Eduki nuen...
Basaldua eta Gaminde
Aita bat eduki nuen,
gero hil zidaten,
eta ordutik honera
eztut ezer eduki,
arbola bat edo
eskeleto bat
aitaren usaiarekin,
esku bat,
bihotz bat, ezpain gogor bat,
hitz zehatz eta zuzen bat,
gizonaren
bular zabal eta eduki bat,
aitaren sorbalda bat,
eztut eduki
nun ezkuta haur
bakarti hau, haren mundu,
amets eta ikarekin.
Orduan nik bost urte nenduzkan,
gerra zen, munduak zeduzkan
bost urte, eta ni
ongi konturatzen nintzen
nire aitaren besarte hiletik
kentzen nindutela,
nire aita zen eta
hilik zegoen.
Orduan banenkien haren
semea nintzela,
kementsua eta
bildurtia, egun batean ni ere
hilen nintzela, hilen naizela, hura bezala,
beste gabe,
heriotze naturalez, asesinaturik.
Orain asko kostatzen zait
hartzaz oroitzea,
orain eskribitzen ditut berso hauk
guztiz ez ahaztutzeko,
kendu zidatelako,
eta nire aita zen, eta ni haur bat
eta urte guzti hauetan
asko behar ukan dut.
Orain berdin dit,
ez, desberdin dit,
hil da, hil dute
guztiz,
hogei eta gehiago urte honetan
ezta haren zatirik geratzen,
nire berso hauk baizik,
eta eznaiz orain haren semea,
nire ideien eta bersoen
semea bainaiz;
gaur kontatzen dut dolore gabe
haren heriotzea,
munduari diotsat, batez ere
haren eraleari,
eztirela orduakoak,
gaurkoak baizik, guztiak dira, egun,
gorroto gabe diotset, orain
berdin dit, berant da, orain
hilik dago, ongi hilik,
eta hainbeste gorrotorekin eztut hainbeste gorrotatzen,
ezpada ezer ez,
orain, eztadukat aitarik, eduki nuen, bat.
|