Bertso berriyak Fernando Amezketarra-ren doñuan

LAZKAUKO PLAZAN

Jokatu ziran bi partidu marzuaren 8'an 1885'garren urtean

 

Lengoan bi partidu

Lazkaon izanik,

kantatu gabe ¿nola

egon ixilik?

oraintxen ere nago

eziñ sinisturik,

mirabe batek ala

jokatu zubenik,

¿ote du besterik,

bere parekorik,

bi partidu ain errez

jango dituenik,

ai, baldin balitzake

bera bakarrik.

 

Askotxo balirake

modu artakoak,

plazan ¿nola agertu

gizonezkoak?

arren, gorde gaitzala

gure Jaungoikoak,

nagusi jarri gabe

emakumezkoak,

gaur Lazkaukoak

badauzka egoak,

zeruak eman eta

bañan alakoak,

bi gizonai gañetik

eraindakoak.

 

Emakumeak jartzen

badira nagusi,

ez gintezke iñola

soseguz bizi;

ezkerrak diradela

pelotari gitxi,

eta ezin litezke

askora iritxi,

ori da lenbizi

nuena ikusi,

gizon bi zituena

lotsaturik utzi,

koroi bat urrezkoa

luke merezi.

 

Norbaiteri kendurik

soñetikan galtzak,

emango ote dizkiyot

nik berarentzat?

otsoa lotsatzen du

gizonaren antzak,

baita ere domatu

txit ederki artzak,

argatikan galtzak,

emakumeentzat,

konbeni izan arren

bada norbaitentzat,

Paradisoko fruta

gogoratzen zat...

 

Gaizki baldin badatoz

zenbaitentzat galtzak,

jantzitzea dauzkate

gona gorontzak;

arturikan linayak

amuko ardatzak,

irutea daukate

familiarentzat,

lan ori kaltetzat,

badute berentzat,

beste bat obegoa

badala deritzat,

moxorkat betetzea

eulearentzat.

 

Ibayak badirade

eder ta aundiyak,

bañan itxasoentzat

dira guziyak;

mundua bustitzen du

zeruko euriyak,

baita ere berotu

berriz eguzkiyak;

milagro berriyak

gaude ikusiyak,

txepetx batek benzutzen

errez gabirayak,

zer gloriyak dituben

Euskal-euriyak...

 

        * Ikusi: Aita Agirretxe'k Errexillen arkitu ta bialitako bertso-papera.

        «Bertsolariya», 8, 1931, Errenteri'n Makazaga'renean. Onen aldaketak: 2/10: badauzkate eguak; 2/13: bi gizoni gañetik; 3/3: ez giñazke iñola; 3/11: bi gizon zitubenak.

 

 

 


Ramos Azkarate - Galtzaundi ta beste bertso asko

 


www.susa-literatura.eus