Tamariza ta pikondoa
Lasa, Mikel
I. AMORIO GALDUAK
Euriaren tristea
ari ta ari atergabeko amaian
Katuak gambaretan lo daudez gau t'egun
demborari dembora emanaz.
Paradisu galduetako oroipena da
nola palmondo aundi baten pean
itzala genuela adiskide
nola tamariza ta pikondo pean
ari ginen pekatu
aragizko pekatua
euriagatik triste arima
triste diran bezela tamarindoaren adarrak itxas-bazterrean
euriaren pean
triste ta ustel palmondoa
udazkenean
chalet ubelaren jardiñean
Zarauzko plaiatik ez ain urruti.
Nola bion gorputzak gurutzaturik
(baginakien ez ginala maite)
bestearengan bilatzen genduan guregan eztaukaguna
mundu ajolabeak, itxaso izugarriak, plaiaren bakardadeak
ematen ez ziguna: maitasunaren arrastoa.
Arratsalde ura munduaren azkenengo eguna zen
t'amor eman genion bizitzari
Udaberrian kantatu nuan asierako egunaz ez naiz oroitzen
Jainkoak gizona tankeratu zuan egunaz,
bizirako arnasa ixuri zioenaz,
ez naiz oroitzen,
paradisuko azken egun ontaz.
Katuak gambaretan lo daudez tolesgabeko ametsetan
urteak ta demborak deusezten
edo ta dembora millaka ugaritzen.
"Dana" ta "nada"-k zirkulua bukatzen dute.
Liége, 1962.
II. DEMBORAREN MARKA
Ene biziaren tristeziazko
sinoak
zeinek baitu urtearen zear
biziaren ari guztia kolorazten
zeinek baitu ene arpegiaren eskultura
beeraka zimurrez markatzen
ta begiak etsipenez inguratzen
itxas-ontzi aintzinako kobreareh metal zaarrak
ez dute ene itxura tristearen tristura
ta plaia-ondar-ustuak udazkenean
ez du ene etsipenaren sabore garratza.
Tamariza ta pikondoak
nere aurtzaroko izarotik
denak desustraituak izan dire, denak!
Izagak soilik aizeari buru emanaz
tristeziazko salmoa
murmuratzen dute
ipar-aizearen eraginez ta berresaten:
"Oi gure dembora hunen desolamentua!"