Nere erriko ujola. D. Jose Manterola jaunari
Arrese Beitia, Felipe
Ujola aundi izugarri bat
Izan zan mundu onetan,
Mendi ta aitzik goitituenak
Ito ziraden uretan,
Gaizto guziak ziran bukatu
Kastigu gogor latz artan,
Zeren justoak ziran orduan
Guchi ikusten gizonetan,
Baña oyek ditu Jaungoikoaren
Arretaundiak zainketan.
Geroztik ere izandu dira
Euskal-errian ujolak,
Baña etziran urak egiñak
Baizikan beti odolak,
¡O! zenbat aldiz etorri ziran
Ujola antzera gizonak!
¡O! zenbat bider etsayez ase
Ziradan emen sakonak!
Baña asnasa artu oi zuten
Beti nayeran tontorrak.
Orrechegatik izandu ziñan
Iñoiz ondatu gabea,
Doatsu eta zorioneko
¡O! nere Erri maitea!
Beti uztargi ederrak zizun
Adierazi pakea,
Zeren añ sendo zeunkan egiña
Zure euskaldun kuchea,
Idolatriak nun ezin zuen
Iñoiz iritsi sartzea.
Kucha orrekin salbatu ziñan
Sendoki ujol danetan,
Gure ontzia beti azaltzen
Zalarik uren gañetan,
Baña gaur emen zazpi urteko
Ujola gogor onetan,
Dabil chit estu iya itoan
Ordurik larrienetan,
Baga irakiñ, aize puztsu ta
Ekaitz indriska tartetan.
Kucha onetan arkitzen gera
Elkartutako anayak,
Beti erreguz zeruruntz zuzen
Jasorik gure begiak,
¡Ay! ikusiko balizkigu gaur
Edozeñek arpegiak,
Esango luke dirudigula
Anima errukarriak,
Garbitegian ayechen gisa
Gaudelako emen ichiak.
Ayek bezela egiten degu
Beti ots eta garrasi,
Ayen erara gure besook
Beti goruntza eraiki,
Ayechen gisa egin artean
Zeru gogorrok erdibi,
Isilltzaka dei egingo degu
¡Erruki! erruki! erruki!
Kartzela illun onen ateak
¿Noiz bear dira idiki?
Ayek su garrez, gu negarrok
Bearko gera garbitu,
Ayen erara baña penau guk
Nai degu onean artu,
Ayen modura zeren noizbaiten
Guk uste degun libratu,
Zeren Jaunari zorra egingo
Diogun aurki kitotu,
Ta orduan berak zarren gloria
Egingo digu biurtu.
¿Noiz gozatuko ditugu, Jauna,
Asaben eguraldiak?
¿Noiz eguzkitan arkaitzai farrez
Ikusiko arpegiak?
¿Noiz iturriak diruditela
Leyarki garbi biziak?
Gure errekak zillarkiturik,
Loretsuturik zelayak
¿Noiz esnatuko gaituzte goiz goiz
Churrochioka choriak?
¿Noiz entzungo da erromerian,
Euskaldunaren tuntuna?
Dultzaiña alboka chilibitu
Chistuzko soñu leguna?
Ogei urtetik ogeita laura
Mutill anka arinduna,
¿Noiz ikusiko erakutsiten
Plazetan biguntasuna,
Pelotan beti erdaldun danai
Sartzen diela beldurra?
Fuerorik gabe ez da izango
Ikusgarri añ ederrik,
Fuerorik gabe ez dago zertan
Uste alako egunik,
Fuerorik gabe ez da guretzat
Mundu onetan gauz, onik,
Fuero gaberik zeren guretzat
Ezdan Euskaldun-Erririk,
Euskal-erria gabe ez degu
Berriz zoriontasunik.
Bukatu bada ¡O! Jaungoikoa!
Gure erbeste luzea,
Beeratu Jauna, zuk gure kontra
Jaso dezun ezpatea,
Bigundu Jauna, guretzat dezun
Antziñako asarrea,
Birali Jauna, zerorren uso
Pake adierazlea,
Ikus dezagnn laster uztargi
Kolore ederrez betea.
Atoz usocho zuri zuria,
Olibo adarraz mokuan,
Kanta dezagun gaur esperantza
Euskaldun kucha barruan,
Gure begiok zu ikustean
Noek zinduzan moduan,
Esango degu atertu dala
Epe gichiren buruan,
Oñak jarriko ditugula bai
Euskal-Erriko soruan.
Gure belaunok bertan josirik
Gurasoen Jaungoikoa,
Adoratzeko eskañirikan
Anchumea ta usoa,
Ayechen bidez elkartade bat
Egiñ ez urratzekoa,
Aurrera beti euskaldun lege
Santua gordetzekoa,
Dalako beran Jaunak Aitorri
Antziña emandakoa.
Diecri danak esan dezaten
Arri egiñez batera,
Gure zaintzalle euskaldun zarrentzat
Jainkoa dala berbera
Ujola aldi gogorrenetik
Ark gaituala atera,
Berak zuzendu mirari bataz
Ararat-eko gañera,
Leorra oso agertu arte
Euskaldun zarren lurrera.