inprimatu
Gaur ideki diet itxasoari ta haizeari leihoa
Izenburua:
Gaur ideki diet itxasoari ta haizeari leihoa
Sinadura:
Mikel Lasa
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Lasa, Mikel

Argitalpena:
Egan.
Urtea:
1965
Argitalpenaren urtea:
Alea:
1/6
Orrialdea:
125

 

 

 

 

faksimilea ikusteko


Bertso urratsak

 

Lasa, Mikel

 

 Ez dezagun poema zeru-zolan ixeki

 kaio baten orrua edo txalupa baten gibel borobilla

 edozein poema baiño ederrago direnean.

 

 Poetari haurtzaroan diruaren kutizia, gezurrez, kendu zioten

 bai zekiten jakin ideia hutsa zein mixerablea den.

 Baiña nik diot:

 

 Gure poemaren egia odolarekin ziurtatzen ez badegu

 grazirik gabeko pailazoak gerala.

 

 Poetak ez badu bere indarrez

 ezaren barrunbea aztertzen,

 zein ausartuko da usteldurikako egiak

 argitara ematen?

 Baiña León Felipe-k dio:

 

 Gizonen seaska ipuiz eragiten dutela...

 gizonen negarra ipuiz estaltzen dutela...

 

 Zeiñeri ez zaio laket esatea:

 Ni poeta arlote bat naiz, poeta baserritarra;

 ta pinpilinpauxaren milla koloreak besterik ez dut ezagutzen

 ta nere hiztegiko hitz itsusienak "arrosa" ta "krabeliña" dira.

 Baiña nik diot:

 

 Zalduntxoen oiñordea herriarena ez den artean

 ez dudala sinestuko zalduntxoen sasi-ipuian.

 

 Gure hiztegitik zenbait hitz doaz,

 eta orain ez dira ezer ez bada

 memoria desmemoriatu baten oroitzapen gazigeza.

 Bainan euskeltzaleak balekite aberatsegia dela

 hizkuntzarik txiroena ere

 gure sakelean daramagun istori apurtu hau

 kontatzeko!

 


inprimatu