Banco Centraleko erasoaldia
1
Beintitres de febreron
eta handik hona
eskaintzen ari zaigu
adarjotze ona;
otsailean Tejero
zen gure gizona,
gaurko antzezlekua
dugu Bartzelona.
2
Herenegun, bihar, gaur,
atzo edo etzi,
gizon pilo bat ziren
bankura iritsi,
eskuineko behatzaz
gatiloa eutsi,
esku guztiak altxa
eta galtzak jaitsi.
3
Kontatzen dakiena
bertan has dadila;
hamaika gizon ziren
auskalo zer bila,
buruan kaputxa ta
eskuan fusila,
suertatzerik zegoen
makina bat hila.
4
Badirudi ez zela
broma inozoa:
sirenaz eta guardiaz
bete zen auzoa
-inguratzen duten lez
euliek gozoa-
alfin jakin zituzten
nahiak ta plazoa.
5
Nahiz ta Tejerori
iadanik barkatu,
nahi zituzten hura ta
beste lau askatu,
Iberiako abioiak
lehenbailehen dastatu,
ta Argentinan izanda
tangoak dantzatu.
6
Komandokoek zuten
propuesta egina
bainan berjaso zuten
guztiz desegina;
Tejerori ez zitzaion
laket Argentina
mariskoa ez da-ta
hemen bezain fina.
7
Barruan zeudenentzat
oi, kinka larria!
Ustez horia zena
praktikan gorria,
asmatu behar orain
metodo berria,
matantza egiteko
behar da zerria.
8
GEOkoek azkenik
tiroen beldurrez
lortu zuten hartzea
barrua indarrez,
bainan ez dakigu ez
ote den, gezurrez
lehen hori posible
bazen ere, gaur ez.
9
Bakarra hil zen eta
bi orduz inguru,
polizia benditak
lortu du helburu.
Horrela gertatzeko
-ia egon seguru-
komandoak ez zuen
ez bihotz, ez buru.
10
Hainbeste tirorekin
sartu zait beroa.
Ezin, ba, luze izan
bertsoon geroa.
Esperoan gaudela
hurrengo eroa
datorren bitartean,
gora Tejeroa!
|