Atari kosmikoan
Mujika, Luis Mari
HERRIA kantatzera nator,
herriaren zain beltza desestaltzera,
herri gureari
abotsa ematera,
hitza ematera,
sentimena ematera,
irudimen ozena ematera.
Herriari eman ene mintzo beroa,
herriari eman
ene berba ozen-gozoa,
herriari eskaini
olermen zoroa,
nerekin loria dezan,
nerekin kanta dezan
(ohorezko kantua jasan),
nerekin miretsi, alajainan!
Bai, HERRI honi ene
hitzak,
hotsak,
hatsak
emanen dizkiot,
HERRI honi
ahoa,
begiak,
eskainiko dizkiot
eta HERRI umil hau
ez da gehiago
mutu
isil,
antzu,
elbarri izango...
Herri hontako HARRIAK
enekin suspertuko dira,
herri hontako haitzak
enekin gogor, hotz, sendo
aztatuko dira,
harrien begiak
bolkan iduri jauziko dira,
mendien hertzak
neskatxen diti gazte
bezain tente jarriko dira,
koartzo eta suharriaren setakeria
enekin altu bilakatuko da,
harrikatz, hartzuri eta diamantearen begia
kanta goriaz altxako da,
suak irrikaz zigortuko du
zelai berdeen soina,
aihene zut-desesperatuak
harkaitzen ohean esnatuko dira...
Herri hontako URAK
enekin itsaso, zingira, hibai, putzu
sentituko dira,
itsasbelarren zaporeak
ur hotzetan lo berde eginen du,
gauaren izar gordin-banatuak
estankera nagi eroriko dira,
ibai ihesi-fingabeak
ene begira isuriko dira,
itasoaren sexoa
oskarbiaren soroan atseginduko da,
eurien bizkar leun-otzana
(oro heze, oro luze, oro gazte dena)
emakumearen soina gisa banatuko da...
Herri hontako LURRAK
enekin maite
(emazte,
elkarte)
sentituko dira,
belarraren usain gizena
enegan oparoagoa izanen da,
ibar eurizkoa
lur-emaztearen zuloaz aseko da,
likidozko isats bukagabeak
menditara bilduko dira,
ilunabar gori-astinduen grina
lur gozotan baretuko da
eta haragiaren haginkada
mirespen telurikoan emetuko da,
Euskal Herriak zainak igotzen
olermenez sentituko ditu,
lurra arto, gari eta aranetan
sabel lodi sumatuko da,
eguzkiak lurra
emazte gisa estaliko du,
lurraren hazia
ekintza bizitan egunabartuko da,
soroen oparia (almandra lodi iduri)
udazkenean irekiko da,
zain gizenak neska bilutsia gisa
sakanetan zabalduko dira,
lurrak bere antsia antsiago,
bere umotasuna umoago,
bere soina soinago
ene kantuaren labean sentituko du...
Herri hontako ORTZEA
enekin ortzeago sumatuko da,
oskorria urrezko sufrikarioz
enekin luze banatuko da,
harri preziatuaren errieta
enekin ortzetik jaitsiko da,
arratsaren izterrak
izarrezko luzaduraz zabalduko dira,
putzu barneko izar goriak
kanta berotan egosiko dira,
planeten lo zahar-nagibera
(eta musker lotien asperra)
ene antsian itoko da...
Herri hontako ZUHATTZAK
enekin kantu, salmu, irrintzi luze
arrats beroan bihurtuko dira,
ekaitzen zezenak lizar-adarrari
ez diote kalterik egingo,
atzaparraren gorrotoak fagoari
ez dio gaitzik itsasiko,
aizkorak eta igitagiak arteari
ez dio kexurik sortuko,
hamar mendetako neke aspertuak
ez dio Gernikako haritzari
ganora-ezarik erneko,
lizarraren begi eta soin berdea
izerdi geldia izanen da enekin,
elorriaren arantz-hortzak
arratsa dabilke astin eta astin,
sahatsaren adar-euria
zainetara makurtuko da,
aizkoraren herrak eta errietak
instanteari sufrea erantsiko dio,
zerraldo pilatuen taldea
pinu-hatsetan bilduko da,
eguerdiaren fosforo ernegatua
zumarraren soinean ematuko da,
gau urdinaren lo geldia
urkiaren itzalarekin ezkonduko da
eta HERRI hau
lizarraren, haritzaren, fagoaren anatomian
leun, gozo, ugari, emakume
sentituko da...
Bai, nik ene HERRIA
ahots handiz, hats zabalez
altxatuko dut,
kantatuko dut,
zailduko dut,
gauza ororen soina eta izateria
kantagai,
irudigai,
sinfonigai
itzuliko dut.
HARRIAK, URAK,
LURRAK, ORTZEAK, ZUHAITZAK
ene kontuan (euri iduri)
ibaietan banatuko dira,
AGIŅA-ko hazia
(sagarraren gozamenean)
ugalkor, gozo, mugagabe
herri honen soinean
betiro sentituko da...
MARI Anboto-n
orrazten zen baino lehen,
BASAJAUN oihanetako jaun
zen baino lehen,
ERREKAMARI ur berdeen ispiluan
begiratzen zen baino lehen,
SUGAARRA izar zipriztinez ortzean
luzatzen zen baino lehen
AGIŅA-ko muinoan
euskal gizona hats,
lur,
ur,
harri,
aire zen,
ene hitza
(ur harro, ur bero bailitza)
izatearen "izenean" zen.
Harriak gogordura eman zidan,
urak malgudura,
metalak haserrearen seta,
marmola porrokatuak errieta,
euskarak gauzen zentzua,
lurrak ene jatorria.
Izaki hoiekin zain beltzetara
-zahar-sakonetara-
iritsi nahi dut,
jatorriaren itur beltzetan
murgildu,
mailuen ahalegina
ene indarrez parekatu,
sugearen begi fosforikoan
ene "lehena"
suharriaren bizkar gorrian
ene "iturburuak" ukitu...
AGIŅA-n eurien, lizarren, fagoen,
garodien, itsasoen,
gauza ororen "hutsunea"
bete nahi dut,
hitzaren ezina gaindu nahi dut,
euskararen herdoila
gaztetu nahi dut,
begetalen itzal erotikoak
eta metalen lehia porrokatuak
aztertu nahi ditut.
EUSKAL HERRIAK kromletx-en, harrespilen "hutsa"
inguratzen du,
haitzuloetako hots "haserakoa"
heltzen du,
urjauzi eta sabel gizenen
makurdura biltzen du,
tregoharrien (dolmenen) zutidura
irmo mantentzen du,
Ekain-en, Ermitian, Altxerrin,
Lumetxan
euskara geometria itzultzen du,
Egiar-en, Eteneta-n, Oianleku-n
harria
aintzinan aitzurtzen du,
Santimamiņe-n, Baltzola-n, Marizulo-n
lehena orainean egiten du hiztun,
menhir-en soin zutian mendeak bihurtzen
gizon gaurkoen lagun...
Ah, harrien gogordurak biziko nau,
itsasoaren ederdura hotzak
egunabartuko nau,
basoaren topaketa bortitzak
populatuko nau,
astinketa basatitan basurdeak
jabetuko nau,
ilargiaren argi esneberak
gozo babestuko nau,
hienaren asmo gaiztoak
ausarta egingo nau,
basakatuaren begi beroak
sarkalde goritan itoko nau,
euskarazko hitza kromletx-aren
"hutsean" beteko da,
Oria, Bidasoa, Ibaizabal,
Arga, Irati
arruen bilutsean irauliko dira,
begiok, zentzunok (hitzok)
-aitzur setatiak irudi-
herriaren eguntsentian
sartuko dira,
dena su, asmo, grin, labe
geroaren mamian bihurtuko da,
eguzki gorria
mahats gorrien samindurar
nahastuko da,
eta soro-bideak,
eta horma-bazterrak,
eta harri-metalak
bero, sendo, harro
behin-betirako sentituko dira...
HERRI honen huts betea,
tartearen hutsunea,
isilaren unea
harriaren mintzo lehendikoaz,
aizkoraren hortz ludikoaz,
azkonaren ezten fingabekoaz
beteko da, populatuko da,
talde, saldo, gizarte
experimentatuko da,
eskaren bilustasuna bailitz
euskaldunak herria
gazte sentituko du
eta poetak bere asperen luzea,
bere lantu altua
sagarraren grinetan eskainiko du...
Bai, animaleak oro,
metaleak oro,
geografia oro (soro, eremu, baso)
anatomia oro (hortz, hagin, azkazal,
bular, sabel, atzapar),
soinua oro (txistu, xirula,
txalaparta, adar)
paleolitosko hatsetan
-sinfonia harroa bailitzan-
eskainiko dut etengabean.
HERRI hau, apurka, igotzen joanen da
bere iturrietara,
berretortzen joanen da
bere zain sakonetara,
berbiltzen joanen da
bere ur primitiboetara
eta euskararen zizelaz (aih, nola?)
landuko dut bere irudia...