8. agerraldia: MUGAK
8A Jean Michel Bedaxagarren «Nafarroa» jota kantatzen da. Bertan lurraren gora-beherak aipatzen dira.
Arbasoen harkaitza
Nafarroa, Nafarroa, Nafarroa
Arbasoen harkaitza
Lur emankor hezkaitza
Bedatseko ekaitza
Ekhiaren emaitza
Nafarroa, Nafarroa
Arbasoen harkaitza
Zazpietan lehena
Nafarroa, Nafarroa, Nafarroa
Zazpietan lehena
Gaztelien auhena
Santxoren hasperena
Gazten itxaropena
Nafarroa, Nafarroa
Zazpietan lehena
(Hitzak eta musika: Jean Mixel Bedaxagar)
8B Emakumeak Oñan(Burgos) daude. Malato arbolaren inguruan. Zuhaitz horixe da mugaren marka, lur nafarren finiera. Mugari buruzko gogoeta egiten dute emakumeek. Xoriek nola behar dute jakin herri bat non den hasten eta non bukatzen...
1 EMAKUMEA Zein da Erresuma baten egiazko neurria?
2 EMAKUMEA Nola dakite xoriek non den herri bat hasten eta non beste bat bukatzen?
3 EMAKUMEA Ibai bat behar da...
4 EMAKUMEA Harri bat behar da...
5 EMAKUMEA Arbola hauxe behar da Oñan, Gaztela eta Iruñeko lurren arteko mugak markatzeko.
6 EMAKUMEA Arbola malatoa.
7 EMAKUMEA Mugarrietan mugarri.
1 EMAKUMEA Ez da aski, ordea. Erregeek paperak behar dituzte.
2 EMAKUMEA Akordioak eta mapak.
3 EMAKUMEA Marra zehatzak.
4 EMAKUMEA Lurrean inon ikusten ez direnak.
8C Oñako monastegiko baratzean bertan sortzen den iturriko ur kanalizatuta ondoan. Erregea pergaminoa irakurtzen ari da izenpetu duten bi zaldunen aurrean, beste bat, Bizkaiko Eneko Lupiz jauna, bere atzean mantentzen da.
ANTSO (Irakurriz) «De divisione regno inter Pampilona et Castella, sicut ordinaverunt Sancio comte eta Sancio Regis pampilonemsis, sicut illis fuit una concordia et convenientia....Domino Nuño Alvaro de Castella et señor Fortun Okoiz de Pampilonia testes et confirmantes» Ongi da, jaunak, ez duzue lan makala izan, baina erdietsi dugu gure mugaren nondik norakoa finkatzea.
NUÑO GAZTELAKOA (Erromantzez da mintzatzen) Cognosce su Mayestat, que misiu le Cont de Castiella, suegre da sua mayestat, sientese viellu et baldat. Non se fía cualquesun moment muslim tropa armata alzensen contra nos. Non plus, non se fia tiempu pasau pove volvere et, depois vostra mayestat coronatua habenem paquea, perduta sea et nos tamé.
ANTSO Comunicatle tranquilitatean estatea. Lasai egon dadila...lasai.
NUÑO Non pou vivre pensat Al Mansur el viellu na cualquesun moment novatua rinasca.
ANTSO Pasata dies non volvent. Duodecim anni é pasat Altsasuan coronaverutadecim et ningun ha osat aqueste anni pasanti contra nos alzat. El Comt de Castiella pou se trová vieu, ma viginticuatri anni é la mia etate, et personalment forte et plen sentit mon corp. Veu et dite tuo misiu lasai egoteko, la paque goardarela firmement, et odie et sempere li patre de mia mulier cum tots mies forses defenderetlo. Diliu tamé proximament irem cabe lui para velu in sua mansione.
NUÑO Tuas paraulas liu transmitareu, misiu. (Agurtzeko keinua)
Nuño Gaztelakoak alde egiten du eta gainerako gizonak eseri egin dira. Mutil batek gazta, ogia,ardoa eta intxaurrak ekartzen dizkie eta gogoz jaten dute protokolorik gabe, hiruak mintzo diren bitartean.
FORTUN OKOIZ Zaragozako taifaren aurrean Funes, Faltzes eta Hoskako gainerako eremuetan, defentsak ongi hornituak ditugu. Baina Aragoi eta ekialdeko muga osoa ditugu kolokan. Aragoiko lautada geurea zen mairuak etorri artean, eta geroan ere, geurea behar du.
ANTSO Horretan nago bai. Hegoaldeko muga finkatu ondoren, ekialdekoari ekin behar diogu. Gainera nire emaztearentzat izeba den Ripagorzako Maiora kontesak mezularia bidali dit oraintsu, bere defentsan joan nadin Paiarsko bazterrera. Horretaz nahi nuen zurekin solastu, Eneko, eta horregatik eskatu dizut gaur hemen egoteko.
ENEKO Zeure zerbitzura, jauna.
ANTSO Gurasoek emandako lurrak ziurtatu ditugu eta garaia da musulmandarrek azken bi mende hauetan kendu digutena berreskuratzeko.
ENEKO Ulertzen dotzut, jauna. Bai.
ANTSO Horretarako ordea, kristauon arteko pakea behar da. Familiako tratuak ez dira aski gure Erresuma trinkotzeko. Guri beti gustatu zaigu aske izatea, bizkaitarrak izan zarete horretan gogorrenak.
ENEKO Bizkaitarrok beti gara bizkaitar, jauna.
ANTSO Bai, baina ezin dira egindako akatsak indartu. Non zauria, hantxe igurtzia. Inguruko Erresumak indartzen ari diren bitartean, ez digu balio arbasoen aspaldiko tribuen antolaketak. Bi lan egiteko behar zaitut Eneko: armada antolatzeko eta Bizkaiko lurretan Erresumaren egitura errotzeko.
ENEKO Ohore handia eskeintzen dostazu, jauna. Ez dira alferrik izan elkarrekin pasatu doguzan orduak. Osorik nator bat zeugaz Erresuma antolatzeko eritxian. Baina neuk lez dakizu, ez dala erraza bi lekutan une berean egotea. Ondo ezagutzen nozu eta badakizu erosoago mobitzen nazela zaldiz eta ezpataz, jauregietako kalakan baino.
ANTSO Hitz ederrak zeureak, Eneko. (Zutitzen da eta beste guztiak ere bai. Enekori begira) Bisigodoei eta ondorengo musulmandarrei aurre egin ezinik, mendietaraino ezkutatu izan gara. Baso eta haizpeetan gorderik eutsi diogu gure hizkuntza eta lege zaharrari. Baina lautadara jeisteko unea dugu orain, geure herriaren geroa antolatzeko. Batu egin behar ditugu erromatarrek aipatzen zituzten saltus eta ager haiek, basoa eta nekazarien lautada. Sendo eta irmo lautadara atera, harrizko mugak eraiki, dorreak jaso, defentsa antolatu. Militarrak eta adimentsuak behar ditugu, gizon kultuak. Armetan badakigu, letretan aldiz ez. Leireko monastegian ikasi nuen greko eta erromatarrek idatzitakoen berri. Horrelako monastegi bat nahi dut hemen ere, Oñan.
FORTUN Begira, Eneko, betidanik izan dugu Auñamendi mendikatea gure lurraren bizkar-hezur. Iparralde eta hegoaldera hedadu dira handik saihetsak. Bizkaitarrek itsasoan duzue bizkar-hezur horren muga. Horregatik antolatu behar duzue hegoaldeko eremua, Bureba eta Atea-porta barne. Zuen Malato zuhaitza hementxe dago, geurea bera da, eta ez dago Urdeibaian edo Urduñan.
ANTSO Bai, lautada behar dugu gure herria antolatzeko, bake garaian mendixkak ez zaizkigu nahiko. Une honetan indar aski dugu, ez dugu zertan ezkutatzen ibili behar. Horrexegatik ezarri dut gortea Nahiaran, Iruñean baino gehiago. Elkar ulertzeko garaian, zelaia gozoagoa da gure mendietako labirintoa baino.
ENEKO Holakorik ez dot nik ukatuko.
ANTSO Erromatarrek erakutsitako bideak eskuratu behar ditugu. Horregatik ari naiz Santiobidea ere hona ekarri nahian. Europatik Konpostelara joan nahi baldin badute, joan daitezela. Geuk egingo dizkiegu bide zabalak, baina ez malkarretan eta mendietako zidorretan. Monastegiz monastegi eginen ditugu. Hortik etorriko dira hiriak. Erromatarren garaian Baiona eta Iruñea bezala. Hirian dugu etorkizuna, ez mendian. Eta damu dut hau esatean, maite baitut mendia hiria baino gehiago. Baina gauza bat da bihotza eta bestea burua, Eneko, sutsu hori. Zeuk ere horrelaxe behar dituzu gauza hauek guztiak ikusi.
8D Emakumeek Bela anaien bisita jasotzen dute. Gaztelan deserriraturik familia bateko oinordekoak dira. Etorkizuneko albiste nahi dute, baina emakumeek ez dituzte asko maite. Etorkizun beltza iragartzen diete: belea, beti bele.
IAGO BELA Egunon andereak.
1 EMAKUMEA Hara, hiru anaia Belatarrak!
RODRIGO BELA Bai, hiru anaia bihotzean bat.
2 EMAKUMEA Bihotzaren herena, orduan, bakoitzarentzat.
RODRIGO Ez nuen horrelakorik esan nahi.
3 EMAKUMEA Baina horixe esan duzu.
RODRIGO Bat eta bakarra bagina bezala ekiten dugula, esan nahi nuen nik.
ENEKO BELA Ixo! Ez gara hona txutxumutxuan ibiltzera etorri.
4 EMAKUMEA Zertara etorri zarete, bada?
2 ENEKO Etorkizunaren berri daukazuela esaten da.
5 EMAKUMEA Etorkizuna, nork daki zer den hori?
IAGO Ordaindu ezkero, asmatzen duzuela esaten da.
6 EMAKUMEA Ez dugu behar zuen ordainik.
RODRIGO Ekarri dugu, ba, urrea.
7 EMAKUMEA Eraman itzuleran, ez dugu nahi zuen urrerik.
RODRIGO Zein da, orduan, ordaina?
6 EMAKUMEA Zerbitzurik ezean, ez dago ordain beharrik.
IAGO Baina guk etorkizuna jakin nahi dugu.
5 EMAKUMEA Zuena edozeinek daki.
RODRIGO Zein da, beraz?
4 EMAKUMEA Beltza duela beleak luma...
3 EMAKUMEA ...eta beltzagoa duela arima.
2 EMAKUMEA Belea beti bele, Belatarrak!
RODRIGO Hori al da esateko guztia?
1 EMAKUMEA Bai, horixe da dena.
ENEKO (Alde eginez) Kiskaliko al zarete infernuko sutan!
1 EMAKUMEA Ez inori desira zeuretzakoa dena!
Belatarrek alde egiten dutenean, emakumeak Antsori buruz mintzatzen dira. Berritu egiten dute haren begietako misterioa, denborarekin areagotu egin zaiona.
1 EMAKUMEA Urde halakoak!
2 EMAKUMEA Piztia ankerrak.
3 EMAKUMEA Beti liskarrean.
4 EMAKUMEA Orain ere badute zerbait eskuen artean.
5 EMAKUMEA Aitagandik datorkie gorrotoa.
6 EMAKUMEA Ez dute ahazten aitak Arabako Konterriaren buru izatera ez zuela erdietsi.
7 EMAKUMEA Ondo merezita zeukan hori Bela zaharrak.
1 EMAKUMEA Arabako konterria lortzeko beti zebilen liskarrean.
2 EMAKUMEA Hortxe dute orain ordaina: Gaztelan ere baztertuak izatea
3 EMAKUMEA Ezpal berekoak dira hiru semeak.
4 EMAKUMEA Bai, zerbait darabilte eskuen artean.
5 EMAKUMEA Antsoren aurka, agian.
6 EMAKUMEA Antsoren aurka!
7 EMAKUMEA Gure Erregearen kontra!
1 EMAKUMEA Horixe ote begietan dakarrena?
2 EMAKUMEA Zein ote du esanahia?
3 EMAKUMEA Gero eta zaio nabaritzenago begietan.
4 EMAKUMEA Gero eta zaio ezkutatzenago bihotzean.
5 EMAKUMEA Zer da, ordea?
6 EMAKUMEA Inork ez daki.
7 EMAKUMEA Geuk ere ezin jakin.
1 EMAKUMEA Non ote da orain Antso?
2 EMAKUMEA Leirera bidean da, Ramiro semearekin.
3 EMAKUMEA Han ditu beste hiru semeak ere, latinak ikasten.
4 EMAKUMEA Ramiro sasikoa, Antsarena...
5 EMAKUMEA Beste hiruak, Gartzea, Fernando eta Gonzalo, Muniarenak.
6 EMAKUMEA Printze gehiegi Erresuma bakarrarentzat.
7 EMAKUMEA Adar gehiegiak itotzen du askotan arbola.
© Hasier Etxeberria