BERTSO ETA OLERKIEN BARATZ JORIA

      Euskararen etxera sartu nintzen, euskaraz baizik mintzatzen ez nekiela edota, hobeki esan, euskaraz baizik mintzatu nahi ez nuela...

      Neure-neurea dudan eta geure-geurea dugun euskararen egoitzan hainbat leku ikusi ditut; baina batez ere hiru solairu. Benetan behekoan bizi dela esan genezake. Haren eguneroko bizitza, bizitza arrunta hantxe burutzen da gau eta egun. Egonezinez, irakinez, kezkaz doa hango bizitza. Aire arrotzez zipriztindua dago. Beste hizkuntzen esamoldez eta joeraz kutsatua ikusi dut, baina hantxe ageri da euskararen osasunaren neurria. Beheko solairuan arrotzekin harremanetan da. Ez nuke esango kale-kalean denik, ezta erdal haizearen afruntupean denik ere, baina hortxe-hortxe... Hauxe da haren egoera. Hemen ez da amets politik; hemen ez da poesiarik. Eguneroko zalaparta. Aurrera egin beharra. Nahi eta ezinaren mugan ozta-ozta ibili beharra...

      Bigarren solairura igo naiz. Zientzia eta arteak lantzen dira hemen. Lehenago solairu hau huts-hutsik zegoen. Erdararen etxean lantzen ziren zientzia eta arteak. Orain, zorionez, euskarak hartu du solairu hau ere. Hasi-masietan da, hala ere. Hemengo hizkuntza hotza da, sentimendu gabea, bihotzera mintzatzen ez dakiena. Gatza eta piperra falta zaiola esango nuke. Baina horrelakoa da zientzietako hizkuntza; adimenari zuzendua; zorrotza eta zehatza, baina baita astuna eta aspergarria ere...

      Hirugarren solairua, ostera, oso polita da. Ametsen lekua. Hizkuntzaren leku gorena. Bertso eta olerkien gunea. Espirituaren isuri biziak; sentimenduaren hizketa gozo eta saminak; ederraren barnealde zoragarria hitzen puntan azalera ekarria; hitzen gaineko apar zuriak jolas antzera puzten eta lehertzen direnak... Zer ote da olerkia? Ederraren barneko oreka, hitzez dotore adierazia; maitasunaren, mirespenaren, barne-irakinaren muina, arrazoi xume batzuetan bildua; hitzetan sartzen ez dena eta ezin esana, hitzez eta irudiz jantzirik, erritmoz eta errimaz tolesturik ematea; zirkin misteriozkoen emaitza liluragarria; barne-mundu ederraren ispilua... Hori eta gehiago esango nuke olerkiaz, lotsariaren amilburuan noiz eroriko nagoela ohartuko ez banintz...

      Eta zer esan olerkariez? Garai guztietan izan dira olerkariak; olerkiaren dardara espirituan somatu dutenak; hitzezko altxorraren bila, gehienentzat ezkutuan den horren bila, nekatu gabe jardun dutenak. Sentimendu meheak, ideia xumeak, irudimenean iheska ibili ohi diren irudi adierazgaitzak hitzetan eta erritmotan edertasunez finkatu dituztenak.

      Garaian garaiko erak somatzen zaizkie, bidezko denez: batzuek erromantikoen bihotz samurra erakusten dute euren olerkietan; klasikoen joerak ere ez dira falta, narrazioa eta poema epikoa bereziki landu dituztenak dira hauek; beste batzuek modernismoaren airea eman diete euren olerkiei; gizakiaren betiko kezkak, existentzialismo-ukituz adierazi dituzte beste batzuek; gizarteko arazoen larrimina eta eguneroko bizitza arrunta poesiara jaso nahi izan dutenak ere izan dira; eta inongo eskolari bereziki loturik egon gabe, guztietarik pixka bat duten poeta garaikideak. Liburua bera izenez josita egon arren, aurkezpen honetan ere izen batzuk aipatzekoa etorri zait gogora; izan ere, haiekiko zorra nolabait kitatzeko bidea izan zitekeela neritzon... Bizion ingurutik joan zirenekin ez, baina bizi direnekin beti dago goi-mailakoren batzuk ahaztu eta bazterrean uzteko arriskua. Bestalde, euskaltzaleon gogotan daude eta, izenik aipatu gabe, isil-isilean egin diezaiekegu gogoko ditugun guztiei ongi merezia duten omenalditxoa...

      Baina, hirugarren solairu honetan, olerkiaz gain, bada besterik ere: bertsoa. Hauxe da, izan ere, ugariena eta herri xehearentzat gogokoena. Olerkia eta bertsoa, bertsoa eta olerkia, erdi nahasirik aurkitu ditut goiko gune honetako sail batzuetan... Beste batzuetan, ostera, ongi bereizirik daude; poesiak, egia esan, ez du aintzat hartu nahi izaten bertsoa. Baserritarren jenerotzat, beheragokotzat du... Eta ez luke harekin batera bizi nahi. Poesia harroputza da, buruiritzia.

      Bakoitzak bere tokia, bere bidea duela esango nuke eta bakoitzak beretik jo beharko lukeela aurrera, inoren mugetan kateatu gabe. Bertsoa, berez, ez da metafora zail, sakon eta loratuetan galtzekoa. Estilo xumeagoa du. Arina da, jostaria. Hitzekin jostatzen den artista da bertsolaria. Edozein une bertso eta kanta bihurtzen dakiena. Malgua da bertsolariaren artea; edozertara moldatzen da. Gizarteko joerak, gustuak, modak... ez dira inoiz arrotz gertatzen bertsotarako. Bertsoa bizia da, bizitza bera bezala. Haitzean sortzen den ur garbia bezala, bat-batean etorri eta joan egiten dena. Bertsoaren bat-bateko etorri hori da batez ere liluragarria. Bertsoak, gainera, malgua delako, bat-batekoa eta arina delako, askotarako balio du. Gizarteko gertaera bereziak apaintzeko, kantuaren eta herri-poesiaren dotoretasunez janzteko berebizikoa dugu. Bertsoa behar den unean piztu eta berea egin ondoren itzaltzen den izar argi bat bezala da.

      Baina bertsoa bera ere ez da beti bat. Jenero horren barruan mota asko daude, bai muinez eta bai azalez. Batzuk, edukiz eta erritmoz bizi-biziak eta saltariak dira; beste batzuk, edukiz arrazoitsuagoak eta erritmoz pausatuagoak. Zortziko txikia eta handia ditut gogoan bereizketa hau egiterakoan. Neurri batzuk hobeki datoz eduki batzuetarako eta besteak bestetarako; eta gauza bera gertatzen da neurri beraren barruan ere doinu batzuekin edo besteekin. Esaterako, gai korapilatsuez kantatzeko, hobe izango da neurri handikoa, eta gai tristea bada, doinua ere halakoa izatea komeni da; gai arina, umorezkoa, elkarrekin zirika jardutekoa eta baita sentimentuzkoa denean ere, batzuetan, neurri txikia izan daiteke egokiena. Tradiziozko neurriak beti erabili izan dira; baina azken hogei urteotan neurri bereziak ere asko zabaldu dira eta neurriekin batera doinu berriak ere bai. Egia esan, Xenpelarrek ere bere garaian neurri eta doinu berri asko erabili zituen...

      Olerki eta bertsoen altxor honek sortu dizkidan gogoetatxo batzuk paperean jarri ondoren, hauxe esan gabe ezin dut etsi: altxor aberats hau galdua ez bazen ere, sakabanatua eta eskuragaitza bai bazen. Julen Urkizak burutu du lan eskerga hau; oinarrizko lana da. Jakina! olerki eta bertsoak eurak ez daude hemen, argitaratu ziren aldizkari eta egunkarietan baizik; baina lan bibliografiko zehatz honi esker, altxor hori edonorentzat eskuragarri jarri digu.

      Honezkero euskararen hirugarren solairuan gidaliburu bikaina dugu, olerkia eta bertsoa maite dituztenen onerako.

 

Luis Baraiazarra Txertudi
Bizkaiko Bertsozale Elkarteko idazkaria
1999ko maiatzaren 29a.