10. agerraldia: GIPUZKOA

 

—10A— Emakumeek gogoeta egiten dute Hondarribiko harresiei buruz: egia da hiria eta jendea babestu egiten dituztela harritzar hauek, baina itxi eta ito ere bai. Ikuspegia motz da hemen...

 

1 EMAKUMEA— Eta hormatzar hauek zer?

2 EMAKUMEA— Bai, zenbat denbora daroate zutik?

3 EMAKUMEA— Beti hementxe egon direla dirudi.

4 EMAKUMEA— Berrogeita bost urte dira Antso Abarkak hasi zituenetik.

5 EMAKUMEA— Mendeetan irauteko daude eginak.

6 EMAKUMEA— Hiria babesteko.

7 EMAKUMEA— Etxeak babesteko.

1 EMAKUMEA— Ikusmira itxi ere egiten dute, ordea.

2 EMAKUMEA— Itsutu.

3 EMAKUMEA— Ikuspegia motz du hauen barruan geratzen denak.

4 EMAKUMEA— Begiak behar dira urrun.

5 EMAKUMEA— Arimak behar du zabal.

6 EMAKUMEA— Gordelekua ez dadin izan presoleku.

7 EMAKUMEA— Gogoko ditu harri zaharrok Antso Nagusiak.

1 EMAKUMEA— Harri hauetara egin dio dei Gartzea Azenariz jaunari.

2 EMAKUMEA— Ipuzkoako lurrak dituzte gai.

3 EMAKUMEA— Erresumako lurrik antzuenak.

4 EMAKUMEA— Antsok Gartzea Kontea nahi du Ipuzkoako jaun.

 

—10B— Antso eta bere gizonek Ipuzkoako lurra dute mintzagai, nola Gartzea geratuko den lurralde horien arduradun. Antso eta Gartzea, mintzo diren bitartean ibiltzen ari dira harresiei arreta bereziaz begira.

 

ANTSO— Hemen lasaiago hitz egingo dugulakoan deitu dizut honaxe.

GARTZEA— Ez da leku batere aldrebesa, jauna.

ANTSO— Iruñetik agintzen jarraitzen dut, baina hori ez da aski. Gauzak ongi lotuta edukitzeko, korapiloa leku bakarrean ez da aski.

GARTZEA— Begibistakoa da hori, jauna.

ANTSO— Nahiaran nahi dut indartu Errege Gortea, eta hegoaldeko lurralde lauetan hiriak eraiki. Gure aurrerapenak ez du beste irtenbiderik. Horretarako, ordea, Ipuzkoako baso eta itsas-ertzetan, Bizkaikoetan Eneko Lupizekin egin bezala, Erregearen ordezkaria behar dut izendatu.

GARTZEA— Zeure aukera duzu hori, jauna.

ANTSO— Agerikoa da zeu zaitudala gizon hori, Gartzea. Neure ondoan izan zaitudan hainbeste urte zintzoren ordainetan, zeu nahi zaitudala izendatu Ipuzkoako Konde jaun.

GARTZEA— Hara, jauna: Galga emaztearekin esposatu nintzenetik, Deba eta Urolako ibarretan nauzu erroturik eta ohartua naiz handik urrun dela Iruñea, urrun dela hegoaldeko lautada eta urrun dela mundu guztia ere. Mendi arteetan bizi gara nor norenari begira. Ipuzkoan jende askok ez daki zeu Errege zaitugunik ere.

ANTSO— Gartzea, maitea. Erabakita dugu geure Erresumako lurrak nola antolatu. Sena berezia erakutsi duzu jendea ezagutzeko orduan. Gogoan ditut zeuri entzundako hitz batzuk: «Euskaldunak beti nahi du bere etxearen jabe izan. Norberarena norberarentzat eta hortik aurrera, auzoaren senide».

GARTZEA— Hori edonork daki hemen, Jauna.

ANTSO— Bai, Gartzea, baina inork ez du hori zuk bezain argi. Horixe dugu antolaketa eredua: bakoitzari berea eta hortik aurrera guztiok senide.

GARTZEA— Ziur baldin bazaude, Jauna...

ANTSO— Horixe nagoela segur. Txalupaz etortzeko agindu dizut, itsasoaren garrantziaz jabe zaitezen. Itsasoak bidea zenbat laburtzen duen ikas dezazun. Eta hementxe zaude, zaldi azkarrenean etorrita baino azkarrago.

GARTZEA— Bai, hemen nago baina juxtu-juxtu, jauna. Itsasoan hustu ditudan tripekin joan naiz ia. Ni lehorrekoa nauzu, ez itsasokoa.

ANTSO— Baina itsasoa dugu biderik zabalena. Bikingoei ikusitako lemarekin, bide guztiak dira orain zuzenak, haizea lagun bada, behintzat.

GARTZEA— Marinelek ederki egin dute irri nire lepora, jauna.

ANTSO— Hondarribiko hau dugu nafarrok portua. Bidasoan barrena etortzen dira honaino garraioak, baina ez da aski. Kostalde guztia antolatu beharrean gaude, Gartzea. Matxitxakotik Landesetara bitartean. Zeuri dagokizu Oriotik Arlaban arterako tartea, Ipuzkoa, gure Erresumako lurralderik txikiena, ez horregatik alferrena.

GARTZEA— Arlabaneraino?

ANTSO— Bai, Arlabaneraino. Handik behera, Muniok, Arabako Konteak, agintzen du. Errazagoa da lautada Errioxatik gobernatzea Ipuzkoatik baino.

GARTZEA— Asmoa ona da, jauna, baina Arditurriko meategi inguru hauetarako, Pasaian eta Done Ostian ari zarete antolatzen portuak eta hiriak. Oriotik harantzago, ordea, txaboletan ahal bezala bizi diren arrantzale eta laborari apurrak baizik ez dira.

ANTSO— Horrexegatik ematen dizut zeuri zeregina.

GARTZEA— Bai, baina zer nahi duzu nik egitea?

ANTSO— Ez dagoen tokitik urrea ateratzea! Horixe. Ipuzkoa ezdeusa behingoz Historian sartzea eta aurrerapidean jartzea.

GARTZEA— Nire esku dagoen guztia egingo dudala, aurrez dakizu, jauna.

ANTSO— Bai zure esku dagoena dagokizu, eta niri neurea. (Pergamino bat destoleztatzen du) Eta horrexegatik izendatzen zaitut Erregeren lekuko Ipuzkoako lurretan.

GARTZEA— Ohorea da enetzat, jauna.

ANTSO— Ohorea, lana eta dirua, Gartzea, gure egitekoaren hiru ardatzak. Ez ahantzi sekula.

GARTZEA— Ez, jauna.

ANTSO— Hasteko, Galga emazteak eta zeuk, lurrez hornitu behar dituzue Aizpeko Donibane Monastegia. Altzoko Olazabalen diharduzuen moduan, leku eta pasabide fidagarriak behar ditugu Ipuzkoako lurraldea bizkor dadin.

GARTZEA— Ederra litzateke Hondarribiko hau bezalakoren bat Deba edo Urolaren muturrean. Zure laguntzaz egingo genuke halako besteren bat.

ANTSO— Bihotzak salatu zaitu, Gartzea. Hastapenean beldur eta orain ameslari. Atsegin zaitut, Gartzea. Non egin behar dituzue oinarriak? Getariko Xaguaren gainean? Nahikoa lan duzu kostaldea eta Goierriko jauntxo horiek antolatzen. Gero gerokoak. Gainera, lanen bat utzi beharko diegu gure ondorengoei, ez da hala?

 

—10C— Halako batean, ustegabean, zalaparta handi bat ikusiko da urrunean, Zaragoza aldean. Hilketa bat edo. Harresietako batean, urkatu baten itzala ikusiko da, dilindan.

 

—10D— Emakumeek kontatuko dute Zaragozan gertatutakoa: Urkatu egin dute Antsok bidalitako mezularia. Kantuz egingo dute lan hori.

1 EMAKUMEA

Zaragoza partian

Atzo zen gertatu

Erregeren gizona

Lepotik urkatu

Mairua beti mairu

Uda eta negu

Bihotzik ez daukanak

Barkamenik ez du

 

2 EMAKUMEA

Gorrotoak baditu

Berezko bideak

Nola suge zikinak

Dituen bereak

Mezularia joan zen

Antso(re)n izenean

Zintzilik ito zuten

Soka muturrean

3 EMAKUMEA

Mendekua ez da berez

Erantzun zuzena

Baina berdindu behar

Irain eta penak

Erregeak ez daki

Baretzen kemena

Zaragozatik dator

Gorroto-eztena.

 

 

© Hasier Etxeberria