GALTZAUNDI'REN PIZTUERA

 

Ill nintzalako aspaldi

pozaz zendeten kantari,

bañan piztuta orra etorri

Zaragoza-tik Galtzaundi;

egon nintzan kafian

txit ninduten maite, (gutxi)

uste nuen nintzala

ango sobrestante,

ontziyak garbitutzen

nizkaten txit merke,

zigarro punttak eta

mantenuen truke.

 

Beti nengoan kezketan,

lotan berriz ametsetan,

emazte grabe ezin etsiya

juan dan aspaldi onetan;

beñere ezin kendu

zitzaidan burutik

gaitzak emanda ere

gendela urruti,

izan degubelako

elkar maite beti (gutxi)

oñez bide guztiyak

nituben idiki.

 

Iritxi nintzan etxera

familiya ikustera,

andre gaxua azkar etorri

zitzaidan neri aurrera;

eman giñokan esku

elkarri txit gogoz,

barrena beterikan

neukala nik ardoz,

gero kaballeruak

atera or datoz,

beeraño jetxitzeko

mesedez Galtza-post.

 

Orduko nenguen oyian

mozkorra pasa artian,

        Emaztia:

Goñi, ojuka ari zaizkizu

kaballeruak atian;

Senarra: Esan, esan jaun oiri

ia zer dan kausa,

itzegiteko obia

dala biyar goiza,

eta gauba soseguz

nai detala pasa,

egi bat esateko

ez naizela gauza.

 

        Emaztia:

Entzun bezate, kaballeruak,

nere senarrak zer diyon,

naigo omen du gaur gau guztiyan

pake gozuan lo egon;

ez omen da, ez, kapaz

orain jekitzeko,

kostumbre txarra dauka

beti mozkortzeko,

orrelako gizonak

dira lotsatzeko

¡lagun ederra daukat

ondo bizitzeko!

 

Gau on pasatu, kaballeruak,

orain banua oyera,

senarrari nik egin deyotan

konbeni zaidan galdera;

ondo dakite nor dan

lendandik Galtzaundi,

nola ibillitzen zan

beon farragarri,

ezpadit Aragoitik

dirurik ekarri,

matzetan jarriko det

txori-izugarri.

 

Nere Galtzaundi maitia,

nun daduzkazu gordiaik

Zaragoza-tik ekarritako

Carlos Tercero-n urriak?

        Senarra:

Etzaitia zu egon

gauza orren kezketan,

ugari ekarriya

or dago maletan

ez banaiz ari beintzat

orain ametsetan

denak zuretzat dira

bigar amarretan.

 

        Emaztia:

Ondo lo egin, Galtzaundi,

amore eman alkarri,

bigartandikan emango diyot

jende guztiyai arpegi;

baldin zuk orrenbeste

badezu ekarri,

goiza etorritzeko

guztiz nago larri,

bazkari aunditxon bat

bearko det jarri,

gure ontasun oyen

alabantzagarri.

 

        (Urrengo goizian)

        Senarra:

Zer ordu ote da, nere Fermina,

arren egizu galdia,

        Emaztia:

Nere Galtzaundi, or diotenez,

ia amarrak aldia;

        Senarra:

Bart arratsian ala

egin nuben amets,

aberastu nintzala

Zaragoza-n errez,

maleta beterikan

zeguala urrez,

eta zu an zeundela

diru airi farrez.

 

        Emaztia:

¿Zer diozu zuk, pikaro txarra?

¿egin dezula ametsa?

ni engañatzen ez nago bada

zuk uste bezin errexa;

zuazkit etxetikan

kanpora agudo,

ondo asperturikan

naukazu lenago,

alfer bizitu zera

ala nai're gero,

etzaitut ikusi nat

aurrian geyago.

 

        Senarra:

Egiñkizuna badet nik

etxe onetan oraindik,

gauza guziyak partitutzian

alde egingo det emendik;

        Emaztia:

¡Etzan lotan egondu

gizon bat zuzena,

Aldatxoro izena

jarri zizubena,

gauza bat bakarra da

emen dezubena,

zapateruen maya

ankik ez dubena!

 

        Senarra:

Ezkondu ezkeroz etxe onetan

diraden gauza guztiyak

legez ta bidez neriak dira

oriyen erdi erdiyak;

        Emaztia:

Ere diña beñere

ez dek bada egin,

orain ere gau ta egun

zurrutian abill,

bizkarrian ausiko

dizkiat bi makill,

iri ezer eman bañan

nayago nikek ill.

 

        Senarra:

Zure makillan bildurrik

etzait arkitzen barrendik,

Zaragoza-tik ekarri eta

puñal bat emen daukat nik;

odolak iyagiten

asitzen badira,

azkar jarriko zaitut

zerura begira,

maya baño geyago

neriak badira,

elkar ill gabetanik

goazen justizira.

 

        Emaztia:

Nai baldiñ badek juezengana,

orobat alkatetara,

orain beñepein artzak jipoya

ama alabak emanda;

eldu, eldu, alaba,

makilla banari,

ederrak emateko

mozkor txar oneri,

        Senarra:

¡oy! ¡oy! utzi nazute

Jainkoatik neri,

        Emaztia:

ez, ez, eskallean bera

ortxen joan ari.

 

        Senarra:

Andria nausi ikusitzia

nere biyotzak damu du,

nere burua nik illko nuke

baldiñ balorerik banu;

bi aldiz ill ezkeroz

gaitza da piztutzen,

argatik eriyotzak

nau ni txit bildurtzen

ezpanau emaztiak

agudo artutzen,

«abajo las mujeres»

asiko naiz deitzen.

 

Entzun dirazu, nere Emaztia,

aitzeneko arrazoya,

        Emaztia:

Ez, ez, iretzat ati au ziok

beti betiko itxiya ;

        Senarra:

Abajo las mujeres

deabruz josiyak,

ai ilda bazendete

zeraten guziyak,

Josafat-an izango

ditugu auziyak,

an konponduko zaitu

zuzen justiziyak.

 

        (Au kantatu ta sagardoteira joan zan)

 

        * Galtzaundi'ren piztuera'ren oarrak ere liburuaren bukaeran jarri ditugu.

 

 

 


Ramos Azkarate - Galtzaundi ta beste bertso asko

 


www.susa-literatura.eus