inprimatu
Gehientasun haundiari
Izenburua:
Gehientasun haundiari
Sinadura:
Blas de Otero
Urkizaren iruzkina:
(Eusk.: Gabriel Aresti)
Egilea(k):
Aresti, Gabriel
Otero, Blas de

Argitalpena:
Egan.
Urtea:
1961
Argitalpenaren urtea:
Alea:
1/2
Orrialdea:
28

 

 

 

 

faksimilea ikusteko


faksimilea ikusteko


faksimilea ikusteko


faksimilea ikusteko


faksimilea ikusteko


faksimilea ikusteko


faksimilea ikusteko


Aingeruen zuzenbidea

 

Figuera Aymerich, Angela

 

 I

 

 Edozein dukesaren moduan, Alejandra zeritzan,

 Haren esku erreetatik edertasuna sortzen zen.

 Zikinkeria landuz, elurra arra-kreatzen zuen.

 

 Alejandra zeritzan, ezer etzen, inor etzen.

 Berez bizitzen zen espia bat, biziaren kontra.

 Behar-bada, ohar-gabeko potere erredimitzale bat,

 munduaren oihal zikin eta haundiaren gainetik.

 

 Ezer etzelako, garbitzen zuen.

 Inor etzelako, garbitzen zuen.

 Neguan eta udan,

 leihar morean probaturikako eskuekin,

 esponja ustel baten moduan putziturikako eskuekin,

 eguna egun, neguan eta udan, garbitzen zuen.

 

 Hori bakarrik. Atso bat. Hezur mehe batzuk,

 gizartean ibiltzeko behar den haragiarekin;

 bere begi urdinak, iturririk ezagutu gabeko

 mila ta mila negarretako pasoagatik kolore gabe zeuden.

 Hainbeste urte eta hainbeste bakartate, malezia

 ilun eta zarratu bat sorbalden inguruan.

 (Geldiro, hurrutirik, behar-bada haur-zaroko oihu hat,

 behar-bada gizon bat, udako arratsalde, mosu pare bat,

 itsuki irabazirikako eta galdurikako seme-alaba batzuk.)

 

 Orain ezer ez. Atso bat, arropa garbitzen eta hedatzen zuena

 jakin gabe nola ura, zikina eta lizuna eramanik,

 goroldiotik eta arrokatik heltzen zitzaion;

 nola eguzkia, haren fabore zetorrena,

 edertasun biziaren alkimia zen.

 

 Azkenean akabatu zen. Etzuen garbitzen,

 Trankil zegoen, hauzo-artean,

 karitate hutsean onartua.

 Herriko Etxeak bere kostura eman zion lurra,

 eta haren hobiaren gainean etzuen inork errezatu.

 Bertan etzuen inork haren izenik eskribitu,

 haren dukesa-izen argi eta ederrik.

 

 Baina honek etzuen inportarik ukan,

 zerren aingeru atsegiņek altzatu zuten

 zeruaren apar eta anilaren gainean

 garbitzale zaharraren arima

 Paradisoko bazterrik ederrenera.

 Bertan bere esku berriztatuek ukitzen dituzte

 ur olioztatuak, zihor lilituak.

 Bertan bere esku alegratuek orraztutzen dituzte

 birjinen bilo-mataza dultzeak,

 plantxatzen dituzte aingeruen tunikak,

 eta amorioz ukitzen dituzte

 Bildotsaren ilerik garbienak.

 

 II

 

 Kantatzen diot Etxeko Andreari,

 hain zuhurra eta dexentea gaxoa,

 hain inportantzi gabekoa,

 ardi mantsoaren itxura dadukana,

 haurrari deiadar egiten baldin badie ere.

 

 Lixibak bigundurikako haren eskuari ere,

 astelehenetan eta astearteetan,

 asteazkenetan eta ostegunetan orratzak pikaturikakoak,

 ostiraletan plantxak errerikakoak,

 baratxuriak eta tipulak igurtzirikakoak.

 (Larunbata berebiziko eguna da:

 Eskaratza garbitu, bi egunerako erosi,

 eta seiretan, hatzazkaletan barniza,

 zinema merke batera joan

 gizonaren besotikan.)

 

 Etxeko Andreari kantatzen diot

 goizeko zortziretan,

 arduraz partitzen duelarik

 armozuko esnea,

 erdi-apurturikako taza sakonetan.

 (Joaniko asko haunditzen da aspaldi honetan:

 Harentzako parterik hoberena.)

 

 Etxeko Andreari kantatzen diot,

 orain hamabost urte hain pollita izan zenari,

 orain triste-xamar edertasuneko kontseiluekin

 barre egiten duenari.

 (Emaiozu egunero biloari

 ordu-laurden bat.)

 

 Etxeko Andreari kantatzen diot,

 suma eta suma egiten duenari, herraturik,

 laurogetabost, eta bederatzi daramazkit...

 zerren joan diren ehun pezeta,

 eta oraindik eztiot ikazkinari pagatu.

 

 Etxeko Andreari kantatzen diot,

 gauean ohera joaten denean,

 ezpaitu errosarioa inoiz bukatzen.

 (Dolores beti beste argal dago,

 Joaniko gaizki dabila estudioekin,

 eta ttikienari ipurdiko haragiņoak

 ikusten zaizkio, bai.)

 

 Etxeko Andreari kantatzen diot,

 hain nekaturik lokartzen denean,

 aingeru zuri eta atseginak

 etorten baitzaizkio kontsolatzera.

 

 III

 

 Gizon oso haundiki bat zen hau,

 lau medikuen artean hil zena

 (auromizina etzen izan mesedegarri),

 lau eri-jagole diplomatu,

 eta azkenean, apaiz eta eskribau.

 Haren mila eta ehun ordena ta gurutzeak

 etzitzaizkion bularrean kabitu.

 Gloria bat zen ehorzketa ikustea,

 zoazin ministroak, jeneralak,

 eta apezpiku bat.

 Trolebusak gelditu ziren,

 baina jentea kontsolatu zen

 hainbeste koroa ikustearekin.

 

 Egun hartan bertan ehortzi zuten

 Petra izeneko andre urrikari bat.

 Bederatzi semek eraman zuten heriotzera,

 denak galduak, urrikaria

 ezpaitzen inoiz bikariatik pasatu.

 Hogei urtean bizi zen bekatuan,

 gosean, egarrian eta apretan.

 Baina udaberriko arratsalde batean

 dultzero zarratu zituen begiak,

 eta dimisioa presentatu zuen

 tuberkulosiaren aitzakiarekin.

 Hain gorputz merkea izan baitzen hura,

 bakarrik haizeak eta altzipresek

 errezatu zioten requiescat bat.

 

 Baina gau hartan bertan

 gertatu zen mirari haundi bat,

 zeinaren parerik ezpaitzuten ikusi

 defunturikan zaharrenek.

 Aingeru-koro ttiki bat

 haien hegal alegerekin,

 gelditu zen haundikiaren

 hobiaren gainean.

 Hegaldaketa zaratatsu

 bat egin zen arrosen eta

 krabelinen usai artean.

 eta Petraren hezurren gainean

 zegoen buztina zikina

 ikusi zuen egunak

 lorez beterik.

 

 IV

 

 Hamar urte zituen litxarrero harek.

 Haren bizitza tristea eta pobrea izan zen.

 Edozein egunean jaio zen, denon moduan,

 haren erabaki eta pozkariorik gabe.

 Behar-bada entzun zuen bere etorrera

 etzela inoren onurako, baina bera

 jaio egin zen,

 beste erremediorik ezpaitzuen eduki.

 

 Geldi-geldi hazi zen, oso flakoa.

 Egia da amaren ditiak etzeukala

 sobera esne. Hola gertatzen da

 pobrea eta argala denean andrea, eta

 hamar urtean zazpi haur ekarri dituenean mundura

 

 Haren edukazioa birritan atsegina izan zen.

 Amak esaten zion deiadarrez:

 Puzka-semea, igorratua, eta

 etorkizun izugarria igarten zion,

 (Elikatura txarrena zegoenean,

 profeziarik txarrenak esaten zizkion,

 urkamenditik pauso bira jarritzen zuelarik.)

 Aitak, zahagi batek baino arno gehiagorekin,

 lezioak eta kolpeak ematen zizkion astegunetan,

 plater haundiagoan jai-egunetan.

 

 Noizean behin, joan zen eskolara.

 Etzuen handik ezertto ere atera.

 Etzituen godo erregeen izenak ikasi,

 ezeta-re Amerikako hibaienak,

 ezeta-re musika eder horrekin

 kredoak eta aita-gureak.

 Eta multiplikatzeko tabularekin

 etzen inoiz bostetikan pasatu.

 

 Eta bizi-moduan ere etzuen gauza haundirik ikasi,

 gauza itsusi eta edonor zapaltzeko moduko asko

 ikusi bazuen ere.

 

 Dohai berezi bat zedukan, jakituria bat.

 Haren biroen parerik etzegoen munduan.

 Haren hiztegian mila hitz zakar eta

 irain zikin zeuden, ahotik ateratzen zitzaizkionean,

 pozkario eta alegrantza haundia ematen ziotenak,

 gizonagoa eginen balote bezala,

 arno bortitz bat edanen balu bezala,

 zerua eta lurra zilatuko balitu bezala.

 

 Esan dizuet hamar urte zituela.

 Esan dizuet litxarrero bat eta biroti bat zela.

 Eta egun batean hil zen, bai, edonola,

 beste gabe, behin jaio zen bezala.

 Zikinkeriaren eta litxarreriaren usaiean,

 Eritasun labur batek hil zuen,

 edo gose luze batek. Eztugu jakin.

 

 Eztakigu ezer, ezpada isilik geratu zela,

 bere aurpegi ttiki eta mutuarekin,

 amaren deiadarrari erantzun gabe.

 (Orain deitzen zion nire zerua,

 erraietako zatia, eta axuria.)

 Hain isilik, hain isilik, zen geratu,

 ezen bildurra ematen zuen. Hain geldi,

 ezen hauzoko andreek esaten zuten,

 jauna, jauna, burua mugituz,

 eta aitak astoaren moduan,

 irrintzia eta intziria egiten zuen.

 

 Eta etzen inor mirakuluaz konturatu.

 Inor etzen enteratu nola arkanjelu bat,

 Paradisuko kantorerik ederrena,

 aleluiak eta hosanak

 emaroen esaten zituena,

 etxera sarturik, makurtu zitzaion haurrari.

 Olio garbi-garbiekin santifikatu

 zizkion ezpainak eta mihina;

 eta hatzamarretako puntarekin

 ahoaren gainean egin zion gurutze bat.

 Haur baten irribarrea eduki zezan,

 eta garbi sar zedin Aitaren erreinuan.

 


inprimatu