JESUSEN LAGUNDIKO AITA JOSE MARI LASKIBAR'KOARI

 

Atoz pekataria'ren doñuan

 

Jesusen Lagundiko

Aita Jose Mari,

¡zenbat atsegin eman

dizkiguzun guri!

 

Betor, betor, Satanas,

bai ere Luzifer,

betoz Judas ta Kaifai

betoz milla bider;

betoz suak arturik

Tolosara aurten,

ia Aita Laskibar

izutzen al duten.

              Jesusen Lagundiko...

 

Datorrela Morayta

eta Victor Hugo,

betoz Mahomatarrak,

masoyak nayago;

etorriyagatikan

Jordan ta Lutero,

ez diye Laskibarrek

itzuli egingo.

              Jesusen Lagundiko...

 

Alako arbolaren

adarra zerade,

etsayengatik iñoiz

etzerana gorde;

naiz il, beti zabiltza

egiyaren alde,

¡zer gudariya zauden

ezpatarik gabe!

              Jesusen Lagundiko...

 

Armikan ez du bañan

bai jakinduriya,

da bere erriyaren

illargi berriya;

Euskalerriko seme

maixu txit argiya,

oso oinperatu du

liberalkeriya.

              Jesusen Lagundiko...

 

Masoi liberalakin

dago txit aserre,

eta ez da izango

iñoiz adiskide;

¿Laskibar zeñek jarri

pekatuen alde,

baldin nayago badu

bizirikan erre?

              Jesusen Lagundiko...

 

O zer seme umanta

dadukan Tolosak,

martiri izatia

dauka atsegintzat;

¡nola bereganatzen

dakiyen biyotzak,

esanaz itz-tokitik

Jaungoikozko itzak!

              Jesusen Lagundiko...

 

Deadar biyotzetik

egiten ziguben,

paper falso oriek

ez letzeko, arren,

arritzen da Euskalak

lotan nola gauden,

ezin ikasirikan

nork iltzen gaituben.

              Jesusen Lagundiko...

 

Adierazi digu

garizuma ontan

zer etsayak dauzkagun

bazter guztiyetan;

gu miñez ikusteaz

ain dago penetan,

iltzeko prestatu zan

itz-tokiyan bertan.

              Jesusen Lagundiko...

 

Gu salbatzeagatik

ilko ziñakela,

aingeruak zerutik

gorde zaitzatela!

dakigu biyotzetik

nai diguzubela,

baita guk ere zuri

bestek ez bezela.

              Jesusen Lagundiko...

 

Ogei urte oyetan

ikusi ez arren,

Aita Jose Mariak

¡zer maite gaituben!

o zer guraso ona

andien ondoren

gaur Tolosa guziyak

koroitzen zaituben.

              Jesusen Lagundiko...

 

Zu bezela guziyak

fiñak balirake,

euskara ta fedia

ilko ez lirake;

gañera Fueroakin

biziko giñake,

ez gaur gauden bezela

masoi oyen mende.

              Jesusen Lagundiko...

 

Aundiyak diralako

zure mesedeak,

biyotzaren erdiyan

dauzkagu gordeak;

sariatu ditzala

Jaungoiko maiteak,

merezi bezelaxen

zere birtuteak.

              Jesusen Lagundiko...

 

Zere erri maitea

fedez igurtzita,

bazuaz oroitza bat

betiko utzita,

ai egingo bazendu

urtero bisita,

ala bear eder bat

zerutik jetxita.

              Jesusen Lagundiko...

 

Ez gera, ez, aztuko

zutzaz gau eta egun,

zergatikan Aitarik

goyena zaitugun;

zuregatik iltzeko

ez gerade bildur,

agur, Aita Laskibar,

agur, agur, agur.

              Jesusen Lagundiko...

 

        * Gregorio Mujika zanaren bertso bilduman, Donostin.

 

 

 


Ramos Azkarate - Galtzaundi ta beste bertso asko

 


www.susa-literatura.eus