9. agerraldia: LEIREN
9A Infanteak daude bere maisuarekin. Aita Antso etortzen da Ramiro semea lagun duela, eta semeen arteko lehen liskarrak hasten dira agertzen. Gutxi edo asko, nork bere lur zatia merezi duela uste du.
FRAIDEA Ikus dezagun Gonzalo, bigarren deklinazioa ba ote dakizun.
GONZALO Bai jauna. Zera...Dominus, domini, domino, dominum, domine, domino.
FRAIDEA Ulertzen dituzu? Jaunarentzat?
GONZALO Domino.
FRAIDEA Jaunarena?
GONZALO Domini.
FRAIDEA Jaunak esaten du?
GONZALO (burua igurtzen eta eskua astinduz itxoiteko keinuz) Dicet dominus
FRAIDEA Bikain. (Beste biei). Fernando, hasi gaurko irakurketa.
FERNANDO «De bello galiko» (itzultzen) Galiako gudari buruz. Egilea: Cesar... inperatorrek idatzita.
FRAIDEA Ikusten? Cesar Europako agintari nagusia izanik, Galia osoa konkistatu zuenenan Galia... Non dago Galia Gartzea?
GARTZEA (nagusitasunez) Iparraldean. Gure mugatik haratago...
FRAIDEA Ba Galia konkistatu zuenean egunero idazten zuen gertatutakoaz, apunteak iskribatzen zituen gero liburua osatzeko
GARTZEA Bai, betikoa. Erregea izateko behar dudala idazten ikasi
FRAIDEA Ez Errege izateko bakarrik. Edozein lurraldeko burua izateko, agirietan zer esaten den jakiteko, munduko historia ikasteko...
GARTZEA Bale, bale... ikasgai hori jakin badakigu...
FRAIDEA Jakin bai, gustatu ez, ordea. Jarraitu Gartzea.
GARTZEA «Galia omnia divisa est in partes tres». (itzultzen) Galia osoa hiru zatitan dago banatuta.
FERNANDO Nik hori bai ez dudala ongi ulertzen. Galia bat bazen, nola dago hirutan banatuta? Herri bat zen ala hiru?
FRAIDEA Cesar ez da hemen politikaz ari, geografiaz baizik. Lurrak, Galiako lurrak, hiru lurralde desberdinak zituela esan nahi du. Ez da sartzen han bizi zirenak herri bat edo bi ziren azaltzen. Erromatarrentzat inportanteena zen lurrak konkistatzea, antolatzea, haiek gobernatzea
GARTZEA Berdin denontzat
FRAIDEA Ba ez, ez da berdin denontzat. Herri bat bizi daiteke lurralde batean edo aunitzetan, baina bat izaten jarraitzen du, zergatik Fernando?
FERNANDO Ba bere hizkuntza...ohiturak, legeak... berberak dituelako edo.
FRAIDEA Horixe: Galian galoak ziren, gurean euskaldunak garen bezala, nahiz eta lurralde ezberdinak izan. Ulertzen?
FERNANDO Ulertzen ez dakidana da zergatik Cesar geografiaz ari den politikaz jardun beharrean.
Agertzen dira Antso III.a eta seme Ramiroa (13 urteko mutil mardula, aitaren antza bera, nahiz eta ofizialki premua ez izan) eta haurrak aitarengana pilatzen dira pozik. Gero sasianaiarekin hasten dira muturka.
ANTSO Egunon semeok, baita irakasle jauna. Nola portatzen dira mutiko hauek?
GONZALO Ez genekien etorri behar zinenik.
ANTSO Ez eta neuk ere. Baina Errokaforten hitzarmena izenpetzera etorri eta nola ez hurbildu nere txorikumeengana?
FRAIDEA Ez dira ikasle txarrak, jauna.
ANTSO Beraientzat hobe. Gero ez dute denbora aunitz izanen ikasketan ibiltzeko. Ramiro ustekabean harrapatu dut ezpatako ariketak egiten beste gaztetxoekin, eta ezpata ikasketetan behintzat dotoretza lor dezake. Erabaki dut nirekin eramatea: bera baino gazteagoa nintzela hartu behar izan nuen Erregetza. Uste dut ikasketa klasikoak baino gehiago bizitza ikasketak behar dituela orain frogatu.
FERNANDO Baina premua Gartzea duzu, aita.(Gartzeak ukabildada ematen dio haserrez)
ANTSO (Aurpegiari so, bere bi eskuz semearen bizkarrari irmo eutsiz, baina haserretu gabe) Erresuma bat ez da premu bakar batekin antolatzen, seme. Denontzat dugu lana herria antolatuko badugu. Hori ikasi ez baduzu ez dakizu oraindik premutasuna zer den, seme. (Fraideari) Denek ikasi dute izenpetzen?
HAURREK Noski, aspaldian.
ANTSO Ba agiri honetan zuek izenpetzea nahi dut. Horrela ikasiko duzue erabakiak adostasunean hartu behar direla. Eta gero lekuko guztiak izenpetu. Horrek ematen dio indarra agiri bati: Erregeak, lekukoek, eta kunplitu behar dutenek izenpetuta baldin bada
GONZALO Ba ez da pergamino askirik izango denontzat...
© Hasier Etxeberria