Zezen larrua [XXXI-XXXV]
Espriu, S.
XXXI
Sar zazu titiriteroa,
arratsalde arinaren
hutsunetik,
zakudun gizona.
Kapelak erdizka
estaltzen diola begien
agurra. Aldiz,
bideetan itzala
utziz doan
mamu inudurria,
uzta guziak
galduko dira
eta itxaropendun sabelak
hilaurtuko.
Alogerarik gabeko hitzarmenez,
zarpazahartuz
haizearen kantak
eta eroango du
zilar guzia osoki
basotik.
Sepharad-eko
agertoki honetan,
hari mugikorretatik zintzilik
esku izkutuak
eta txukun puntuztatuz
dantza zarpaila.
Lehorraizeak inguratzen duenean
alorren gainetik,
itsas-haize boladak
hondoratzen dira
oihal tintatuaren
papel hauskor guziak.
XXXII
Itsasotik iritsi den haizea
oihuka preso kainaberen hesian.
Guk urrutirantza begiratzen genituen
haize bideak, itsas bideak:
itxaropen ontziak itsastatuko ditugu.
Zilarrezko zuhaitzak urrutirantza doaz
denbora geldi honen amets barnean.
Eta gainditutako oroitzak jaisten dira,
gure jaso ezinezko adinetara,
mihilu usainez, hesietatik,
txara eta ezpeletatik, sabel bigunekin,
arranbletatik, muskerrak bezain nagi.
XXXIII
Uhinak ere musker edo suge,
uhinetan ere denboraren hondarra.
Aho sutsuak edan dute jadanik
uraren malenkonia kedun pegarretan.
Lorategi hedatuko euri ura,
jadanik isildu zen iturriaren zurmurra.
Egarriaren mihia iristen da
pentsamen makurraren iseka miazkatuz
gatzaren amiltegi bustian.
Egarri makilatik zintzilik den mihiak
gure oinaze putzua neurtzen zuen,
zirikatuz hilketaren sustrai lehorretan,
hondoratzen zen nere oihu idorrean.
Haizea kainaberetan katibu bezala,
gu, gu eta gure buztina,
betiko preso urteen oroitzapenean.
Liburu itxian irakurtzen genuen gaur:
«Ez negarrik hilari, zuen seme horri,
baizik mingoski joan zenari
Sepharad-go zeru eta ametsetatik urruti.
eta lur onera inoiz itzuliko ez denari».
Gorrotoen lur ona, odolez blai
gure egarrien eternitate iturri dena.
XXXIV
Xarabe lodiz
engainatzen dugu egarria.
Zenbat gehiago nahastu,
hainbat argiago dago:
erraz da sinestea
egia dakizula.
Apezpikuar alki
sendoetan iserita,
leiho ostetik
langa begiratuz
atsedenduko garen
hilerri geldiarena.
Era berean
hondartzan aurkituz,
jendetzaren erdian,
txistada gabe dantzan
ijito artzarekin
kontrapas txar hau?
Panderojotzaileak hasten du
erritmo bizkorra.
Eta, barrezka, negarra jario
odol malkoz.
Misterioaren sakonera
inoiz ez zineten iritsiko.
Poliki-poliki irtetzen ziren
portutik ontzi lerdenak
esperantzaz. Uhinetan,
agian hondoratuko dira.
Usas gainean, altuan,
txori zuriak hegaz.
XXXV
Altutik igaroz doaz hegoaldera hegazti zuriak,
gaur, egun luze honen argi zabaletik,
eta poliki-poliki burutzen dira jabalaldizko bideak,
itxitzen direnez askatasunaren azken ateak.
Orain larrututako eskuak jotzen duten panderoa,
eta ezpain meheak esaten digute «haviv»,
ikaragarrizko maitasunez, etengabeko dantza eta dantza
gure oin nekatuek diharduten artean
eta barre eraginez eta barre jarioak malkoz,
alaitasun kezkatiaren muturreraino.
Haize pitin bat dabil mahastian, zipresetan,
mihilu ondoan, eta beti itsasoak, eta hegoek
argi gehiago zabaltzen digute, gogo gehiago iratzartzen
zeru elizkoi eta handi, Sepharad-eko zeru berrian.