Burruka
Iturbe Balda, Martin
Errukarri gertatzen da
burrukalari
jaiotzen ez den
izakia.
Burrukarik
egiten ez duen
piztia
heriotzaren senide
gertatzen da.
Etsipena
burrukatzen ez duen
mendizaleak
ez du oinpean hartuko
mendi-gailur
atseginik.
Burruka iraunkorrez
irabazten du
aizkora zorrotzak
zilarraren kolorea.
Bere buruarekiko
burruka du
gizonak
burrukarik
maisuena.
Burruka egitea
ukatzen duen
gizakia,
lehenari itsatsia
geratuko da.
Pakean egiten den
burruka paketsuak,
pakez betetzen du
burrukan dabilenaren
pake-iturria.
Nor harrotu liteke
ezertan
iñoren beharrik
ez duela
esateraiño?
Errege-etxean
beren gorputz lepazuriak
aitzur-kertena bezain
tente
daramatzaten
keinulari aberatsenek ere,
ama makurtuaren
bi beso zabalen
babesean
ikasi zuten oiñez ibiltzen.
Udazkeneko
igali eder, gozo, bigunak,
arnastokian
darama
udaberriko
lore ezkutatuaren
sen hilezkorra.
Atzo hil zitzaigun
ama handiaren
oihartzunak
seme iraunkorraren
ahoan
olerki bihurturik
jarraitzen du.
Belar-izpi dardaratiak
hazi ernalkor bizkorrak
dakartza
esku loretsuen
pozetan.
Ez bedi harrotu
tantai mardula
bere buruaren ederrez,
hazi txiki baten
umea dela
ikasten ez duen
bitartean.
|