Agerraldia: ATARIKOA

 

—1A— Emakumeek «Emakumeen gunea» izango dena hautatzen dute eta zakuetan daramatzen guztiak ateratzen dituzte lurrera, kanpamendu moduko bat osatuz: eltzeak, azeri disekatuak, bele edo hontz bat, ispiluak, sokak, erratzak, sareak...

 

1 EMAKUMEA— Lemixi, lemixikua! (Banderak aztertuz). Zein kolore behar da gauzak hasteko orduan?

2 EMAKUMEA— Edozeinek balio du. Hartu berdea, edo urdina, nahiago baduzu.

3 EMAKUMEA— Biak hartuko ditut, berdea mendiko belarrarena, eta urdina itsasoarena.

4 EMAKUMEA— Nik ere beste bi hartuko ditut.

5 EMAKUMEA— Nik horia ere bai, badaezpada. Eguzki beroarena. Ez dago sekula jakiterik eta.

6 EMAKUMEA— Banderak airean!

7 EMAKUMEA— Airean banderak! (eta bandera guztiak dantzatzen dituzte airen).

 

—Emakumeek banderak dituzte eskuetan. Saioan zehar behin eta berriz erabiliko dituzte, esaten dutenari laguntzen bezala, aidean mugituz. Hautatutako kolorea, kontatu beharrekoaren araberakoa izango da: borroka eta odola bada, gorria; heriotza bada, beltza... eta horrela.

 

1 EMAKUMEA— Neuk ikusia dut begitxo hauekin.

2 EMAKUMEA— Eta nolakoa da?

3 EMAKUMEA— Haur eder ederra.

4 EMAKUMEA— Ez dauka orduan aitaren antzik.

5 EMAKUMEA— Ama Ximenarenak ekarriko ditu urak.

1 EMAKUMEA— Zerbait du, hala ere, begietan.

6 EMAKUMEA— Zerbait?

1 EMAKUMEA— Bai, zerbaiten seinale nabari-nabaria.

7 EMAKUMEA— Zeren seinalea?

1 EMAKUMEA— Ez nuke jakingo esaten. Ezkutuko zerbait, nolanahi ere.

2 EMAKUMEA— (Publikoari, banderak eskutan, anpuloski) Entzun duzue, Abarka eta Urraka errege-erreginen biloba jaio berriak...

3 EMAKUMEA— Gartzia Dardartia eta Ximena Andrearen semetxoak...

4 EMAKUMEA— ...Iruñeko erregetarako jaioak...

1 EMAKUMEA— Bai! Zerbait dauka begietan.

5 eta 6 EMAKUMEAK— Seinalea! Seinalea!

7,1,2 eta 3 EMAKUMEAK— Gorde gaitzala zeruak!

4,5 eta 6 EMAKUMEAK— Gorde gaitzala lurrak!

EMAKUME GUZTIAK— Gorde gaitzala itsasoak! (eta bandera urdinak aideratzen dituzte)

 

—1B— Emakumeek naturaren elementuak menperatzen dituzte (nolabait). Denbora eta espazio ezberdinetan agertzeko gaitasuna dute. Natura, memoria eta adimena ordezkatzen dituzte. Euren traste zaharren inguruan dabiltza, betiere. Itsasoari egiten diote dei, honek OROIMENAZ hitz egin dezan. Kantu bat entzuten da itsasoko zaratarekin batera. Denboraren gurpilari eta memoriaren gorde beharrari buruzko koreografia da:

 

                ITSASOAREN KRESALA: OROIMENA

                UHIN BATEK DAKAR

                HURRENGOAREN APARRA

                AMAGANDIK ZARELA SORTU

                SEINALE ETA GUZTI.

                ERREGEEN ARBOLAK

                ZUGAN DU EZPALA.

 

                GAUR GARA HONAINO IRITSI.

                IZAN ZINETELAKO GARA

                GARELAKO IZANGO DIRA.

                GATZIK EZ DUEN ITSASOA

                DA AHAZTURA

                AI OROIMENIK GABEKO

                HERRIAREN GEROA!

 

—1C— Emakumeek hitz egiten diete euren lekuetan eserita dauden ikusleei, banderak tarteka harrotuz.

 

1 EMAKUMEA— Eta zuek?

2 EMAKUMEA— Nortzuk zarete zuek?

3 EMAKUMEA— Zer egiten duzue hemen?

4 EMAKUMEA— Zertara zarete etorriak?

5 EMAKUMEA— Zer jakin nahi duzue?

6 EMAKUMEA— Eta gu? Nor gara gu?

7 EMAKUMEA— Bai, zer egiten dugu hemen?

1 EMAKUMEA— Ixo, ixo!

2 EMAKUMEA— Agian itsasoaren oldarrak du erantzuna.

3 EMAKUMEA— Bai, itsasoak jakingo du.

4,5,6 eta 7 EMAKUMEAK— Bai, itsasoak!

 

 

© Hasier Etxeberria