Bertso berriak udaberriz jarriz
Aurre, Jon
Anboto elurretan
Eta Oiz zuri
Gorbea ametsezko
Mendien irudi
Artxandan belar puntak
Jaioberri guri
Abrako haize hotzak
Labana dirudi
Arkazi bilutsean
Bi txinbo urduri
Hor goiko haitz artetik
Garden dator ura
Bere bidean doa
menditik mundura
Basotik hiriraino
Nahi gabe heldu da
Abisu bat darama
Sekretu modura
Martxoko zozoaren
Kantu zoli hura
Eguzkia irribarrez
Azaltzen denean
Bizitza asmatzen da
Berriz oihanean
Lore zuriak jaio
Lur beltz gardenean
Nobedadea dago
natura denean
Erleak ere hasi
Zaizkigu lanean
Eraberritza honen
Testigu gara gu
Aldakuntzaren mezu
Bera daramagu
Eguzkia goiz dator
Itzali berandu
Hontaz ohartzen denak
Zer esanik badu
Egunak irribarre
Zabalagoa du
Nik ere zerbait berri
Barruan dudanez
Behin sentitu ezkero
Zergatik esan ez
Ia ito gaituzte
Lege eta lanez
Inorentzat gabiltza
Onena emanez
Txorimalotu gara
Bizidun izanez
Kontseiluak ematen
Zebilek inori
Norbaitek esango dik
Bukolikoori
Zerbait dinolakoan
Konta edonori
Artzain arora zaigu
Nahi gabe erori
Modaz kanpo nabilek
Bazekiat hori
|