen jakitun eta industria gizon ospetsu baten uste onaz eta lagungarritasun zabalaz. Bestalde, EGUNKARIAk badu beste berririk eta honek egiaztaten du, alegia: ez zituela berak jaun bisitariak hartzen, baizik eta berak inork eskatu gabe dama-bisitak egiten zituela, etxeetan lapurretan ibiltzeko. Blumen misteriozko auto ibilaldiak ez dira hain misteriozko. Ohorezko gizon baten izena, haren etxeko zoriona, haren politika karrera —EG UNKARIAK sarri eman du honen berri— hondatzeko arriskutan jarri zituen, batere eskrupulorik gabe, emazte leial eta lau seme-alaben sentimenduengatik ezertan kezkatu Babe. Dirudienez, Blumek, ezkerreko talde batek agindurik, Sn ren karrera apurtu behar zuen.

        Blum errugabetzat azaltzen duenean, poliziak egiaz sinetsi nahi al dio, fiskalak egiaz sinetsi nahi al dio Götten dongeari? EGUNKARIAk berriro ere galdegiten du: Gure itaunketa metodoak ez al dira bigunegiak? Gizatxarren kontra, gizonki jokatu behar al da?

        Blornaren, Blorna andrearen eta berauen villaren argazkien azpian:

Etxe honetan lanegiten zuen bere kasa Blumek zazpietatik hamasei t'erdiak arte, zaintzeko inor ez zeukala, Dr. Blorna eta Dr. Blorna andrearen uste osoa bait zuen. Zer ez zen hemen gertatuko, Blornatarrak ezer uste gabe beren lanetara joandakoan? Edota ez ziren hain uste gabeko? Blumenganako beren harremanak konfidantzazko bezala, kasi etxeko bezala kalifikatzen dira. Auzokoek egunkariko erreportariei esan dietenez, benetako adiskidetasunezko harremanak zituztela esan omen liteke. Hemen argibide batzuk emango ditugu, arazoarekin zerikusirik ez dutenak. Ala bai? Zer egiten du guzti honetan Dr. Gertrud Blorna andreak, Eskola Tekniko ospetsu bateko urtekarietan gaur oraindik «Trude Gorria» bezala ezaguna denak? Nola ihes egin zezakeen Göttenek etxaditik, polizia atzetik izan arren? Nork ezagutzen zituen «Ibai ondoan apain bizi»ko etxaldearen eraikuntza plan oak azken xehetasunetaraino? Blorna andreak. Hertha Sch. saltzaileak eta Claudia St. langileak aho batez esan zioten EGUNKARIAri: «Horiek, nola egiten zuten gero dantzan elkarrekin (Blum eta Götten lapurra aipatu nahi dira), betidanik elkar ezagutu izan balute bezala. Hura ez zen halabeharrezko topo bat, hura berriro elkar ikustea zen»

 

 

48

 

        Götten, ostegun gaueko 23'30 orduaz geroztik Sträublederren etxean zegoela berak jakinda, berrogeita zortzi orduz lasai utzi eta berriro ihes egin ziezaien arriskutan egon zelako, geroago barnean kritikatua izan zenean, Beizmennek farre egin zuen eta esan Göttenek ostegun gauez gero ez zuela batere aukerarik gehiago ihes egiteko. Etxea basoan zegoela, baina «beilari dorrez bezala» gisarik onenean tontorrez inguraturik, Barne Ministrariak bazekiela eta hartutako neurri guztiekin ados zegoela; helikopteroz, entzun ezin zitekeen leku batean noski, talde berezi bat garraiatua izan zela, tontorretan banatua, hurrengo goizean isilka, bertako polizia dozena pare bat poliziarekin indartua izan zela. Garrantzitsuena, Göttenek besteekin harremanik ote zituen jakitea omen zen, eta izandako arrakastak arriskua ongi hartutzat egiaztatu omen zuen. Bostekin hitzegin omen zuen. Eta noski bost pertsona hauek nor ziren aztertu eta atxilotuak izan omen ziren, beren etxeak miatuak, Götten bera atxilotu aurretik. Götten bera, kontaktu guztiak moztu eta kanpotik ikusteko moduan ergel eta lotsagabe jarri zenean heldu omen zuten. Xehetasun batzuk halere EGUNKARIko erreportariei, hango argitaletxeari eta etxe horri loturiko entitateei eskertu bebar omen zizkion, metodo libreagoak eta ez beti ohizko direnak baitituzte eskutan azterkari ofizialei ezkutuan geratzen zaizkien gauza batzuk jakiteko. Horrela nabari ikusi da Woltersheimen bizitza Blorna andrearena bezala ez dela orri idatzi gabe bat. Woltersheim hori 1930ean Kuiren emakume langile batengandik ezkontzaz kanpo jaio zen. Ama bizirik zeukan oraindik, eta non ordea? Alemania Demokratikoan, eta ez noski hartara beharturik, bere borondatez baizik; sarri eskaini omen zitzaion, lehenengoz 1945ean, berriro 1952an, geroago 1961ean murua eraiki aurretxoan Kuir bere jaioterrira itzul zedin, han etxetxo bat eta lur zati bat omen zuelako. Berak alabaina ezetz esan zuen, eta hiru aldietan gainera eta hiru aldietan argi eta garbi. Jakingarriagoa omen zen oraindik Woltersheimen aitarena, delako Lumm bat, langilea hau ere, Partidu Komunistako partaidea, 1932an Batasun Sobietarrera atzerriratua eta han desagertu omen zena. Berak, Beizmennek uste zuen, Alemaniako gudarosteko galduen zerrendetan ez zegoela gisa hartako desagerturik aurkitzerik.

 

 

49

 

        Ez baitago ziur izaterik, jokabide eta gertakizunen arteko lotura jakin eta nahiko esanguratsu batzuk beharbada aipamen soil bezala ez ote diren galdu edo oker ulertu, zilegi da honetan oraindik ohar bat egitea: EGUNKARIAk, Katharinaren amaren heriotz aurreratua zalantzarik gabe Tötges bere erreportariaren bidez ekarri izanik, IGANDEKO EGUNKARIAn, Katharinari egozten zion bere amaren heriotzaren errua eta gaineratzen zion areago —hain zuzen ere garbiago edo ilunago—, Sträublederri bere bigarren etxeko giltzak ohostu zizkiola! Hau argitan jarri behar da berriro, ez baitago honetan seguru izaterik. Ezta ere EGUNKARIko irain, gezur, nahasketa guztiak ongi ulertu diren.

        Jar dezagun hemen, EGUNKARIAk gizon nahiko burutsuen gain ere eraginik izan dezakeelako adibide gisa, Blorna bera. Blorna bizi zen villa auzoan ez zen noski IGANDEKO EGUNKARIA saltzen. Han hoberik irakurri ohi zen. Horrela bada, dena igaroa zela uste bait zuen eta Katharinak Tötgesekin izan beharreko elkarrizketari beldur izpi bat bait zion Blornak eguerdian, Woltersheim andreari dei egin zionean jakin zuen IGANDEKO EGUNKARIAk zekarren artikuluaren berri. Woltersheim bere aldetik sinetsita zegoen ordurako Blornak IGANDEKO EGUNKARIA irakurrita zeukala. Ustez garbi dago Blorna gizon jator bat, Katharinarekin zintzo arduratua zela, baina baita gizon burutsu bat ere badela. Beraz orain, IGANDEKO EGUNKARItik zegozkion pasarteak Woltersheim andreari irakurterazi zizkionean, zentzunik gabe geratu zen —hala esan ohi da—, barne guztia irakiten jarri zitzaion. Garraisi egin zuen, sutan jarri zen, sukaldean botila huts bat bilatu eta bat aurkitu zuen, harekin garajera joan zen, han zorionez emazteak topatu zuen eta egiazko Molotov-koktel bat egitea eragotzi zion, EGUNKARIAren erredakzioan bota nahi zuena eta bigarren bat Sträublederren lehen etxean botatzeko asmotan zena. Garbi eduki behar da: berrogeita bi urteko gizon bat, unibertsitatean ikasia, tratuak egiteko zuen trebeziagatik eta argitasunagatik, zazpi urtetan Lüdingen errespetoa, Sträublederren begirunea irabazi zituena —eta hori nazioarteko mailan, Brasilen bezala Arabia Sauditan eta Ipar-Irlandan—, beraz ez zen probintziano bat, mundu zabalean ibilia baizik; honek Molotov-koktel bat egin nahi zuen!

        Bapateko anarkismo burgeskume erromantikoa zela hau adierazi zion Blorna andreak, gorputzeko zauri bat gozatzen den bezala gozatu zion, telefonoa hartu, Woltersheim andreari pasarte horiek irakurterazi, eta hemen esan behar da: nahiko zurbil jarri zen bera ere, eta Molotov-koktelak baino askoz okerrago izan litekeen zerbait egin zuen, telefonoa hartu zuen, Lüdingi deitu (une horretan, hau bere marrubiak esnegainarekin eta bainillarekin jaten ari zen), eta besterik gabe bota zion: «Zerri hori, apoa halakoa». Ez zuen esan nor zen, baina uste dezakegu Blornaren ezagun guztiek ezagutzen zutela honen emaztearen ahotsa izan ere bere esaldi zorrotz eta mingarriengatik beldur bait zioten. Hau, berriro, gehiegi iruditu zitzaion bere senarrari, Sträublederri deitu ziola uste bait zuen. Ba, istilu batzuk piztu ziren, Blornatarren artean, Blornatarren eta gainerakoen artean, baina inor eraila izan ez zenez gero, zilegi bedi guzti hau alde batera uztea. IGANDEKO EGUNKARIAren ondorio hauek, berez nahiko garrantzirik gabeak, baina egiaz nahita bilatuak, hemen aipatu egin behar dira, horrela jakin dadin nola jende hezia eta begiratua haserretu zen eta gaiztakeriarik gogorrenak egiteko prest zegoen.

        Egiaztatua dago, Katharina ordu horretan —eguerdiko hamabiak aldera— ordu erdiz nor zen inork ez zekiela bertan egon ondoren eta agian Tötgesi buruzko informazioa bildu ondoren, «Zur Goldente» kazetarien taberna utzi zuela eta bere etxean, ordu laurden geroago etorriko zen Tötgesen zain egon zela. «Elkarrizketari» dagokionez, ez dago gehiago esan beharrik. Badakigu nola bukatu zen (ikus 3. puntua).

 

 

50

 

        Harrigarriena, zerikusirik zuten guztiak harritu zituen Gemmelsbroicheko erretorearen azalpenak, alegia Katharinaren aita ezkutuko komunista bat zela; egia ote zen aztertzera, Blorna herri honetara joan zen egun baterako. Hasteko: erretoreak bere azalpena egiaztatu egin zuen, aitortuz EGUNKARIAk bere hitzak zehatz eman zituela, bere eritzia indartzeko frogarik ezin eman zezakeela, areago esan zuen, behar ere ez zuela behar, bere usaimenarekin fida zitekeela, eta berak komunista usaina hartu ziola Blumi; ez zuen bere usaimena definitu nahi izan, arerago ez zegoen laguntzeko oso prest, Blornak eskatu zionean bere usaimena definitu ezin bazuen, argitzeko nolakoa zen behintzat komunista baten usaina, alegia zein usain duen komunista batek; eta hemen —tamalez esan egin behar da— erretorea nahiko zakar jarri zen, ea katolikoa zen galdetu zion Blornari, eta honek baietz erantzun zionean, menpekotasunezko obligazioa gogoratu zion erretoreak, Blornak ordea ez zion ulertu. Noski, handik aurrera eragozpenak izan zituen Blumi buruzko azterketetan, zirudienez ez bait ziren oso maiteak ere, txarkeriak entzun zituen Katharinaren ama zenari zegokionez, ondoren bidalia izan zen sakristauarekin batera behin egitan botila bat meza-ardo hustu bait zuen; txarkeriak entzun behar izan zituen Katharinaren anaiari buruz, egiaz hondamendi bat izan bide baitzen, baina Katharinaren aitaren komunismoa egiaztatzen zuen aipamen bakarra 1949ko urtean Schemel nekazariari herriko zazpi tabernetako batean esandadoa zen, alegia «sozialismoa ez da gauzarik okerrena». Gehiago ezin atera zitekeen. Blornak lortu zuen gauza bakarra izan zen, herrian egindako azterketa zorigaiztoko hura bukatzean, bera ere komunista bezala iraindua ez, baina bai kalifikatua izatea, eta hain zuzen ordura arte laguntza moduko bat, sinpatia ere azaldu zion batek gainera: Elma Zurbringer maistra jubilatuak, zeinak, agur esatera joan zitzaionean, lotsagabe irrifarrea egin, keinu ere bai eta esan baitzion:

        — Zergatik ez duzu aitortzen zu ere horietakoa zarela? Eta zure emaztea, zer esanik ez.

 

 

51

 

        Ezin ahaz liteke hemen beste indarkeria bat, Blorna Katharinaren prozesurako prestatzen ari zela gertatua. Huts handia egin zuen, Katharinak eskatuta Göttenen defentsa hartu eta behin eta berriro saiatu zenean bisita baimena lortzen, esaten baitzuen ezkongaiak zirela. Egiaz otsailaren arrats berezi hartan eta jarraitu zion gauean gertatu zela ezkon hitza ematea. Etab. Etab. Pentsatzekoa da zertzuk idatzi zituen EGUNKARIAk berari, Götteni, Katharinari eta Blorna andreari buruz. Baina hemen ez dugu guztiori aipatuko edo bona aldatuko. Maila aldaketa edo bihurritze batzuk beharrezko direnean egin behar dira, eta hemen ez da beharrezko, dagoeneko ezaguna bait dugu EGUNKARIA. Blornak dibortziatu nahi omen zuelako zurrumurrua zabaldu zen, eta zurrumurru horretan ez zegoen egia izpirik, ez eta txikienik ere, baina senar-emazteen artean deskofidantza ereiten du. Esan zen finantza aldetik kakaztuta zegoela, eta hori txarra zen, egia zelako. Uste ez bezala joan zitzaion benaz, Katharinaren etxeari dagokionez konfidantzazko zeregin moduko bat hartu bait zuen beregain, zaila bait zen alokatzen, eta ezinezkoa saltzen «odoldua» bait zegoen. Edozein modutan prezioa gutxitu zuen, eta une berean Blornak amortizazioak, interesak etab. nahiko altuak gainera, ordaindu behar zituen. Hasi ziren bestalde lehendabiziko seinaleak ezen «Haftex»ek, «Ibai ondoan apain bizi» etxaldeari dagokionez, Katharina Blumen kontra kalte-ordain auzi bat sartu zuen, alokazio, tratu eta gizarte balioa hondatu zituelako. Hara ikusi: arazoak, nahiko arazo ugari. Katharinari etxadiaren azpiegitura irakastean konfidantza urratu zuelako, Blorna andrea arkitekto firmatik botatzeko saioa, lehen instantzian ukatua izan zen, baina inork ez daki bigarren edo hirugarrenean ez ote den ongi aterako. Oraindik beste bat: bigarren kotxea kendu dute, eta aspaldi ez dela azaldu da EGUNKARIAn Blornaren «katxarro» nahiko elegantearen argazki bat, oinean zekarrela: «Noiz jaitsiko da legegizon gorria gizon arruntaren kotxera?»

 

 

52

 

        Garbi dagoenez, Blornak «Lüstra»rekin (Lüding eta Sträubleder Investiment) dituen harremanak elbarritu egin dira, apurtu ez baldin badira ere. Oraingoz «kitaketak» aipatzen dira bakarrik. Edozein modutan ere, aspaldi ez dela Sträublederrek telefonoz jakinerazi zion: «Ez zaituztegu goseak hiltzen utziko», Blorna gehien harritu zuena izan zelarik «zaituztegu» esan ziola, ez «zaitugu». Gaur oraindik izan ere «Lüstra» eta «Haftex»entzat lanegiten du, baina ez nazioarteko mailan, ez eta nazio mailan ere, gehienetan beraz herri mailan eta horrek esan nahi du kontratu hausketekin eta errekeritzaileekin ibili behar duela, adibidez agindutako marmolezko azalaren ordez, Solnhoffeneko harlausa jarri dela, edota norbaiti bainuko atean hiru esmalte kapa aginduta, aiztoaz arraskatzean, jakitunak ekarri eta bi bakarrik eman zaizkiola egiaztatzen dutenak; jarioa duten kanilak, akasdun hondakin iresgailuak, horrela hitzemandako garaietan ordaintzen ez dutenak: horiek dira bere eskuetan orain jartzen diren kasuak, lehen etengabe ez bazen ere nahiko sarri Buenos Aires eta Persepolis artean ibili ohi zen bitartean, proiektu handien egitarauketan laguntzeko. Soldaduskan degradazioa deritza, sarri nahiko umiliagarri delarik. Ondorioak: oraindik urdaileko zauririk ez, baina Blornaren urdaila hasia dago antzematen. Okerrena: Kohlforstenheimen bere azterketak egin zituela, bertako poliziarengandik jakiteko ea, Götten detenitu zutenean giltza barrutik edo kanpotik jarrita zegoen, edo ea Götten indarrez sartu izanaren seinalerik aurkitu zuten. Zer da gero hau, ikerketak bukatuta egonda? Hau —egia esan behar da— ez da bihotzerrea sendatzeko aproposena Hermanns polizia berarekin jator egon bazen ere, komunismorik aurpegiratu ez, baina ez nahasteko gauza horietan gomendatu arren. Kontsolamendu bat du Blornak: emaztea egunetik egunera jatorrago zaio, beti gordetzen du mihi zorrotz hura, baina ez du bere kontra erabiltzen, baizik gainerakoen kontra, denen kontra ez bada ere. Beren asmoa, alegia beren villa saldu, Katharinaren etxea erosi eta hara aldatzea, etxearen neurriagatik ez da oraingoz burutu: txikiegia da; izan ere Blornak hiriko bere estudioa utzi nahi du eta bere arazoak etxean konpontzeko asmoa du. Bera, liberal bat, ongi bizitzea gustatzen zitzaiona, lankide maite eta alai bat, party gustagarriak ematen zituena, hasia dago beti hain arduratsu zaintzen zituen jantziak uzten, eta nola egiaz, eta ez modaren erara uzten dituen, lankide batzuek esan ere egiten dute bere gorputzeko garbiketa ez duela egiten eta usaina ere botatzen duela. Beraz, itxaropen gutxi dago ibilbide berri bati hasiera eman diezaion; izan ere —eta hemen ez da ezer isildu behar, ezertxo ere ez — egiaz bere gorputzaren usaina ez da lehengoa, goizean, azkar dutxara sartu saboi, desodorante eta usain gozoa ugari erabiltzen duen batena. Labur: aldaketa handia ari da gertatzen berekin. Bere adiskideak —oraindik baditu batzuk, berauen artean Hach; honekin Götten eta Katharina Blumen kasuak direla eta, lanagatik ere zerikusirik badu— kezkaturik dabiltza, batez ere bere haserreak —adibidez EGUNKARIAren kontra, oraindik ere artikulutxo batzuk argitaratzen bait ditu bere kontra— kanporatu gabe irentsi egiten dituelako. Beren adiskideen kezka hain da handia non Trude Blornari eskatzen bait diote kontrolatzeko etengabe, Blornak ez ote duen armarik erosten edo lehergailurik egiten, izan ere eraildako Tötgesek izan du jarraitzailerik, Eginhard Templer izenaren azpian Tötgesek izan du jarraitzailerik, Eginhard Templer izenaren azpian Tötgesen jarraitzaile moduko bat bait dabil: Templer honek lortu zuen, Blorna enpeinu-etxe pribatu batera sartzerakoan fotografiatzea; gero dirudienez erakusleihotik fotografiaturik, EGUNKARIAren irakurleei Blornaren eta enpeinatzailearen arteko negoziaketaren ikuspegi bat ematea: lupa batez aztertzen zuen eraztun baten enpeinu-balioaz negoziatzen ari ziren. Argazkiaren oinetan: «Iturburu gorriari ez al dario gehiago, edo beharretan dagoen bat ikusten dugu hemen?»

 

 

53

 

        Blorna egiaz saiatzen da Katharina komentzitzen auzian esan dezan igande goizean bakarrik hartu zuela Tötgesekin mengatzeko erabakia, inolaz ere ez hura hiltzeko asmotan, beldurtzeko asmotan baizik. Egiaz, Larunbatean, Tötgesi elkarrizketarako deia egin zionean, bere eritzia argi eta garbi esateko asmoa izan zuela eta gainera zertzuk sortu zizkion bere bizitzan eta bere amaren bizitzan, baina hiltzerik ez zuela pentsatzen igandean, ez eta IGANDEKO EGUNKARIA irakurri ondoren ere. Inolaz ere Katharinak egunetan planteiatu eta planteiatu bezala burutu ere izanaren ideia baztertu behar zen. Saiatzen zaio argitzen —aitortzen bait du lehendabiziko artikulua irakurri ondoren, ostegunean bertan izan zituela erailketa-asmoak—, batzuetan batek —berak ere bai— izaten dituela erailketa asmoak, ez dela gauza bera erailketa asmoa eta erailketa egitamua. Oraindik areago kezkatzen duena: Katharinak ez duela batere damurik, eta ez duela gainera epailearen aurrean damurik erakutsiko. Deprimiturik ez, nolabait pozik dago, bera «nire Ludwig maitearen kondizio beretan» bizi delako. Giltzapetu zintzotzat daukate, sukaldean lanegiten du, baina auziaren hasiera atzeratzen bada, diruzaintzara (ekonomiara) aldatua izango da; han ordea —hala jakin izan da— ez diote ongietorririk egingo: berak daukan zuzentasun famari beldur diote nola funtzionariek hala gartzelatuek eta gainera, Katharinak agian gartzela denbora guztian —hamabost urte eskatuko dizkiotela uste da, eta zortzi-hamar urte hartuko dituela espero da— diruzaintzan edukiko dutela zabaltzen da albiste gaizto bezala gartzela osoan. Ikusten da: zuzentasuna, plangintzarako adimen batekin lotua, ez da inon ongietorria, ez eta gartzelan ere, ez eta administraritzaren aldetik ere.

 

 

54

 

        Hachek konfidantzan Blornari jakinerazi zionez, Göttenen kontrako erailketa denuntzia ezin egiazta zitekeen eta horregatik ez zuten aipatu ere egingo. Berak gudarostetik ez bakarrik desertatu, baizik eta erakunde bedeinkatu horri kalte egin diola (materialki, ez moralki bakarrik), egiaztatutzat ematen da. Banku atrakorik ez, baina bai bi errejimenduren soldatak eta nahiko diru ugari zeukan gordailu bat hustu izana; eta gainera balantze okerrak eta armak ohostu izana. Beraz, beretzat zortzi edo hamar urte bota behar dira. Orduan, libre ateratzean, hogeita hamalau urte izango lituzke, eta Katharinak hogeita hamabost, eta honek badu benetan etorkizunerako asmorik: libre ateratzerako bere kapitalak interesak emango dituela ateratzen ditu kontuak eta orduan nahi luke «non edo han, ez hemen, noski, restaurante bat zerbitzu egoki batekin» irekitzea. Göttenen andregai bezala deklara litekeen, hori ez goragoko baizik eta goreneko lekuan erabaki beharko da. Hala, eskabideak badaude eta instantziatan zehar ari dira beren bide luzea egiten. Bestalde, Göttenek Sträublederren etxetik egindako telefonozko deiak azken batean ejerzitokoei edo berauen andreei egin zizkien, tartean ofizialak eta ofizial-emazteak ere zirela. Zarata polita aterako zuen eskandaloa sortuko omen da.

 

 

55

 

        Katharinak bere etorkizunari kasi lasai, bere askatasunean mugatuta bakarrik, begiratzen zion bitartean, Else Woltersheim gero eta garratzago ari da jartzen. Bere ama eta estalinismoaren biktimatzat ikusia zegoen bere aita difamatu izanak, oso mindu du bera. Else Woltersheimen baitan gizartearen aurkako joerak gero eta indar handiagoz nabari dira, Konrad Beitersek berak arindu ezin dituenak. Nola Else gero eta gehiago buffet hotzetan espezializatu den, dela antolakuntzan, dela prestatu eta zaintzen, bere agresibitatea gero eta gehiago zuzentzen da partyzaleen kontra, berdin dio nazioko edo atzerriko kazetari, industriari, sindikatuko funtzionari, bankari edo zuzendaritzako enplegatu izan.

        — Batzuetan —esan zion berriki Blornari—, nire buruari indar egin behar diot zapo horietako bati patata entsalada plater bat frakera ez botatzeko edo lardats horietako bati salmoi urdaiazpiko plater bat paparretik barrura ez iraultzeko, ea behingoz ikasten duten zer den izua. Beste aldetik, gu gauden lekutik ikusi beharko zenuke: nola dauden denak ahoak zabalik, hobe esan muturrak zabalik, eta nola jotzen duten denek lehendabizikoz kaviar-ogitxoetara, eta badira han tipoak, milionarioak edo milionarioen emazteak direla dakidanak, zigarrilloak eta poxpoloak, pastelak poltsikoetan ezkutatzen dituztenak. Hurrengo, plastikozko boltsak ekarriko dituzte, beraietan kafea ere eramateko, eta hori guztia, guzti-guztia nolabait, nola edo hala, gure zergen kontura doa. Badira tipoak, gosaria edo bazkaria aurreratzen dutenak eta putreak bezala buffetera jauzi egiten dutenak, barka, baina ez nieke putreei irainik egin nahi.

 

 

56

 

        Borroka baten berri jakin izandu da orain artekoan, tamalez gizartean zabalkunde handia eduki duena. Frederick Le Boche margolariaren erakusketa baten irekieran, haren mezenastzat hartua bait zen Blorna, Sträubleder aurkitu zuen lehenengoz aurrez aurre, eta hau distiratsu hurbildu zitzaion, baina nola Blornak ez zion eskua eman nahi, Sträublederrek Blornaren eskua kasi harrapatu eta xuxumuxuka esan zion:

        — Jainkoarren, ez ezakela hain seriotan hartu, ez zaituztegu hondatzen utziko, baina hi heu ari haiz tamalez heure burua hondatzen.

        Ba, tamalez gauzen berri gertatu bezala emateko, esan behar da une horretan Blornak bero bat eman ziola muturrean Sträublederri. Azkar esana, azkar ahaztua: odola zerion Sträublederren sudurretik, kalkulu partikularren arabera, lautik zazpi tantotara, baina okerrago dena: Sträublederrek atzera egin zuen, baina esan ere esan zuen: «Barkatzen diat, dena barkatzen diat, hire egoera emozionala kontutan hartuz». Eta horrela, ohar horrek dirudienez Blorna bere onetik erabat atera bait zuen, bertan zeudenek «mutur-joka» bezala kalifikatu duten zerbait gertatu zen, eta Sträubleder eta Blorna bezalako jendea gizartera azaltzen denean gertatu ohi den bezala, han zegoen EGUNKARIko argazkilaria, Kottensehl delako bat, erailako Shommerren ondorengoa, eta agian EGUNKARIAri —ezaguna bait zaigu dagoeneko honen izaera— ez zaio gaizki hartu behar argazkia argitara eman izana, izenburu bezala jarriz: «Politiko kontserbadorea abokatu ezkertiarrak eraso». Hurrengo goizean, noski, behar duen bezala. Erakusketak zirauen bitartean, Maud Sträubleder eta Trude Blorna ere elkarrekin izan ziren. Maud Sträublederrek Trude Blornari esan zion:

        — Erruki haut bihotzetik, Trude maitea.

        Eta Trude B.k Maud S.ri erantzun zion:

        — Gorde hire errukia gainerako sentimenduak gordetzen ditunan izoztegian.

        Orduan Maud S.ren aldetik barkazioa, bihozbera, errukia, bai kasi maitasun eskaintza jaso zituenean, alegia hitz hauekin: «Ezerk ez, ezta hire esan xahutzaileek ere ez dinate nire sinpatia gutxituko», Trude B.k erantzun zion hemen jarri ezin daitezkeen hitzekin, zeharka bakarrik eman daitezkezkeenekin; Trude B.k Maud Sträublederren hurbilketa saio ugariak zapuzteko erabili zituen hitzak ez dira egokiak dama batentzat eta beste zenbaiten artean —legegizon baten emaztea behartzen duen ofiziozko isiltasuna urratuz— eraztuna, eskutitzak eta giltzak aipatu zizkion, «behin eta berriro zapuzturiko hire pretendienteak etxe jakin batean utzi zituenak». Honetan bi dama haserretuak Frederick Le Bochek banatu behar izan zituen, zeinak ez zuen aukera galdu baretasun osoz Sträublederren odola garbiketa paper batekin jaso eta gero —berak deitzen zuen bezala «One minute piece of art» lantzeko, izen bezala «Gizonen arteko urte luzeetako adiskidetasun baten amaia» jarriz, sinatu eta ez Sträublederri, Blornari baizik erregalatu zion, hitz hauek esanez: «Hire ondarea hobetzeko sal dezakek». Azkenik aipatu gertakizun honetan bezala, hasieran deskribaturiko indarkerietan ikus liteke nola arteak zeregin sozial bat betetzen duen.

 

 

57

 

        Tamalgarria da, noski, amai aldera goazela, hain harmonia gutxi azaltzea eta hartarako itxaropen gutxi izatea gainera. Ez da bateraketarik gertatu, konfrontazioa baizik. Zilegi bekigu hemen galdera egitea, nolatan eta zergatik hain zuzen? Hara emakume gazte bat, umore onekoa, kasi pozik dantza errugabe batera joana, lau egun geroago —hemen ez dugu epaiketarik egiten, informazioa ematen baizik, beti gertakarien berri emanez geratuko gara— eraile bihurtuko da, egunkarietako berrien eraginez. Urte luze-luzeetan adiskide izan diren bi gizonen artean haserrea eta tentsioak sortzen dira, azkenik eskuetara etorri arte. Erruki zapuztua, bai maitasuna ere zapuztua. Egiaz, bilakaera mingarria. Gizon alai, ireki batek, bizitza, bidaia, luxua maite dituen batek, bere burua hainbesteraino uzten du, non gorputzetik usain txarra botatzen bait du! Ahoko kiratsa ere somatu zaio. Bere etxea salgai jartzen du, enpeinu-etxera joaten da. Bere emaztea «zerbaiten bila» hasten da, seguru bait da bigarren instantziakoan galduko duela; prest dago gainera, emakume prestu hau prest dago «barne-arkitekturako kontseilari» tituluarekin altzari firma handi batera saltzaile trebe bezala aldatzeko, baina han jakinerazten zaio «guk saldu ohi diogun giza taldea, emakume agurgarri hori, da hain zuzen ere etsaitu zatzaizkion bera». Labur esan: ez dauka itxura onik. Hach fiskalak bere adiskideei xuxukatu die Blornari esaten ausartu ez zaiona: Katharinarenganako duen atxikimendu hertsiagatik, haren abokatu izatea ukatuko zaiola. Zer gertatuko da orain, nola bukatuko da guztia? Zer gertatuko zaio Blornari, Katharina bisitatu ezin badu eta hari —ezin gorde daiteke gehiago esan gabe— eskuak hartu ezin badizkio? Zalantzarik ez da: maite du Katharina, honek ez bera, eta ez du itxaropen apurrik gehiago, guztia, guzti-guztia «Bere Ludwig maitearentzat» bait da! Eta gaineratu egin behar da «eskuak hartze hori» erabat alderdi bateko gauza dela, azken batean guztia hauxe da, alegia, Katharinak aktak edo oharrak edo akta-karpetak luzatzen dizkionean, berak eskuak haren eskuetan jartzen dituela behar baino luzetxoagoz, agian segundu baten heren-laurden batez, gehienik ere bosten batez luzaroago. Madarikatua, nola sor liteke hemen harmoniarik, Katharinarenganako duen jaiera handiak ez badu bultzatzen —esan dezagun berriro— sarritxoago garbitzera? Ez du kontsolatzen ez eta erailketa-armaren jatorria berak asmatu izanak —ez Beizmennek, ez Moedingek ez eta bere lankideek ere lortu ez zuten zerbait—. Agian, «asmatzea» gehiegi esatea da; izan ere Konrad Beitersek bere borondatez egindako aitorketa bat zen, aukera horretan nazi-ohi bat zela aitortu bait zuen, eta horri zor ziokeen ziurrenetik orain artean kasurik egin ez bazioten. Ba, bera Kuiren zuzendari politikoa izan omen zen, eta bere garaian Woltersheim amaren alde zerbait egin omen zuen eta, ba, pistola bere ofizioko pistola zuen, berak ezkutatu zuena, baina tontoaren moduan inoiz Else eta Katharinari erakutsi omen zien; inoiz basora joan ere egin omen ziren eta tiro ariketak egin; Katharina oso tirotzaile on azaldu omen zen, eta jakinerazi ere bai gaztetan ehiza-elkartean zerbitzari izana zela, eta noiz edo behin tiroak botatzen uzten ziotela. Ba, larunbat gauean Katharinak bere etxeko giltzak eskatu omen zizkion, arrazoi bezala jarriz, ulertuko zuela bakarrik egon nahi zuela, bere etxea beretzat hilda, hilda zegoela... baina larunbatean Elserenean geratu zela eta pistola igandean hartu behar izan zuela bere etxetik, eta hain zuzen gosaldu eta IGANDEKO EGUNKARIA irakurri ondoren, emakume beduina bezala jantzita, kazetarien taberna hartara joaterakoan.

 

 

58

 

        Erdi farregarria den zerbait geratzen da oraindik azkenik jakinerazteko: Katharinak Blornari gertakizunaren bilakaera kontatu zion, areago kontatu zion erailketaren eta Moedingengana joan zen bitarteko zazpi edo sei ordu t'erdiak nola igaro zituen. Zorionez, dena hitzez-hitz alda dezakegu hona, Katharinak izan ere dena idatzi eta Blornari auzian erabil zezan eman bait zion.

        — Begirada bat botatzeko bakarrik joan nintzen kazetarien tabernara. Zera jakin nahi nuen, alegia, halako gizon batek, nire bizitza erabat hondatu didan gizonak, zein itxura duen, zein keinu egiten dituen, nola mintzo den, nola edaten, dantzan nola egiten duen. Bai, aurretik Konraden etxera joan eta pistola hartu eta kargatu ere neuk egin nuen. Lehenago basoan tiro batzuk botatzen arituak ginenean, zehatz irakatsarazi nion hau. Tabernan ordu t'erdi-bi ordu egon nintzaion zain, baina ez zen azaldu. Itxura nazkagarrikoa bazen, elkarrizketara batere ez joatekoa zen nire asmoa, eta lehenagotik ikusia izan banu, ez nintzatekeen joan ere egingo hara. Ez zen ordea tabernara etorri. Inork ez molestatzeko, tabernariarekin hitzegin —Kraffluhn deritza, Peter, nire lanetatik ezagutzen bait dut, berak batzuetan zerbitzariburu bezala ere lanegiten zuenez— eta eskatu nion edari zerbitzen mostradore ostean laguntzen uzteko. Peterrek bazekien noski EGUNKARIAk niregatik zertzuk ekarri zituen, eta berak agindu zidan Tötges azalduko balitz keinu bat egingo zidala. Behin edo bitan, ihauteriak ere baziren eta, dantzara atera ere atera ninduten, baina nola Tötges ez zetorren, oso urduritu nintzen, ez bait nuen batere prestatu gabe harengana joan nahi. Hala, hamabiak aldera etxera joan nintzen, eta oso gaizki sentitu nintzen nire etxe zikindu eta lohituan. Minutu pare batez itxaron behar izan nuen, tinbreak jo zuen arte, pistolari segurua kendu eta nire esku-boltsan heltzeko moduan jartzeko denbora juxtu. Bai, eta orduan tinbreak jo zuen, eta han zegoen bera ate aurrean ireki nuenean, eta nik pentsatu nuen behean jo zuela eta minutu pare bat edukiko nuela, baina azentsorez igoa zen, eta han zegoen nire aurrean eta ni izututa nengoen. Hara, bapatean ikusi nuen nolako zerria zen, egiazko zerri bat. Eta gainera polita. Polit esan ohi den horietakoa. Hara, zuk ikusi dituzu argazkiak. Esan zuen «Eta, Blumetxo (*), zer egingo dugu biok elkarrekin?» Ez nuen hitzik esan, sartu nintzen berriro eta bera atzetik sartu zen, eta esan zuen: «Zeri begiratzen diozu horrela, hain ergel, nire loretxo; hasteko, zera proposatzen dizut: goazen larrujotzera». Hara, bitartean nik neure esku-poltsa hartua nuen eta berak nire soinekoei heldu zien eta nik pentsatu nuen : «nahi baduk» eta pistola atera nuen eta bertan tiro bat bota nion. Bi aldiz, hiru aldiz, lau aldiz. Nik ez dakit ziur zenbat aldiz. Zenbat, hori poliziaren txostenean irakur dezakezu. Bai, bai, ez uste izan niretzat erabat berri zenik gizon batek niri soinekotik heldu nahi izate hori —zure bizitzako hamalaugarren urtetik, eta lehenago ere, neskame lanegin behar baduzu, zerbaitetara ohitu beharko duzu—. Baina kaiku horrek, eta gainera «larrua jo», eta pentsatu nuen: ongi da, jo ezak ba larrua orain. Berak noski ez zuen halakorik pentsatu, eta harrituta begiratu zidan segundu erdiz edo, filmetan bezala oraindik ezer jakin gabe bapatean hiltzen dutenean bezala. Orduan erori egin zen, eta hilda zegoela uste dut. Bere ondoan bota nuen pistola, eta kanpora atera, azentsorean jeitsi, eta berriro tabernara joan nintzen eta Peter harriturik zegoen, ez bait nuen ordu erdirik kanpoan egin. Orduan mostradorean jarri nintzen berriro, ez nuen dantzan egin, eta etengabe pentsatzen nuen «ez da baina egia», banekien ordea egia zela. Eta batzuetan Peter niregana hurbildu eta esaten zidan: «Hori, hire lagun hori, gaur ez dun etorriko», eta nik esaten nion: «Hala zirudik». Berdin balitzait bezala egiten nuen. Laurak arte pattarra jarri nuen eta zerbezak atera eta txanpaina ireki eta sardin zaharrak zerbitu. Orduan, alde egin nuen, Peterri agur egin gabe, ondoko eliza batera joan nintzen, ordu erdi bat edo eserita egon nintzen han, eta nire amarekin pentsatu nuen, izan zuen bizitza madarikatu, errukarri hura; eta baita ere nire aitarekin, beti, beti aieneka zebilela, beti, eta estatua eta eliza, poliziak eta funtzionariak, ofizialak eta dena madarikatzen zuela, baina inoiz haietako batekin zereginik bazuen, kikildu egiten zela, kasi arrastaka ibili ohi zela hainbesteko morroikeriarengatik. Eta nire gizonarekin, Brettloh, kakazu lotsagabe hori, Tötges horri kontatu ziona; nire anaiarekin ere bai noski, beti eta beti nire diruaren atzetik zebilela, marko pare bat bakarrik irabazi banuen ere, eta xaxa eta xaxa aritzen zitzaidala edozer lelokeriatarako, jantziak edo motoak edo jokoetxeak; eta baita ere erretorearekin, eskolan «gure Katharinatxo gorria» izendatzen ninduela, eta nik ez dakit zer esan nahi zuen eta gela guztiak farre egiten zuen, ni benetan gorri jartzen nintzelako. Bai. Eta Ludwigekin noski. Orduan elizatik atera nintzen eta hurrengo zinemara, eta berriro zinematik kanpora eta berriro elizara, hura bait zen ihauteri igandean bake piska bat zegoen leku bakarra. Pentsatzen nuen noski, han etxean zegoen hildakoarekin. Damurik gabe, tamalik gabe. Larrua jo nahi zuen, ezta, ba nik jo nion larrua, edo? Eta une batez pentsatu nuen bera zatekeela gauez deitzen ninduen kaikua eta etengabe Else mintzen zuena. Nik pentsatzen nuen, hori da egiatan ahotsa, eta berriketan eragin nahi nion piska bat, arazoa argitzeko, baina zertarako balioko zuen? Eta orduan kafe kargatu baten gogoa sortu zitzaidan, eta Bekering kafetegira joan nintzen, ez tabernara, sukaldera baizik, Kathe Bekering, ugazabaren emaztea, etxe-finantz eskolatik ezagutzen nuen eta. Kathe jator portatu zitzaidan, egiteko asko bazuen ere. Kafe katilu bat eman zidan, berak arbasoen gisara ura kafe ehoari botaz egiten dakienetik. Baina orduan EGUNKARIko kaka guzti horrekin hasi zen, eratsu baina zerbait sinetsiko balu bezala, eta nola jakin behar du jendeak den-dena gezurra dela? Saiatu nintzaion argitzen, baina ez zuen ulertu, baizik begiez keinu egin eta esan: «Eta hik benetan maite dun tipo hori», eta nik esan nion «Bai». Eta orduan kafeagatik eskertu nion, kanpoan taxi bat hartu nuen eta beste hartan hain jator portatu zitzaidan Moeding horrengana joan nintzen.

 

(*) Blumchen dio jatorrizkoan, hitz-jokoa eginez. Blumen diminutiboa da batetik, edota Blume —lore— hitzarena. Hortik, blumetxo = loretxo.

 

 

© Heinrich Böll

© itzulpenarena: Pello Zabaleta

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.eus