3. agerraldia: HAURRA ERREGE

 

—3A— Haur batzuk emakumeekin ageri dira jolasean. Sokasaltoan eta. «Zubiri, zubiri, nongori, nongori...» abesten ari dira. Haur batek hostoz egindako koroa bat jartzen dio beste bati buruan. Txantxetan ari dira: Nik izendatzen zaitut Iruñeako errege... Ikusleen artean, «herritar» batzuk daude. Hauek ere hitz egingo dute emakumeekin.

 

4 EMAKUMEA— Bihar izango dugu errege berria

1 HERRITARRA— Gazteegia, aukeran.

2 HERRITARRA— 12 urteko mutikoak zer daki erregetzaz?

4 EMAKUMEA— Hobe gaztea ahula baino.

6 EMAKUMEA— Irakasle handiak ditu etxean.

1 HERRITARRA— Ama eta Amona.

2 HERRITARRA— Urraka eta Ximena.

7 EMAKUMEA— Ximena eta Urraka, bai.

4 EMAKUMEA— Ez dira gaizki konpondu urte hauetan.

1 HERRITARRA— Amonak eduki du agintea.

2 HERRITARRA— Eta amak, semea.

4 EMAKUMEA— Mugetan eutsi dituzte mairuak.

1 HERRITARRA— Bai, baina zergak geuk ordainduta.

2 HERRITARRA— Euskaldunok zerga ordaindu behar Al Mansur mairuari.

4 EMAKUMEA— Bakearen prezioa!

1 HERRITARRA— Lotsaren ordaina!

2 HERRITARRA— Irainaren handia!

6 EMAKUMEA— Bakea behar da irabazi!

1 HERRITARRA— Desohoreak ez du merezi!

7 EMAKUMEA— Handia da Iruñeko Erresuma.

6 EMAKUMEA— Europako handienetakoa

4 EMAKUMEA— Zaila du gobernua!

1 HERRITARRA— Mairuak dira nagusi, mairuak!

2 HERRITARRA— Soldadu baino, gerrarako esklabuak!

4 EMAKUMEA— Denak konponduko ditu erregeak.

1 HERRITARRA— Errege haurrak!

6 EMAKUMEA— Haur erregeak!

2 HERRITARRA— Astun du erregetza.

1 HERRITARRA— Zabala lurraldea.

2 HERRITARRA— Hamabost egun behar dira zaldiz hemendik Erripagorzara.

1 HERRITARRA— Eta Pirinioen beste muturrera.

2 HERRITARRA— Handiegia erregetxoarentzat!

4 EMAKUMEA— Emakumeek diote lagunduko.

7 EMAKUMEA— Haiek bidea erakutsiko.

6 EMAKUMEA— Handitzen dira pagoak.

4 EMAKUMEA— Handitzen dira haritzak.

7 EMAKUMEA— Handituko da Antso Hirugarrena.

1 HERRITARRA— Bitartean zain egon behar.

2 HERRITARRA— Emazteen Jainkoak gorde gaitzala!

 

—3B— Koroaketaren zeremonia ikusiko da. Jendea festan dago. Kantua, dantza eta ospakizuna.

 

HAMABI ZAHARRAK -«Gu Euskaldunok, bat-banaka zu-zeu bezainbeste garenok, eta denon artean gehiago, Errege hartzen zaitugu, gure ohitura zaharren arabera bizi ahal izan gaitezen».

ANTSO— Zin dagit eta dagit zin.

HAMABI ZAHARRAK— Gora Erregea, gora Erregea, gora Erregea! Gora Antso Hirugarrena!

 

—Oihu bakoitzarekin gora jasotzen dute ezkutua, errege-mutikoa gainean zutik delarik. Jendea ere oihuka hasten da, dantzan. Txalapartaz pieza bat. Txistua entzuten da. Banaka agurtzen ditu Erregeak hamabi zaldunak (eskuin eskua altza eta taupada lepoan) Fortun Santxez «Aitan» lehenbizi eta gero beste guztiak. Azkenean Amatxi Urraka eta Ximena ama besarkatzen ditu. Halako batean, ordea...

 

—3C— Hileta bat pasatzen da eta alde batera egiten du populuak, zerraldoari pasatzen uzteko. Al Mansur da hilik daroatena. Mairuen buruzagia. Al Mansur! Entzuten da behin eta berriz. Al Mansur da! Mairuen erregea! Al Mansur hil dute!

Bazter batetik desagertzen dira mairuak eta haiei begira geratzen dira beste guztiak.

 

 

© Hasier Etxeberria