Eguberria
Gandiaga, Bitoriano
Eguberrira
begira gaude
begiradarik
zaharrenez,
haren argia
dugu eskari
mendez-mendeko
arrenez;
hain opagarri
dugu eguna,
hain da zabala
gardenez,
hartan genuke
guztizko poza
atsegin denen
barnenez.
Jesukristoren
jaioteguna
bai ospakizun
alaia,
hartantxe hasi
bait zen munduan
salbaziozko
garaia.
Kristauak ongi
estimatzen du
hain gertakizun
arraia,
behin ta berriro
Belengo askan
agurtuz Jainko
-dirdaia.
Oi, Eguberri,
esperantza ta
itsas uhinen
pareko,
etorriango
etorpen zara,
etorkizuna
beteko:
Ez zaitez, arren
luzatu, jada,
aski da dago
-eneko,
bete betean
opa zaitugu
behingoan era
-bateko.
Plazetan zuhaitz
argiz jantziak
inoizko pozen
jendea;
etxeak apain,
festa-giroa,
zorion-mezuz
kalea;
zein gozoa den
herririk herri
ari den gabon
-airea,
oi, Eguberri,
onets ezazu
munduak dizun
fedea.
Behin eta berriz, Berri pozgarriz
Gandiaga, Bitoriano
Behin eta berriz, Berri pozgarriz,
inoizko Berri onena;
Gabonez-Gabon, albiste berriz,
Gabon-jaien zoramena,
aldiz-aldi da berri Gabona,
bakoitzean da behinena;
ongietorri, oi, Gabon berri,
Berri On betikoz dena!
Eguzkiaren ama, Gabon gau,
sua erditzen duzuna,
iguzu berriz gaboneroko
Su berriaren iharduna;
argi berrituz goza ezazu
begien gandu zurruna;
ikusmen berriz ikus dezagun
berriz dakarzun eguna.
Zuri, mendien gailurrez gailur
negu-mugako sugarra;
zuri lastargi, ilenti, zuzi,
zuhandor zarten pindarra;
Eguberriak hain du merezi
abegi bero suharra,
haren sorrera-pozari diot
opa lamada zangarra.
Gabonerako mukur eiharrak
bildu ohi zituen aitak;
laratz azpian oroitzen ditut
su biziaren txinpartak;
errosarioz zituen amak
ontzen gisatu ta saltsak;
oi, lurretik hain gertu ginenon
Gabon bero ta aratzak.
Haize, lur eta ur-suok ospa
dezagun beila ernaia,
gaua gainbehera hasi da jada,
jo bai du goren sapaia;
argia dugu etor-bidean,
heldu da haren garaia,
natur-gaiekin egin nahi dut jai
zelatatuz goiz arraia.
Izakiokin Gaboni oihu
esperantzadun bihotzez,
argi-gehitzea uste bai dugu
lurbiraz Gabon bakoitzez;
bizitz-indarra bizi ari da
Historia barru-barnez,
lorkizunaren arazo-lagun
Jainkoa bera dugunez.
Zeru eta lur berrietarantz
bai dugu abiadura,
gizateria osoagaz bat
agurtzen zaitut natura;
elkarrekila bizi dugunez
salbamenaren bentura,
bizkor dezagun berrikunderantz
dei daragigun lilura.
Jantzi gaitezen jaiegunekoz
izaki eta gizaki,
ospatzen ari garen Gabonak
Eguberria dakarki;
ez dugu ilun luzerik jada,
oilaritea da aurki,
hurbilagotzen ari den goiza
aupa dezagun goraki.
Hel zakizkigu, oi, Eguberri,
zugan bai dugu uste on,
zure Eguzki beti berria
nagusi bedi edonon;
giro argitan bizi nahi dugu,
ez bedi ilunik inon,
pozetan lora dadin elkarri
opa diogun zorion.
Zabal izkiguzute
Gandiaga, Bitoriano
ZABAL IZKIGUZUTE,
ZABALDU ATEAK;
ENTZUN BERRI ONAREN
BERRION AIREAK:
UME BAT JAIO ZAIGU,
HAU DIO UMEAK:
NEUK APURTUKO DITUT
GAITZAREN KATEAK.
ENTZUN BERRI ONAREN
BERRION AIREAK.
Gabon dugu albiste
eta Eguberri;
Gizon eginak gaitu
egin Jainko-Herri.
Haren jaiotza dugu
urteroko berri.
Gagozkion pozez hain
mandatu ederri.
Gizon eginak gaitu
egin Jainko-Herri.
ZABAL IZKIGUZUTE...
Pobreza dizu arma,
indarra pobreza;
pobreza dizu Bere
Jainkozko enpresa:
pobreei zinpetu die
zorion-promesa;
lurreko pobreen alde
bota du trabesa.
Pobreza dizu Bere
Jainkozko enpresa.
ZABAL IZKIGUZUTE...
Lautatik bat bizi da
bizi diotena,
lautatik hirua da
gaizki direnena;
kontzientzia gaiten
diogu hau dena:
hirugarren mundua
dugu lotsamena.
Lautatik hirua da
gaizki direnena.
ZABAL IZKIGUZUTE...
Prentsa ta telebistaz
sarri datorkigu,
diogun miseria
entzunez dakigu.
Nolabait behar dugu
pobreza sentidu,
pobreza sentidu ta
ogia partidu.
Diogun miseria
entzunez dakigu.
ZABAL IZKIGUZUTE...
Casaldaliga eta
bai Camilo Torres
Angelelli, Romero
zertan esanik ez,
pobreen alde azaldu
dira su ta garrez,
Ebanjelioari
erantzun beharrez.
Angelelli, Romero,
bai Camilo Torres.
ZABAL IZKIGUZUTE...
Ezer gutxi zara
Gandiaga, Bitoriano
EZER GUTXI ZARA,
HALA DA GIZONA;
BETI DA DEUS GUTXI
ALFERRIK GABONA.
Ez da giro, baina
haatik behar bada,
gizonen amorez
gizon egin zara.
EZER GUTXI...
Gizonak gizona
ez du haintzat hartzen.
Zu, ostera, Jainko,
gizon zara jazten.
EZER GUTXI...
Hainbestean zara
gizon jantzi, Jainko,
non ez den fijatzen
Zugan inor asko.
EZER GUTXI...
Alferrik Gabona,
ene Jaun hain ona,
ez da gizonentzat
deus asko gizona.
EZER GUTXI...
Agur, Maria Belengo
Gandiaga, Bitoriano
AGUR, MARIA BELENGO,
JESUS HAURRAREKIN;
AGUR, GRAZIAZ BETEA,
JAUNA DA ZUREKIN
Jauna ta Jesus da zure
sabeleko fruitu;
andre guztien artean
bedeinkatua zu.
AGUR, MARIA...
Ama-Semeak han daude
hain apal, hain xume:
Ama, Andre Maria da,
Jaungoikoa ume.
AGUR, MARIA...
Santa Maria Birjina,
Jainkoaren Ama,
erregutu gure alde,
zaude guregana.
AGUR, MARIA...
Zeure beharrean gaude,
Ama, betiere;
heriotzako orduan
betikbatez ere.
AGUR, MARIA...
Gabonak Kristandadean
Gandiaga, Bitoriano
Gabonak kristandadean
bitara dira ospatzen
Gabonak kristandadean:
aberatsak ugarian,
pobreak pobre-legean;
Gabonak kristandadean.
Gabonak kristandadean.
Gabonak kristandadean
aberatsak ugarian
Gabonak kristandadean:
handia da pobreen saila
pobreen pobreza-legean.
Gabonak kristandadean.
Gabonak kristandadean.
Gabonak kristandadean,
handia da pobreen saila,
Gabonak kristandadean:
aberatsak ugarian,
pobreak pobre-legean;
Gabonak kristandadean.
Gabonak kristandadean.
Bitara dira ospatzen
Gabonak kristandadean
bitara dira ospatzen:
aberatsak ugarian,
pobreak pobre, Gabonak
bitara dira ospatzen
aiene, kristandadean.
Bidez bide datoz
Gandiaga, Bitoriano
1
Gizonak: Bidez bide datoz
Gabon-jai santuak,
Belengo jaiotza
dio Abenduak.
2
Gizonak: Gabon-jai santuak!
Aintzinatik datoz
aldi bakoitzera
gizona gero-ta
gizonagotzera.
1
Gizonak: Hurbil dira jada
aingeru-kantuak
Berriona dezan
berriro munduak.
2
Gizonak: Aingeru-kantuak!
Geroz hurbilago
ditugu gaur jaiak!
Gabon ospatzeko
prest ditzagun gaiak.
1
Gizonak: Bakea da hitza
Gabonak diona:
haintzat har dezala
gizonak gizona.
2
Gizonak: Gabonak diona
Gabonen helburu
Jaungoikoa bada,
Gabonen arrazoi
gizona bera da.
1
Gizonak: Bakoitza dadila
zintzoa ta ona.
Elkartasunera
deia da Gabona.
2
Gizonak: Zintzoa ta ona!
Elkartasuna da
Gabon-mezu eder:
elkar maitatzeko
ez gaitezen alfer.
1
Gizonak: Elkartasuna da
Gabonen jomuga
gu baino lehenago
Jainkoa heldu da.
Berrionaren berri emaile
Gandiaga, Bitoriano
Berrionaren berri emaile,
agur, zuri, Abendua;
esperantzaren atari zara,
iraupen luzez ondua;
betiraunera begira jartzen
diguzu adimendua
kunplitu zaren hortan bai zara
kunplikizun-agindua.
Berrionaren berri emaile,
agur, zuri, Abendua!
Salbamenaren egun alaiak
jadanik erneta dagoz;
behingoz erabat osatzeko den
erreinuaren zain gagoz:
behar zuena etorria da
baina ez etortze osoz,
etorri zena etorkizun da
esperantzaren itsasoz.
Salbamenaren egun alaiak
jadanik erneta dagoz.
Negu gorritik udaberria
atera ohi den antzera
halaxe goaz geldi ta nekez
aro berrian sartzera
itxuraldatuz, eraberrituz;
justiziaren kolpera
jende ta mundu egokituko
gara Jaunaren xedera.
Negu gorritik udaberria
atera ohi den antzera.
Etengabeko Abendu baten,
halaxetan bizi gara
Jaungoikoaren erreinua noiz
osotuko den hartara;
espero eta nahi genuena
jadanik etorri bada,
Bere legamiz mundu guztia
ondu behar du ta para.
Etengabeko Abendu baten,
halaxetan bizi gara.
Zorion, zorion, zorion
Gandiaga, Bitoriano
Zorion, zorion, zorion,
zorion dantzugu edonon;
zorion diogu Gabonez,
zorion-agurtuz edonor.
XABOIZKO PUNPUILEN EGIA
GABONGO AGURREN ERDIA:
HAIZEZKO MAMIA BARRUKO,
KANPOKO ENBUSTEKERIA.
Oi Gabon, oi Gabon-zorion,
ohitura besterik ez da hor.
txepela, epela, memela,
gabongo agurra hitz-oskol.
XABOIZKO...
Aurrezka milaka zorion,
atzezka nork egin jaramon?
«Hoa bai, heuk ikus, hor konpon!»
Ordea agurra nengion.
XABOIZKO...
Hain hutsal, hain geza, hain agor,
Gabongo agurrak putz-borbor;
lapiko tentelak eltzagor,
hitzontzi arinak atanbor.
XABOIZKO...
Oi Gabon, oi Gabon-zorion,
agurrak faltsia zerion.
Oi zori, oi txori-zorion,
axola ez eta hitzak on!
XABOIZKO...
Behean simaurra eta
Gandiaga, Bitoriano
BEHEAN SIMAURRA ETA
GOIAN AMERAUNAK,
POBRE PASA ZITUZTEN
BELENEN GABONAK.
BADU ASKI ZER-PENTSA
PENTSA NAHI DUENAK.
POBRE PASA ZITUZTEN
BELENEN GABONAK.
Jose eta Maria,
Maria ta Jose,
zenbat hotz eta ezin
eta zenbat gose!
Hango haien pobreza
bai etzala pose!
Abegirik inon ez,
aterperik ozta,
jaio zaien haurtxoa
han da negar-hoska;
beharrik beharrenen
falta dute koska.
Ordu hain minbera ta
hain sentikorretan
ez dute nork lagundu
larri ta lorretan.
Asko sufritu zuten
pobreza horretan.
Alferrik aingeruak,
alferrik artzainak,
aterpea koba da,
handiak preminak.
Zer jasan zuten Jose
Haurra ta Birjinak!
Talan, talan kanpaiak
Gandiaga, Bitoriano
Talan, talan kanpaiak;
telen, telen Belen;
tilin, tilin kriskitin,
tolon, tulun Gabon!
Talan
telen
tilin
tolon
tulun,
Biba
Jesus!
Talan kanpaiak;
telen Belen;
tilin kriskitin;
tolon Gabon;
tulun Gabonak
opor-egun!
Kanpaiak
Belen
kriskitin
Gabonak
opor.
Talan
telen
tilin
tolon
tulun,
Biba
Jesus!
|