7. agerraldia: IPARRALDEKOAK
7A Emakumeek dute hitz egiten. Iparraldeko lurrez ari dira. Ondoren, emakumeetako batek, kaskezur bat ateratzen du ikuslegoaren aitzinera.
1 EMAKUMEA Ssshii. Ixo. Ixilik mesedez. Pirinioetatik harantzago gaude, Antso Gilen Dukeak zaintzen duen eremuan.
2 EMAKUMEA Antso Nagusiaren osaba da bera, Iruñeko Gortean hezitua eta Erregearen ordezkari fidela lur hauetan.
3 EMAKUMEA Lurralde zabala du menpean, Baiona eta Paue baino askoz haruntzagokoa bai behintzat.
4 EMAKUMEA Une batetik bestera ikusiko duzue mendi erraldoi bat, ezer ez dagoen lekuan hazten.
5 EMAKUMEA Donejakuen bezala...
6 EMAKUMEA Hezur batzuk mundua mugi dezakete.
7 EMAKUMEA Europa guztiko erromesak biltzen dira hantxe.
1 EMAKUMEA Hara hemen kaskezurra (eta kaskezur bat erakusten du airean).
2 EMAKUMEA Esan dezagun Joan Bataiatzailearena dela.
3 EMAKUMEA Eta jar dezagun hementxe, zelai honen erdian, Saintongen.
4 EMAKUMEA Ikusiko dira handiak!
5 EMAKUMEA Ikusiko dira ikaragarriak!
6 EMAKUMEA Ikusiko dira ez sinesteko modukoak!
7 EMAKUMEA Kaskezur honen inguruan!
7B Emakumeak itzuli egiten dira euren lekura eta, bidean, herritarrekin gurutzatu eta geratzen dira hizketan.
HERRITARRA Nondik zatozte?
1 EMAKUMEA Saintongetik.
HERRITARRA Zer dago, ba, han?
2 EMAKUMEA Gauza ikaragarria!
HERRITARRA Zer da?
3 EMAKUMEA Joan Bataiatzailearen kaskezurra, horixe!
HERRITARRA Ez da egia!
4 EMAKUMEA Hantxe aurkitu dute.
5 EMAKUMEA Zelaiaren erdian!
Populua oihuka hasten da kitzikaturik: San Joan Bataiatzailearen burua! Miraria! Eta Saintongera abiatzen dira presaka.
7C Saintongen gaude eta prozesio ikaragarri bat ikusten da. Hantxe daude Handi guztiak, San Joan Bataiatzailearen burua adoratzera...
Plaza zabala eliza baten aurrean. Jendeak inguratzen ditu erdian saltoka dauden saltinbanki eta ekilibrista batzuk. Musika alaiaren bolumena jeisten doa eta hasten gara ulertzen jendeak solasten duena.
SEMEA Nik Bataiatzailearen burua ikusi nahi dut
HERRITARRA Auskalo noren burua den hori ere. Ehun urte pasa ondoren katu guztiak berdinak.
FRAIDE BATEK Bai zera, ehun ... mila urte ere joan dira honez gero Agripak lepotik moztu zionetik. Hau mirariaren handia!
AMA Mila urteren ondoren hautsa besterik ez da izanen,ez?
FRAIDEA Erregeak Iruñetik ekarri omen du burua estaltzeko behar den beste zilar.
HAURRA Badatoz, badatoz...
Segizioa plazan agertu ostean, elizan sartzen da prozesioan.. Estandarte atzean apezpiku antza duen batek zilarrezko platerean darama errelikarioa. Bere atzetik hasten dira dotore jantzitako nobleak pasatzen. Jendearen marmarren gainean entzuten da pasatzen direnen tituluak aldarrikatzen dituen ahots ozena.
PREGOILARIA Antso Garzes III.a Iruñeko Erregea eta Munia Erregina
-Robert Errukarria, Frantziako Erregea eta Konstanza Erregina
-Gilen V.a Handia Akitaniako Dukea eta Ana emaztea
-Antso Gilen Waskoniako Dukea eta emaztea
-Munio Gonzalez Arabako kontea
-Eudes Txanpainako Nagusia
-Eneko Santxez Nahiarako jauna
-Fortun Lopez Lizarrako jauna
-Ximeno Galindez Nabazkoitzekoa
-Iruñeko gotzaina, Bordeleko gotzaina, Aragoiko gotzaina, Arabako gotzaina,...
© Hasier Etxeberria