Bi loreak
Arzac, Antonio
Lore polit bat, libre jaioa,
Arkitzen zan bart gel ederrean,
Ta gau-erdia ia zalarik
Milla kandelen argi tartean;
Denak esanaz:-¡zer primorea!-
Begiratutzen ziotenean.
Lorecho arren laguna zana
Kanpoan zegon ordu berean,
Bere kandela illargia zan
Perlaz janzirik bakardadean,
Eta gorderik an..., ostopean,
Chori kabi bat aldamenean.
Eguna dator: lenbizikoa
Muker-mukerra degu topatu,
Ta bigarrena ¡zeñen gozoro
Chori chikiak duten esnatu!
...........................
¿Zer esan nai du kontuchu onek?
¿Ez dezu oraindik, Joakin, asmatu?