Anizeto Zugasti Iriondo (Altza, Gipuzkoa, 1904ko apirilaren 17a - Donostia, Gipuzkoa, 1983ko irailaren 4a) apaiza eta euskal idazlea izan zen. Euskaltzain urgazlea izanagatik, idazkeraz oso giputza zen, eta inoiz ez zion amore eman euskara batuari.
1927an apaiz egin zen, Gasteizko apaizgaitegian ikasi ondoren. Apaiz-laguna eta organo-jotzailea izan zen Lantziegon, eta kaperau Pasai San Pedron, Soraluzen eta Donostian. Zeruko Argia aldizkariko zuzendariorde izan zen 1936 arte. Zeruko Argia, Arantzazu, Egan eta Euskal Esnalea agerkarietan argitaratu zituen lan aipagarrienak.
Jose Estornes Lasa (Izaba, Nafarroa, 1913ko apirilaren 17a - Donostia, Gipuzkoa, 1987ko urriaren 11) euskal idazle eta hizkuntzalaria izan zen.
Zaragozan eta Caracasen egin zituen ikasketak. Gerra garaian gudarien komandante izan zen eta Venezuelara erbesteratu zen. Kargu garrantzitsuak izan zituen: Iruñeko Euskalerriaren Adiskideak eta Euskal Kulturaren Akademia elkarteetako lehendakari, euskaltzain urgazle, Euskadiko Amnesty International erakundeko sortzaile eta EAJ alderdiko kide (Napar Buru Batzarreko burua izan zen).
Pierre Lhande Hegi (Baiona, Lapurdi, 1877ko uztailaren 9a - Atharratze, Zuberoa, 1957ko apirilaren 17a) euskal idazlea eta apaiza zen.
Duen izenak konfusio baten ondorioa dirudi; aitaren deitura Basagaitz zen baina dokumentazioan Allande Atharratzeko bere aitona txistulariaren izena agertzen da eta gero hau Lhande itxuraldatu zuten.
Césaire, Aimé. Martinikako idazle eta politikaria (1913 - 2008). Bere jarduera politikoak, kontzientzia sozialak eta literaturak zapalduen askatasuna eta herri beltzaren nortasuna aldarrikatzea dute helburu. Frantsesez idatzi du. Cahier d'un retour au pays natal (Jaioterrirako itzultze baten koadernoa, 1939), Cadastre (1961) poemak eta La tragédie du roi Christophe (Christophe erregearen tragedia, 1964), Une saison au Congo (Egonaldi bat Kongoan, 1965) eta Une Tempête (Ekaitz bat) antzezlanak idatzi ditu. Politikari gisa, Cesaire Martinikako alderdi progresistako lehendakaria eta bertako parlementuko lehendakaria izan da. Martinikako autonomiaren alde egin du, independentziaren bideko lehen urrats gisa.
García Márquez, Gabriel. Kolonbiako idazlea (Aracataca, 1927 - Mexiko Hiria, 2014). Gaztetan kazetaritzan aritu zen Frantzian, Mexikon eta Espainian. La Barranquillako (Kolonbia) intelektualen taldearekin harremanak izan zituen eta zinema ikasketak egin zituen Italian. 1953tik aurrera La Barranquillako El Nacional egunkarian hasi zen idazten. 1955ean argitaratu zuen lehenengo eleberria: La hojarasca (Orbela); bertan Faulkner-en eraginpean, gerora oinarri izan zuen literatura mundua eraiki zuen. Han agertzen dira jarraiako eleberrietan eta kontakizun laburretan (1961, El coronel no tiene quien le escriba eta Los funerales de la Mamá Grande, 1962) azaltzen diren pertsonaiak eta giroak, eta tartean Macondo, García Márquezek sortutako alegiazko herria. Ordu arteko gaiek osotasun arnas handiko bat hartu zuten 1967an Cien años de soledad eleberria argitaratu zuenean; bertan egunerokoa eta logika bezain erreala da egiantzik ez duena eta magikotasuna (horixe da errealismo magikoa deitu izan dena). Bestalde, garai hartako literaturan erabateko eragina izan zuen liburu horri ahozko tradizioaren kutsu handia antzematen zaio. 1975ean El otoño del patriarca idatzi zuen, diktadore elezaharreko baten historia era zehatz batean kontatua. 1981ean Crónica de una muerte anunciada (Heriotz iragarritako baten kronika) kaleratu zen. García Márquezen hurrengo bi eleberrien izenak ziren El amor en los tiempos del cólera (1987), eta El General en su laberinto (Jenerala bere laberintoan). Literaturako Nobel saria jaso zuen 1982an.
Dinesen, Isak. (Karen Blixen-Finecke baronesa, benetako izenaz). Daniar idazlea (Rungsted, Danimarca, 1885 - Rungsted, 1962). Hainbat urtez Keniako landa etxe baten arduradun izan zen; haren liburu famatuena da, Out of Africa edo Den Afrikanske farm (1937, Afrikatik, zinemara arrakasta handiz eraman dena), Afrikako bizikizunetan oinarritua. Ingelesez idazten zituen aurrena liburuak eta danieraz idazten zituen berriz. Azkenak bi hizkuntzetan batera azaldu ziren. Garrantzikoak dira halaber: Skæbne-anekdoter (Patuaren pasadizoak, Joan Mari Mendizabalek itzuliak) eta Seven Gotic Tales edo Syn fantastiske fortoellinger (1937, Zazpi ipuin gotiko).