5. agerraldia: SINESMENAK

 

—5A— Emakumeek Teodosioren historia kontatzen dute. Aralargo baseliza ari direla eraikitzen...Tartean gizon zahar bat ere badago.

 

6 EMAKUMEA— Kondairak dioenez, Goñerriko Teodosiok gurasoak ohean hil zituen, bere emaztea eta amorantea zirelakoan.

2 EMAKUMEA— Erromara joan zen barkamen eske, baina penitentzia latza jarri zioten: katea astunak arrastaka zituela biziko zen bere bizitza guztian.

4 EMAKUMEA— Penitentzia eginez bizi zen Aralargo leize batean.

5 EMAKUMEA— Errezatzen ari zen batean, herensuge edo dragoi ikaragarri bat agertu zitzaion.

AGUREA— Espantuka, Done Mikel Aingeruaren laguntza eskatu zuen dragoia kateaz golpatuz.

6 EMAKUMEA— Dragoia hil egin zen eta katea askatu.

2 EMAKUMEA— Mikel aingeruaren estatua bitxia harri gainean zegoela ikusi zuen orduan Teodosiok.

4 EMAKUMEA— Baseliza eraiki du toki horretan bertan Goñerriko zaldunak.

5 EMAKUMEA— Kristauak ehunka...

AGUREA— Kristauak milaka...

6 EMAKUMEA— ...biltzen dira Aralarren, otoitzera.

 

—5B— Antso eta Antsa ageri dira Ramiro seme jaio berriarekin. Horretaz dute hitz egiten. Antsa izu da eta Antso saiatu egiten da emakumearen antsia baretzen. Ama eta amona, Antsoren ezkontza ari dira prestatzen Muniarekin eta horrek sasiko eta bazterreko bihurtzen du Antsa eta, batez ere, Ramiro semea. Hala ere, erregeak amodio promesa egingo dio Antsari alde egin baino lehen.

 

ANTSO— Ez dut etsiko, zaude lasai.

ANTSA— Zure amak eta amatxik erabakita dute Muniarekin esposatzea.

ANTSO— Neu naiz errege!

ANTSA— Ez leku guztietan.

ANTSO— Neu naiz errege, Iruñeko Erresuman!

ANTSA— Ez, ordea, zeure etxean!

 

—5C— Kantari batek «Amatasunari» buruzko kantu bat abestuko du: «Mari». Bitartean, Antsok alde egingo du leku horretatik.

 

                Artegian zoin den ejer ttipi denean axuri

                Amaren ondean hüilan, hona beitü ütürrí

                Handitüren aisa düzü heben dügün frütü berrí

                Ta bizian zohitüko hontarzün dohatsü herí.

                Alaba sortü bena jadanik zira Ama

                Aikinte ahal oroz¡ zure bizian berma.

                Andere Ororen Ama eki sorgia bat üdüri

                Argi ororen argia hola zinadian Mari

                Atün handiko emazte handitarzünean hazi

                Holako bihotz ttipian nolaxe edenarazi

 

                Ütürriaz orhitzean, nontik sortü ginen asma

                Bizidün ttipienak ere hortarik jelkitzen xarma

                Gizon emazte bakotxak bere beitan dü arima

                Bihotz batek beti hala behar dü etxeki Ama

 

                                (Hitzak eta musika : Mixel Etxekopar).

 

—5D— Antsa bakarrik ageri da, Ramiro txikia besoetan duela. Berari kontatzen dizkio kezkak:

 

ANTSA— Ramiro maitea, ez nau ene zorigaitzak kezkatzen, zureak nau logabatzen. Izanen al duzu bihar eta etzi aitarik, ala zurtz zara betikotz maitea? Izanen al duzu eroritakoan zutitzen lagunduko dizun aitaren besorik alboan...? Neuk egin zintudan zurtz jaiotze beretik, amodioaren ordainetan... Ramiro maitea...

 

 

© Hasier Etxeberria