DONE FRANTZISKOREN AITA BAERTEL'I

 

Bedeinkatua izan dedilla

San Franziskoren semea,

Aita Daniel Baertel deritzan

guzizko euskal zalea,

euskaldun erri miñ erituen

benazko maitatzallea,

da euskararen lege santuan

goi goiko onratzallea.

 

Da Mesiasen apostolu bat

inoiz nekatzen ez dana,

da bere aita Asiskoaren

txit egiyazko laztana,

da gure ibar eta mendiyai

atsegin asko emana,

dagoalako euskal kondairan

guztiz gozoro etzana.

 

Dalarikan, bai, argi argiya,

da errurikan gabea,

badakiyena berdin artutzen

aberatsa ta pobrea,

dakiyelako itz aldiyetan

gozatzen aditzallea,

da LuZiferren banderakoen

ekarri-azitzallea.

 

Da politikan tranparik gabe

onraren jarraitzallea,

gorrotatutzen duela beti

ziarkakoen bidea,

da Mac Kinley [a] ta español txarren

lur-azpiratutzallea,

da erriyaren aldeko jende

garbiyen berotzallea.

 

Euskeraz dabil Naparruan da

bai ere Egiputzuan,

dabil euskeraz Araban eta

bere Bizkaya gozuan,

euskeraz beti bizitu dedin

eleizan eta kanpuan

Jaungoikoa ta euskera dauzka

gozatzen bere kolkuan.

 

Au eramango baliguteke

bigar Constantinopla'ra,

edo besuak katez lotuta

Japon'era ta China'ra.

Loinaz'en gisan gurutzeturik

naiz au eraman plazara,

il bañan lendik esango luke:

Jauna, salbatu euskara.

 

Beste geyago euskeran alde

nekatzen diralarikan,

euskaragatik osasuna ta

galdutzen dutelarikan,

ez det nik uste esan detala

aurretik geyegirikan,

Aita Baertel'ek Amarengatik

egingo ez lukenikan.

 

Ez al genuben lengo igande

arratsaldean ikusi,

euskal erriyen edertasunak

kantatzen nola zan asi?

ez al zizkigun Ama zarraren

birtuteak erakutsi,

Amangandikan euskaldun batek

ez dezan egin igesi?

 

Zer mirari da guk gure Ama

benetan maitatutzia,

euskera galdu ezkeroztandik

badator gure iltzia,

ez al da bada Aita Baerteli

obea jarraitutzia,

eta iñude biantar ori

ez emen gizendutzia?

 

Deitu dezagun Baertelekin bat:

bizi dedilla euskera,

deitu zaguben latsatu gabe:

bere semeak gu gera,

nai ez duenak bada indartu

euskal izkuntzan bandera,

balijoake ber-bertatikan

Sampson'en [b] aldamenera.1

 

Euskeragatik Erromatarrak

ginduzen guk burrukatu,

euskeragatik godoak emen

etziran beñere sartu,

euskeragatik arabetarrak

ziraden lur-azpiratu,

euskalak armaz iñoiz mendian

iñortxok artu ez gaitu.

 

Argatik ez du Ama euskerak

iñudearen antzikan,

zarra, garbiya eta zintzoa

izendatzen dalarikan,

munduan ez du bada iñortxok

onra aundiyagorikan,

euskeran alde kantatutzeko

ez degu bear lotsikan.

 

        * Tolosako Timoteo Arrudiaga zanaren eskuz idatzitako bertso mordoan.

        [a] Mac Kinley Guillermo (1844-1901), Estados Unidos'etako burua zan, ayek eta Españia gerrian aritu ziranean, eta Españiak Cuba eta bere azkeneko ugarteak galdu zituanean. Beraz, Ramos'en denboran. Bi tiroz garbitu zuten.

        [b] Sampson Guillermo Tomas (1840-1902), Estados Unidos'etako almirante zan, ayen ta españolen arteko gerra denboran.

 

 

 


Ramos Azkarate - Galtzaundi ta beste bertso asko

 


www.susa-literatura.eus