inprimatu
Basajaun-en batzarkideak
Izenburua:
Basajaun-en batzarkideak
Sinadura:
Luis Mari Mujika
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Mujika, Luis Mari

Argitalpena:
Egan.
Urtea:
1980
Argitalpenaren urtea:
Alea:
1/6
Orrialdea:
59-62

 

 

 

 

faksimilea ikusteko


faksimilea ikusteko


faksimilea ikusteko


faksimilea ikusteko


faksimilea ikusteko


faksimilea ikusteko


Erroen indarrean

 

Mujika, Luis Mari

 

 Erroen ur beltzetatik

 azal bortitzetara etorri naiz,

 enborraren geografia banatua utziz

 adarretara iritsi naiz,

 eta garoak errekaldeko sakana gisa

 arrazoin telurikoz

 oraina populatu dut,

 asunen suminean

 eta kristal zartatuen kexuan

 ene iturriak sentitu ditut...

 

 AGIŅA-tik jaitsi naiz,

 kondairaren karriketan ibili naiz,

 zirkunstantzien kaleetan galdu naiz,

 eta aldiaren unean

 mugapen oro,

 zabaldura oro,

 bilgune oro,

 aitzeki oro

 orogai eta kantagai

 ene errotan egin dut,

 URA ur dela ohar dadin,

 LURRA lur dela kontura dadin,

 HARRIA harri dela baitaratu dadin...

 

 1) LURRA

 Lurraren sabela sakona da,

 beltza da, beroa da,

 Mairulegorreta-n, Udalatx-en, Irukutzeta-n

 lurrak urrezko gordailu,

 haitzuloen sekretuan

 lurrak oharmen,

 lurra ibar, muino, mendi,

 soro ta errekaldeen oinetan,

 "terra genitrix" galanta

 semeetan banatua,

 gizonaren jaiotza eta ustelkia

 lurraren erraietan,

 (gizona lurretik,

 gizona lurrera),

 gizonaren haragia

 lurpean ugaltzen,

 gizonaren simaurra

 lurretik

 mila loretan altxatzen,

 gizonaren odol ustela

 (sagar, gaztain, mahats,

 aran eta arto)

 lurretik jaikitzen,

 lurraren hazitan lehertzen...

 

 2) URA

 

 Arga-ko idibegietan

 euskal arrazak asperra,

 Zadorra-ko sahats makurretan

 arratsak ametsa,

 Itsasgorrieta-ko uretan

 eguzkiak zauria,

 eskuok, begiok, grinok

 ur sakonetan

 murgiltzen dira,

 gizona uretan

 garbitzen, itotzen,

 berjaiotzen da,

 uhinen alturan mozkortzen da,

 inularraren kristal gorriak

 Urumea-ko soinetan

 puskatzen dira,

 eurijasen bataioan

 odol basatiak suspertzen dira,

 ihintzaren ezpainetan

 lorea

 farraz irekitzen da...

 

 3) HARRIA

 

 Aizkorri-ko haitz gorrietan

 harriak hizketa bizkor,

 mailu kosmikoek

 landu dute euskal harria,

 harrietan eskulotu da

 herri honen gogoa,

 harrian zizeldu

 euskara eta Euskal Herria

 (aizkorak, aitzurrak, aiztoak

 haitzezko mamia,

 harrizko erasotan

 euskarak samina),

 "hutsaren" soina

 harriz hesitu da,

 "hutsaren" gunea

 harriz zizeldu da,

 Egiar-en eta Eteneta-n

 zutunik harria

 harri gogor,

 kozkor,

 zigor

 agonikoa,

 asmoaren antsitan jasoa.

 

 4) ORTZEA

 

 ORTZEAN URTZI,

 ortze gatiluan

 eguzkia kixkaliz,

 SUGAARRAK goi-bide

 izarrak isatsez astinkari,

 argizagien distirak

 arrats gorian zintzilik,

 URTZIREN gogoa

 gizonak ezin hertsi,

 txingarrezko ileadatsa

 gau-bizkarrera da isuri...

 

 5) EGUZKIA

 

 Eguzkiaren ezpata

 lurraren bizkarrera,

 eguzkiaren labean

 galburua bozkario,

 mahats helduen beroak

 gizendurazko jario,

 eguzkiaren zigorra

 arrubioaren pozoinak,

 euskal soro ta eremuak

 mila tormentu,

 lurraren sabela

 zorionez da nekatu,

 goldearen zakila

 lur beroan sartu,

 zuku lodi, zuku gorriak

 mertxikaren fruitu,

 udazkenaren loa

 mahatsez nahastu,

 sagarraren mamia

 poz gizenetan bildu...

 

 Lehen zarpil eta epel zena

 orain su da eta labe,

 orain txingar da eta oinaze,

 orain uzta da eta aran dolore,

 haziak (haurrak bailiran)

 altxa dira

 algara hautsitan,

 "eguzkiloreek" zoria dute

 ezarri atetan,

 aizkoraren hortzak begia

 sortaldeko argitan.

 

 6) ILARGIA

 

 Ilargi amandrearen gonapean

 barakuiluak asperra,

 ilargiaren argipetan

 itsasoak altura,

 ilargiaren eraginetan

 emakumeak odolbehera...

 

 Kanpusantuko hilak

 ilargipean asperti,

 errai gizenek

 ilargi zurian aitzaki,

 basoan otso zuriak

 ilargia dabiltz kolpari,

 harriaren lo hotzak

 gau-argiaren hesi,

 (sugearen maltzurkeria

 nork du, nork desestali?)

 tigre zartatuaren saltoa

 arrasbeheran kezkati,

 Zugarramurdi-ko sorgin-orgiak

 badu bere zuzi,

 hontzaren begi nekatua

 ilargia begirari...

 

 Bai, bai, orain laurden, gero erdi,

 ilargia fagadian

 gaztanbera iduri,

 akerrak Petralanda-n

 sorginen atzetik...

 

 7) OSTOTSA

 

 Aizkoaren hortza ateburuan

 ortzera begirari,

 ortzearen amorroak

 ostospean jai handi,

 "ortziri", "osti", "ihuzturi"

 goiko azalpen-mirari,

 eguntsentiaren loa

 trumoiak dardarazi,

 altzairuak eta txingarrak

 zartatzen errukigabeki,

 sehaska urkatuen garraisia

 ilunabarretan larri,

 URTZIAK bizilekua

 AGIŅA-tik hurbil,

 Aizkorri-ko arranoak

 arraultzeak zintzilik,

 aih, aih, Aia-ko Haitzetan

 ostotsoa noizpait da itzali...

 

 8) HAITZULOAK

 

 Barnetik sakonera bide luze,

 luzetik laburrera bestainbeste,

 lurrak aitzuloan

 miragarrizko sabelpe,

 Ekain-en, Altxerri-n, Santimamiņe-n

 euskal gizonak

 "hutsaren" geometri,

 zaldia eta bisonta,

 hortza eta oreina,

 lehoia eta otsoa

 harridurazko marrazki,

 ederraren soina zer den

 koba-gizonak badaki,

 abstraktuaren lerroak

 aztarna nagusi,

 euskalduna aitz-elizetan

 eman zaio ederrari...

 


inprimatu