Bidasoa, poza eta miņa
Irigaray Imaz, Jose Angel
Bidasoa,
gure herriaren
bihotz osoa.
Bidasoa,
ameka ipuin
eta ur garbi,
mendetan zehar
Nafarroan sortu eta
Ondarribi-Endaian
itsasora doa.
Bidasoa,
amets bat
ipuina,
egunsentiak
autsitako gaua,
akelarreen dei lanbrotsua,
joan etorri aspertu ezina,
hor zoazi
ozen eta ixil,
bizi-nahiak sortu ildotik barrena.
Ur goiena
ur barrena,
mendez mendeko
asperena,
ezker-eskuin
laztan eta auhena,
Bidasoa doa
gure bihotzan barrena.
Baztango ohantze ederrean
kulunkatu eta gero,
lurralde gozo, lehun,
eder eta ezeak
laiņo guztien azpitik
iraganez,
edertasunari ihes egin ezinez,
jaunzten eta arrotzen
heldu zara kantari
eriotzari buruz jauzika,
itsasoa amets
itsasoarekin besarkatzera,
amodiozko mattoan urtzera
deuseztera,
urdin-ņabar, laiņotsu eta orlegi
Txingudi paregabean.
Ondarribi,
Bidasoak hil zorian emanikako
azken ats, ondar ibi.
Ondarrabi,
Bidasoak bildu ametsezko koloreen
mugale eta kabi.
Bidariak bide ohi du egiten
eta urak ere
atz sakona uzten
Bidasoako jendeak oro:
Amaiur eta Erratzu,
Lesaka, Biriatu eta Urantzu,
Baztanen asi eta
Ondarribi-Endaian bukatu.
Ameka istorio-misterio
gordetako ibaia,
zure aterbe xamur eta lanbrotsuan
negarrak, neke, latzak,
akelarreak eta mezak,
kantak, dantzak,
loturak eta bereixketak,
besteren gerla eta bakeak.
Euskararen doiņu berezia
Bidasoaren kantua,
bizitzaren zentzu eta sena,
euri-ondoko illunabar
usain gozoak,
Mattin herabea eta Joxepa ederra.
Goazen, goazen
iturrira,
ateka gaitza
gana
menderatzera,
ondoren
artazuriketa paregabean
illunabarrez
doiņu zaharrak lagun
ortzaren gauan
dantzatuko gara.
Euritarteko ihauteri
eta Zubieta-Itturengo joareak,
Baztango mutil-dantzak
eta Ondarribiko estropadak;
laborariak eta arrantzaleak,
bidasotarrak bihotz-bera,
bidasotarrek taxu bera:
arbasotzat
agota bat
eta
orrazi eta izpilluko
lamin bilo-ori ederra.
Ondarribiko laborari
itsas-begian bizi arren
lotua
Bidasoak ferekatu lurrari.
Ondarribiko arrantzale
Bidasoa-ertzean sortu arren
emana itsasoari.
Bi bizi-bide
bi pentsa-molde,
ar eta eme
arrantzale
eta laborari,
nehoiz ez pausa
eta beti ari.
Biak osagarri,
biak
neke, zorion, atsekabe
amets lilluragarri;
Bidasoako
arrantzale eta
laborari,
elkarri lotuak
Ondarribin.
Bidasoako lurraldeak
olerkarien olerkia,
margolarien zeru urdin-ņabarra,
ameslarien iturri
eta
maitaleen kabi.
Zuri begira
Bidasoa
dut egun
egiten olerki
kantatzen xamurki
negartzen saminki;
egunsentiaren fereka
noiz ote eztigarri?
Ai Bidasoa,
ez bedi zure argia itzal!
Gure bideak
lotzen dituzun ibaia,
denok bat
ez gaitezen gal.
Ura bere bidean
eta Bidasoa
denenean
gurean
bihotzan barrena
lotzen, elkartzen,
mendetan zehar
herria osatzen.
Urak bide du egiten
eta Bidasoarenak ere
egin du;
bainan,
bidean makurra
aidean beldurra
ohantzeko garbitasuna
gizonok dugu ondatu
eta
urak dira arritu
arrainak ito,
bazterrak dira itsustu
lantegi desegokiak ugaritu
ondarrak azi
herriak desnortu,
jende onak aspertu
nekatu
maltzurkeria nagusitu
eta herria erdibitu.
...eta orduan
mendiak negartu
kantak ixildu
dantzak gelditu,
ipuinak bukatu
lamiak uxatu
malkoak ixuri
oihu ozena moteldu
auhena sakondu
eta
hala ere
beti ere
ura bere bidean
ur ixillak jarraitu.
Ur goiena
ur barrena,
mendez mendeko
asperena,
ezker-eskuin
laztan eta auhena,
Bidasoa doa
gure bihotzan barrena.
...eta berriz ere
ur berriak sortuko dira,
Baztango iturburuak
ez daude agortuak;
noizbait arrotuko zinez
eta bazterrak
garbituko uholez,
ber-sortutako ur zaharrez.
|