ZORIONEKO KARNABALAK

 

        Coro:

Aurtengo karnabaletan

guztiz gabiltza neketan

danok kontratu onetan,

konformaturik arkitzen dira

letu diran kondizioetan,

iruki gabe penetan

ezkondu'itzagun gaur bertan,

gerta gaitezen bodetan.

 

        Ezkontzaren enkargatua:

Au da gertaera berriz,

orain lenbiziko aldiz

inpedimentua zaldiz.

        Nobiya:

Ai bada, Jauna, nayago nuen

ontan gertatu ezpanitz,

itzak emanik bi aldiz

utziko nuke au berriz,

gauza okerrik ez balitz.

 

        Nobiyua:

Nai nazula ni utzi,

ez dezu pensatzen gutxi,

kontratua dute itxi;

zertako etzera lenagotandik

gauza ori pensatzen asi,

itzak emana ta guzi,

ni izango naiz lenbizi,

pruebak orain erakutsi.

 

        Sententziatua:

Letu dirate sententzia,

aditzen det agonia,

Jesus, miserikordia;

emakume batengatikan

kentzen dirate bizia,

egin dirala falsia

badaki mundu guziak,

au da nere desgrazia.

 

        Nobiya:

Ein dizudala falsiya,

ez da bada ori egiya,

geldi zaitez igarriya;

aitak eta amak kulpak dituzte

ni egotia nobiya,

daudela miseriyan,

artzeko gizon argiya,

mantentzeko familiya.

 

        Sententziatua:

Ez dezulako sentitzen

klaro dizut nik igartzen,

garboz ai zera kantatzen;

ni il da gero asiko zera

gizonarekin dantzatzen,

ez nuen nik au pentsatzen,

mundua det despeditzen,

bañan onraz naute iltzen.

 

        Ezkontzan enkargatua:

Biar dizuet nik galde

ote zeraten konforme

egiteko gizon ta andre;

erantzun ere biar dezute

boz klaroan ta txit firme.

        Nobiya:

Bai, Jauna, konforme gaude

egiteko alkarren jabe

batere lotsarik gabe.

 

        Ezkontzan enkargatua:

Ezkondurikan zaudete,

alkar maitatu zazute,

bizitzeko onradamente ;

        Eliziakikoa:

Zuen suertia oraintxen laister

ikusi biar dezute,

desiatzen al dezute

puska egitia abondante?

        Nobiya:

Jauna, ori nai genduke.

 

        * Ikusi: Tolosako Fakundo Adurriaga «Besamotza» zanaren eskuz eskribitutako bertso mordoa.

        (Auspoaren lenengo liburuaren oarretan gauza bat oker dago. Fakundo Adurriaga «Besamotza» zanaren bi bertso mordo aitatzen dira. Izan ere, aren ondorengoen etxea arkitu genitun. Bañan oso letra desberdiña dago liburu bakoitzan, ta Fakundoren alabai galdetu genien. Esan ziguten, lenengo mordoa bere aita zanak idatzia dala, bañan bigarrena beren aitaren anayak, Timoteo izena zuana.

        Beraz, Auspoaren lenengo liburuan, «Fakundo Adurriaga "Besamotza" zanaren bigarrengo bertso mordoa» esaten dan bakoitzean, «Timoteo Adurriaga zanaren bertso mordoa» esan bear du; ta Fakundoren lenengo bertso mordoa aitatzen danean, kontuan artu bear da ori besterik etzula idatzi ta ez dula bigarrengorik.)

 

 

 


Ramos Azkarate - Galtzaundi ta beste bertso asko

 


www.susa-literatura.eus