Zezenak egunsentian
Aresti, G.
Arrokapean daude zezenak,
itxadoten egunari.
Gorputzez egin omen diote,
otoitze bat Jainkoari.
Baina intentzioz gau-azkenean,
agertu dira arnegari.
Nik eztakidan leku batean,
beiak dirade akabatu.
Bakartadean ezin liteke,
fede gaiztorik bilatu.
Zezen motzeri beren hobenak,
egin zaizkie parkatu.
Arratsaldetik animaliak,
ibili dira bei bila.
Iturri siku baten moduan,
joranez daukate zila.
Zenbait birtute edukiarren,
pekatuak dira mila.