Askatasunaren hildoan
Mujika, Luis Mari
Etorri zen haize freskoa
oihartzun berritan oretua,
etorri zen geroaren hatsa
zuhaitz gaztetan igurtzia,
etorri zen eguratsa
promes berritan pilotua,
bidetatik, hildotatik
heroek goraka zegiten,
galtzada nabar-harrizkoan
zaldi askatzailea
arrapaladan zetorren,
uhinetan txirla umilak
askatasuna zekarren,
kresalaren gatza
abesti gozoz nahastu zen,
esperantzaren soin luzea
izarretaraino igo zen,
hauts nekatuen etsipena
esperma basati gertatu zen,
gauaren susmo ilunbera
egunabarrez gaztetu zen,
otsoak kolpatutako ilargia
eguerdiko eguzki itzuli zen,
zigorraren monotonia
gure iraultzan irentsi zen,
ene herriak askatasuna, aih, aih,
hurbiltzen sentitu zuen...
Eneko Aritza-ren belaunek
etzuten lurra ezagutzen,
Eneko-ren uhel-abarkak
etsaien zilbor-kordez,
euskaldunaren pazientziak
zeroan adierazpen,
eremuen nagi horiak
etsipena ez onartzen,
zigorpean hauts latzak
basurdeen bultzapen,
euskararen kalenturaz,
ai, etsaiak beldurtzen,
Andia-n eta Urbasa-n arrano beltzak
hegada harro egiten...
Zumalakarregi-ren zangopean
liberala makurtu zen,
euskal soro berdeen mentura
gorriz jantzi zen,
etsaiaren promes zuriak
guretzat birao ozen,
"bultzapen= orpo etzana
bailitza limoi ustel,
behin, herriak libre izateko
asmo gaitza hartu zuen,
mailupean euskal lepoa
burdin hotz gertatu zen...
Santa Krutz-ek errezoa
zigorte egin zuen,
herra, agonia, garrotoa
otoitzaren estalpez,
izu zaharra ausardiaz
mendian ezkontzen,
fagoetan,
haritzetan,
gaztainetan
sotanaren itzala
askatasun promesa zen,
madarikazioaren madarikazioak
asmo txit goren,
ah, basurdea makurtzeko
basoan etsairik etzen...
Abando-ko txapel harroa
tente da jarri,
Arana-ren eskabideak
protesta larri,
herriak herri jarraitzeko
asmoa nagusi,
ikurrinaren maindirean biltzen
euskaldunen setakeri.
Nahiz-eta etsaiak Euskal Herria
uztarritan jarri,
nahiz-eta otsoak hortzez
gure hariak etenarazi,
nahiz-eta azeriak gezurrez
gure oinak itsasi,
euskaldunaren semeak
eginen du irrintzi,
gure beso eta bularrak
metalen bortxakeri,
borrokan dabiltz hortik
Etxebarrieta eta Txiki
(ah, argia, erasoa, harria,
burdina, amorroa ta suharri),
zaldiaren zangopean
hondarra errukarri,
alferrik dabiltz odol gaitzak
zapaltzen gure herri,
alferrik gatz suminduak
ernegatzen gure asti,
idiaren lepo makurra
zezen baita itzali,
ingudearen bizkarrak
mailua baitu jaitsiazi.
Ez, ez, dagoeneko
hesiak ez dira hesi,
kateak ez dira kate,
lokarriak ez lokarri,
euskal suharriak, karaitzak, mugerrak
erreboltaren gogorkeriz,
AGIŅA-ko pizti etzana
jarri da gaur zutik,
ah, etsaiaren biriketan
zenbat, zenbat izularri...!
|