12. agerraldia: LEONEN
12A Emakumeek Gaztelako Infantearen eta Antsa Leongoaren arteko testuingurua agertzen dute. Muniak urtebete behar izan duela esposamentua prestatzeko, baina etorri dela eguna, bere laino zuri eta beltz guztiekin...
1 EMAKUMEA Urtebete behar izan du Muniak ezkontza bideratzeko.
2 EMAKUMEA Urtebete, Gaztelako Infantea Leongo alaberekin ezkontzeko.
4 EMAKUMEA Biak ditu senide, Gaztelakoa du bere eta Leongoa senarraren.
5 EMAKUMEA Egina da tratua.
6 EMAKUMEA Jarria da ordua.
7 EMAKUMEA Leongo Plaza nagusia, munduan den ederrena.
1 EMAKUMEA Artzapepizkuak ditu ezkonduko.
2 EMAKUMEA Egina geratuko da horrela, Iruñea, Gaztela eta Leongo errege eta erreginen borondatea.
4 EMAKUMEA Odolez lotuak elkarren arteko harremanak.
5 EMAKUMEA Gizonek ezin dutena, Jainkoak lotuko du orain.
6 EMAKUMEA Nongoa da, baina, errege-erreginen borondatea?
7 EMAKUMEA Zerukoa da ala mundu honetakoa?
12BLeongo plazan, Sartzen da segizioa jendearen txalo artean. Bidea irekitzen lau lantzero. Zetroa eta ezpata bi kojinetan daramatzaten bi mutikoren atzetik doa ezkongaia. Bere ondoren hiru ehiza aztore daramatzeten hiru gaztetxo. Gero azkona luzeak daramatzan gudari saldoa. Ikusgarriak dira, defentsarako baino, gorterako gehiago prestatuak.
PREGOILARIA Zabaldu, zabal ezazue bidea. Kendu paretik. Egin pasabidea Garzia Santxez Gaztelako infanteari! (tronpetak).
Printzea erdian dagoenean, bi zaldun gazte ezpatak eskuan dituztela agertzen dira arrapaladan. Bi-hiru aldiz sartzen diote ezpata Infanteari jendearen begien aurrean. Inork ez du erreakzionatzen. Espantu oihuak. Bi hiltzaileak fite desagertzen dira jendearen artetik eta zaldi kaskoak entzuten dira urrunean ihesi.
ZERBITZARIA Hil zorian dago, gure Printzea hil dute. Nork egin du? Deitu sendagile bati! (Ondoko jauregi batera eramaten dute Gaztelako Infantea).
Gartzea Azenariz eta Eneko Lupiz agertzen dira jende artean.
ENEKO (Laguntzaile bati) Zer gertatu da?
ZERBITZARIA Garzia Infantea hil egin dute.
ENEKO Seguru hilda dagoala?
ZERBITZARIA Oraindik ez da sortu zauri horietatik bizirik irtengo den gizonik.
GARTZEA Nortzuk izan dira?
ZERBITZARIA Bi zaldun gazte agertu dira arrapaladan. Hirugarrena zuten zain zaldiekin kantoian.
GARTZEA Ez ditu inork gelditu?
ZERBITZARIA Dena gertatu da ezustean, jauna.
ENEKO Geurekin gurutzatu direnak izango ziren, Gartzea.
GARTZEA Ia bota gaituzte zalditik lurrera, pasatzean.
ENEKO Ezagunak egin jataz horreen zaldiak.
12C Emakumeek patuari buru hitz egiten dute, nola batzuetan erregeek ere ezin ditzaketen menpera erreinuko gora-beherak.
1 EMAKUMEA Batzuetan gau beltzean sartu ohi da lainoa eta are egiten dira beltzago bazter guztiak.
2 EMAKUMEA Katuak ere egoten dira itsu halakoetan, egunak noiz argituko zain, zerbait ikusteko peskizan.
4 EMAKUMEA Patuak ere ihes egiten dio Erregearen nahiari.
5 EMAKUMEA Antso Erregeak Leongo hiriaren kanpo aldean zeukan zutik kanpamendua eta harantza hartu zuten Enekok eta Gartzeak.
6 EMAKUMEA Bidean, beste asko bezala, hiltzaileen aztarnei segika ibili ziren.
7 EMAKUMEA Alferrik, ordea, hainbeste jende joan-etorrian dabilen lekuan, itsaso gainean baino zailago da aurkitzen inoren arrastoa.
6 EMAKUMEA Europa guztira barreitau zen hilketaren oihartzuna.
5 EMAKUMEA Eta iragan ziren egunak eta iragan ziren aste osoak, Monzongo jaunak Antso Handiari Nahiarako gortera egin zion arte ikustaldia...
4 EMAKUMEA Berarekin zekartzan preso, bi bela anaia, gazteena, Iago, bidean zen hila.
12D Belatarrak ekartzen dituzte, atxiloturik, Antso eta Iruñeko batzorde Gorenaren aitzinera. Gogorki hartzen ditu Antsok eta epaiketaren ostean, zigorra handia da: bihar iluntzean sutan erreko dituzte, belar gaiztoen antzera.
ANTSO Hona hemen gaizkileak.
RODRIGO BELA Epaitu baino lehenago sententzia eman?
ANTSO (Oso lasai) Eskuak lotuta ere zu beti harro. Ez dugu astirik zure ibili herren guztiak kontatzen ibiltzeko. Egunak eta egunak behar genituzke, euren gau luzeekin. Hitz egiguzu azkenengoaz.
RODRIGO Gaztelako Infantearen hilketaz?
ANTSO (Sutan) Besterik izan al da, bada?
RODRIGO Lasai jauna, belatarrek odol beroa dugu, baina, hala ere, burua hotz. Arrazoi gabetan guk ez dugu nehor hiltzen, zaldun legearen arabera.
GARTZEA AZENARIZKOA (Zutik) Nola ausartzen zara. Infantea bizkarretik hil eta zaldun legea aipatzera?
ANTSO Tronpatu egin zara gurekin, Rodrigo. Gu ez gara edonor, gu Iruñeko Erresumako Batzorde Gorena gaituzu. Erantzun azkar, beraz: zergatik hil zenuten Gaztelako Infantea?
ENEKO BELA Jaunak, barkatu, neuk esango dizuet. Rodrigoren ametsetan beti ibili izan da Antsa printzesa. Infantearekin egin beharreko eztaiak, hankaz gora jartzen zuen bere esperantza. Iago anaia gaisoak eskatu zidan Rodrigori hura hiltzen laguntzeko...
ANTSO Utzi hildakoak pakean, nahikoa dugu bizidunekin. Egia al da dioena Rodrigo?
RODRIGO (Astia hartuz) Ez, ez da inondik inora egia. Eskertzen dizut Eneko anaia nire mendekua leuntzen saiatu izana, baina kontuak ez dira horrela: Infanteak traidorea nintzela esan zuen denen aurrean. Bere menera jartzeko prest joan nintzaion eta iraina jaso nuen ordainetan.
ENEKO (Anaiari beha) Guri ez zenigun halakorik esan.
RODRIGO Orain jakin duzu, bada, egia guztia. Ezpataz buruz-buruko lehia eskatu nion, bietako bat hilik gertatu artean, baina bere ezpatarik ez zuela traidoreren odolez zikintzeko asmorik erantzun zidan, ingurukoen irri artean. Belatar batek ez dezake era horretan inoren aurrean ohorerik galdu.
ENEKO Baina Rodrigo...
RODRIGO Ixo, alferrik dira orain gainerakoak. Ekarria geratu da ohorea, berez behar zuen lekura.
ANTSO Jaunak, gauzak ikus litezke mila lekutatik, baina otsoa beti otso, baita otsokumearentzat ere. Inork ez badauka ezer esatekorik, bihar iluntzean sutan kiskaliko dira bi piztia hauek Nahiarako plazan. Inork ba al dauka gela honetan sugeen alde ezer esatekorik?
Denek egiten dute ezetz buruarekin eta soldaduek, Fortunen keinu baten ondoren, arrastaka eramaten dituzte bi belatarrak.
© Hasier Etxeberria