1. Edukia eta estadistika.

      Idazle batzuen lanei buruz egindako hainbat ikerketatan, behin eta berriro ibili izan naiz hainbeste liburutegi eta aldizkari aztertzen... Horrela, material bibliografikoak bilduko dituen oinarrizko lan zehatz eta zabal baten beharra somatu nuen, tresna hori ehunka ikerketari eta azterletzat oso baliagarri izango bailitzateke, denbora eta diru asko aurreztuz eta haien osasunaren mesederako...

      Eta euskal literaturako lan batzuk egiteko asmotan ari nintzela, bereziki olerkarien lan batzuk aztertzeko asmotan, oinarrizko lan hori egitea erabaki nuen. Halaxe bildu nituen XIX. eta XX. mendeetako aldizkari eta egunkarietan dauden euskarazko bertso eta olerkiei buruzko datu bibliografikoak, 1990era arte, hau ere barrru dela. Lana nahiko oso eta zehatza da.

      Bildutako materiala euskarazko, gaztelaniazko eta frantsesezko 450 aldizkaritan datorrena da, gutxi gorabehera... Askoz gehiago ere aztertu ditugu, baina gainerako horietan ez dugu euskarazko bertsorik ez olerkirik aurkitu.

      46.000 titulu inguru bildu dira. Bai idazleak eta bai aldizkariak, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa, Iparraldeko hiru herrialdetakoak eta beste herrialde eta nazio batzuetakoak dira...

      Material hau biltzeko erabili den metodoa honako hau izan da: liburutegi nagusietan zehar ibili naiz. Lehenengo karmeldarren komentuetakoak aztertu nituen; ondoren, zehatz-mehatz eta goitik behera arakatu nituen Labayru Biblioteka (Derio), Gipuzkoako Diputaziokoa (gerora "Koldo Mitxelena"ra eramana), Lazkaoko Beneditarrena, Bizkaiko Diputaziokoa, Azkue Biblioteka (Euskaltzaindikoa), Baionako Udal Biblioteka, Baionako Mussée Basque-koa (hau amaitu gabe utzia, biblioteka lekuz aldatu zutelako), etab.
Gero, liburutegi bakoitzean aldizkariak sistematikoki ikusten nituen, A-tik hasi eta Z-n amaiturik. Liburutegi baten falta zena besteetan aurkitutakoarekin osatu ohi nuen. Dena dela, ahalegin handi hori gorabehera, aldizkari batzuk osatu gabe gelditzen dira; Euskal Herriko liburutegi guztietako aldizkariak bat eginda ere, haietariko batzuk beti osatu gabe geldituko bailirateke. Honekin argi ikusten da zein zaila den aldizkari bakoitzeko material bibliografiko oso-osoa ematea.

      Material bibliografikoa bi zatitan sailkatu dut:

a) Idazlez idale sailkatzen da alfabetoaren arabera; egile bakoitzaren bertso eta olerki-lana ere alfabetoaren arabera azaltzen da, lan bakoitza errazago aurkitu ahal izateko.

b) Bigarren zatian (Aldizkariz aldizkari), aldizkari bakoitzaren produkzioa dator, aldizkariak alfabetoaren arabera agerturik; eta aldizkari bakoitzean, egileak eta hauen lanak kronologiaren arabera datoz.

      Liburu honen bi atalak elkarren osagarri direla izan behar da gogoan: Aldizkariz aldizkari egindako transkripzio bibliografiko zehatza alde batetik, eta Idazlez idale egindako interpretaziozko eta praktikazko lana bestetik. Idazlez idazle deritzon sailean, sarritan, gauzak argi daudenean batez ere, ez dugu olerki edo bertsoaren izenburua errepikatzen, izenburuaren ondoan olerkia edo bertsoa non dagoen errepikaturik adierazi baizik; horrela erraz ikus dezakegu zein olerkari edo zein olerki izan diren argitaratuenak aldizkarietan, historian zehar; honela, esaterako, Z. Andonegi hartzen badugu, (Aitorren izkuntz zarra, 16 bider argitaratua da), S. Arana-Gori (Eusko-Abendaren Ereserkia, 25 bider inguru), G. Aresti (Nire aitaren etxea, 19 bider gutxi gorabehera), F. Arrese Beitia (Arbola bat, 11 bider; Ama euskeriari, 20 bider inguru; Aritzari, 17 bider inguru), J.-B. Elizanburu (Nere etchea, 25 bider; Ikusten duzu goizean, 23 bider gutxi gorabehera), J.M. Iparragirre (Gernikako arbola, 45 bider gutxi gorabehera), Txirrita (Milla zortzireun irurogeita, 10 bider), E. Urkiaga "Lauaxeta" (Amayur gaztelu baltza, 10 bider baino gehiagotan), etab., edota egile ezagunik gabeak, esaterako, "Ator mutil etxera" (40 bider gutxi gorabehera)... Ageri denez, batzuetan sentimendu sozio-politikoak, beste batzuetan sentimendu herritarrak urteko garai batzuei loturik, egiten du olerki batzuk beste batzuk baino sarriago argitaratu izatea...

      Aipamenei dagokienez, aldizkarietako izenburuen era laburtua hautatu dut... Baina egunkari eta aldizkari batzuetan, zenbakietan oker handiak daudela ohartzen gara; horrelakoetan, argitalpenaren zenbakiaz gainera, eguna eta hilabetea adierazten dugu, zenbaki eta argitalpen bereko beste batetik bereizteko. Arazorik handienetarikoak Euzkadi egunkarian ditugu: hemen hutsak ugari eta larriak dira, bibliografia osatzeko batez ere; aldizkari eta egunkariak ez baititut aipatzen agertzen diren hil eta egunaren arabera, aldizkari edo egunkariaren zenbakiari dagokionez baizik. Euzkadi egunkaria, hainbeste olerki eta bertso dituena, zenbakietan hutsez josia dago, eta arazoa are larriago da, hutsak ondorengo egun eta hiletan ere errepikatzen baitira: esaterako, 1917. urtean 1439. zenbakitik 1550.era doa, 1518.etik 1591.era, 1710.etik 1702.era, 1979.etik 1910.era; 1925. urtean 4290. zenbakitik 4280.era pasatzen da; 1926. urtean 4350. zenbakitik 4340.era doa, 4390.etik 4310.era; 1930. urtean 5543.etik 5525.era; 1931. urtean 5864. zenbakitik 5896.era, 5899.etik 5879.era; 1932. urtean 6013. zenbakitik 6031.era doa, 613.etik 6153.era, 6210.etik 6021.era; 1934. urtean 6619. zenbakitik 6610.era, etab. Beste batzuetan, zenbait aldizkarik ez dute agertu ziren urtea ere jartzen; Hats, Sustraia etab. eman daitezke adibidetzat..



Edukia eta estatistiskak
Egileak, bertsoak, izenordeak zein norena den ezagutzea. Zailtasunak
Liburuaren garrantzia eta baliagarritasuna
Ikur eta laburdurak
Aztertutako aldizkari eta egunkariak, eta haiek aipatzeko era laburra
Eskerrak ematea