14. eta azken agerraldia: OÑAN
14A Hastapeneko haurrak ageri dira pilota batekin jolasean. Halako batean, alde egiten die pilotak. Gizon baten oinetaraino iritsi da bueltaka. Antso da, bere hilobiaren gainean jezarrita dago. Haurrekin hitz egiten du.
ANTSO (Pilota eskuetan duela) Ez nuen sekula ikusi halakorik.
1 HAURRA Baloi bat da, jauna.
2 HAURRA Emaiguzu, mesedez. (Antsok itzuli egiten die pilota).
1 HAURRA Zer da begietan daukazuna?
2 HAURRA Bai, zer da hori?
ANTSO Jaiotzez daukadan seinale bat.
1 HAURRA Eta zer esan nahi du?
ANTSO Inork ez daki hori.
2 HAURRA Zeuk ere ez?
ANTSO Bai, orain badakit.
1 HAURRA Esaguzu, orduan.
ANTSO Ez, nahiago dut gordean.
2 HAURRA Esaguzu, mesedez.
1 HAURRA Bai, esaguzu, otoi.
ANTSO Ez da seinale onegia.
1 HAURRA Zeren seinalea?
ANTSO Nire bizitzaren seinalea.
2 HAURRA Zer erakusten du?
ANTSO Alferrik ibilitako bidea!
1 HAURRA Ez dut ezer ulertzen.
2 HAURRA Nik ere ez.
ANTSO Ez da oso erraza adierazten.
1 HAURRA Saia zaitez, hala ere.
ANTSO Bizitza osoa eman nuen amets baten atzean.
2 HAURRA Zein zen amets hori?
ANTSO Zatituta zegoena batzea.
1 HAURRA Eta lortu zenuen?
ANTSO Bai, lortu nuen.
2 HAURRA Zergatik zara kexu orduan?
ANTSO Gerokoagatik.
1 HAURRA Gerokoagatik?
ANTSO Bat zena, mila zatitan da gaur.
2 HAURRA Ez dut deus ulertzen.
1 HAURRA Nik ere ez.
ANTSO Bizitza osoa eman nuen lurraldea batzen, baina ez nuen asmatu batutakoa lotuta uzten.
1 HAURRA Zergatik hori?
ANTSO Neronek ere ez dakit xuxen zergatik.
2 HAURRA Ezingo zenuen besterik egin.
1 HAURRA Adizu jauna, zu nor zara?
ANTSO Iruñeko Erregea: Antso Nagusia.
1 HAURRA Bai, eta gu Brasilgo futbol selekzioa!
Haurrek baloia hartu eta alde egiten dute zelaiaren erdian jolasean jarraitzera. Antsoren argia itzali egiten da.
14B Antzezle eta partaide guztiek batera, azken kantua abesten dute. Hori baino lehen, ordea, emakumeek hitza hartzen dute:
1 EMAKUMEA Hastapenak dakar amaiera...
2 EMAKUMEA Uhin bakoitzak dakar, hurrena(re)n aparra.
3 EMAKUMEA Iruñeko Erresuma handia!
4 EMAKUMEA Antsok batu eta haren semeek sakabanatu zutena!
5 EMAKUMEA Mila ezpaletan arbola bakarra.
6 EMAKUMEA Baina zirela gara eta garelako izanen dira!
7 EMAKUMEA Gatzik ez duen itsasoa da ahaztura.
EMAKUME GUZTIAK Ai oroimenik gabeko herrien geroa!
AMETSA
Denek bardin Amets
Bizi girela Amets
Hatsa den ber Amets
Hon ala gaixto
Bena dela honets
Zerra nezazüe
Ixilaraz ere
Eneetarik ¡'ürrün
Ehortzi hil gabe
Izanik ülünpe
Non düket axolbe
Nola bizi neinte
Ez bazina ene
Denek bardin Amets.....
Behin nintzan jeiki
Goiz batez iratzarri
Lotü ametsari
Amets erho batí
Zerbait nintzala ni
Mündü hontan handi
Ene Norbait herí
Behar nüala hazi...
Gaü batez ohean
Hasperen lüzean
Bizia zait eni
Hasiko oitean
Hala egüneko
Amets ezintüa
Ülün beltzean da
Beteko agian
Denek bardin amets...
Hitz horien hontzaleak
Zer dion badaki
Amets. egia berezten
Xüxen ez beitaki
Bere baitan ülüna
Argitzen bihozki
Besteena hala badü
Ordüan ederki!
(Hitzak eta musika : Mixel Etxekopar)
amaiera
HEC 2004
© Hasier Etxeberria