AUXEN DA LANA

 

Nere maitia Donostiyan

dago joan dan aspaldiyan,

urturik nago gau eta egun

beti bere inbidiyan.

 

        Istribillua

Ezin nezake, ezin nezake

iñola gaizkirik esan,

zeregatikan maiteagorik

ez dezakean nik Izan.

 

Ikusitzean kalean

aur ori pare parean,

alako doñu triste triste bat

jartzen zait biyotz nerean.

 

        Istribillua

Jakindu ditut, jakindu ditut

maite politaren miñak,

zeluetatik izan ditugu

guziz kontu desberdiñak.

 

Zortzi urtean nork daki

zer kezka degun eduki,

ezin ikusi, ezin itz egin

eta bestetik urruti.

 

        Istribillua

Ai gure kartak, ai gure kartak

izanagatik zintzoak,

orra nun dauden denak penatzen

biyorengatik gaxoak.

 

O zer naitasun aundiya,

o maitetasun lodiya,

o amodiyo neurri gabea

estali ziragarriya.

 

        Istribillua

Elkar ikusi kalian eta

su artutzeko zoriyan,

bestetik iñor bai ote dago

orrela Euskalerriyan?

 

Etorri zan Donostira,

egiñik itxasoz jira,

esku emanta egondu giñan

elkarri pozez begira.

 

        Istribillua

Gero etxera joan giñaden ta

lendabiziko izketa,

biyok oñazez, biyok negarrez,

amore eman ezin ta.

 

Akelartarrak platikan,

kiñuka sukaldetikan,

gure ezkontza sagradu ori

eragozteagatikan.

 

        Istribillua

Etzait kenduko, etzait kenduko,

etzait kenduko kezkarik,

zerengatikan maite politak

ez duelako kulparik.

 

Bukatu dira kontuak,

kontu txit mirarituak,

ez ote gaitu elkarganako

egunen batez zeruak!

 

        Istribillua

Beñepen orain, beñepen orain

arkitzen gera galdurik,

mundu onetan ez da izandu

biyorentzako gustorik.

 

Agur, maitetxo nerea,

Mayatz illeko lorea,

maite zintzoa, maite garbiya,

maitetxo pare gabea.

 

        Istribillua

Arren ta arren bizi gaitezen

alargun biren moduan,

istoritxo bat gelditu dedin

beti betiko munduan.

 

        * Ikusi: Bertso-papera: Tolosa, Imp. de E. López. Tolosako Timoteo Adurriaga zanaren bertso-mordoa.

        Anayaren (Facundo Adurriaga «Besomotza») bertso mordoan lau bertso daude, bañan desberdin xamar, irakurleak ikusidun bezela. Laugarrenaren ondoan «Ramos Azkarate» dio ta argatik jarri ditugu liburu ontan. Bañan egia esan, duda apur bat gelditu zaigu Ramosenak ote diran.

 

 

 


Ramos Azkarate - Galtzaundi ta beste bertso asko

 


www.susa-literatura.eus