inprimatu
Ezkondu gabe alargunduaren kantua
Izenburua:
Ezkondu gabe alargunduaren kantua
Sinadura:
Artzaina, C.
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Artzaina, C

Argitalpena:
Herria.
Urtea:
1967
Argitalpenaren urtea:
Alea:
863.zk.
Orrialdea:
4

Ezkondu gabe alargunduaren kantua

 

Artzaina, C.

 

 1

 

 Ur-handian bi ahate, buru beltx, hegal-xuri,

 Igerika zoin pollitak hurbil-hurbil elgarri...

 Ibaiaren bi aldetan bi etxe teila gorri,

 Zurea eta enea, irriz iguzkiari,

 Leiho-begiz amultsuki elgarri so iduri.

 

 2

 

 Hamabortz urtetan jada nintzaitzun hitzemana;

 Zorigaitzez itzali zen zure arreba zena.

 Zoin luze dolu-denbora, hiru urte, mendena!

 Uste nuen sekulakotz nuela ene pena!

 Bainan etsipenak ere badu bere azkena.

 

 3

 

 Elizatik ezkon-deiak eginak izan ziren;

 Ezteietako eguna hautatua ginuen;

 Ene arropa xuria nihaurk josia nuen;

 Erheztun eta petentak entseiatzen nituen,

 Eia zure ohoretan ninduten ederturen!

 

 4

 

 Eta horra gaur goizeko amets izigarria,

 Herioak zituela kolpez hartu-berria:

 Beude erheztun-petentak, bota zilharreria!

 Bego arropa ederra, bego belo xuria!

 Ai, ei, hori othe dut nik prestu egon saria.

 

 5

 

 Ilea mototu-eta, huna ni ur-untzian,

 Ibaia iragaiten dut; sartzen zure etxean;

 Jadanik hil-kutxan zaude bi kadiren gainean;

 Nigarra nasai jauzten zait kutxa perekatzean!

 Eguna ilhun egin zait, gaua dut bihotzean.

 

 6

 

 Zure aitamen ordari, ihardokiz penari,

 Lotzen naiz erreina gisa sukaldeko lanari:

 Berek badute aski lan jarraikiz othoitzari...

 Zure ganberan izan naiz, zure ohean jarri,

 Komeni zaion bezala zure alargunari!

 

 7

 

 Ur-handian bi ahate buru beltx, hegal-xuri.

 Arra goiz-ihintzarekin eman da ihesari;

 Emea arats-lantxurdan eman da ikarari...

 Ibaia aintzina doa bere sail luzeari!

 Ahatea, hor, bakarrik, nigar-auhenez ari.


inprimatu