BERTSO BERRIAKTOLOSA-KO GALTZAUNDIK

BERE BURUARI JARRIAK

 

Neri deritzat Galtzaundi,

apellidua det Goñi,

Aldasoro izen goitiya

deitzen dirate neroni;

iltzerikan ez nuben

lenago pensatzen,

bañan oraingotikan

ez naiz eskapatzen,

testamentu egitera

nua ni lenbailen,

nere parientiak

lasatu ditezen.

 

Aitaren Semiaren

Espiritu Santuaren,

Jaun zerukuak lagun zaidala

lan onetan neri arren;

sentimentu bakarra

dadukat barrenen,

alaba ipurtaundiya

utzitzia emen,

orra neregatikan

oyek nola dauden,

Jaunak eraman nazala

zerura lenballen.

 

Nere lengusu Pocofinori

nai diozkat bada utzi

nere eskatzeko estanteriya

bere jenero ta guzi;

bañan ango kristalik

ez dezala ausi,

bestela utziko dizkat

guziak Ramos'i,

egiten badiote

jaun oni igesi,

laister juango zaizka

danak Rodriguez'i.

 

Ni il da gero nere emaztia

penaz ilko balitzake [1]

nere onduan enterratzia

iñola al balitz nai nuke,

eta gañian jarri

letra bat aundiya,

emen dago Galtzaundi

eta konpañiya,

poz aundi bat artu zun

Tolosako erriyak

merkatu ziralako

ordun erariyak

 

Entierrua nai det egitia

neri bigarren klasian,

lau zapatarik eramatia

gañera berriz aidian;

jota nabarra juaz

Enpero kalian,

sobrekamak balkoitan

naramatenian,

Arramele zubiyan

aizken aizkenian,

zagi bat ardo jarri

kajaren gañian.

 

Nik oraindano egin izandu

dituan testamentuak

gaur bertatikan izango dira

ayek danak borratuak;

eta orain firmatu

nere testiguak,

aditu baituzute,

gaur nere kontuak;

ixilik idukiarren

nere sekretuak,

Dametako iturriyan [2]

eran kuartillu bat.

 

        [1] Esan izan digute emen pozaz bear dula. Bearbada bai, bañan guk arkitu degun paperari zarrenari segitu diogu, ta ontan penaz dago.

        [2] Dametako iturriya Rondilla kalean zegon, Donostira aldeko kale muturrean. Emen ez luzatzeagatik, Galtzaundi'ren oarrak liburuaren bukaeran jarri ditugu.

 

 

 


Ramos Azkarate - Galtzaundi ta beste bertso asko

 


www.susa-literatura.eus