4. agerraldia: MAITEA NUN ZIRA?
4A Antso hamasei urteko mutikoa da eta Kontseilu gelan dago, mapa batzuei begira. Leihotik «Maitea nun zira?» abesti herikoia entzuten du. Neska batzuk ikusten ditu pasatzen eta haien atzetik abiatzen da Urrakak bidea ixten dion arte.
URRAKA Nora zoaz Antso?
ANTSO Kantuaren lekura.
URRAKA Han ez dukezu deus.
ANTSO Agian zoriona.
URRAKA Eta agian galera.
ANTSO Frogatu egin behar.
URRAKA Erregeak tronua du berezko lekua.
ANTSO Gizonezkoa ere bada erregea.
URRAKA Ezin duena ibili gona artean galduta.
ANTSO Gizonezkoa gizon bada, beretzako du emakumezkoa.
URRAKA Erregea, ordea, gizon baino lehen da errege.
ANTSO Zorigaiztokoa! (Eta itzuli egiten da lehen zegoen lekura, mapa artera).
4B Al Mandik kapitainak, kutxatila bat dakarkio. Mairuek bildu dituzten zergak daude bertan. Bakearen seinalea da kutxatila zergaz betea.
PREGOILARIA Antso Errege Jauna, Al Mandik mairua, Al Mansurren semea.
ANTSO Bisitaren handia! Etsaia sukaldean!
AL MANDIK Ez gara etsai gaurgero.
ANTSO Zerk aldatu ditu gauzak?
AL MANDIK Kutxatila honek, jauna.
ANTSO Zer dituzu hor?
AL MANDIK Euskaldunen zergak, Iruñeko Erregearenak.
ANTSO Lehenik kendu eta gero itzuli, haize eroa dabil zure buru horretan.
AL MANDIK Bakeak behar du ordaina.
ANTSO Ez balego lehenagotik iraina!
AL MANDIK Ene aita hila da. Zurea ere bai. Haiekin lurpean haiek egindako guztiak.
ANTSO Hoskako lurrak ditugu tartean.
AL MANDIK Hoska mairua da, jauna.
ANTSO Oraingoz, Al Mandik, oraingoz.
AL MANDIK Eta beste mila urtean.
ANTSO Ikusiko da hori.
AL MANDIK Bakean etorri naiz.
ANTSO Eta bakean zara joango.
AL MANDIK Tori zergak!
ANTSO Tori bakea (Eta eskua ematen dio, mairuak alde egin baino lehen)
4C «Maitia nun zira?» entzuten du berriro Antsok. Kapa bat jazten du, arropak txukuntzen ditu. Irtetera doa «abestiaren lekuaren» bila, une horretan, ordea, Antsoren kontseilukoak sartzen dira eta mugez hasten dira hizketan, zein diren garrantzizko erreinu baten tinkatzeko. Antsok erantzi egiten ditu kanpora joateko asmotan jantzi dituen arropak.
FORTUN Hegoekialdeko mugak nola zaindu behar dugu erabaki, jaunak.
ANTSO Konpondua dut hori Al Mandikekin.
FORTUN Ez daukat nik bere aita Al Mansurren oroiminik.
BELASKO Sugetzarrak hobeto daude lurpean.
FORTUN Al Mansurrek Leon erasotzen zuen bakoitzean, guregana biltzen ziren hango kristauak.
BELASKO Orain badakite Al Mandik ez dela Al Mansur, eta gurekin dute liskarra Leongoek.
FORTUN Handiegia dela Iruñeko Erreinua, horixe diote.
BELASKO Pirinioetatik haruntzago ere hedatzen dela gurea.
FORTUN Eta zati bat hartu nahi dute hemendik, beste bat handik...
BELASKO Hortzaka-hortzaka bukatzen da gazta.
ANTSO Mairuekin bakea, eta kristauon artean gudua. Ez dugu atarramentua.
FORTUN Campus Stelan, Done Jakue, Santiagoren hilobia dagoela hasi dira esaten.
BELASKO Espiritu Santuak eraman duela haraino txalupa batean.
ANTSO Ameskeriak!
FORTUN Mundua mugitzen dutenak!
ANTSO Zuhur jokatzea agintzen digu garaiak. Senitarteko loturak ditugu inguruko erresumetan.
BELASKO Ez da aski. Azken hiru mendeetan zergak ordaindu dizkiegu mairuei.
ANTSO Amaitu da hori.
FORTUN Hoska menpe dute oraindik.
ANTSO Konponduko da hori. Lehenbizi hegoaldeko mugak behar ditugu segur.
FORTUN Orain da unea, ahul dabiltza etsaiak.
ANTSO Nola dago lerro hori Belasko?
BELASKO Oñako mendietatik hasita, Atea-porta mendi katea, Errioxako Kukula, Ezkarai eta Garrairaino. Gero, Kalagorritik gora egin behar da, Banu Kasi taifaren daukagun akordioagatik, Jaka euskalduneraino.
FORTUN Eta Hoska?
ANTSO Orain ez da unea. Munio, nola dira gauzak Pirinioez gaindi?
MUNIO Sendo daude, azken muturrean ez bada, Paiarsen, non iskanbilak ditugu. Gainera Pirineotik iparralderuntz gure hizkuntza galdu egin da eta okzitanoz ari dira.
ANTSO Ez da albiste ona guretzat.
FORTUN Aragoiko aldean kontuak ditugu erabakitzeko. Bata da Hoska.
MUNIO Bai, noiz arte hangoak mairuen menpe?
FORTUN Muga horiek nola indartu behar dugu gaur erabaki.
Zerbitzari bat sartu da
ZERBITZARIA Odilon abadea heldu zaizue, jaunok.
ANTSO Ba, sar dadila. Ongi profitatu behar dugu bere etorrera.
FORTUN Bai jauna, baina jakinarazi behar genioke zein tokitan nahi dugun monastegiak antolatzea. Aipatu ditugun Oña, Kukula eta Kalagorri onak lirateke horretarako.
ANTSO Tira ba, sar dadila eta azal diezagula zer arraio ari diren Clunyko Monastegi horietan. (Atera da Fortun) Ez naiz batere fido sineskeriekin.
«Maitea nun zira» entzuten da berriro, eta neskatila multzo bat pasatzen da ertz batetik. Antsok haien atzetik joan nahi du. Eskuetan hartzen du kapa. Alde egitera doanean, ordea, sartzen dira Fortun eta bi fraide.
FRAIDEAK Eguerdion Jaungoikoak. (Erregeari buruko keinuaz diosala egiten diote)
ANTSO Baita zuei ere, jaunak. Pozten naiz zu ikusteaz, aita Paterno. Zer moduz Leire inguruan?
PATERNO Ongi jauna, Jainkoari esker. Pater Odilonek hartu nau laguntzaile, nahiko nekatuta heldu baitzen gurera, eta gustura lagundu diot honaino.
FORTUN Badakizue zein den gure asmoa: Musulmandarren esku izan diren lurretan fraidetegiak finkatzea, kristautasuna eta ordenua, biak batera ezartzeko.
ANTSO Badakigu Cluny monastegian ebangelioan bizitzeko era berriak ari zaretela frogatzen. Zertan da zuen bizimodu berria?
ODILON Jaun Zerukoak agindutakoa da, haren borondatea egin behar dela hemen lurrean, zeruetan bezalaxe. Espanturik gabe eta inoren kaltetan izan gabetan, gainera. Horretarakoxe erabakia hartua dugu aspaldi Clunyko fraideok. Otoitza dugu bide bakar eta lorpide...
Une horretan neskatila multzo bat pasatzen da ondotik eta euretako bat (Antsa) nabarmendu egiten da haien artean. Inork ikusten ez duela, Antsok jarraitu egiten dio ondoren eta halako batean, Kontseilukoak, errege gabe ari direla hizketan ohartzen dira: Nora da joana gure errege jauna?
4D Emakumeek erantzuten diote galdera horri, Antso eta Antsaren arteko orain arteko gora beherak kontatuz.
3 EMAKUMEA Ero da odola hamasei urtetan.
2 EMAKUMEA Zoroa da bihotzaren oldarra.
4 EMAKUMEA Ederki ezagutzen ditu Erregek Oibarko bideak.
5 EMAKUMEA Hantxe da Antsa gaztea.
1 EMAKUMEA Hantxe, hegaztiaren habia.
3 EMAKUMEA Zorion eztia!
2 EMAKUMEA Zorion eztia? (elkarri behatuz)
4E Oibarko Antsa Erregearen maitalea da. Berarekin dago Berta konfidantza-dama. Solasean ari dira, Antsaren etxean. Neska gaztea kezkatua dago, ez baitaki Antsori nola esan haurdun dagoela. Halaber, ez daki Erregeak nola hartuko duen sasiko semearen zaintza etorkizunean.
ANTSA Urduri nago, Berta. Nola hartuko du Antsok albistea?
BERTA Ederki erran zizun berak, haurdun geratzen bazinen, ez izateko kezkarik. Ziurtatuko zizula beharrezko guztia.
ANTSA Bai erran bai, milaka aldiz erran izan dit hori, baina hitzak hitz huts dira. Haizearen jostailuak.
BERTA Ez bizi beti kezkan, anderea.
ANTSA Antso gero eta dago lotuago gobernatzera, gaur etorriko zaidan ere ez dakit...
BERTA Ez dizu, ba, mezularia aurretik bidali? Zaude lasai, Antsa.
4F Antso sartzen da eta Berta desagertzen. Hitz ederrak dauzka Antsok, baina Antsak badaki bere patua bazterrekoa izatea dela. Ez zaizkiola Erreginarenak aitortuko sekula.
ANTSO Maitea! (besarkada, muxua) baneukan zeu ikusteko gogoa! Zein emakume ederra! Utzi ikusten. Begira zer ekarri dizudan (eta pultsera bat luzatzen dio ).
ANTSA Zergatik?. Zertarako? Badakizu zurekin nahikoa dudala. Ezin izango dut jantzi gainera.
ANTSO Nola ezetz! Ez baduzu eskuturrean jarrita hurrengoan, alde egingo dut zure ondotik. Zer ardura dizu denek jakitea nire maitea zarela?
ANTSA Neuk ere badut zerbait zuretzat gordea.
ANTSO Zer duzu?
ANTSA Berri bat.
ANTSO Ona?
ANTSA Ona ala txarra ote den zeuk erabaki beharrekoa da..
ANTSO (Oraindik konturatu gabe) Ona izango da orduan, txarretik badut eta egunero.
ANTSA Ez, ez da horietakoa. Geure-geurea dugu berri hau.
ANTSO Geu...re zer? Ez zara izanen...?
ANTSA Bai, haurdun nauzu.
ANTSO Ba, bai. Pozten naiz. Horixe baietz. Printzesa bat...... edo mutikoa ere izan daiteke. (Besarkatzen, sabela ukitzen) Maitea. Ez beldur izan. Bizitzaren legea da. Maitasunaren fruitua. Biona. Etor dadila, zainduko dugu eta.
ANTSA Dugu? Zuk zaindu?
ANTSO Jakina baietz! Guztien aurrean gainera. Erran dezatela nahi dutena gortesau horiek! (Eta Antsa zizailu batean etzanaraztendu)
ANTSA Badakit bihotzez ari zarela. Pozten naiz. Baina buruz ere jokatu behar duzu.
ANTSO Nola, bestela?
ANTSA Ez zara edonor. Herriak behar zaitu... gero eta gehiago, gainera.
ANTSO Nik ere behar zaitut zeu, arnasa baino gehiago (sutan). Zer nahi duzu, bihotzik gabeko panpina izatea Erregea? Erresumak gizon eta emakume bihoztunak behar ditu, ez sabel zuriak, ez emandako hitza irensten duten horietakoak...
ANTSA Segur zara?
ANTSO Bai maitea, horixe baietz... ( biok besarkatuta, etzanda bukatzen dute)
4G Emakumeek «Erromako haizea» aipatzen dute lehen aldiz. Zibilizazio berriaren arauak datozela alde guztietatik.
1 EMAKUMEA Erromako haizea dator!
2 EMAKUMEA Lege berria.
3 EMAKUMEA Arau bakarra.
2 EMAKUMEA Elizaren bidea!
1 EMAKUMEA Cluny!
2,3,4,5 eta 6 EMAKUMEAK Clunyko fraideak!
1 EMAKUMEA Epaile berriak.
2,3,4,5 eta 6 EMAKUMEAK Jainkoak zerutik bidaliak!
4H Abade saldo bat sartzen da, oldartsu, kristautasuna hedatu beharraz hizketan. Monastegiak behar dituztela ere esaten dute, lurren eta fedearen mugak ezartzeko. Letania indartsu bat botatzen dute pauso sendoz mugitu ahala.
PATERNO Bat. Musulmandarren aurrean kristauen eginkizuna!
BESTE FRAIDEEK Eginkizuna!
PATERNO Bi. Latina nagusi!.
BESTE FRAIDEEK Latina!
PATERNO Hiru. Erregearen ordez, abadeak behar ditu izendatu elizak!
BESTE FRAIDEEK Elizak!
PATERNO Lau. Erregea bai, baina beti gainetik Erroma.
BESTE FRAIDEEK Erroma!
PATERNO Bost. Mugak eusteko, lau haizetara monastegiak.
BESTE FRAIDEEK Monastegiak!
PATERNO Jaungoikoaren aginduak dira.
BESTE FRAIDEEK Jaungoikoarenak!
PATERNO Erromako Aita Sainduarenak.
BESTE FRAIDEEK Aita Sainduarenak!
PATERNO Eliza Santuarenak.
BESTE FRAIDEEK Ama Elizarenak!
PATERNO Eta Espiritu Sainduarenak.
BESTE FRAIDEEK Espiritu Sainduarenak! (Aitaren eta Semearen egiten hasten dira, abiada gelditurik)
4I Mairu komertziante talde bat sartzen da eta Errege Antso saludatzen dute.
MAIRUA Salam alikum.
ANTSO Alikum Salam. (haiekin du hitzegiten, dakarten merkantziaren gainean.
4J Abadeak haserretu egiten dira hori ikusitakoan. Alegia, Iruñeako Erregea, merkatari musulmandarrekin solasten dela ikusitakoan.
1 FRAIDEA Fedegabeari fedegabeak bezala dio erantzun gure Erregeak.
PATERNO Bukatu behar da hori.
2 eta 3 FRAIDEAK Bai, betiko bukatu.
PATERNO Bat da Jaungoikoa.
BESTE FRAIDEEK Bat eta bakarra!
PATERNO Eta hiru aldi berean.
DENEK Aita, Semea eta Espiritu Santua! (Berriro Aitaren eginaz batera).
© Hasier Etxeberria