TOLOSAKO MISIYO SANTUAREN OROIPENA 1886 URTEAN

 

Aurtengo garizuma

Tolosa ederrean

uste det izan dala

gure mesedean,

beñepen senti degu

orain barrunean

alako atsegin bat

zori txit onean,

arkitzen geralako

bide zuzenean.

 

Misiyoak kantatu

diguten fedea.

gauza guziyak baño

askoz da obea.

zar dalarik berriya,

ona ta noblea,

mundu zabal guzian

berdiñik gabea,

euskal erri maiteen

lenengo bidea.

 

Aita San Franziskoren

semetxo umillak

misiyo santurako

dirade abillak,

animak bideratzen

trebe ta argiyak,

ongi piztu dituzte

gure biyotz illak,

zer gozoak diraden

oyen marabillak.

 

Habitu argal ori

soñean jantzita,

dabilz munduko gauzak

alde bat utzita,

bide au gaztetandik

ondo ikasita,

erriyetara dute

egiten bisita,

Franziskoren lanari

eder iritzita.

 

Lore oriyek jayo

diraden baratzak,

nai eta nai ez, izan

bear aberatsak,

idurituagatik

zerbaitian latzak,

progatu dituanak

oriyen biyotzak,

sendakiñik onentzat

dauzka animentzat.

 

Len izan ginduela

dira zazpi urte,

ordukoxe dotriña

erakutsi dute,

mundu berrikoai

esango niyeke

oyek ez dabiltzala

turroyaren truke,

baizik ondo nekatzen

iltzen diran arte.

 

Urrutira juan gabe

ditugu ikusten

erreino ontan ere

personak aldatzen,

egia azturikan

gezurra laztantzen,

Eliz ama utzita

urgulloz arrotzen,

aize apur batekin

buruak txoratzen.

 

Bañan iñortxo ez da

oraindikan jayo,

ez eta, nere ustez,

aurrera jayoko,

Euskalerri zintzoa

duenik galduko,

sayatuagatikan

paper falso asko,

lenago zeru goyak

dira eroriko.

 

Goizeko bostetako

Aita Beobide

sermoi santu denetan

agertu da trebe,

esnaratuak ditu

makiña bat jende,

neskatxa eta mutil,

senar eta andre,

lanera biralduaz

ez ikutu gabe.

 

Arratsaldea berriz

Maiz eta Baertel,

etziraden jaun oyek

beti lo egoten,

konseju ona franko

eman zizkiguten,

euskera ain gozoa

itzegiten zuten,

negar-malkorik asko

atera ziguten.

 

Aita Gereka'k berriz

gauero gauero

fedean otz ziranak

jarri ditu bero,

gauza bat entzun niyon,

uraxen bai klaro,

blasfemiyen gañean

jo zuen ordago,

Jaungoikoa fueroak

gurekin al dago.

 

Egunaz euskeraz da

gañean erderan,

zenbat atsegintasun

dizkiguten eman,

egon gabetanikan

alperrikan dudan,

jarri eta pensatu

ondo nork beregan,

egin diguten gerra

gaiztoa ote dan.

 

Gerra egin diyote

oitura txarrari,

gerra blasfemi zatar

erderazkoari,

gerra aragiyazko

pekatu loyari,

gerra jayeko lana

dabilkiyanari,

bañan bere neurriyan

kulpa duenari.

 

Ni eme ikutzen nau

oyetako batek,

bañan biyotzak diyo

kulpa zergatik det,

pensatu ondo esan:

arrazoya ditek,

garbi garbi kantatzen

ederki zekitek,

obeak izatea

mesede giñikek.

 

Amar egun santutan

oriyen nekeak

pagatuko al ditu

Jaungoiko gureak,

artzayak bezelaxen

beren artaldeak

konfesatu dituzte

millaka jendeak,

Aita San Franziskoren

seme ongilleak.

 

Gereka, Beobide,

Maiz eta Baertel,

dizkiyotegu ezker

guziyak ematen,

Tolosan oroipena

utzi dute aurten,

badakigu geyegi

zer merezi duten,

denborak esango du

gero zer daukaten.

 

        * Tolosako Timoteo Adurriaga zanaren eskuz idatzitako bertso-mordoan

 

 

 


Ramos Azkarate - Galtzaundi ta beste bertso asko

 


www.susa-literatura.eus