Baten pasadizuak
Iztueta, Paulo
I
Erromeslari bidean...
Galdezka nabill ibilli
piņudi beltz-itxian,
argiaren paltan,
ote zen eguzkia itzali.
So batera, so bestera...
kurpill bat karranka
deritzait mundu osoa,
bei susa marruka.
Odola sukarrez bero.
Tolareko mosto
nirudien irakiņetan,
mozkorra zaņetan;
lozorroa soņean zear...
atzetik dakart, nik negar!
zentzu itxuen gurdia.
II
Arrats grix-eroria zen
eta Ondarreta'n nengoen.
Nire baitan niarduen...
Quoist besapean nuen.
Bakarti, nire bakardadean...
Eundaka neuzkan inguruan...
Millaka zebiltzan kale-jiran.
Milloika nire mundu dudan
munduaren mundutasunean.
Eta "agur" danori;
jira ta ondarra ori,
gizartea minbizi-eri,
itsasoak irrintzi
olatuen eztarritik;
datoz bat-besten segi
alkarren inbiri...
pulunkalari, jolasti...
igaroaren igesi,
oraiņari ziri ta ziri,
geroko "zer" orren egarri,
doņu betikoz filosofari...
Itsasoa filosofari,
bizitza filosofari,
ari dira egiten ari
ondartza-muņoan ixtori,
ugiņ-bizitzen zear...
joan-etorrien zear...
aldia baita betiko ibiltari,
gauden toki berean ostalari.
III
Adimena! Zu zindudan
ikas-zuzendaria.
Biok esposa giņanean,
at eskolastika!
Marcel gogoko zitzaidan,
maite dut Gide;
nai nituzke, ene gogoan,
danak ezkontide.
Ustel dira ta ziztriņak
Sartre'n zipriztiņak.
Begi-niņiko txinpartak
bezain ugariak
ixurtzen zaizkion mantxak;
aurra elbarrituak
dakarzkiten ema-galduak
aren antzekoak!
IV
Ba-nintzen izan
Betikoa zenean.
Aldia etzan artean.
Banentorren...
munduaren asierak
nindekarren,
ta amaren sabelak
bederatzi illabeten.
Gero ninderamaten...
aldiko giroak,
aldakuntz-egoak,
soņaren berpizteak,
arimaren arnasaldiak
Gero ninderamaten...
Nik eztakit nola!
Deus ikusi gabe...
Argi-indarra nola,
"nor" ori olaxe
nuen eragille,
biotz-berritzalle.
Goi-Atsaren aztarna!
Ba-ninjoakizun...
Billutsik eta makutsean
abere zankar baten gixan,
(ordun gizon ezpainintzen),
erantzi bainituen nigan
Aren nireganatasun-leiak
ta jantzi mundutasunak!
Ba-ninjoakizun...
Eta gaur, arrats bero,
illerri bidean nago
luze etzana ziplo...
naizanaren neurriko,
ozkatuz lurra azpiko...
auxe nauzulako:
itsas-zurrunbillo,
Damasko'ko Saulo,
Belzebu bezin arro.
V
Aitor bezat gordin egia.
Goserik nintzen...
Egarrik nintzen...
eta... ao betean narda!
Gutiziak oro nituen oean,
muxu ta amodio...
burkoari larri-miņetan
nintzaion mintzo.
VI
Itsasoaren urdin betikoa
ta zeruaren noizbeinkakoa!
Aldakor gaituzunon galera,
mundutarron morroindu-bearra.
Itsaso! zugan dago ixpillatua
odei baten beltz utsunea...
niregan daramat kokatuta
barne-drama baten pasadizua.
Bitxi bat galdu dut galdu!
Gorputzik etzenuen
Nor ziņen enintzen oartu.
Gogo-begirik enuen.
Etsai ote aut i, adu?
Mikel goi-aingeru
"Deabru ala aingeru?"
ezpataz banatu!
VII
Miren! oroitzen zaitudana,
senar zatzaizunaren emaztea,
gaur zabilz atzerritik barna,
ausirik ezkontz-lotura...
Biotzaldi ustel alenak
gaxorik zaduzka, laztana.
Ba-duzu Maria Antonieta
erregiņaren amore-zale fama
daukazulako or Fersem'en antzekoa.
"Ni" "zu", "gu"...
Zuk min, eta nik ere min.
Nik min, eta zuk ere min.
Biok min, eta gizarteak min.
"Ni", "zu", "gu"...
Gorputz-Mistiku bezelako
telepatirik eztago!
Esna zaitez goi-bizirako
Mirentxo, Mirentxo!
VIII
Belarditxoa... akazi mordo bat.
Bazirudien Atsegin-baratz bat.
Eta jendea zebillen,
zar eta gazte, paseatzen;
bikoteak maitatzen,
maitaleak muxukatzen,
maitasuna gezurtatzen...
prantsesez
ingelesez
italianoz
(bi monja erderaz)
eta euskera enuen aditzen
Euskal-erri zen arren...
Erotiku-itsas baltsan
arraunlari nenkusan...
(Au Camus'en absurdoa ote zen?)
Itsas-olatuen irudira nentorren.
IX
Zergatik zatozkida
esanez etzerala nire,
zuztartuta bazaude
nire barruan, lapurra?
Miren, ez zatzaida min-fisikua,
baizik izkutuko moral-kezka.
Zure kutsuak xuxpertarazi nau...
odol-kutsu,
anai-kutsu,
grazi-kutsu,
Eroslearen deiak ernarazi nau...
Eziņean ezin,
naizanaren erpin!
Indarrak muxin...
Zertarako egin
nik bots alegin?
Eziņean ezin,
naizanaren erpin!
X
Berriz ere kalean...
semaforoak kiņuka,
birikak taupadaka,
norakorik gabe noa;
jendea, berriz, ibaika,
larunbat gaba baita.
Portalean numero bat, gorri bixia,
eta antxe "apatx" tasis batek.
Jazz mekanikuaren doņu zentzunbera
zekarkidan egoaize epelak.
Begiratu nuen.
Bigarren pixua zen.
Nazka. Uxa! Venus jainko-emen antzu,
filantropo erdoituen babesleku alu!
Miren, negarrez billa noakizu,
otoi!
erruki!
Aska zazu, Paris madarikatu...!
Berriz ere kalean...
Baitaratu natzaizu.
Ote da ia berandu?
XI
Oraindik ibillian...
Aldapan goruntz ba-noa.
Zomorro ilkorra
giltxurdiņetatik barna
zizta ta zizta!
Oņazpian dekot izotza,
aurrez elorria,
bidea arresiz josia.
Orra ixtoria!
Arnasa zaida ittoko,
ni zurekin ilko...
Oi pozoi, zapu potzuko!
Laxter or zerraldo...
Ozpiņaren mahatsondo,
etsipenen zumo,
nauzu kordegabetuko
egin-geroz trago...
Sinismenean urduri,
arimak intziri.
Ditut aleunka malizi;
damuz pekatari!
Adimena txoratuta;
sorgor entzumena;
amesez irudimena,
dana Santa Ageda.
Adarraren punttan kabia.
Bizitza bat bertan
aizearekin dantzan.
Aurtzaroko malkoen txirla;
gaztearen txorabio garra,
maitearen musa,
zaharraren illobia,
erioaren gurenda!!!
XII
Au gain-berak!
Baten pasadizuak.
Egoera desberdiņak,
***
Ipuliņo tontorrean,
Speravi... requievi...
salmista kantari,
palma-gaņean usoak
neri ongietorri.
Zeruan dakust izar bi,
Jaunaren aulki.
Orain arte erromeslari
ninduzuten, bai, ni.
Ikusi dut nor naizan.
Nigan oro gezur.
Egia utsa Zure baitan;
Jauna beti zuhur.
Leizearen ertz-ertzean
osin-zulo, sua...
olatuak arkaitzean
bitsa aparduna,
arrokeriaren galdorra.
Espiritua -gidari,
morroi aragi,
nuela Jaunaren Argi
barne-zuriri,
gana zitzaidan iduri
goizaren iturri,
negu beltzean illargi,
edurra lez zuri.
***
Speravi... requievi...
salmista kantari,
palma-gaņean usoak
neri ongietorri.
Zeruan dakust izar bi,
Jaunaren aulki.
Orain arte erromeslari
ninduzuten, bai, ni,
XIII
Ez eskatu arrazoiketa zuzena
ilojikari;
metafisika xe-xumea
biotz-eragiņeri;
sikoloji birjiņegia
empirista merkeari;
ziurtasunik beiņena
ezetikuari.
***
Au gain-beherak!
Baten pasadizuak.
Egoera desberdiņak.
XIV
Askatasunaren benetasuna
diteken bezela, ditekena
izan aurretikan. Auxe da
Kierkegaard'en larrimiņa,
ditekentasunaren benetasuna,
beti litekeanari begira-bearra.
Naimen-ahalmen dut askatasuna,
datorkit adimen-sare galbaitik;
ori ala ura aukerazen duena...
ez dagokio erdiko dilemarik!
Auta-gai zerturik ez badakust, zer aukera
ezpada litekeanaren egitasun berbera...?
Izan bidean dago litekeana dana,
ta ortxe finkatu zait askatasuna,
oraindik ez denaz baitaratu-gerora,
delako naimen-indarraren kizuna;
ots, larrimiņaren ikusmiratze-lorra.
Zintzilik, koloka, ba-dauka zalantza,
ausaz... letorkenaren arrazoi-duda.
Biarkoa aurretik doakit,
gaurkoa bizi-giro zait;
naizena naiz,
nindekeana enaiz
baldintz-izketan badiardut,
ortarako giltzik ez baitut.
Izan naiteke enaizena
Guzi-Altsuaren esanera,
jartzen baditu aldez testera
"etziņan" eta "bazera".
XV
Eta lengo drama zeritzaidan illa.
Orregatik bota nion lur-palakada.
Itzali zela iduri
ta kezka-jario jeiki...
illezkortasun-egarriz utzi dit il-kutxa,
"bestearen" drama delako, ez xoillik enea.
Ots, ez da nirea ta ba-da,
kontzientziz bat baigera.
*
Etsi dut, Jauna.
Burrukara deitu nauzu.
Diru au prestatu didazu.
Etsi dut, Jauna.
XVI
Espiritua mehego,
larrimiņa puztuago...
Espiritua eztiteke berez mugatu,
ez baita kosmosen antzera mukulu.
Artu-iturria, oro indar, zabala du;
gizonak egiten du urritu edo ugaritu...
Artu-iturriaren kaņila zenbat zabaldu,
larrimiņaren noraņokoa neurtuta duzu.
Espiritua urrutiago,
larrimiņa arroago...
kateak askatzen
zaizkiolako;
xaxi-maxiatzen
dabillelako;
aragia engaņatzen
airean libro.
Eta espiritu orri itsasten bazaio
zentzu minberatasun-txispa bero,
ordun dabilke askozaz ere bortitzago,
ezkondurik, sortuko zaielako
"zer" berri bat arima-etxerako.
Gizona baņo minberakoi delako,
dago emakumea larriminduago;
aurdun egon eta egitean, areago.
Ametsetan nerabilkien
espiritua zertutzean,
larrimindu egin nintzan.
XVII
Eta gaur, Elias'en antzera...
Larrimiņ-barrutian nago larratua,
larrimiņa ta itxaropena
adin berdiņeko baitira,
bideratuz noa, egunero, Zuregana!
Sarri giza-bizimodua
ez da biziro lojikua.
Betor kontzientzia
lekuko auzi ontara,
epailari konbentzitua,
sortzez dakarguna.
Eman nion dramari asiera.
Bizitu-eran idazten nator
ene egunkari izkutuan,
gorputz ta ispirituan,
paper-odolduan... umilkor.
Berak jarri bezaio bukaera.
XVIII
Aldare
gaņean
daude
kaliza
ta
patena.
Zure gurutz-exola
ta nire eskeintza
opari-gai izango,
nik esatean Meza.